Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ama hilaren mezua

Ama hilaren mezua

mzap 2006/01/26 07:55

Daviden ametsak heriotzatik datoz (lehenbizikoa) eta heriotzara doaz (bigarrena):

Esan beharra dago, Trikuren ustea gorabehera, Josebak eta Davidek traizioak egin nahi izan zituztela. Eta, aurretik haziz joan baziren ere, Daviden ondoko amets telepatikoa izan zuten akuilu:

“Gau hartan akuario batean nengoela egin nuen amets, eta norbaitek arrain abisalen gunera eraman ninduela, eta esan: “Ikusten al duk hor errainu hori? Izena dik “chiasmodon”, itsasoaren hondarrean bizi duk, ilunpean”. Hasperen egin nuen: “Hola bizi beharra ere, harri lirdingatsu batzuen artetik atera gabe, leku argitsuak badirela jakin gabe”. Lubisen ahotsa erne zen: “Ilunpeagatik ari zara horrela? Lehenago gustatzen zitzaizun, ba, David. Ederki gogoratzen dut zure poza urmaelaren kobazulora joan ginenean”. Begiratu, eta ama ikusi nuen Lubisen ondoan. “Hori bestetik ez balitz! Baina seme hau aldatua dago, Lubis. Lehenago asko maite zuen ama. Orain berriz ez zait agur egitera ere etorri”. “Ez esan horrelakorik, ama!” “Ez dizut kargu hartu nahi, David. Gustatu egingo zitzaidan zuri agur esatea, hori besterik ez da.” “Agur?” “Ez al dizu inork esan, David? Hil egin naiz. Baina lasai nago. Ez naiz beti hemen egongo, arrain abisalen gunean. Berehala eramango nau Jainkoak pailazo-arrainaren eta koloretako beste guztien zeru epelera. Horregatik dago hemen Lubis nirekin. Berak gidatuko nau haraino.” (410-11 orr.)

Amets hau baino lehentxeago, ama Carmen Daviden jarrerez, keinuez eta hizkeraz jabetu da. Ametsaren bidez ulertuko du zergatik. Davidi ama hil egin zaio eta bere baitan du orain. Hizkeran, munta handia du mintzamolde kristauak: “ekar diezagula Jainkoak egun ona”, eta abar. Amaren heriotzak eta lehen ametsak zuzenean eragingo dute Daviden traizioa ETAri. Josebarena ere erabakiko dute, baina soilik unea. Daviden amaren heriotzaren berri jakinikoan deliberatuko da Joseba traizionatzera, aurretik puzten eta puzten zihoakion nazka baten erremate.

Davidek Altzürüküko amañirekin errosarioari biraka otoitzean ari dela hartuko du erabakia zehazki. Eta gero, astirik izan ez arren gauzatzeko, Joseba aurreratuko baitzaio, poliziari Iruaingo gordelekuaren berri emango dio, traizioa bere gain hartuko du, halaber irainak, errua, bakardadea, Jesukristok bezala, eta amnistiaren ostean Stonehamera joango da osaba Juanekin batera. Amaren heriotzak kristau balioak ariman txertatuko dizkio, kristau hizkuntza: “erredimitu nintekeen Heriotzaren erresuma bisitatuz. Getsemanin egon eta gurutzea ezagutu beharko nuen, baina iritsiko zen berpizkundearen egun zoriontsua, eta libre geldituko nintzen iraganeko zor guztietatik.” (444 or.) Kristautasuna, nerabezaroaz geroztik behintzat zeharo baztertua, berpiztu egingo zaio. Daviden traizioaren eta Daviden kristautzearen aldiberekotasunak Jesukristoren funtsetako bat traizionatzea eta traizionatua izatea izan zela oroitarazten digu: bere sendia traizionatu zuen aurrena, juduen Jainkoa eta juduak hurrena; gero, Judasek traizionatu zuen Jesus; eta azkenik gurutzean Jainkoak berak.

Bestalde, bada “Soinujolearen semea”n eliza anker bat: Fray Victor eroarena, beti bere pistolarekin, edo Hipo La Salleko prefektu krudelarena; baina bada aldi berean apaiz onbera: Don Hipolito Obabako erretorea, edota La Salleko zuzendari ulerkorra. Lehen ametsaren ondoren Davidek bigarren joera hau bere egingo du.

Bestelakoa da Josebaren traizioa, filosofikoagoa, egiaren saminari bakardadean gogoetaz aurre egin nahiaren ondorio. Horrexegatik da biziagoa, zakarragoa, baina hala ere aurreikuspen zuzen batean oinarrituko da: 76an gaude eta laster etorriko da amnistia: beraz, espetxera lehenbailehen joatea komeni da, berehala amnistiaz bertatik irteteko. Izan ere, ETAn bistan da militaristen ikuspuntuak nagusituko direla, borroka armatuari eutsiko zaiola, eta auskalo noiz etorriko den hurrengo amnistia. Alde horretatik, komando osoari litzaioke onuragarri Josebak traizioa albait arinen gauzatzea. Baina traizioaren ordaina ez da makala: gurutzea Davidentzat, burkideen arbuioa; eta Josebarentzat orbaina, buruan zein ariman. Atxagak ez du traizioaren apologiarik egin. Hara Josebak sentituko duena: “Traidoreak piztia likitsak gara. Dena barkatzen zuenak ez zuen bere dizipuluaren traizioa barkatu. Eta dizipuluak urkatu egin zuen bere burua.” (452 or.)

etiketak: etakideen ametsak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.