Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / San Martinen grabatuen sailkapen bat

San Martinen grabatuen sailkapen bat

Markos Zapiain 2022/03/19 17:05

Eibartarraren ikuspuntua eta azentua dibertsoa da; eta irudikatutakoaren barietatea ere deigarria da, are espektakularra. Erretratatzen dituen edo ez dituen izakien enumerazio osagabe eta axaleko batek haren obra interpretatzeko giltza batzuk eskaintzen ditu. Kokatuak izaten ohi diren erresumen arabera multzoka litezke izaki horiek.

Abia gaitezen naturatik. Paisaietan lainoa erakusten zaigu, elurra, hodeiak, itsasoa, hondarra, tantak, mendiak, ibarrak, harriak, arroka arrakalatuak, basamortuak. Florari dagokionez, belarra dugu, galburuak, erroak, zuhamuxkak, adarrak, hostoak, landareak, arbolak. Badira halaber armiarmen tankerako zomorroak, eta txoriak eta hegaztiak bakardadean edo saldoka. Beleak mimo bereziz daude irudikaturik, aparteko grazia darie. Ez dago eguzkia edo ilargia lako astro argitsurik, baina bai aitzitik itzal ugari.

Gizakiek sortutako objektuak ere ageri zaizkigu: kutxak eta panpinatxoak, zenbakiak, lanparak, apalak, paper-sortak, teilapeak, porlan-blokeak, zutoin elektrikoak, kristal hautsiak, bultoak, eskailerak, kableak, hesiak eta itxiturak, faroak, etxeak, auzoak, Hondarribiako zezen-plaza, labirinto zapuztuak, Zacatecas, Lima edo Eibar bezalako hiriak. Baita estratak ere, eta errepideak, eta korritzen dituzten autoak eta kamioiak; orobat aireplanoak. Erremintak eta metalurgia nabarmentzen dira, torlojuak, matrizeak eta trokelak, mailuak eta gurutzeak, eta, oro har, objektu industrialak, zeinak, testuingurutik aterata, pertzepzioaren inertzia apurtu eta diferente ikusten baitira. Gauzakirik arruntenen bidez botatzen digu amua ikusezinak.

Unai San Martinek fotografiatzen ez duenari dagokionez, edo ia fotografiatzen ez duenari, eguzkiarenak eta ilargiarenak ez ezik, atentzioa ematen du ugaztunen absentziak ere: ez da ageri zakur baten itzala baizik. Gainera, grabatuaren izenburua Itzala da. Ugaztunak, ezta aipatu ere. Bereziki esanguratsua da gizakien falta ia erabatekoa: heliograbatu batek oinezko robotikoen multzo bat erakusten du zebra-bide batean, eta haien itzal izugarri luzeak, eta beste batek hildako bat baltsamaturik, izan daitekeen arren zeruko agerpen bat, hodeiek eta gasek zoriz osaturiko giza muturra. Ez dago aurpegirik. San Martinek bizia kentzen die gizakien obrei zein gizakiei berei. Itzal iragankor gisa ageri dira, abandonatuak eta mekanikoak; edo bestela karbonatatuak, disekatuak eta momifikatuak. Garrantzitsuagoa da itzala, proiektatzen duen pertsona baino. Sarritan dira San Martinen grabatuak ospelak eta aztoragarriak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.