Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Furgonetaren erantzukizuna

Furgonetaren erantzukizuna

Markos Zapiain 2009/03/02 12:33

Zigortu ahal izateko gaizkilearen askatasuna suposatu beharra dago, erabakimena, liberum arbitrium, aukeratzeko ahalmena. Eta gizakiok nahiago izaten dugu zigortu ulertu baino. Erdi Aroan animaliak ere erantzuletzat jotzen zituzten. Michel Onfrayk kontatu duenez, behin batean Normandian ahardi batek, zerri eme batek, ume bat jan zuen, gurasoek bide ertzean eserita utzia zutena. Epaiketa egin zioten: heriotza zigorra. Behin baino gehiagotan, baserritarrek oilarren aurkako salaketa formalak jarri zituzten, desorduz kukurruku egin eta esnatzeagatik. Heriotza zigorra eta lepoa ebaki. Halaber bizkarroien aurka, galsoroak alferrik galarazteagatik. Auskalo nola konponduko ziren auzitegian zorri mordo erruduna gobernatzeko.

Espainia aldean oraindik orain soldaduzkan gauza bizigabeei nolabaiteko erantzukizuna leporatu izan zaie. Lagun batek kontatu zidan furgoneta militar bat hartu,  bueltaxka egin eta horma baten kontra amaitu zuela. Laguna atxilotu zuten, bai, baina baita furgoneta ere, formalki: “queda usted detenida y arrestada”. Erakargarriegia izango zen beharbada, probokatu egingo zuen soldadua bere barruan sartzera. Furgonetari sarea gainetik ezarri eta atxilo. Ez soilik baztertu, baizik atxilo. Teniente bati armairu bat gainera erori zitzaion, eta armairu hura ere atxilotu egin zuten.

Dena den, ez ote da zuzenagoa alderantzizko bidea? Agian, animaliei eta gauzei erantzukizuna egotzi beharrean, gizakiei beharko litzaieke erantzukizuna eta errua arindu.

Guk badugu benetan aukeratzeko ahalmena? Ez ea gosaltzeko kruasana edo donetea nahi dugun, baizik funtsezko kontuak, esaterako gure sexu joera, hiltzaile izaera, eta abar. Spinozak eta Freudek uste dute ezetz. Spinozak dioenez, botatzen dugun harri koxkorrak kontzientzia eta mintzamena balitu, esango liguke askatasun osoz aukeratu duela aurrena ziztuan igotzea, gero lastertasuna apaldu eta jaistea eta azkenik lurrean atseden hartzea. Spinozak harri hori bezala ikusten du jendea. Askatasunaren ilusioa dugu, determinatzen gaituzten kausak ez baititugu ezagutzen. Guztia bageneki, zehazki ezagutuko genuke hiltzailea biktima hiltzera derrigortu duen kausen eta ondorioen katea, hilketa halabeharrak ekarri duela ohartuko ginateke.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.