Bele
Unai San Martinen pertzibitzeko modua zorioneko istripua da, baina baita aldi berean anomalia basatia ere. Hein txiki batean baizik ez da ohartuki garatutako metodo razional baten emaitza; zirkunstantzia natural aleatorioen fruitu da batez ere, eta artista bera ez da horietaz oso kontziente.
Eibartarra, neurri handi batean, autodidakta da. Baudelaire bezala, “mapak eta grabatuak maite zituen ume bat” izan zen. Haren gaitasun artistikoa ez da ahaleginaren emaitza, baizik naturaren deskuidu batena, naturak ez baitu lortu San Martinen pertzepzioa oso-osorik zuzentzea, gu gehienona bezala, bizirautera; aitzitik, zati garrantzitsu bat bizitzaren beharretatik libre dabilkio.
Esan liteke Unai San Martin, artista handi ororen gisara, naturaren akats bat dela. Bergsonek arrazoi. Adibidez, txit estrainioa da argiaren mugimendua ikusten duen manera. Horrela, eibartarraren obran murgiltzeari eta borondatearen ahaleginari esker haren begiradaren antzeko batekin-edo ikustera iristen garenean, gure betiko ubideek gainezka egin eta bestelako mundu batzuk hautematen ditugu.
Zentzu horretan, San Martinen jarduera sorgintzari dagokio, Carlos Castanedaren Don Juanen munduari. Eta belea da preseski Don Juanen aliatu nagusia bestelako munduetan barneratzeko orduan, San Martinek goxotasun bitxi batez erretratatzen duen belea, iradokiz sorkuntza artistikorako eta kontenplazio estetikorako egoera mentalik egokiena haluzinazio psikotropikotik hurbil dagoela. Nola arteak hala sanpedroak edo peioteak pertzepzioaren ateak zabaltzen dituzte.
San Martinen obrarik gabe ezagutzeke geldituko litzaizkiguke hainbat mundu. Eibartarraren obran murgiltzea aukera egokia da hautemateko gure betiko modua eten eta sorgintzaren fruituak dastatzeko.
Aski da. Bazter dezagun prosa sasipoetiko hau eta joan gaitezen harira, ahal badugu behintzat. Zertan da zehazki San Martinen pertzibitzeko era diferente hori? Zuri-beltzean pertzibitzen du, saguzarrak edo izurdeak bezala? Daltonismo bitxiren bat du akaso, trastorno arraroren bat? Ero bat ezkutatzen da gizon heldu interesante eta zuhur horren atzean? Zelan azaldu diferentzia hori San Mameseko Katedralean sartzera doan notarioari? Nola pertzibitzen du beleak?