Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Trikuren orbita

Trikuren orbita

mzap 2006/01/23 09:52

Hiru amets dauzkagu "Soinujolearen semea"n. Kronologikoki: ama hila (Davidek egina), Trikuren orbita (Trikuk egina), Redin hiltzear (Davidek egina).

Bigarren ametsak Josebak ETAri eginiko traizioaren ondorio baten berri emango digu. Komandoa Davidek, Josebak eta Trikuk osatzen zuten. Triku Agustin “Komarov” da, Komarov deitua errusiar astronauta bat izugarri miresten zuelako. Vladimir Komarovek sei bider eman zion Lurrari buelta oxigenoa galdu ahala, orbitan, eta azkenik hil egin zen. Gaztea zela, biziki hunkitu zuen Agustin Triku albiste honek, lagunei etengabe aipatzen zien eta azkenean “Komarov” jarri zioten.

Bada, Josebaren traizioagatik atxilotzen dutelarik nozituko dituen torturen ondorioz (ostikoak buruan eta zartakoak telefono gidaz, poltsa eta abar), komazko amets gisako batean abiatuko da espaziontzi batean Vladimir Komarovekin batera Lurrari birak ematera, orbita galdurik, oxigenoa ahitzen zaien bitartean, hilko direla etsirik. Areago, Trikuk nahiago du hil, poliziak esanik ohartu baita Josebak eta Davidek saldu egin dutela. Vladimir Komarovek bera “misioan hildako lehen astronauta” (438 or.) izango dela nabarituko dio Trikuri eta honek bere burua martirien segidan kokatuko du: “Ez nekien zenbatgarrena izango nintzen ni. Ezin nuen zehaztu. Nire aitita-amamak eta nire bi izeko haiek zeuden aurrena. Eta Gernikan hil ziren beste bi mila haiek. Eta gerran hildako guztiak. Eta inolako kulparik gabe fusilatutakoak, Ramuntxok beti aipatzen zituen Obabako maisuak eta gainerako guztiak. Eta Lubis, gure lagunarteko lehen martiria, hura ere plastikozko poltsa batekin itoa. Eta beste asko.” (438 or.)

Triku martiriez hausnarrean dela hilko zaio alboan Komarov. Orduan “espaziontziak areago egin zuen beheraka, baina oraingoan erorketa librean, bere pilotuaren heriotzak hegan jarraitzeko gogoa zapuztu izan balio bezala. Lurra jo genuen eta espaziontzia txikitu egin zen.”

Orduantxe esnatu da Triku, ospitalean. Berehala hartuko du berriro ametsak ordea. Komaroven hiletan dago orain, Moskuko Plaza Gorrian, lagun asko dago ilaran astronautaren katafalkoaren aurretik pasa eta ukabila altxatuz ohore egiteko, Trikuk berak egingo duen bezala.

Orduan medikuak besoko mugimendua errekuperatzeagatik zorionduko du. Eta Josebari hiru egun lehenago alta eman ziotela esango dio. Horrelaxe ezabatuko ditu traizioari buruzko Trikuren susmoak, Trikuren negarra eraginez, pozezko negarra.

Kontuan hartu behar da amets hau ez duela Trikuk berak kontatuko, ezta Davidek ere, baizik Joseba idazle jadanik kontsakratuak. Horrexegatik da ametsik literarioena, biribilena, askoz ere “hornituagoa” Davidenak baino.

etiketak: etakideen ametsak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.