Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zoriontsuen sukaldea

Zoriontsuen sukaldea

Markos Zapiain 2009/03/03 16:42

Dirugose, zeken eta lukurariei hauxe gertatzen zaie: gauzak erosi eta bidaiak egiteko bitarteko behar lukeen diruari, bitartekari izaera kendu eta helburu bilakatzen dutela.

Bestalde, sarritan gertaera berezien alderik atseginena, ospakizun eta bidaiena berbarako, batetik proiektuaren lilura da, amestearen poza. Eta bestetik oroitzapena.

Ikasketa bidaietan adibidez gazte euskaldunak hor ibiltzen dira erdi gaixorik, biharamuna ezin gainditurik, logale, gose, eltxoz eta euliz inguratuta... Baina zein ederki pasatzen duten bidaia prestatzen; eta ondoren, argazkiei begira. Bidaia bera izaten da okerrena.

Diruaren arrakastaren arrazoietako bat horixe izan liteke: diru poltsa potoloak etenik gabe amets egitea ahalbidetzen dizu, antola ditzakezun jai, bidaia eta erromeriekin. Xoxa gastatu gabe, gainera, amets zoragarri horiek ez dituzu zertan ekarri benetako mundu  honetara, hain goibel eta desatsegina. Errealitateak ez bezala, amets soilak ez dizu hutsik egingo. 

Beren bizipoz handiagatik arreta deitu dutenen biografiak irakurrita, nabari da ez direla sorkuraz bereziki zoriontsuak izan, beren zoriona asmatu eta eraiki behar izan dutela. Sarritan gainera zoritxarra eta are infernua ezagutu behar izan dute. Iseka egiten zieten, baztertu eta jipoitzen zituzten, bortxatu txikitan. Trauma gogor horrek gerora erresorte batek bezala bultzatu ditu zorionera. Auskalo zelako ataka beltzetan galduko ziren inoiz, gure artean irudi publiko nabarmen bozkariotsua proiektatzen duten Anjel Alkain, Ilaski Serrano edota Argiñano.

Bozkariotsuok, bestalde, zoriona asmatu eta eraiki, ederki babesturiko dorretxe urrunaren antzera eraiki dute. Zaila bertara hurbiltzea, are zailago eraistea. Oroitzen naiz hilketa bat gertatu berritan, Euskal Herri ia osoa lur jota zegoela, Argiñano telebistan zuzenean agertu eta pozez gainezka ekin ziola “iepa famili, txiste izugarri on bat kontatuko dizuet...”

Miresgarria da zoriontsu hauei kritikaz mozorroturiko inbidiatsuen pozoia zein gutxi axola zaien, zein behetik igarotzen zaien. Astoak isatsaz nola, milaka euli gogaikarri uxatzen dituzte txalo alai bakar batez.

Bide batez esanik, dirudienez sukaldariek gehiago dakite zorionaz zorionari buruzko berezilari ofizialek baino. Argiñanok noizbait pozari loturiko errezeten sekretuak jakinaraziko dizkigu, eta aurrerantzean guztia izango da diferente.







Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.