Gure ahalmenen atrofia orokorra. Zortzi irudi esnatuzko ametsari ekiteko
Gure bizimoduaren ondorioz zenbait ahalmen eta ondo pasatzeko aukera merke galbidean dauzkagu. Gure aitatxi-amatxiek bertso-saioan behin entzundakoa betirako gorde zezaketen oroimenean. Guk berriz ideia jakin bat gutxi gorabehera zein liburutan aurkitu gogora dezakegu gehienez ere, eta liburua zein apaletan egon litekeen.
Antzera irudimenari dagokionez. Jaio bezain laster gaude pantailaren baten aurrean. Bideojokoak asmatzen dituzten lau katu horiek lantzen dute irudimena, baina jokalari arruntek ez; are gutxiago telebistazaleok. Gure gogoarekin bakarrik gelditu beharrean, berehala jotzen dugu aldizkarira, psp-ra, egin beharrekoak apuntatzera. Gure aitatxi-amatxien aldean, edo San Inazioren gogo-jardunak sarritan jorratutakoen aldean, burua urduri, ahul eta desegituraturik dugu.
Tamala da, gaitasun horiek gure burujabetza indartu ez ezik atsegin-iturri ere izan baitaitezke, esate baterako ilaran txandaren zain zaudenean, bankuan, autobusean edo kontzerturako sarrera erosteko.
Joxe Austin Arrietaren “Manu militari”n ageri den txaman bati aholku eskatu diot, nondik hasi amets kontzientea erabiltzen, eta zortzi urrats hauek aipatu dizkit gogo-jardun ekologista baterako entrenamendu gisa:
1-Bide eroso batean oinez zoazela, usaindu lore ezezagunen perfume bitxiak eta garbi ikusi inguruan hegan dabilzkizun pinpilipauxen kolore zoragarriak.
2-Piztia bat zuregana dator mehatxari, baina aurre egiten diozu, tinki begiratu eta agindu gogor batez geldiarazi eta kikildu duzu.
3-Mendi piko baten magalera iritsi zara. Eskaladan goiti zoaz. Supituki, arriskupean zaude: oinaren berme zenuen harria amildu eta zuk ozta-ozta oratu ahal izan diozu adaxka bati. Arazoa gainditu eta bazoaz berriro tontorrerantz.
4-Mendi gailurrean arrano bilakatu eta hegaldatzen zara, arin eta alai, adibidez Izaro, Ogoño eta Urdaibairen gainetik. Museo arraro bat dakusazu han behean.
5-Aralarren edo beste belardi zabal batean pausatu, zaldi zuri baten gainera igo eta lauhazka zabiltza Aralarren eta Urbasan barrena.
6-Erupzioan dagoen sumendi baten barrura sartu eta bertatik zabiltza, soineko isolatzaile egokia jantzirik.
7-Igeri lasai itsasoan; ondoren, izurde baten gainean bizkor.
8-Maitasun eta zorion sentimendu bortitzak sentitzen dituzu eta orgasmo batean desagertu zara.
Nola irudikatu estralurtarrak?
Nolabaiteko adimena lukeen izaki estralurtarra irudikatzeko orduan Lurzentristegiak izan gara, antropomorfismoaz abusatu dugu: “Hirugarren Faseko Elkartzeak”, “ET”, “Independentzia eguna”, “Bederatzigarren plana kanpoko espaziotik” (historiako filmik txarrena, dakitenek diotenez), “Martitzen erasoa”, “Cocoon”, “Ixa espedientea”, “Stargate”…
“Munduen gerra”ko Lurraz kanpokoak makinak dira; haien Jainkoa horrenbestez gizakion antzirudiko suposatu dute.
Gehienez ere, erdi gizaki erdi ugaztun asmatzen ditugu (“Alf”, “Galaxietako gerra”…); edo erdi gizaki erdi olagarro (“Simpsondarrak”).
“Alien” bera, antropomorfismoa gainditzeko ahalegin ederra izan bazen ere, ez ote da zomorromorfikoegia, Lurtarregia azken batean, “Planeta Gorria” filmeko txingurri hiltzaile haiek bezala?
Ez da harritzekoa Lurraz kanpokoa “hautemangarri” irudika dezagun, guk gutxi gorabehera ulertzeko modukoak botako lituzkeen estralurtarra gogoratzean zinemako eta telebistako martiztarrak baitatozkigu batez ere burura, eta zineman zaila litzateke ikus ez daitekeen pertsonaia bati inolako protagonismorik ematea, izan dadin lurtar izan dadin alienigena.
Egia da irudikatzen dugun guztiak aurretik ikusitakoa duela oinarri, eta zeharo berriak zaizkigun izakiak lehenago ezagututakoen ezohiko konbinazioek osatzen dituztela. Horien berri eman ahal izatekotan, kasu, forma geometrikoak eta koloreak aipatu beharko ditugu ezinbestez, ez baitakigu bestela ikusten.
Hots, kontua ez da estralurtarrak irudikatzeko orduan giza ahalmenak gaindi ditzagun exijitzea. Dezentzia pixka bat, besterik ez dugu eskatzen.
AEBetatik datozkigu ia beti estralurtarren filmak. Ingelesez, “alien” deitzen zaie estralurtarrei.
Alta, AEBen etorkinei ere “alien” deitzen diete.
Dirudienez, estralurtarrak irudikatzeko Hollywooden bilakaera, bat etorri da Lurreko etsai beldurgarrientzat hartu izan duenarekin: orain dela berrogeita hamar urte kolektibistak ziren martzianoak, orain berriz gero eta mairuago.
Euskal zinemak oraindik ez digu estralurtarrik ekarri.
Ausartuko denerako, izango ahal da teknika zinematografikoa “Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia” eleberriko protagonista den Christopher-en gogoeta hau kontuan hartu ahal izateko bezain perfektua :
“Eta denbora puska batean euri-hodei gris izugarri hari begira egon ondoren, poliki-poliki mugitzen ikusi nuen, estralurtarren espazio-ontzi bat ematen zuen, ehunka kilometro luzekoa itxuraz, “Dune”, “Blakeren 7ak” edo “Hirugarren Faseko Elkartzeak” filmetakoak bezalakoak, salbu eta ez zela material solidoz egina, baizik eta lurrun ttanttantxo kondentsatuz, horrela baitira eginak hodeiak.
Eta izan zitekeen estralurtarren espazio-ontzi bat.
Jendeak uste du estralurtarren espazio-ontziek solidoak izan behar dutela eta metalez eginak, eta argi pila bat izango dutela gainaldean eta poliki mugituko direla zeruan, zeren eta guk horrelakoak egingo genituzke, gauza bagina. Baina estralurtarrak, existitzen badira, gu ez bezalakoak izango dira ziur aski, oso bestelakoak. Baliteke bare handiak bezalakoak izatea, edo erabat zapalak, islak bezalakoak. Edo baliteke gorputzik ez izatea. Izan litezke soil-soilik informazioa, ordenagailu batean dagoena bezalakoa. Eta baliteke espazio-ontziak hodei itxurakoak izatea, edo loturarik gabeko objektuz eginak, hala nola hautsez edo hostoz”. (Xabier Olarraren itzulpena, 105-106 orr.)
Mantxarik gabeko arimaren distira eternala
Gutako askok hil du norbait eta gero damutu, gutako askok ikusi du maitea beste batekin larrutan. Umiliatu gaituzte, umiliatu dugu, barregarri geratu gara, negargarri. Oraina zikintzen diguten oroitzapen oinazetsuak dauzkagu, bizitzea eragozten digun iraganetiko zama, eta ez dakigu nola sendatu, nola berreskuratu arintasuna eta bizipoza.
Komedia dramatiko erromantiko batean, “Mantxarik gabeko (edo oroitzapenik gabeko) arimaren distira eternala” filman (Eternal sunshine of the spotless mind, Olvídate de mí, Du soleil plein la tête) (Michel Gondry, 2004), maitasun harreman baten endekatzea eta haustea bereziki mingarria da.
Neskak, Kate Winsletek, “Lacuna Inc.” bulego kutrearen zerbitzua erabiliko du: Jim Carrey mutilagunari loturiko oroitzapen guztiak suntsituko ditu. Biharamunean ez du Carrey ezagutuko. Honek, amorruz eta mendekuz, gauza bera egingo du Kate Winsleten oroitzapenekin, ez du nahi haren arrastorik ere bere baitan.
Filmaren erdia Jim Carreyren gogoan kokatzen da. Ezabatze prozesuan arazoak gertatuko dira eta itxuraz lo dagoen Carreyren baitako Carrey, oroitzapenetako Carrey, ezabatzeaz ohartu egingo da. Gainera, “Lacuna Inc.”eko langileak, informatikari gazteak, ordenagailu ezabatzailea Carreyren burmuinari konektatu ostean garagardoa edateari eta porroak erretzeari ekingo diote, dantzari eta txortari.
Bien bitartean, ezabatzea atzekoz aurrera gertatzen denez, eta prozesuan, akatsaren ondorioz, esan bezala, Carrey kontziente denez, hasieran pozik dabil harremanaren bukaerako oroitzapen gaiztoak aienatzen dizkiotelako, baina gero, pasadizo politak gogoratzean, damutu egingo da, ezabatzea geldiarazi nahiko du. “Lacuna Inc.”ekoentzat ordea seko lo dago, ez dute elkarrekin komunikatzerik, eta Carrey eta Winslet elkar ezagutu baino lehenagoko Carreyren oroitzapenetan ezkutatzen ahaleginduko dira, Carreyren haurtzaroko oroitzapen lotsagarri gordeenetan. Hala ere, "Lacuna Inc."ekoek harrapatuko dute, eta Winsleti dagokion guztia deuseztatuko diote.
Badator, antza denez, oroitzapen txarrak desagerrarazteko aukera. “Eternal sunshine”n arabera, oroitzapenek kokapen material zehatzak dituzte garunetan. Ordenagailu bat burura konektatu eta oroitzapena, testua bezala, ebaki, kopiatu eta itsatsi ahalko dugu.
Honek betiko galdera filosofikoak kalera dakartza, eguneroko bizitzara: zer naiz ni? "Nire" oroitzapen txarrak kenduta, "ni" izaten jarraituko dut? Bada arimarik gorputzetik berex? Nolakoa da gogoaren eta gorputzaren arteko lotura?
Itxuraz, ni naizen guztia, nire oroitzapen, asmo, sentsazio eta sentimendu ustez intimoenak, ordenagailuaren bidez pen drive batera jaitsi ahalko dut. Sakelan eramango dut nire arimaren kopia, giltzen, euroen eta pilulen alboan. Eta, programa egokien bidez, nire burmuinean oroitzapen eta jakintza ederrak txertatuko ditut, nire burua asmatu eta eraiki.
Edonola ere, “Oroitzapenik gabeko arimaren distira eternala” ez da jolas intelektualoide hutsa, baizik istorio benetan hunkigarria, amodioari eta amodioaren amaierari eta berpizte absurdo eta tragikomikoari loturiko sentimenduak mugiarazten dizkizuna.
Gizonaren eta andrearen arteko desberdintasuna, zehazki
Hainbat haritik tiraka saiatu izan gara gizonaren eta emakumearen arteko desberdintasun psikologikoa adierazten: gizona erasokorra ei da, harroa, adimena erabiltzen du, proiektua; andrea berriz emozioen munduan dabil gehiago, pasiboa da eta intuitiboa. Gizona eguzkia eta andrea ilargia, lurra edo leizezuloa. Gizonak urrutira begiratzen du baina ez da gai aurrean duena ikusteko ere; aldiz, emakumeari dendako erakusleihoa eta oro har hurbila irresistiblea zaio, gizonak ez bezala jendea nola doan jantzita garbi ikusten du, hautemateko gaitasun handiagoa baitu oro har.
Zaila da hori guztia onartzea. Inor gutxi dago bereizketa horrekin erabat ados. Agian izaeran eta goi mailako ezaugarrietan bilatu beharrean egunerokotasunera jaitsi eta jarduera eta ohitura zehatzak hartu beharko genituzke aintzat.
Eta hor garbi nabaritzen da edozeinek onartzeko moduko desberdintasun bat, gizonaren eta emakumearen arteko aldearen esentziatzat har genezakeena: gizona, tabernan eta nonahi, komuneko txirristan kaka-pusketa bat itsatsita ikusten duelarik, pixa bertara zuzendu eta gogor ahalegintzen da desitsasten. Ostera, emakumeak eseri eta oso bestelako kontuei buruz hausnartzen du. Azpian ukan lezakeen kaka itsatsiaz ez da arduratzen, beste norabide batera zuzentzen baitu soa.
Sarritan, komunera lagundu duen adiskidearekin hitz egiten du. Beti galdetzen diogu gizonok gure buruari zergatik ote doazen binaka neskak komunera. Berriki jakin dut andreak mundu mailako konfabulazio bat antolatzen ari direla gizonak suntsitu eta desagerrarazteko. Hain zuzen, komunean egitasmo esterminatzaile horren xehetasunak eztabaidatzen eta erabakitzen omen dituzte.
Bakarrik esnatu naiz
Amy Winehousek bere burua ez du batere gustuko eta horregatik sentitzen dugu hainbatek eta hainbatek oso hurbila. Bere burua ahazteko bideetako bat du kantugintza eta kantatzea bera. Nazka uholdetik ihesi, ez du bake apur bat aurkitzen abestian baizik. Gizaki garen heinean, Amy Winehouseren bizitza, hondamendi hutsa denez gero, biziki zaigu interesgarri. Edonola ere, miraria, betiereko arte handian bezala, anabasazko oinaze itsu hori kantuan eta erritmoan transfiguraturik berrerosi ahal izatea da.
Hain gutxi gustatzen zaizkio Amy Winehouseri bere aurpegia eta bere gorputza ez baititu batere zaintzen, ezta arropa ere, eta horrela daraman motots ikusgarria atontzeari eskainiko dio ardura osoa. Gure arreta mototsean jartzea nahi du, gainerako gorputz atalak ikus ez ditzagun. Depresioan maila bat hondora egin duela sentitzen duelarik, koxka bat goititzen du mototsa. Argandan hiru errotuluk apaintzen zuten Amyren tutulua: hiruretan zekarren “Blake”, “Blake”, “Blake”, bere senarra, gaur egun espetxean.
"Back to Black"eko letrak Blakerekiko maitasun harremanetan izaniko krisialdi batek beharturik idatzi zituen.
Ken Zazpikoak maiz mintzo dira galduriko neska errealaz (joan da, bereizi gara, utzi nau, hil da), irudimenaren bidez berreskuratua: Laboaren kantu zaharretan, Lapatzako olatu bortitzetan, beti eta nonahi berragertzen baita. Edo “Noizbait”en, galdutako neska aurkitu eta gertu sentitzeko modu bakarra “begiak itxiz” da. Edozein gisaz, utzi ez gaituen maite erreala ere denborak darama; baina gelditu denbora eta maiteak eternitatearekin bat egingo du eta beti laztandu ahalko dugu altzoan goxo-goxo maite jainkotua, alegia, irudimenezkoa, "inoiz amestu bako lurretan".
Ostera, Amy Winehouserentzat bikote harremana erremediorik gabeko suntsitze prozesua da eta alferrikakoa dugu irudimenezko babesa.
Wake up aloneabestian, Amy abandonatua gaixorik dago hainbeste negar egiteagatik, baina egunez etxea garbitzen du, okupatuta dagoenean gauzak ondo doaz, edozein zereginetan murgiltzen da bere buruari Blake non ote den galdetu behar ez izateko, atzera eta aurrera dabil pentsatzeari buruz pentsatu behar ez izateko…
Baina zentzunari eusteko ahalmen isil hori ilunabarrarekin batera arrakalatuko zaio, eguzkia gorde bezain laster oinazea bularrean, odola hotz dabilkio, arnasestuka eta antsika hasi da, ilunak estali du, ezin dagoeneko ihes egin, badoa ohera, Blake basati ageri zaio ametsetan, Amyren erraiez jabetzen da, beldurrezko uholdeak sentiarazten dizkio, Blakerentzat busti egiten da Amy, elkarrekin bainatzen dira ohean argi urdinpean, Blakek igeri egiten du Amyren begietan, Amy Blakeren gainean isuri da, ilargia ere logelan isuri da, baina…
BAKARRIK ESNATU NAIZ.
Rilkek zioen amodiorik egiazkoena abandonaturiko emakumeak sentitzen duela, abandonatua baina oraindik maitemindurik, zinezko maitasun bakarra dela maitale baztertuak erantzuten ez duen maitearengana sentitzen duena, Saforena, Magdalako Mariarena, Eloisarena, Gaspara Stamparena, Alfonsina Stornirena…
Zerrenda honetan dugu “Wake up alone” idatzi duen Amy Winehouse ere.Makrokontzertu batean
Amy Winehouseren kontzertuan, Argandan, joan den ostiralean, bazetorren “Wake up alone”, ñabarduraz beteriko abesti delikatu bat, arreta osoa eskatzen dizuna, hasi da kantua eta tipo batek “aizu, barkatu, bultzatu zaitut” (“oye, perdona, que te he empujado”).
Ni ohartu ere ez nintzen egin balizko bultzakadaz, atseginak zaizkit kontzertuetako bultzadak, autobusetako igurtziak adina, eta abesti baten barruan zaudenean bost axola gorabehera horiek.
“Baina azaldu nahi nizuke ez zaitudala bultzatzeagatik bultzatu, baizik ni ere bultzatu nautelako, eta gainera ez letorkidake txarto apur bat aurreraxeago kokatzea” (“pero quiero explicarte que no te he empujado por empujarte, sino porque a mi vez he sido empujado y además no me vendría mal situarme un poco más adelante”).
“Lasai, ondo da, eskertuko nizuke ñabarduraz beteriko abesti delikatu hau entzuten uztea, adiskide” erantzun nion.
“Ba zure itxuragatik ziurtatuko nuke Shakirazaleagoa zarela Amyzalea baino” (“pues dado tu aspecto juraría que te va más la Shakira que la Amy”).
Bermeotik Madrileraino minutu horien bila joan eta tipo komunikatibo horren erruz alferrik galdu. Handik pixka batera, nigandik oso hurbil, kuadrilla bat oihuka: “¡yo soy españool, yo soy españool!”. Ezin “You know I’m no good” aditu.
Abestia bukatutakoan, tentsioa askatzeko eta bide batez laguntza eske edo, “Amyyyy!!!” garrasi egin nuen. Iruditu zitzaidan so egin zidala, esanez bezala “pazientzia, lagun euskaldun hori, niri ere bidegabeki espetxeratu didate senarra, nire Blake, nire Arnaldo”.
Gero morroi batzuk tirolina izeneko txikota batzuetara lotu eta atzera eta aurrera labandu ziren Rock and Rioko zerutik. Amyk harri eta belarri begiratzen zien.
(Bob Dylanek atzo berdin. Nacho Gay El Mundoko blogariak kontatu duenez, "ante sus narices pasa un tipo volando sobre una tirolina. Le mira y con el gesto dice: 'Gilipollas'".)
Amy Winehousek ia beti oparitzen ditu Bis bi. Espainiatik berriz ziztuan ospa egin zuen.
Biharamunean Madrilgo egunkarietan Winehouseri hoztasuna leporatu zioten ez zuelako Bisik eskaini, ez zelako kontzertu ostean Madrilen parrandan geratu (ordea, artikulu berean zioten poliziak etxean atxilotua duela, etxetik soilik irten daiteke kontzertua ematera, ondoren berehala buelta) eta ez zituelako futbolean Europako Txapeldun izateagatik zoriondu.
Susmoa dut bultzakadaren azalpenak eman zizkidana izan zela horrelakoak idatzi zituen kazetarietako bat. Baina baliteke, eta okerragoa litzaiguke, tankera horretako komunikatibo piloa ibiltzea, beste barik, Espainia aldean.
Makrokontzertuetan entzule askok emanaldi osoan behin ere ez diote artistari begiratzen, beren ahotik kanporatzen dituzten zozokeriekin liluratuta. Beren kalaka artistaren perlen pare jartzen dute, ez dira miresteko gai, berdinkeria inposatzen dizute.
Aitzitik, Plateruenan Gu ta gutarraken despedidan edota Bermeoko Kafe Antzokian Ueken kontzertuan ez zebilen berritsukeria harroputz itogarri hori.
Makrokontzertuan baino harreman intimo sakonagoak izan nituen Amy Winehouserekin Alsa autobusean, etxera itzultzean, bere abestiak MP3an entzunda.
Titiaren lilura
Munduko gauza on guztiak dira titien antzekoak: aldi berean praktikoak eta politak. Emakumeak titizorroa pixkanaka kentzen duenean, “paradisuko sagar jaioberriaren pare” ageri dela titia dio Juan Kruz Igerabidek ("Hauts bihurtu zineten", 76 or.)
Gure auzoko poeta batek ere modu hunkigarrian laudatu du titia: “Oi titi, oi titi/ zein ederra zaren/ bazeneki/ orduan ez zinateke/ hain eder/ hain titi”.
Poemaren amaieran errimaren indarra galtzen den arren, ederki adierazten du titiaren oharkabetasun apala eta harrokeria eza, titiaren betiko arrakastaren ezinbesteko osagai. Bularra bere edertasunaz ohartuko balitz, fini bere xarma. Zorionez, pentsamendua ez dago titian kokatua, nahiz eta ziurrenik irakurle askorentzat pentsatzea eta titiaren gainean pentsatzea jarduera berbera izan, esaterako Aimar Pinorentzat.
Hain dira bularrak politak, ez baita harrigarria jende sentsiblea itsutu eta putzura amilaraztea. Floridako Coconut Creek herriko gizaseme batek, William Winikoff jaunak, 76 urte, bere burua medikutzat aurkeztu eta bular arakatzeak doan eta musutruk egiteko gertu zegoela ziurtatu die zenbait emakumeri. Horietako bik sinetsi eta titiak auskultatzen utzi diote. Halako batean ordea ohartu dira ukitzeek gehiago zutela zirri berotik azterketa zientifikotik baino. Winikoffen irribarre pikaroak susmoa areagotu die. Azkenik andreek poliziari deitu eta atxilotu egin dute. Epaiketaren zain dago, jokaera lizunagatik salatua.
Diotenez, gustagarri edo gorrotagarri zaizunaren antza hartzen duzu bizitzak aurrera egin ahala, eta niri, hogeita hamabi urte besterik ez baditut ere, titixkak handitzen ari zaizkit, eskailerak jaistean nabaritzen dut batez ere balantza. Ez da atsegina, eta pentsatzen ari naiz faxaren bat jartzea bular aldean. Ez dakit Manu Etxezortuk eta Koldo Goitiak halako trantzerik pairatu ote duten, kate motzean lotua ote duten bularraren puztea ala gainezka egiten dien noizean behin.
Gorputzeko beste atalen aldean handia eta berezia du bularrak grazia. Titiarekin alderatuta, ez du zereginik sudurrak. Gizajale edo kanibalek duda larririk ez dute izaten gutixia gisa zer nahiago, titia ala prostata. Kanibalismoa zerabilen tribu bateko buruzagiari antropologoak “gainditu al duzue ohitura itsusi hori?” galdetu eta erantzuna “bai, ezabatu dugu, atzo bertan afaldu genuen azkeneko kanibala, titi eta guzti, nire lehengusina”.
“New England Journal of Medicine” aldizkarian argitaraturiko alemaniar ikerketa batek ziurtatzen du egunean hamar minutuz bular pare bati so emateak gizakiaren bizialdia bost urtez luza lezakeela. Dirudienez, ariketa horri esker bihotzak odol gehiago ponpatzen du, zirkulazioa bizkortzen da. Betiko eszeptikoek dena den hoztasunez hartu dute albiste pozgarri hori eta diote bost urte barik bost zentimetro luzatzen dela, eta ez bizia, baizik organo ospetsu bat.
Edonola ere, baten batek egunean hamar minutuz begiratu nahi badizkit, lizunkeriarik gabe, soilik bizialdia bost urtez luzatzeko, ez diot kobratuko berrehun euro baizik, saio bakoitzeko.Bigarren pertsonan idatziriko eresien aurka
Desosegua eragiten didate norbait hil ondoren bigarren pertsonan idazten zaizkion in memoriam eta laudorio ikaragarri horiek:
“Oroitzen zara, Aitziber, nolako lanak hartu genituen aberriaren alde, arazoari gehienek ezikusia egiten zioten bitartean?”
Edota:
“Munduko hamalau gailurrak igo hituen, Harkaitz, eta aingeruzko goialde haietan gelditu duk hire arima elur argiaren eta Yeti misteriotsu eta ilunaren lagun sekula betikoz”.
Halako hilkexek sorturiko ezinegona, batzuek hilikoaren arimaren patuari lotzen diote: diotenez, inbokazio horiek, zuka zein hika, arima lurrean kateaturik atxikitzen dute, goi esferetarako bere ibilbide askatzailea eragotziz. Nire arbuioa ordea ez da mistikoa, baizik soilik psikologikoa eta estetikoa.
Psikologikoa: biziki hunkiturik omen dagoen idazleak hila goraipatzen duelarik bide batez bere burua zenduriko heroi maitagarriarekin elkartuta pintatzen du, eta heriozko sentimenduen anabasa dela-eta jendea despistatuta dabilela profitatuz hildakoaren merituak bere izenean ere jartzen ditu lotsa gutxiz, bere baitara ditu erakartzen eta bere dohainen artean zerrendatzen.
Estetikoa: hil berriari oroiminezko doluz mintzatzeak melodramatismo merkez eta sentimentalkeriaz kutsatzen du giroa. Bizirik gelditu denak hildakoari zuzenduz oraindik gogoan duela adierazi nahi luke beharbada, baina egitez lortzen duena da irakurlearen baitan “hildakoa bizirik balitz” desira sortzea, “halakorik irakurri behar ez izateko…”; desira berez onuragarria.
Aldi berean haatik beste desira hau ere pizten du, aski itsusi eta kezkagarria: “lastima hil dena beharrean horrelako kursikeriak idaztera ausartu dena hil ez izana”.Wittgensteinen pentsamendua
Hauxe da Wittgensteinen gogoeta abian jarri zuen harridura: hitz egin,
hitz egiten dugu, noski, baina zer da zehazki egiten duguna mintzo garelarik?
Nola funtzionatzen du zentzuak esaldian, zer da perpausa? Kanten galdera ezagut
dezakedanaren mugen gainekoa bazen, Wittgensteinek itaunduko du zer ote den era
onargarriz esan dezakedana. Eta zentzuz esan dezakedanaren mugak
tautologia eta kontraesana dira: tautologia beti da egia, baina ez digu ezer
esaten munduaz; kontraesana beti da gezurra, eta ez digu ezer esaten munduaz.
Lehen Wittgensteinentzat, tautologiaren eta kontraesanaren artean dagoen
perpausak, zentzuzkoa denean, mundua irudikatu egiten du. Izan ere, hizkuntzak
eta errealitateak forma logiko berdina dute, isomorfoak dira: adibidez izenak,
hizkuntzaren azken osagai definiezinak, bat datoz gauzekin, errealitatearen
azken osagaiekin. Munduaren irudi legez funtzionatzen du perpaus onargarriak.
Alabaina, ezin da perpausen bidez munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komuna
azaldu. Hori norberaren lokartze unea zehazki kronometratu nahi izatea
litzateke. Perpausek forma logiko hori “erakutsi” egiten dute, ezin dute
“adierazi”.
Tractatus-ean, hortaz, Atomismo Logiko osoan bezala, izenaren zentzua bere erreferente erreala da. Eta perpaus onargarria, era berean, mundua deskribatzen duena da, hots, Natur Zientzietakoa. Ordea, Natur Zientzietako gaiak ez dira garrantzitsuenak gizakiontzat.
Sakonkien dagozkigun gaiak etikoak, mistikoak, estetikoak dira. Baina ezin dira hitzez adierazi. Mistikaz berbetan hasten garenean ez dugu botatzen zentzugabekeriak baino. Esan daitekeena, guztiz argiro esan daiteke; eta ezin esan daitekeenaz, hobe isiltzea. Lehen Wittgensteinentzat, beraz, badago egia, mintzoz adieraz daiteke, egia adierazten hasi eta bukatu egin behar dugu, eta egia adierazi ostean isildu: jolastu, maitatu, bizi. Horrexegatik dio Tractatus-ak zati bi dituela: idatzirik dagoena eta idatzirik ez dagoena. Eta bigarrena ei da garrantzitsuena.
Betiko eta eguneroko hizkera, bestalde, ez da gai mundua artez deskribatzeko, nahasia baita. Horrenbestez, munduaren berri emateko, logikoki perfektu bilakarazi beharko dugu hizkuntza. Lehen Wittgenstein gazte suhar solipsistak hizkuntza aldatu nahi du, halatan mundua ere aldatuko duelakoan, munduaren mugak nire hizkuntzaren mugak baitira.
Heldu ahala, aldiz, baretu egingo da, eta Bigarren Wittgensteinek munduko hizkera ugari aldakorrak bere horretan onartzearen eta uztearen alde egingo du.
Ikerketa Filosofikoak liburua da Bigarren Wittgensteinen filosofiaren adierazpen nagusia.
Honen arabera, zentzuak ez du erreferentearekin zertan bat etorri: “Platon” zentzua ez zen Platon pertsonarekin batera zendu. Ez da egia munduaren eta hizkuntzaren forma logiko komunak perpausak zentzudun bilakatzen dituenik. Ostera, erabilerak erabakiko du hitzaren edo perpausaren esanahia. Hizkuntzaren adierazpenek anitz erabilera eta helburu dute eta jarduera desberdinei lotuta daude: erregutzea, eskertzea, madarikatzea, agintzea, gertaera bat kontatzea, eta abar.
Perpaus mota bakoitza hizkuntza-joko jakin baten adierazpena da. Hainbat arlotan erabiltzen dugu hizkuntza, eta erabilera horietako bakoitza hizkuntza-joko bati dagokio. Beraz, perpaus baten esanahia ezagutzeko, dagozkion hizkuntza-jokoa eta jarduera ezagutu beharko ditugu.
Beste jokoek bezala, hizkuntza-jokoek ere, funtzionatuko badute, arauak behar dituzte. Eta, argi eta zuzen jokatzekotan, arauak ezagutu behar. Desberdinak baitira zientziaren hizkuntza-jokoaren arauak, erosketan erabili beharrekoak, elizan, eta abar.
Hizkuntza-jokoek ez dute inolako funtsik. Ez dute Wittgensteinek “senide-antza” deritzona erakutsi baino egiten, joko desberdinen arteko analogiak eta berezitasunak nabaritu baino ez. Hizkuntzaren esentzia bilatzea zentzugabekeria da. Arauen deskribapen argira mugatu beharko genuke.
Edozelan ere, Lehen Wittgensteinek zein Bigarrenak antzera ikusten dute filosofiaren zeregina. Orain arte, filosofia isildu beharrekoaz etengabeko kalakan aritu da. Buru eritasun bat izan da filosofia, hizkuntzaren funtzionamendu zuzena ongi ez ulertzearen ondorio. Gramatikaren atzapar tronpariek mendean hartzen gaituzte, eta bost liburuki mardul idazten ditugu “Izatearen Esentziaz”. Orduan Wittgensteinek diosku: “begira, zu gaixorik zaude, eta nik osa zaitzaket. Irakur ezazu nire obra, ulertu ondo, eta sendatuko zara. Eta, behin sendaturik, isildu egingo zara”. Terapia gisa ikusten du Wittgensteinek filosofia: ez dago filosofia-arazoak konpontzerik, errealitate berriren bat ezagutzera emanez adibidez, zentzubakoak baitira; filosofia-arazoak desegin egin behar dira, eta ahaztu. Arazo filosofikoa eulia da, botila barruan. Wittgensteinek botilaren zulorako bidea erakutsiko dio euliari.
Kontsulta eta hauteskundeak
Ibarretxek De Gaulleren antzera ikusten du lehendakariaren harremana herriarekin: hitzarmen batek lotzen ditu, alderdien eta hedabideen gainetik. Ibarretxek Euskal Erdiari kontsulta agindu zion eta hitza betetzen ari da, konstituzionalisten presioa gorabehera, batik bat dependentista jeltzaleena. Eta hiritarrok Ibarretxek proposaturikoa arbuiatuko bagenu, etxera joango litzateke, De Gaulle bezalaxe.
Konstituzioa muga gisa ezartzea ez da batere demokratikoa. Espainiako Konstituzioa aski ona da, baina ez da demokratikoa, ez sorkuraz ez menturaz. Aitzitik, Ibarretxerena ez da ekimen oroz lehen abertzalea (Ezker Batua ez da abertzalea), baizik demokrata, lurralde jakin batean demokraziaren kalitatea apur bat (ez gehiegi) hobetzeko ahalegina.
Patxi Lopezi hauteskunde autonomikoak irabazteko aukerak murrizteko tresna ere bada kontsulta. Azken hauteskundeetako emaitzek jeltzaleak beldurtu zituzten; hurrengo autonomikoek, ezker abertzale nagusia eskubide politikorik gabe dagoela, eta PP galbidean, Ibarretxeren eta Lopezen arteko lehia polarizatua ekarriko dute. Dena den, Lopezen proiektu politikoa Ibarretxerena baino zentzuzkoagoa eta erakargarriagoa balitz ere, ez luke irabaziko, Lopezen beraren egitura psikofisikoa dela eta. Espainian apika bai, EAEn ez. Erkorekari ere ezingo lioke irabazi. Jose Luis Bilbaori ordea bai, Lopezek irabaz liezaioke.
Sozialisten artean, Ibarretxeri irabazteko gai, euskaraz ondo ikasiko balu eta lehendakari izateko lezio egoki batzuk jaso ondoren, Santano ageri da, Irungo alkatea. Edonola ere, Ibarretxeren ekimenak Lopezi txikitu egin dio irabazteko aukera.
Herriari galdera, beste ikuspuntu honetatik ere autonomikoetan nagusitzeko bitarteko eta iskilu: Auzitegi Konstituzionalak kontsulta inpugnatzea bera ere Ibarretxerentzat garaipen goxoa litzateke. Ezker abertzalearen ordezkari politiko asko espetxean edo espetxerako dago (berehala dugu ANVren eta EHAKren aurkako epaiketa), eta kontsultaren saltsaren bidez Ibarretxek aiseago erakarriko ditu 2001ean jaso zituen bozen tankerakoak.
Kontsulta hau ondo irtengo balitz erraztu egingo litzateke, beharbada, herriari Tren Lasterrarena bezalako hainbat egitasmori buruzko iritzia eskatzeko ohitura demokratikoaren zabaltzea. Kontsultak eta erreferendumak patxadaz eta sarritan egin beharko genituzke, Ibarretxerenari ematen ari zaizkion kutsu dramatikoa epeldu eta desegin. Hobeki profitatu beharko genituzke Interneten baliakizunak.