Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Preso ohiaren aurkako tsunamia

Preso ohiaren aurkako tsunamia

mzap 2006/02/14 09:44

Lau hilabete irailaren 14an Valcornejako espetxetik atera zutenez geroztik, gaixotzen ari da Antton.

Txillardegik kontatzen dizkigun bi ametsak alde batetik gaixotze prozesuaren adierazpen dira, sintoma, eta bestetik lastertzaile, eritasunerantz bultzatu egiten dute. Lokamutsak dituzu biak, garrasika esnatuko da bietarik Ihartzegarai, eta Ixaskunek du kontsolatuko. Txillardegik bietan sartzen gaitu ez soilik abisu barik, baizik irakurleari sinetsarazi nahian Antton errealitatean dagoela, ez ametsetan.

Heriotzak mehatxatuko du amets bietan Antton, lehenbizikoan naturak eta bigarrenean kulturak, alegia, poliziak.

Putzuk ere jasanak zituen amets gaiztoetan eraso naturalak. Lizarran zela, Urbasaren hegia ikaragarri ageri zitzaion. “Urederraren arroaren gainetik bizkarra konkortutako munstro eskerga gisa, edozein mementotan gain hartatik behera amiltzekotan bailegoan, mehatxu itxura nabarmena hartu zuen. Eta nik neuk behintzat, bizpahiru aldiz ikusi nuen neure lokamutsetan, biziak harturik antza, eta nire gainera basaki erortzen.” (205)

Ihartzegarairen lehenbiziko amets honek lehenagoko asteetan Anttonek bizi izanikoa bilduko du, batez ere kolpe latzak: urriaren 22an, 14 urteko eatarraren itotzea, hileta, itsaso gupidagabea: hurbil dabilkio heriotza.

Gero, ametsari dagokionez egun erabakigarria, azaroaren hamaika: aurrena, Antton oroitzen da nerabezaroan Izarteko lata beltz beldurgarriaren gainaldera joaten zela lagunekin kilkerrak, sugandilak, ziraunak eta musker hori-berdeak harrapatzera, bizia zoroki arriskuan jarriz; ondoren, txoriek zeruan uve eskerga bat osatzen dutela ikusiko du eta, larritasunen bat sumatu balu bezala, mutu, zurtuta eta pentsakor geldituko da; azkenik, ekialdera begira geldituko da, kostaldeko itsasargiei, Igeldo, Iger, Miarritze.

Azaroaren hamaika horretakoak jasoko ditu oroz lehen ametsak, baina biharamunean, hamabian, Ixaskunek beraiek Valcornejatik etortzeko harturiko hegazkinak istripua izan duela kontatuko dio, eta Anttonek espetxe barruan baino larriago sentituko du bere burua, “erkin, zaurgarri, hauskor. Nerabezaroan Selakuan harrapatzen genituen ziraun haiek, ikarak hartuta, gure eskuetan hauskor gertatzen zitzaizkigunean bezalaxe.” (137)

Abenduaren hamazazpian berpiztuko du Anttonek katutxoaren tragedia.

Eguberrian, azkenik, amaren heriotza gogoratuko du, hamar hilabete lehenago jazoa, Antton kartzelan zela.

Urtarrilaren hamazortzian bilduko zaio aurreko guztia lehenbiziko ametsean, hauxe:

“Labartzaz bestaldean, Izarteko lata beldurgarriaren erditsuan, mugitu ezinean gertatu nintzen arrastiri batez itsasora begira. Musker hori-berde eder baten atzetik tematuta, konturatu orduko izu betean.

Berrogei bat metro gora, gaineko zelai eta labartza-bururaino; eta beste berrogei behera, zut, itsasertzeko arroketaraino.

Neure hartan muskerraz ahaztu nintzen.

Bizkarraren kontra neukan arbel eiteko horma berdaxka luzea. Eta aurrealdean, berriz, itsaso zabala.

Neure oinak belar izpi bakanen gainean pausatzeko koskak, ozta-ozta ni zutik egoteko aukera ziztrina eskaintzen zidanak, arra pare bat zabal baino ez zuen.

Arnasari ahal bezala eutsiz, eta atsedenaldi laburrak noiztenka baliatuz, jiratu egin nuen soina, eta eskuineko besoa zabaldu. Esku ahurraz har-lata ukitu nuen. Hotz zegoen oso; eta, izoztuko ez bazitzaidan, askatu egin behar izan nuen segituan.

Eta oreka ezegonkorrean berriro, besoak inora heldu gabe gelditu nintzen.

Mehatxu nabarmen gisa, itsas orro gaitza zetorkidan latapetik.

Ez nuen deusik ulertzen.

Erokeria hutsa zitzaidan koska arriskugarri hartaraino jaitsi izana.

Umetandik genekien sugandilen eta muskerren bila Labarganera igotzen ginenean, guztiz kontuz ibili behar zela Labarburun eta Izarte gaineko ertzean.

Goi hartatik amilduz gero, arroketaraino erortzeaz beste aukerarik ez zegoen.

Hortaz, zerk eraginik haraino lerraturik?

Izarteko labar zutaren erditsuko koska hartan ni oinutsik paraturik, bitan banatzen zitzaidan mundua: aurrealdean, itsasoa neukan; eta atzealdean, harri berdaxkazko horma hotz ikaragarria.

Arrastiria mamitzen hasi zen; eta Labarganeko Farola piztuta, bere argi balak hedatzen hasi zen gainaldetik eta Kantauriraino.

Ez gora, ez behera ni. Ezin deusik.

Zer egingo?

Antxeta zuri-urdin mordo bat pasa da nire aurretik, karrakari; eta latapeko harkaitzetara jiraka jaitsi.

-Antxeta bihur ahal banendi! -neure artean.

Aurrealdeko itsasargiak pizten hasiak ziren, banan-banan, eta Capbretoneraino: Igeldo, Iger, Miarritze... Besteren bat ere bai, ñirñirkari, bertago eta eskuin alderago.

Hotzikarek hartu naute bortizki.

Zer egingo? Zer? Zer egin ote nezake neure hartan? Noiz arte eutsi ahal izango?

“Alajainkoa! –neure artean ari-. Lata berdin beldurgarri honetan, zulorik ez, heldulekurik ez, tarterik edo arraildurarik bat ere ez!”.

Orduan orro berri bat sortu da itsaso urrunetik.

Eta olatu eskerga bat lehertzen hasia ikusi dut aurrealdean, tsunami erraldoi bat, ihortziri etengabetan itoa. Itsasikara bat Labarganera zabalera osoan heldu.

Arestian ikusia nuen itsasargien ilara suntsitu egin da olatu erraldoiaren atzean.

Jaisten saiatzea erokeria izango zelakoan, goraka abiatu naiz. Alegia, eskuineko hanka jaso dut eta horman pausatu. Igotzekotan.

Eskuetan hotz mingarria sentitu, eta oinetako behatzetan, aldiz, azkura.

Burua jiratu, eta itsasaldea berrikusi dut.

Sekula antzemango ez nuen “maelström” ipartar hura bertago zen, eta altuago, eta erraldoiago.

-Eneee!... Eneee!!... Eneee!!! –bota dut hiru aldiz, gero eta ozenkiago."(149-151 orr.)

etiketak: etakideen ametsak
Patxi
Patxi dio:
2006/02/15 03:04

Horixe bera bizi izandakoa naiz ni.

Belaguan, neu bakarrik, pareta batean gora, erdira iritsi... Ez gora eta ez behera.

"Erokeria hutsa zitzaidan arroka arriskugarri hartara igo izana"

Ordubete, indarrak gastatu arte. Azkenean erabaki bat hartu behar.

"hotzikarek hartu naute bortizki"

Nik ere gora jo nuen.

Hemen nago, erantzun hau idazten.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/02/20 16:25

ba eskerrak, Patxi, bestela ez dakit zertaz mintzatuko ginatekeen blogen gaineko jardunaldietan;

ostiralekoan zurea izan zen berriro aipatu eta goraipatuena: berritasuna, ohiko literatura ez bezalako idazkera berezi bat, liburuan kabitzen ez den genero liluragarri baten asmatzea...;

entzuleek zure testuak, aurpegia, eskua eta sagua ezagutu zituzten

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.