Benidormen jazoa
Karlos Linazasororen "Itoko dira berriak" B.n dago kokatua. Linazasorok argitu behar izan gabe ere ohartu naiz B. hori Benidorm dela, urtero joaten bainaiz bertara Aste Sainduko oporretan. Narratzailea Linazasoro bera da. Karlos Linazasoro idazleak Karlos narratzaile eta protagonista nola ikusten duen zehaztea txit litzateke konplikatua. Aski bedi azpimarratzea Levante hondartzan besoak astinduz laguntza eskatzen ari den bainuzale bat itotzen uzten duela, eskumenean duen arren. Desberdina baita jendea urruti hil dadin, heriotza eragozteko ezein aukerarik ez duzula, edo alderantziz, hau da, errudun senti zaitezen eraz. "Itoko dira berriak"eko pertsonaiak kalakan dabiltza hondartzan txano laranjadun bainuzalea itotzen den bitartean. Oroitarazten dizkizute erakunde horiek, askotarikoak, oinazea, tortura eta gerra saihesteko ahalmena izanik deus ere egin ez baina aitzitik Giza Eskubideen aldeko prentsaurrekoak eta kongresuak amorruz antolatzen dituztenak. Nolanahi ere, mundua politagoa litzateke erakunde ezagunek "Itoko dira berriak"en doinu irrigarriaz egingo balituzte kritikak eta autokritikak.
Bestalde (onar iezadazue aitorpen intimoa), Linazasororen pertsonaien berritsukeria ezgai hori zartatu nahi nuke, oroz lehen nire baitan; aldiz, narratzaileak Benidormez dioena bozkarioz mukuru egin dut neure:
"B., hiri irekia, kultura eta arte eta pentsamolde desberdinen elkargune eta arragoa... pertsonen berdintasunaren eta aitatasunaren paradigma da, podium hauxe meritu ez eskasen ondorio dena... Egin dezagun, bada, topa hiri zoragarri honen ohoretan!"
Javier Rojok Espainiako Senatua "Itoko dira berriak"eko Sortaldeko hondartza antzeko bat bilakarazi nahi luke: pertsonaia bat Valladolidekoa, beste bat siguenzarra, Astorgakoa hirugarren bat, Ayamontekoa bestea, Linazasoro bera euskalduna... Haatik, Rojok Senatuan Espainiako lauzpabost hizkuntzak erabil daitezen gura du; Sortaldeko hondartzan, berriz, ez dute euskaraz baizik egiten. Alegia, "Itoko dira berriak" hasi eta buka dator euskaraz, baita pertsonaien jatorriak ezin direla euskaldunak izan susmarazten duenean ere. Horrelako eragina baitu Benidormeko euskal giroak.
Halako batean, urruneko puntutxo laranjak ostertzarekin bat egiten duen bitartean eztabaidan dabiltzanei zein hiru gauza eramango lituzketen uharte galdu batera galdetu eta "txakurra" da erantzunetan gailen. Hortaz, balirudike baiezta litekeela Linazasoro bat datorrela Deleuze eta Guattarirekin, filosofo frantses garrantzitsu horien ontologiaren oinarrietako bat hauxe baita: "etxean txakurra edo katua dutenak ergel hutsak dira". Baina agian Linazasorok emendatuko luke: "eta ez dutenak ere bai."
Tximeleta eta Judas Iskariote
Tximeleta efektuak berez natura munduan edozer eta guztia beste guztiarekin harremanaturik dela erakusten du, harreman horiek gizakiontzat ia beti gordeak eta ulergaitzak badira ere. Edozein gisaz, hasiak gara, dirudienez, harreman horren alde bat ezagutzen, gizakiok halakoak ezagutzera heltzen ohi garen moldean, alegia, zartakoka: gure erasoei, naturak erantzun egiten die, sarritan bortizki, azken aldiko hozbero surrealista eta uholde bitxi horiek adierazten dutenez. Ustiategi huts uste genuena hasia da amorruz ihardesten, eta Dorre Biki piloa eraitsiko du datozen urteotan.
Dena dela, ez soilik aldiberekotasunari begira, lehen begiratuan tximeleta efektuak ez baitu aintzat hartzen aldiberekotasuna baino, baliteke historian ere tximeleta efektu antzeko bat irudikatzea zentzunaren aurkakoa ez izatea guztiz: Leibnizek eta Borgesek bederen erakutsi zuten agian zu orain hau irakurtzen egon ahal izateko ezinbestekoak izan direla Santimamiñeko margolariak, Judasen musua, azken Mohikanoaren bainuak Ipar Amerikako erreka alaietan, Real Unionek hainbat Liga irabazi izana eta psikoanalisiaren hedatzea herrialde aberatsetan.
Ikuspuntu horrek, gizaki arruntoi eramangaitz gertatzen zaigun erantzukizun izugarri baten zamaz uzkurtzen digu morala, esaten eta egiten dugun guztiak iraganeko gertaerak oro behar izan baititu, bai horixe, baina orobat erabakiko baitu etorkizun larriaren gorabehera bakoitza. Alegia, hamaiketakoan kruasana ala donutsa aukeratzeak, ondorio erabakigarriak ekar ditzake, hamar mila urte barru ilargian ur eskasia dela eta liskarturiko bizilagun batzuek konponbideak bila ditzaten orduan.
Ordea, kontua da zelan jakin ziurtasunez zein den aukera egokia, zerk egingo ote duen konponbidea eskuragarriago, kruasanak ala donutsak, gure oraingo jokabide artezak ala maltzurrak.
Indian eta, oro har uste dute jokabide zintzoak ondorio ederrak eta zuzenak dakartzala, oroz lehen norberarentzat; egia esan, badirudi erlijio eta autolaguntza molde ia guztiek halakoak sinisten dituztela. Hots, hobeki zara biziko, baldin ez bazabiltza beti zure adiskideez atzetik gaizki esaka, esan gaizto horiek boomeranga bezala atzera zuregana itzuli eta bertan seko kakaztuko baitzaituzte.
Baina demagun ongiaren eta gaizkiaren neurria beti dela berdina Unibertso aldiberekoan, halaber pozarena eta haserrearena. Halatan, poza zeureganatzen duzun heinean, beste bati kentzen diozu. Eta demagun pozak ez dakarrela ondorioz nahitaez pozaren emendioa, historian zehar ere orekaz dabiltzala poza eta korromioa. Orduan, zure bizitzan pozkorregia izan bazara, beste batek ordainduko du gerora, eta zure poza sakrifikatzeak beste baten edo batzuen zoriona ekarriko luke. Horrexegatik dio Borgesek Jainkoa ez zela ospe oro har oneko Jesusengan hezurmamitu, baizik eta geure kostaldea galipotak bezain zikindua eta zigortua izan den Judasengan.
Paganoa eta kristaua
Kantentzat, egia, denborari lotuko zaion arren, eternala da. Egia eta askatasuna bat datoz. Askatasunak, nahimen hutsak, gizakia denboraz at kokatzen du. Hala ere, egia eta denbora lotuak direnez, nahimen hutsa ere gauzatu egingo da denboraren joanean.
Ekintza askea apriorizkoa den heinean, denbora baino lehenago burutzen da denborarekiko erlazioa. Beraz, ekintza askea, denborari lotu behar bazaio ere, denboraz berex dago nolabait. Kanten hautu librea ez da denborazkoa, baina gizakiaren denborazko existentzia osoa erabakiko du. Horrenbestez, existentzia denborazkoan, berez, ez dago askatasunik. Izan ere, ekintza kristauak transzendentala behar du izan, jainkoaren grazia eternalarekin bateragarri behar baitu.
Ideia hauetan Kojèvek Er-en mitoa ikusten du, Politeia-ren amaiera. Baina Platonenean egia (ideien elkarrekikotasun ulergarria) eternitateari (ongiari) lotzen zitzaion bitartean Kantenean denborari zaio lotuko. Eta desberdintasun honen kariaz, Kanten "hautu librea" ez da, Platonenean bezala, gizakia denboratik at denaren, edo izan denaren, arabera, baizik denboraren barnean denaren, edo izango denaren, argitara. Platonenean baieztapena zen; Kantenean, aldiz, ukoa. Grekoarentzat eternala denboraren joanera igaroaraztea zen puntua; prusiarrarentzat, berriz, denboraren emanean bilakatu zarena, eternalki ez izatea. Paganoarengan, natura eternalaren onarpena; kristauarengan, ostera, denborazko naturaren ukazioa. Mediterraneoan, jainkoari atxikiriko edo jainkoagandik bereiziriko aingeruaren askatasuna; Baltikoan, denboratik ateko ekintza bakanean bekatua ukatu duen gizaki eroriaren askatasuna.
Pentsatzeko denbora
Bada zenbait liburu klasiko gai nagusi baina apur bat gordearen inguruan diharduena, Filosofiaren Historiak eta pedagogiak sarritan gutxietsia: Nikomakorentzako Etika eta adiskidetasuna; Gauzen izaeraz eta mugimendua; Etika eta maitasuna; Arrazoimen hutsaren kritika eta denbora.
Kantek Parmenidesi eta Spinozari leporatu zien unibertsoa gizakiaren kaskotik aterarazi izana, magoak untxia nola. Kanten ustez, aldiz, gizakiak, adimen aktiboa badu ere, mundua ezagutzekotan, datuak jaso egin behar ditu, edukiak (anitza beti ere) emana (gegeben) behar du, beste nonbaitetik etorria. Ez da aski gizakiak pentsatzea, egiazko ezagutza izan dadin; beharrezkoa da orobat gizakiak gogoan harturiko objektuak berezko existentzia izan dezan, gogoan hartze horretatik berex. Giza kontzientziak bi osagai baititu: Begriff edo adigaia eta Anschauung edo intuizioa, eta azken honi dagokio gizakiari emaniko edukia (beti ere ugaria), gizakiak edo gizakiarengan sortua ez dena. Ugaritasun hori, gainera, espazioan eta denboran ageri zaigu ezinbestean
Horrenbestez, ezin dugu pentsatu, ez bazaigu anitza ematen eta ez badugu ugaria jasotzen. Ordea, dagoena ezin da ugaria izan, ezin da bere baitan bereizi, espazio ez bada edo espazioan ez bada: bi puntu geometriko berdin, ez daitezke elkarren artean bereiz, ez bada espazioan duten kokagune desberdinagatik; eta espazioa ez da beren baitan guztiz berdinak diren eta hala ere elkarren artean berex diren puntuen multzo mugagabea baizik. Haatik, ezagutu ahal izateko, aniztasuna bildu edo identifikatu egin behar da: Kantek dio ezagutza ekintza oro sintesia dela, ugaritasuna batzen baitu. "Zaldi" kontzeptuak, berbarako, zaldi enpiriko guztiak biltzen ditu. Eta, gizakiontzat, anitza ezin da berdindu edo identifikatu ez bada denboran.
Honelaxe argitzen du Kojèvek arazoa: A puntua eta B puntua identifikatzea, puntua A-tik B-ra igaroaraztea da; oro har, gauza desberdin bi identifikatzea, gauza bat eta bera aldatu dela adieraztea da. Halatan, denbora litzateke anitzaren berdintze ororen, edo aldaketa ororen, zeinahi ere diren, multzo infinitua.
Beraz, ezagutu, aniztasuna atzeman eta bildu, soilik denboran egin dezakegu, ugariaren atzematea bera baita, besteak beste, denbora. Sarritan onartu du filosofiak giza egia mintzozkoa denboraren une orotan ageri ahal dela; eta gizakiak denbora behar duela pentsatu ahal izateko. Baina Kant lehenbizikoa izan da gizakiak hau guztia akzidentala barik funtsezko duela azpimarratzen.
Gutxi fio Europaz
Gaurko "Berria"k Jon Suduperen artikulu bat dakar, Bai Europari. Europako Konstituzioaren aldeko botoa eskatzen du, "arrazoi filosofikoak, politikoak, ekonomikoak eta kulturazkoak" kontuan hartuta.
Ordea, europazaleek jendaurrean ezin badituzte Suduperen arrazoiak baino aldarrikatu, heldu da susmoaren ordua, hain dira eskasak.
Sudupek gorroto etnikoak, txobinismo nazionalistak eta neurrigabeko erregionalismoak gaitzesten ditu, Europa goresten. Ematen du gure maitasunaren norabidea alda dezagun proposatzen digula, hurbil dugunetik handirantz, Europarantz. Hala ere, Suduperen maitatzeko maneran nabari da Lukrezioz geroztik amodioari leporatu izan zaion ezaugarri delirante bat: ezintasuna maitea ikusteko ez erabateko objektibotasunez, ezinezkoa baita, baina ezta zentzun orekatu batez ere. Maiteminduarentzat maite kankailua "maiestatetsu" edo anorexiko mutua "apal" edo berbalapiko traidorea "nortasun handiko" den bezala, Sudupek ere "La casa de la pradera" estiloko Europa bat margotu digu.
Europak jakintza sortu omen zuen; gainera, arrazoian, zientzian eta filosofian oinarritzen delako da Europa munduan gailen. Askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna aldarrikatu ditu eta ondorioz beste kulturak (Txina, India) baino garaiagoa izango ei da.
(Besteak baino gehiago izan nahi maniatiko hori bai, oso europarra da, baina egiaztatzen oso zaila. Ederragoak dira zinez gure bizialdiak beste kulturetako kideenak baino? Nola neur?)
Europan sarritan nagusi izan diren Husserl edo Habermas bezalako alemanek halakoak idaztea idealismorik negargarri eta arriskutsuenari egotzi behar zaio. Euskaldun baten ahotan, ostera, zeharo enigmatiko gertatzen dira.
Europak berezitasun zoragarri ugari du, jakina. Baina ez da komeni Historia ukatzea. XX. mendera mugatuz Gernika dugu, italiarren laguntza Francori (Francok berak izendatu Estatuburuaren menpe gaude aspaldi handian), De Gaullek hitza jan, Mitterrandek hitza jan (giza eskubideak aldarrikatu zituzten frantziarren artean, zazpitik bat depresioak jota dago), ingelesek hitza jan, AEBk hitza jan, Jose Antonio Agirreren etsipena europarren eta amerikarren traizioagatik demokraziari...
Orain dela gutxi egin dizkigute horiek, edo egiten ari zaizkigu. Europarenganako euskal sentimendurik ulergarriena, gaur egun, mesfidantza da, xuabe esatearren. Suduperen txepelkeria baino normalagoa behintzat bai. Gure konfidantza berreskuratu nahiko balu, Europari legokioke, harreman prozesu arrunten arabera, ganorazko zerbait egitea gure alde. Edo, aintzat hartuz guri dagozkigunetan zelakoak izaten diren europarren iniziatibak, patxada xede, zerbait EZ egitea: esate baterako, gure erabakiak ez oztopatzea.
Bestalde, aurreiritzi dialogistarik gabe Europa zer izan den ulertzen ahalegindu direnak (Rémi Brague, Peter Sloterdijk) bat datoz: Europa funtsean inperiogintza izan da. Eta da: Bush, Europaren ikasle beti lehen hori, giza eskubidea ganora handiz ari zaio Iraki aplikatzen. Gure Guardia Zibila ere, Europako faro hori, fuerte dabil. Ertzaintzak berriz arrazoi oso-oso garrantzitsuak ditu bere kalabozoetan kamerak ez jartzeko. Hain filosofikoak direnez arrazoiok, hain lotuak giza eskubideen sustatzeari, agintariek herritarroi ezkutatzen baitizkigute: ez genituzke ulertuko.
Sloterdijkek berriki Europari dagokion maila handiko egitasmo bat proposatu du, orain arteko inperiogintza bezain pizgarria: inperioak geldiaraztea. Baina ez soilik Irakeko sarraskia, hain europarra, baizik Europako Estatuen barrualdean antidemokratikoki ezartzen diren inperio arras anakronikoak. Estatuek apur bat lasaitu behar dute, eta herritarrek nahi dutena eragozteko indar eta diru gehiago alferrik ez galdu.
Mendebaldea, munduko beste edozein eremutik begiratuta, arrazoia eta askatasuna baino gehiago gurutzada odoltsua da. AEBak ditugu Europa zaharraren oinordeko eraso militarrak antolatzeko orduan. Gure kontinentea, berriz, eman ta zabal zazu egitasmo orokorraren barruan, munduari kolesterol altua duten pedofiloak esportatzen berezitzen ari da.
Serendularen minigonna
Serendularen pilula izan zen mate. Ilkitxoak eta girigintxoak potorriren puntusemian kerritu arren, Serendulak, ekin eta ekin, muxiren gomindioak aise zituen bereganatu. Kunkulu ateri blaugrana pote handi bana bete sagu goizalban zihoazen. Baina txindata artista bat da jolasorduaren kaiolan. Utikan Serendula, askuzo alungoiti. Nipoia ulema, altuegigi jarrirri dutete trakaka. Horrelaxe potikildu ziren ingilitimaren mintzak, lastiminigonna.
Koko gose
Izar ospetsu bilakatu zaigu Koko gorila, mila bat hitz ikasi baititu AMESLANez (American Sign Language, AEBetako gormutuen zeinu hizkera).
Berriki, Gorilen Fundazioak jarri dion apartamentuan, zaindariei adierazi die oinazea zuela ahoan. Ez zen hagineko mina baino; hala ere, sendabideak anestesia eskatuko zuela eta, Fundazioak aprobetxatu eta Kokori azterketa mediko osoa egitea erabaki zuen. Izar batekin lan egiteko lilurak bultzaturik, bolondres aritu ziren sendagile berezilariak.
(Giza izarren eta izar primateen arteko aldeaz, Stanford Ospitaleko Liang doktoreak ziurtatu du Koko apalagoa dela anitz OPI baino, kapritxo gutxiagokoa.)
Azterketaren ondoren, Koko bere sendagile/miresleekin elkartu zen, inpresioak trukatzeko. Sendagile emakume bati keinu egin zion, berarengana hurbil zedin. Emakumea, primatearen adimen bizkorrak harriturik, jolasteko asmoz, bere enpresaren txartela eman zion, zeina Kokok ziplo jan baitzuen.
Hitz elkarketaren ahala
Azkuek zenbait egunkari frantsesek argitaratu albiste bat dakar "Morfología vasca"n (bigarren liburukia, 413. or.)
Frantsesen arabera, Suitza alemaneko egunkari batek substantibo bakar hau erabili zuen albiste baten berri emateko:
Vierdeciliterabgabeagitationskommissionsdelegiertenversammlungspetition.
(Hirurogeita hamaika letra ditu zehazki)
Itzulpena, inoiz baino gutxi gorabeherakoa, itzulpenaren itzulpenaren itzulpena baita:
"Bernako tabernariek, garagardoa garestitzearren, lau dezilitroko kaina kendu eta txikiagoaz ordeztea erabaki dute, salneurri berean, 15 zentimo. Kontsumitzaile batzuek, batzartuta, erabaki horren aurka egingo duen komisio bat izendatu dute. Ordezkariek eskakizun bat idatzi dute dagoeneko."
Brontze ernaltzailea, debeku
Gure Luis Luzienek bazuen anaia bat, Pierre Bonaparte printze sutsua.
Napoleon III.aren lehengusuak ziren biak.
Pierre Bonapartek 1870ean Victor Noir kazetaria hil zuen.
Noir bisitan joan zitzaion printzeari, beronen eta "La Marseillaise" aldizkariko erredakzio buruaren arteko duelu bat hitzartzera. Baina Bonapartek Noir bertan akabatu zuen. Biharamunean zen kazetaria ezkontzekoa. Ez zuen hogeita bi urte baizik.
Noir errerepublikazalearen hilketaren ondoriozko balizko istiluak saihestearren, agintariek Paristik kanpo egin zituzten hileta elizkizunak. Baina 1891n gorpuzkinak Père-Lachaise hilerri ospetsura eraman zituzten.
Brontzezko estatua bat egin zuten kazetariaren omenez. Hilarrian kokatu zuten, etzanda, zerura begira. Ahozabalik ageri da Noir, besoak axolagabeki zintzilik, arropa erdi erantzirik eta hankarteari oparotasuna dariola.
Hain zuzen, kozkor eder horixe dago estatua kultuzko gauzaki fetitxista bilakatu duen legendaren jatorrian, duela berrogei bat urtez geroztik: estatuak ugalkortasuna sustatzen ei du. Haurdun gelditu nahi zuten emakume zenbait hilobira inguratu eta alualdeaz brontzezko zakila igurtzitzen eta marruskatzen zuten, are sartu. Orobat estatuaren boten puntak, ezkerrekoa bezala eskuinekoa. Estatuaren alboan loreak izaten ziren, baita ume jantzitxo eta zapatatxoak ere, esker ona adierazteko bertan utziak...
Baina orain, alkatearen aginduz, estatua hesiz bakartu dute, brontze-pusketa emankortasun bila zetozenen jazarpenetik babestearren.
Errotulu bat ezarri dute bertan: zigorgarri da estatua iraintzea, grafitiz, zirriz edo bestela.
Dirudienez, hilerriko bisitari batzuk kexatu eta ondorioz herriak ez du aurrerantzean Noirren estatua eskura izango.
Txapeldun handi baten omenez
Asier Alegriak hamasei urte ditu eta 110 bat asto lasterketa irabazi ditu honez gero. Hamaika, hamabi eta hamahiru urte zituela Espainiako txapelketak irabazi zituen Trizion, Titin pilotariaren sorlekuan.
Ez da erraza astoa ganoraz gobernatzea. Behin batean, Gernikan, asteme batek zeraman Alegria, ohi bezala, baina supituki atzetik zetorren arra sexualki eszitatu eta Asierren emearen gainean jartzen ahalegindu zen behin eta berriro, biolentzia handiz. Azkenean hala ere Asierrek irabazi.
Hainbeste sekretu daki Alegriak astoaren abia mantsotu zein bizkortzeko. Gai da, berbarako, asto gainean eseri barik atzean patinetan astoari helduta zutik joanda ikaragarrizko lastertasuna lortzeko. Ezkerreko belarriari eragin eta segituan jartzen dizu astoa kintan, are sextan.
Gorabehera jakingarriak gertatu izan zaizkio astolaguna altan dela. Egun batean, lasterketa garrantzitsu bat hastera zihoala, astemea ukitze hutsak altatasunaren ohiko adierazpenak eragin zituen ezustean: haginez beteriko aho-zabaltze ikusgarria eta jarrera busti pasiboa, hain zuzen. Horrek noski dema irabaztea eragotzi zion, lasterketa bera hasi baino lehen.
Gutxi izan dira ordea Alegriak galdutako asto probak.
Horrelakoak entzunda, ziplo pizten da galdera: nolatan ez du Alegria bezalako punta-puntako txapeldun batek gizarte ezagutza handiagoa jaso? Zergatik ez da Del Horno edo Somarriba bezain ospetsu, bere kirolari ekarpen garrantzitsuagoak egiteaz gain domina gehiago irabazi baldin baditu?
Oso-oso ederra da asto proba, hunkigarria izatera hel daiteke gidariaren eta aberearen arteko konplizitatea, zerikusirik ez toreatzaileak zezenari eragiten dion torturazko odol-huste makabroarekin.
Asto demetatik bi-biak, piztia zein gizakia, bizirik irteten dira, konfiantza giro ederrean, eta gertuago sentitzen duzu zoofilia.