Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Modern Times, Dylanen disko berria

mzap 2006/06/13 15:45

Abuztuaren 28an aterako da.

Abesti berriekin osaturiko lehenbiziko diskoa duzu bost urtean.

Joan den astean New Yorken oso tentuz aukeraturiko zenbait kazetariri disko berriaren maketa eta aperitif bat eskaini ziguten, baina baita aldi berean legezko agindu bat izenpetzera behartu ere, bertan entzunikoaz txintik ere ez esateko.

Ordea, New Musical Expressek agindua hautsi duenez , pentsatu dut: eta zuk zergatik ez?

Disko berriak 2001eko "Love&Theft;" dakar gogora. Maketa entzuteko aukera izan genuenok bat etorri ginen: hamabi abesti berrien artean badira gutxienez hiru maisulan gogoangarri.

Tamalez, ez dirudi Donostian kantu berririk erabiliko duenik. Dylanek berriki jira luze bat egin du AEBetan barrena, maiatzean Floridan amaitu duena, eta ez du "Modern Times"eko deus abestu.

Pantailan jokatu

mzap 2006/06/13 08:27

Freudek, “Dostoievski eta parrizidioa” lanean, errusiarraren ludopatia aztertu eta jokoa masturbazioaren ordezkoa dela ondorioztatu zuen. Guztiok omen dugu oharkabean haurtzaroa errepikatzeko joera, eta haurtzaroko masturbazioari berebiziko garrantzia eman zion Freudek. Jokatzeagatik errudun sentitu beharra, halatan, masturbatzeagatik errudun sentitzearen oihartzun eta isla omen da. Jokoaren bidez txikitako errua errepikatzea bilatzen dugu ohartzeke. Zenbat eta handiagoa aitak ematen dizun beldurra, orduan eta erru sentimendu sakonagoa masturbatzeagatik eta batere dirurik gabe zeharo hustuta gelditzeagatik. Dirua irabazteak sexu-kemenaz eta bizitasunez betetzen zaitu; galtzeak berriz hustu.

Jokoa masturbazioaren ordezko izate horren bidez azal liteke agian zigarro puruen ugaritasuna frontoian. Bestelako datu enpiriko zenbait ere bat dator teoria horrekin, era poetikoan. Esate baterako, ohartu naiz Danimarka aldean, ez soilik Kopenhagen, makina txanponjaleetan batez ere atsoak eta amona zaharrak dabiltzala, eta ia denek aldi berean zigarro purua erretzen dutela. Hirurogeita hamar laurogei urte inguruko amumak, “Jokalaria”ko Antonida Vasilievnaren antzekoak, txanoa jantzi, lepoko painelua sorbaldaren gainetik atzerantz bota, purua piztu eta fuego. Saria, diruaren hotsa, txanpon jarioa eta parrasta, bat dator orgasmoarekin, antzeko funtzioa betetzen dute giza ariman.

Horretxegatik dute egundoko arazoa egunero milioiak xahututa ere erabat hustea inoiz lortu ez dezaketenek, esaterako abestien eskubideengatik egunero diru mordoa irabazten dutenek deus egiteke. Ezin inoiz guztiz gabe eta hutsik gelditzeak arazo latza eragiten du. Hobeki dabiltza frontoiko galtzaileak, lehen begiratuan ematen ez badu ere.

Pipatzeko debekuak frontoiak hustuko ote dituen, apustuaren jatorriaren eta purua laztantzearen arteko lotura haustea dakarrelako? Ikusi behar. Frontoian gainera erre egiten da oraindik: Irujo-Aimar finalean bazen beltzaran bizardun bat egundoko puruarekin, eta hori ertzainak eta laurehun milatik gora lagun begira zituela jakinik. Bestalde, inertziak ere hor daude, eta bestelako faktore misteriotsuak.

Edonola ere, badator apustua internetez egiteko aukera. Izan ere, ematen du betitikoa dela jokoa eta sexua elkartzeko joera. Erdi putetxe erdi kasino duzu Las Vegas, eta ezaguna da frontoiko komunaren ezohiko erabilerarik ohikoena zein den. Bilakaera natural baten ondorio dirudi horrenbestez hazia hustea eta dirua galtzea pantaila bakar bati so eta eserlekutik altxatu behar izan gabe mamitu ahal izateak.

Jokalaria

mzap 2006/06/12 09:47

Liliana Cavaniren “Ongiaz eta gaizkiaz haraindi”n Lou von Salomé-k Paul Rée-ri galdetu dio ea zergatik duen hain gustuko jokoa. “Galtzen dudalako”, Rée-ren erantzuna. “Atsegina ote zaizu galtzea?”, neska errusiarrak. Eta Réek buruaz baietz. Bestalde, Paul Rée jokalaria menpeko gisa baino ezingo zaio lotu Lou maiteari.

(Bide batez, Nietzsche protagonista duten filmen artean ederrena eta filosofoaren jarrera zehazkien barnebiltzen duena “Dias de Nietzsche em Turin” brasildarra duzu, Julio Bressanerena, e-muletik jaitsi daiteke, Ramon Etxezarretaren berdin-berdina den Nietzsche harrigarri batekin.)

Dostoievski ere jokalari izan zen, batik bat Wiesbaden-en igaro zuen boladan, Las Vegas antzeko bat XIX. mendean. Dostoievskiren emazte gaixoaren oroitzapenek Karmeleren kontakizuna dirudite. Dostoievskik gero, hain zuzen jokoan egindako zorrak ordaintzeko, “Jokalaria” eleberria idatzi zuen, Antton Garikanok ohi bezain ederki euskaratua. Bertan Wiesbaden Ruletenburgo bihurtu zuen.

Ludopataren arimaren arakatze sakonentzat hartu izan den “Jokalaria”k erakusten duenez, soilik edo oroz lehen dirua irabazteko jokatzen duten jokalariak salbuespen dira. Jokatzeko benetako bultzatzaileak bestelakoak dira.

Jeneral errusiar alargun bat Ruletenburgora etorri da seme-alaba txikiekin, Alexei Ivanovitx narratzaile eta protagonistarekin, umeen irakasle dabilena, eta Alexeik gartsuki maite duen Polina Alexandrovnarekin, jeneralaren alabaorde eta umeen zaindari.

Jeneralarekin dabiltza halaber mademoiselle Blanche, jenerala maitemindurik duena, eta Des Grieux markes frantsesa. Des Grieuxek jeneralaren jabetza osoa bahituta dauka, hipotekatuta, mademoiselle Blanche jeneralak nahi eta behar bezain hurbil atxikitzea ez baita merke (berak ordaintzen dio ostatua eta idilioa).

Alexeik bezala Des Grieuxek ere Polina maite du; baina txantaia misteriotsu bat egiten dio Polinaren aitaordearen zorrak direla eta.

Jeneralak bere izeba berehala hilko dela uste du eta badu itxaropena herentzia jasota bere ondasunak lehenbailehen berreskuratzeko. Izebaren heriotzaren zain daude orobat Des Grieux (jeneralaren hartzekoduna), mademoiselle Blanche (jeneral aberatsarekin ezkontzeko) eta Polina Alexandrovna (Des Grieuxen presioa saihestu ahal izateko).

Supituki eta ezustean izeba bera, Antonida Vasilievna, Ruletenburgon bertan agertu eta kasinoan dirutza itzela galduko du. Jeneralak herentzia jasoko ote duen zalantzaz, mademoiselle Blanchek ez du jeneralarekin ezkondu nahiko; eta Des Grieuxek, bere aldetik, Polinaren larrua bilatuko du.

Dostoievskiren eleberrian, diruak mugiarazten dituen pertsonaiak, mademoiselle Blanche eta Des Grieux markesa, ez dira jokalari. Jenerala ere ez.

Mademoiselle Blanche behiala kasinoan ibili zen, baita dena galdu ere, azken hondarreraino. Orain badu diru mordoxka polita eta berak jokatu beharrean profesional batzuei ematen die berarentzat gehiago irabazteko. Bista da, mademoiselle Blanche ez da jokalari-jokalaria.

Jokalari petoak Antonida Vasilievna, jeneralaren izeba, eta Alexei Ivanovitx protagonista eta narratzailea dira.

Dostoievskik jenio handiz deskribatzen du apustua buruan errotzeaz batera gainerako guztiarenganako ezaxola, aztoramendu orokorra, postura egiteko aukeraren aurreko ezinegon urduria, arrazoiaren eta koherentziaren lausotzea. Eta mozkorraldi distiratsua irabaztean; eta galtzean berriz putzu iluna.

Bi ordutan aberasten denak ia beti apustuak liluratu eta berandu da gelditzeko, oro du galduko goiz edo berant. Baina hasi aurretik badaki jakin hori gertatuko zaiola.

Antonida Vasilievna izeba zaharrak, hirurogeita hamabost urte, ikaragarri galdu arte ez du atsedenik izango eta hasieran besteri leporatuko dio errua, baina galdu ondoren bere buruari garrasi egingo dio “Ni bai txoroa! Ni bai txorokiloa! Atso txorokilo ez bestea!” (110), “atso tuntun alaena” (127), bere burua zigortuko du, “erabateko etsipenean murgildu” arte (119).

Gero erruletan dena galtzea harrokeriaren ondoriotzat jo eta apaltasuna eta Jainkoa berreskuratuko ditu.

Era berean, Alexei Ivanovitx narratzaileak, hogeita bost urteko irakasle maiteminduak, dena galdu arte jokatuko du behin eta berriro.

Ivanovitxek Polina maiteari diotso honek aginduz gero, gertu legokeela bere burua berehala hiltzeko. Hain zuzen, Polinak gorroto diola erantzungo dio, eta ondoren erruletan beretzat joka dezala aginduko dio Alexei Ivanovitxi. Horrela joango da Ivanovitx lehenbiziko aldiz Ruletenburgoko kasinora.

Europako nortasun nazionalen berezitasunen margolan aparta ere bada “Jokalaria”. Hara esate baterako maitasun adierazpen errusiar bat, jokalari batena, Alexei Ivanovitxek Polina Alexandrovnari eginikoa zehazki, euskaldunen artean nekez entzun litekeena, frontoian izan ezik: “noizbait hiltzen bazaitut, hil egin beharko dut nire burua ere; baina ahalik eta beranduen hilko dut nire burua, zu gabe egotearen min jasanezina sentitzeko.” (44)

Maitearentzat jokatuz amilduko da Alexei Ivanovitx. Baina Polinak ez du dirua irabazteko irrika, baizik Alexeik ezagutzen ez duen kezka larriren bat. Amaieran jakingo dugu Polinak Des Grieux markes frantsesari larrua saldu behar ez izateko behar zuela dirua.

Karmeleren eta bere senarraren arteko harremanetan bezala, umiliatzeak eta esklabotzak kateatzen du Alexei Polinarekin. Alexeik uste du erruletaren bidez dirua pilatuz Polinarentzat beste gizon bat bilakatuko dela, oraingo esklaboaren ordez.

Alexei Ivanovitxen “Oh, ni ez nintzen dirukoia!” (160) sinesgarri gertatzen da zeharo.

Bai Dostoievskik eta bai gerora Freudek masokismoari lotuko diote jokatzeko grina. Alexeik Polinari: “atsegina zait zure esklabo izatea. Atsegina da, bai, zeharo umiliatua eta ezdeusa izatea! Deabruak daki, agian atsegina da latigoa ere, honek inoren bizkarra zartatu eta haragi pusketak zirtzilatzen dituenean...” (41-42)

Karmeleren senarra, Paul Rée, Dostoievski, Alexei Ivanovitx: egoera eta behar berdina nabari da lau kasu horietan: jokalariak maite duen emakumearen menpeko sentitu beharra dauka eta sosa galtzeagatik maitearen zigorra bilatzen du (Paul Réeren kasuan ez dakigu).

Karmeleren senarra

mzap 2006/06/09 18:47

Ohiko jolasak eguneroko kezketatik aparte daude hein batean: txorromorro, ziba, partxisa, kanikak, kartak. Esparru autonomoak dira, fikzioak, oporraldiak, egunerokotasunetik atseden hartzen laguntzen digutenak.

(Egia da xakea sarritan igarotzen dela dibertsiotik tragediara, baina kontuan hartu behar da kirol olinpikoa dela, ez dela jolas hutsa, eta literaturako xakeak erakusten duela gehiago tragedia, Zweig-en "Xake nobela"k edota Nabokov-en "La défense Loujin"ek esaterako, ohiko xakeak baino.)

Edonola ere, trabesak eta jokozalekeriak ia berez egiten dute beren esparrutik gainezka eta ondorioak eguneroko bizitzan sartzen zaizkizu uholdea legez, era katastrofikoan.

Alde batetik, zenbait apustuzalek ez du egonarririk izaten helarazi zaigun lanaren etikari eusteko. Gurean zintzotasunaren adierazpentzat hartzen da ordutegia txintxo bete eta dirua apalki eta zuhurtzia handiz erabiltzea. Ostera zenbait jokalarik kontrako joera izaten du, aldarrikatuko balu bezala “ez naiz txingurri bat, ez dut pazientziarik, nahiago espetxean, nahiago hil, bizimodu gogaikarri hori baino. Dena ala ezer ez.”

Bestetik, jokatzeko irrika kristauek "bekatu" eta modernoek "adikzio" edo "heriotza-sen" deritzotenaren adierazpen bat da. Hots, bada zerbait kaltegarri zaizuna, nabarmen. Ingurukoek gaztigatzen dizute, zure arrazoia ere garbi ohartzen da. Hala ere, ezin duzu eragotzi, bazoaz putzuan amiltzen hondamendirik mingarrienerantz, gero eta bizkorrago, leran bezala mendi elurtuan beheiti. Eta joran gaizto hori behin eta berriro errepikatzen da zure bizitzan.

Baina hori bekatu eta adikzio ia gehienetan gertatzen da.

Zertan da ordea jokalariaren berezitasuna?

Badut lagun bat, Karmele deituko diogu. Apustuzale irten zaio senarra. Bikote bizitzan oso garrantzitsua da bestearen zikloak ezagutzea. Frontoira baino lehen, senarrak beti “gaur posturarik ez, laztana, euskaldunaren berba, zin dagizut.” Eta gero frontoitik dirurik gabe baina batez ere errudun sentituz etxeratzen zaio maiz. Bere burua umiliatu egiten du Karmeleren aurrean, emaztearen errieta eta zigorra bilatzen du. Karmelek aldarri eta zigorra, gupida barik. Eta senarra, behin zigorra beteta, lasai eta frexko gelditzen omen da, belardia bezala ekaitza eta gero, lanari ganoraz ekin eta dirua berreskuratzeko inoiz baino gogotsuago.

Dirudienez, zenbait jendek zigorra behar izaten du, kanpotik ezarria, gizarteak zein emazteak; kanpoko zigorrik ezean, bere burua zigortzeko joera bortitza baitu. Lagun askok atseden hartzen du zigortua izatea erdiesten duelarik.

Karmelerentzat bere senarra gaixorik dago, pikaro ludopata deskontrolatua da, baina atzemana dio erritmoa eta tira, aitzina doa bikote bizitza.

Edonola ere, Karmeleren ustez bere senarraren kasuan sakonagoa da hustuta, erreka joa eta zigortua sentitzeko beharra, dirua irabaztekoa baino.

Athleticek atzerritarrak fitxatu behar lituzke?

mzap 2006/06/05 09:10

Harrigarria litzateke hain zuzen su-eten iraunkorrarekin batera ekitea Athleticek atzerritarrak fitxatzeari. Euskal futbol taldeek bertako hiritarren behar afektibo batzuk astindu dituzte, zenbaitetan ase eta bestetan frustratu. Esan izan da Estatu normaletan armadak betetzen zuen zeregin psikologikoa ere bete izan dutela euskal futbol taldeek, armadarik ez genuenez. Horrela, esaten zen Athletic Madrilera zihoala “euskal duintasuna genoziden aurrean defenditzera”.

Baina orduan ETA sortu eta eginkizun hori disputatzen hasi zitzaion Athletici. Berehala agertu zen lehia eta jelosia. Hasieratik egin zitzaion pairagaitz etakideari berak herriari bizia ematen zion bitartean, herria arbitroari hijoputaka ibiltzea. Etakide batek oso ondo kontatu du zelako amorrua sentitu zuen gure herria sartua zen ataka gaizto horietako batean, bere ustez hil ala bizikoa, bera sasian, ezkutuko kontaktu bat San Mames inguruan egin behar eta zaleen orroak entzutean, zaleen pasioa. ETAk ezin izan du amodio hori bereganatu.

Zergatik? Besteak beste, ez ditugulako torturak ikusi. Eta gainera, etakideek ezin dituztelako beren gorputzak erakutsi, kaputxadunak direlako definizioz.

Galderari erantzuteko, ez lituzke fitxatu behar. Ez al dago ba mutil eder eta izter zuztar aski Bordele eta Soria artean, atzerrira jo behar izan gabe?

Eta inoiz fitxatu behar izanez gero, soilik behin burujabetza politikoa lorturikoan fitxatu beharko lituzke Athleticek atzerritarrak. Behin libre izanik lasaiago geundeke arazoa behar bezala eztabaidatu eta erabakitzeko. Bestalde, Atzerriko Legioak tradizio sendoa du inguruko Estatuetako armadetan.

San Mames armairu

mzap 2006/06/02 07:50

Athleticen jarraitzaileen sufrimenduaren errua ez du Lamikizek. Alde batetik, zale askok gustuko dute sufritzea eta horregatik dira hain zuzen futbolzale. Badira zaleak sufritzen dutenak ez bigarren mailara jaisteko arriskuagatik, baizik Txapeldunen Liga ez irabazteagatik, Liga eta Kopa eskuratuta ere. Sufritzeko jaio ziren. Askotarikoa, ezustekoa eta lausoa da sufritzeko motiboen muga.

Bestalde, hedabideek histeria kolektiboa elikatu dute, bigarren mailara jaistea hondamendi gisa irudikatuz, eta bidegabeki baztertu dute jaisteak ekar litzakeen aukera politen aldeko lan pedagogikoa. Zeren jaistea esaterako umiltasuna ikasteko bidea izan baitzitekeen.

Athleticen egoeraren erruduna, aldi berean Athletic bera xarmangarri bilakatzen duena, zaleen armairuan datza. Izan ere, egia da Athleticen bereizgarri nabarietako bat jokalarien jatorria dela, harrobiaren zaintzea, baina ez agian interesgarriena: Athletici giro jator, koloretsu eta babestu beharrekoa ematen diona, bere zale gizonezkoen homosexualtasun zapaldua baita. Irrika erreprimitu hori lehoienganako pasio bilakatzen da, malko, amorru, estasi.

Pentsa liteke hori edozein taldetan gertatzen dela. Baina Athleticen ezaugarri bik nabarmena egiten dute berezitasun hori gurean: aurrena, zaleen maitasun eta gorrotorik sutsuenak hazpegi delikatu eta femeninoen jabe diren jokalariek pizten dituzte: Iribar, Lizarazu, Gerrero, Yeste, aingeruenek.

Hurrena, partidan negar egin ostean txokora joaten gara eta bertan mantala jantzi eta bakailaoa atontzen dugu pil-pilean edo saltsa zuri-gorritan, lagunarte polit askoan, lapikoari grazia handiz eraginez. Geldika-geldika, tripa handitu eta biribildu egiten zaigu, emakume haurdunarenarekin berdindu arte zazpigarren hilabetean.

Azkenik, “Kalaka”n esan banuen ere filologo batzuek, ez ausartenek, Athletic “atzetik”etik eratorri dutela, etimologista zorrotz fidagarri batek neuk ere atzera egiteko aholkatu dit: eratorpen hori realzaleen txiste triste bat ei da, Vocentok xaxaturiko Errealaren eta Athleticen arteko xextren testuinguruan ulertu beharrekoa.

Baina aurreneko bi arrazoien indarrak ukiezin dirau. Hetero arruntek bestela husten dituzte beren grinak, era aspergarriagoan. San Mames eta Pozako Village people In the navy giro hori da sustatu behar duguna. Athletic Atzetiken nortasuna dago jokoan, eta beraz baita Euskal Herriarena ere, eta zeurea, ez baita txantxetakoa.

Lasterketatik desertatu

mzap 2006/06/01 10:16

Gurean larregi luzatu da “garaitu” eredua, nagusitu, nork bere burua gainditu, igo, munduko gailurrik altuenak azpiratu, ilargia zapaldu, Amerika eta espazioa konkistatu, gero eta gehiago, gola sartu eredua; zeharo dopaturiko atleten, mendigoizaleen eta astronauten eredua. Energia nuklearra ere, atomoaren “konkista”ren ondorio ei da. Naturaren aurrean, “erabili” eredua nagusitu zaigu. Behin menperatuta, natura gizakion alde baliatu eta ustiatu. Eta horrek ondorioak dakartza, onerako zein txarrerako.

Mendebaldean naturaren aurrean jarrera pasiboago bat gailendu izan balitz hasieratik, zuhaitza ez eraitsi etekina lehenbailehen sakelaratzeko, baizik zuhaitzak mistikaz adierazi nahi ligukeenari jaramon egin sustraituago bizitze aldera, ezin jakin, natura garbiago legoke ziur aski, baina gu agian oraindik txotxoloago.

Nolanahi ere, Asel Luzarraga eleberrigile bermeotarrak, “Karonte”ren eta “Hamaika ispilu ganbil”en egileak, berriki adierazi du lanuzteren bat eta manifaren bat egin beharko genukeela gure soldaten jaistea eskatzeko. Bistan da etengabe hazi, hanpatu eta konkistatu behar hori eta aldamenekoarekin lehiatu behar hori ez direla nortasun eta bizimodu zoriontsu baten ez adierazpen ez lagungarri. Badugu bai apur bat baretzeko ordua.

Zurrunbiloan sartuta kredituak ordaindu eta putzutik atera beste kezkarik ez duzu. Baina jarrera kontenplalari batek garbi erakusten du gelditu beharra. Eta, Asel Luzarragak aldarrikaturikoaren ildotik, munduaren oraingo egoerari erreparatuz gero, energia kontsumoaren etengabeko puzteak artifiziala ez ezik eroa eta arriskutsua dirudi.

Alderdiren batek funtzionarioon soldatak murriztea proposatuko balu programan, eta aldi berean astean hiru egunez autoa debekatzea, botoa emango nioke, nahiz PP bera izan. Eta gainera sendagileen, haginlarien eta abokatuen zergak zorrozki kontrolatuko balitu alderdiaren karneta eskatuko nuke, alabentzat.

Gaizkiaren ardatza eta errealismo nuklearra

mzap 2006/05/31 09:07

Europak Irani teknologia nuklearra eskaini berri dio uranioa aberasteari uztearen truke. Irango presidenteak Europari leporatu dio Iran ume tenteltzat hartu izana, bere urrea txokolate europarragatik trukatzeko prest legokeen ergeltzat. Horrenbestez, Iranek aurrera darrai uranioa aberastuz biziaren alde. Dena den, lehergailu atomikoak baldintza bakar batekin ekar lezake lasaitasuna: eduki bai, baina ez erabili.

Iranek garbi ikusi du Bushen Gaizkiaren Ardatzean Irak bezainbeste zela Ipar Korea, eta Iraki eraso egin diola lehergailu nuklearrik ez duelako, eta Ipar Koreari berriz ez, baduelako. Bien bitartean bonba geldirik dago, gizakioi isekaz so.

Errealismo nuklear militar honen arabera, Euskal Herria ez litzateke benetan beregain zazpi probintziak bildu, mugak eta enbaxadak ezarri eta Nazio Batuetako aulkian eseriz, ez; mundu honetan bonba nuklearra behar duzu, nor izango bazara.

Ez baita harritzekoa hainbat talde politiko-militar klandestinok ahaleginak eta bi egin izana Grial modernoaz jabetzearren, ziurrenik ez erabiltzeko asmoz, baina bai aintzat hartuz gure garaiko negoziazioetan arrazoibiderik biribilena baino konbentzigarriagoa izaten dela bonbaren itzala.

Baldin bonba bagenu Espainiak ez luke Grande Marlaska hainbesterainoko begirunez tratatuko, ez lioke borroka armatuaren aldeko bere kanpainan aurrera egiten utziko. Baina bonba Tolkienen eraztuna ere bada, eta Gollum bilakatuko ginateke.

Beldur nuklearra akuilu

mzap 2006/05/30 07:41

Etika desberdin ugari izan da historian, hainbat balio jarri izan da jokabidearen eta erabakiaren iparrorratz: errukia, gozamena, fideltasuna, zoriona, ausardia...

Hobbesek beldurra jo zuen pasio politikoaren eragile nagusitzat, eta tirania zuritzeko erabili zuen. Ez zuen ordea balio moral gisa aldarrikatu. Kaltegarritzat hartu izan da oro har beldurra, ospe gaiztoa izan du ia beti, merezi baino txarragoa beharbada.

Bixente Serrano Izkok aldarrikatu du beldurraren balio askatzailea, jokabideei eta erabakiei dagokienez, “Beldurra bera zaldi” liburuan. Apika ikara ez litzaiguke akuilu makala uztarri nuklearra deusezteko.

Hurbil dugu Txernobil, bertako errautsa, bertako umeen artean izugarri hedaturiko tiroide minbizia, inguruko herri hustu hilotzak, bertako hauts erradioaktiboa Europa inbadituz. Gobernu sobietarrak erradiazioa itzaltzeko erabili zituen 500.000tik gora “likidatzaile” deituetarik 20.000 hilik dira jadanik, gazte hilik, eta 200.000 berriz elbarri eta ezindu. AEBtako Harrisburgen ere izan zen istripu gogor bat, eta Boliviako Cochabamban, eta Poloniako Byalistocken. Indiako Bophalekoa, azkenik, aipatzen ez den arren, Txernobilgoa bera baino hagitzez larriagoa izan zen. Begiratu Wikipedian istripu nuklearren atala. Hainbeste dira, sailkatu behar izan baitituzte: nuklear zibilak, erradiaziozko zibilak, nuklear militarrak, erradiaziozko militarrak. Eta beldurra libre da.

Izan ere, Historian zehar lorturiko hainbat esparru libreren jorratzea, lehenagoko egoera beldurgarrietatik hanka egiteak abiarazi du: esklabotzaren debekua, sufragio unibertsala... Bultzatuko ahal gaitu beldur nuklearrak nolabaiteko oreka energetikoraino.

Lehergailu atomikoa eta gerra hizkera

mzap 2006/05/29 07:34

Energia nuklearraren kumerik distiratsuena lehergailu atomikoa da. Energia nuklearraren eta historiaren arteko harremanari dagokionez, kutsu berri bat eman dio gizakiok jo dugun musika nagusiari: gerrari. Oraindik orain, sobietarren eta Amerikako Estatu Batuen arteko harreman guztien oinarrian mehatxu nuklearra zegoen. Berriki etsaietako bat aldatu da: mairuak hartu du sobietarraren lekukoa. Mehatxuzko azpiegitura nuklearrak, hala ere, bere horretan dirau.

Gerra mehatxua zuritzeko mintzamoldean kristautasuna bezain eraginkorra izan bide da iskilu nuklearraren agertzea. Homeroren garaian erasotzailea ez zen bere izaeraz lotsa, eta etsaia menperatzea, norberaren lurraldea zabaltzea, indartsuenari nagusitasuna aitor dakion, ontzat zuten, balio moral onargarritzat. Aspaldion berriz, nahiz eta bultzatzaile nagusia betiko legez irrika gerlaria izan, baztertu egin da mintzamolde hura. Egia da kristauen eragina garrantzitsua izan dela aldaketa goxatzaile horretan.

Energia nuklearraren eztandak bestela eragin dio gerra zuritzeko hizkerari.

Iskilu nuklear zenbaitek, aurreko iskiluek ez bezala, mundu osoa suntsi lezakete kolpe bakar batez. Iskilu nuklearraren boomerang ondorioa berehalakoa da, begien bistakoa, soldadu talde bat itsasoz bestaldera bidaltzearena ez bezala. Alegia, norberaren gobernuak arma atomikoa ukitzen duelarik, hiritarrak zerua bere gainera amiltzen ikusten du. Hori dela eta zabaldu da lotsa antzeko bat erasotzaile guztien berbarora.

Halatan, duela zenbait hamarraldiz geroztik eraso guztiak dira, omen, defentsazkoak. Inork ez du etsaia hiltzen interes ekonomikoak bermatzeko, lurralde berriak konkistatzeko, bere ikuspuntua ezartzeko, baizik bere aberria eta bertako herritarrak babesteko. Susmo nuklearrak izan ziren Irak bonbardatzeko aitzakia, baina AEBko hiritarrak betirako galdu du bizitzeko patxada, Austerren “Brooklyngo erokeriak”en azken orrialdeak erakusten duen bezala.

Futbolera lerratu da eraso alaiaren laudorioa, zorionez. Baina tamalez eraso harroa ez da herrien arteko harremanetatik desagertu. Erantzun ikaragarria ekar dezakeenez, defentsazko hizkerapean ezkutatu behar izan du, boto-emailerik sinesberenak larri ez daitezen.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.