Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Irakurketen eragina argazki "poetikoetan"

Irakurketen eragina argazki "poetikoetan"

Markos Zapiain 2022/05/14 11:10
Desberdin pintatu dute belea Asklepioren mitoak, Shakespearek, Castanedak eta Atxagak, eta desberdin funtzionatzen du haien kontakizunetan. Unai San Martinek irakurriak dauzka. Sumatzen da nolabait irakurketa horien eragina San Martinen heliograbatuetako beleetan? Eragin horrek eztabaidaezina dirudi heliograbatuetako bele zurietan

Zergatik esaten da argazki batzuk literarioak direla eta beste batzuk ez? Badago bereizketa hori ezartzeko irizpide objektiborik? Bidea lainopean, bikotekideak petrilean eserita eskutik hartuta sartzen ari den eguzkiari so, ilunabarra Errezilen, berez dira poetikoak? Eta, aldiz, semaforoa edo garbigailua ez? Argazkiaren protagonistak erabakitzen du hortaz argazkiaren poetikotasuna? Argazkiaren edukiak? Semaforoa, ilunabarrean eta lainopean erakutsiz gero, poetiko bilakatzen ote da?

San Martinen grabatuei buruz esan izan da poetikoak direla. Zergatik konkretuki? Zaila da argazki bakoitzaren poetikotasuna zertan den hitz ulergarrien bidez zehaztea; zaila, oro har, literaturaren eta figurazioaren arteko harremanaz jardutea. Artistaren irakurketak kontuan hartzeak lagun lezake, apika.

Unai San Martinek bele franko erretratatu izan du, eta aurretik irakurriak zeuzkan Asklepioren mitoa, beleen inguruko Shakespeare, Edgar Allan Poe eta Atxagaren testuak, ikusia Hitchcocken “Txoriak”, bazuen augurio txarra dakarren belearen berri. Irakurriak ditu halaber beleak inspiraturiko Thoreau eta Castanedaren idazkiak, augurio txar, zori txar edo txori txar izaeraz bestelako jokabide, ezaugarri eta ñabardurez hornitzen dituztenak.

Zertan nabaritzen dira irakurketa horiek argazkietan, nabaritzen baldin badira?

Deusetan ez, beharbada. Ziurrenik, San Martinek, beleei buruzko ezer irakurri ez balu ere, heliograbatu horiek berak egin zitzakeen; baita talentu plastiko aski lukeen edozein analfabetok ere.

Ordea, San Martinen zenbait heliograbatuk bele zuriak erakusten dituzte. Photoshop baino lehen ere baziren argazkiak ukitzeko teknikak.

San Martini bele zuriak erakustea bururatuko zitzaion, baldin eta aldez aurretik Asklepioren mitoan irakurri izan ez balu belea jatorriz zuria eta kantu alaikoa zela, eta Apolok belztasunez eta kantu karrankariz zigortu zuela?

Edo irakurri ez balu, Atxagaren “Andoniren heriotza LSDaren argitan” ipuinean, belearen izpirituak gobernatua, Redinen furgonetak urrutitik zuri dirudiela, baina hurbildu eta benetan beltz ageri dela?

Zer esan nahi du beleari jatorria kontrakoan jartzeko tema horrek, bilakaerak beltzera eramate horrek, mutur batetik bestera?

(Lévi-Straussek dioenez, mitoek heriotzarekin eta arima galduekin lotu dituzte beleak, hegazti sarraskijaleak bezala. Beleak bizitzaren eta heriotzaren arteko bitartekariak lirateke.)

Belea zuri erakusteko beste bultzada literario bat: Castanedaren Don Juanek kontatzen du beleari, beste bele batzuk ikusten dituenean, zilarreztatuak edo zuriak ageri zaizkiola, eta Don Juanek berak ere, bele bihurtzen denean, gainerako beleak zilar koloreko ikusten dituela.

(Bide batez esanda, Thoreau eta Castaneda dira modu argienean uko egiten diotenak belea presagio makurren ekarle gisa pintatzeari. Eta Atxaga eta Castaneda, berriz, Asklepioren mitoa aitzindari, nabarmenki lotzen dituztenak belea, psikotropikoak eta zuritik beltzera eta beltzetik zurira aldatze hori.)

San Martinen bele beltzetan, horrenbestez, irakurketa literarioen eragina egon liteke, baina ezin da ziurtatu: ez da ezinezkoa irakurketa horiek gabe ere antzeko beleak erakustea heliograbatuetan.

Aitzitik, bele zurien kasuan, Asklepioren, Castanedaren eta Atxagaren eraginak ezinbestekoa ematen du.

Ez dago hain argi, hala ere.

Zeren eta naturak, San Martin ibiltzen den mendietan, bele albinoak ere ematen baititu.

Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2022/05/16 10:04
Ikusi dut Unai San Martinen erakusketa. Gozatuz. Ez dudanez ezagutzen teknika hori ezin dut ere baloratu. Baina harrituta nago zenbat hari-mutur atera ahal dakioken. Bejondagizuela.
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2022/05/17 10:09
Halaxe da, Jon. Ez dakit egia izango den guztia guztiarekin dagoela lotuta, baina heliograbatuetako hari-mutur bati tiraka hasi eta ematen du unibertso osoa deskiribildu dezakezula. Zuk zeuk ere orain Barojaren protagonisten aiurria duzu, Pedro Alberdiren Carlos esaten zioten gizona eta Satorrak baino lurperago bikainei esker, besteak beste. Hasi Etxaberen harietatik tiraka eta gutxi izango dira ilunpetan geldituko diren Euskal Herriaren eremuak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.