Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Urrutiratzea

Urrutiratzea

Markos Zapiain 2022/04/03 11:21
San Martinen paisaia-sorkuntzak erantziz dihardu, gure garaiaren ezaugarri nabarmenetatik urrutiratuz, bere burua ahaztuz eta gizakiarenaz bestelako erresumetan barneratuz

Unai San Martin ez da Unabomber, eremita ere ez da, baina hala ere, haren soiltasun formalak eta erretiroak paisaiara, beleengana eta metalurgia deskontestualizatura adierazten dute, besteak beste, urrutiratze garbi bat gure garaitik. Gure garaiaren bereizgarriak dira zarataren globalizazioa, autofikzioa, kolorinak, transhumanismoa, auto-buxadura luzeak beroketa mundialaren eguzkipean eta selfieak.

Hortik at, bere burua eta giza esparrua ahaztu eta bestelako erresumetan murgildu eta hantxe nahastuz lortzen du artistak azal daitezen gure garaiak estaliak dituen zenbait emozio eta egoera mental, San Martinek heliograbatuetan proiektatzen dituen aldarteak, edonork beregana ditzakeenak. Adierazi gabeko emozio horiek gogora ekartzeko giro sinboliko egokia gizakiengandik urruti dago, zeren artistak soilik sortzen baitu atentzioa zinez merezi duena, bere zilborretik modurik zorrotz eta diziplinatuenean urrutiratzen delarik. Eibartarraren paisaia-sorkuntzak erantziz eta kenduz dihardu, per via de levare, distira, berritsukeria eta fosforitoa kenduz, lehenbailehen iristeko funtsezkora, gordean dautzan emozio eta egoera mental arrotz horietara.

Eragotzitako aldarte horietarako sarbidea ohiko pertzepzioaren mugarrien aldatzeak bideratzen du. Zentzu horretan dio apika Fernando Golvanok ezen San Martinek, bere egun beteetan, katuaren inteligentziaz eta pazientziaz, atalase mugikorrak atzematen dituela. Perspektiba arrunta parentesi artean jartzea lortzen du orduan, ohiturak ehundutako zentzu-sareak desikasi eta ahaztu eta izakiaren singulartasun harrigarria agerian jartzea, izan dadin mailua edo hondarra, paper-sorta zein hegazti-saldoa, edo barrutik mugitzen diren zuhaitzak eta arrokak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.