Heliograbatua
Hainbat teknika plastiko darabil eibartarrak, baina maizenik heliograbatua, Karel Klíč txekiarrak XIX. mendeko azkeneko laurdenean asmatua.
Urteak zeramatzan Unai San Martinek argazkia kobre-grabatuaren teknikan txertatu nahian, harik eta 1992an heliograbatua aurkitu zuen arte Camera Work aldizkari mitikoan, non Alfred Stieglitz eta Paul Stranden obra aztertu ahal izan baitzuen; baita Edward Sheriff Curtisen The North American Indian monumentala ere.
Heliograbatuaren teknika, prozedura, liluragarria da. Izpi ultramoreak erabiltzen dira, eguzki-izpiak: hortik dator, hain zuzen, «heliograbatu» hitzeko «helio» hori. Hasteko, gelatina bat argazkiari atxikitzen zaio, argazki-gardenkiari, eta argi ultramorearen eraginpean jartzen da. Gero, gelatina hori kobrezko plantxa bati erantsi eta guztia ur berotan errebelatzen da. Kobrezko plantxa, behin lehorturik, urtinta fin batez hautseztatzen da. Erretxinazkoa edo asfaltozkoa izan daiteke urtinta hori. Erretxinazko trama funditu eta plantxari zeharo itsatsirik gelditzen da. Ondoren, eraso kimikoa: burdin-klorurozko soluzio bat gelatinan barneratu eta kobrezko plantxa matrize bilakatzen da, jatorrizko argazkiaren tonu eta ñabardura guztiak erakusten dituena. Amaitzeko, heliograbatua torkuluarekin inprimatzen da; grabatuak inprimatzeko prentsa mota bat da torkulua.