Mehatxuaren garrantzia irakaskuntzan
Ikasturtea ondo joan dadin oso eragingarria izaten da hasieran sentiaraztea (ez hitzez azaltzea, baizik gorputzean sentiaraztea) zeu, irakaslea, ero biolento arriskutsu beldurgarri bat zarela, erabat arbitrarioa, kontuz ibiltzeko modukoa. Horrek aurrerantzean ikasturtean zehar bare atxikitzen ditu ikasleak.
Aldiz, emakumea bazara, txikia eta argala, jai duzu. Hau da, beldur fisiko bat eragiteko gai ez bazara, beharrezkoa duzu erakundearen zeharkako mehatxua.
Masailekoa berez ez da oso eragingarria, horrexegatik debekatuko zuten ziur aski: irakaslea edo gurasoak barregarri uzten ditu, beren desoreka nabaritzen baitu, urduritasuna eta gontzetarik jalgi izana. Heldua bere burua bridatzen ez dakien gizajo biolento gisa erakusten du ikasleen edo seme-alaben aurrean, bere makaltasuna. Era berean, Rousseauren eta Nietzscheren ustez, Estatu batek tortura erabiltzea bere ahulezia, ezinegona eta ergelkeria nabaritzen ditu.
Belarrondokoa eragingarriagoa da beharbada ematen duenarentzat jasotzen duenarentzat baino. Zartakoaren bidez hezten omen dela, gerora asmatu zaion zentzu edo helburu bat da. Aurrena masailekoa dator, erraietakoa, itsua, naturala. Eta a posterriori asmatzen zaizkio norberaren kontzientzia onak eta gizarteak onartzeko moduko xedeak: hezi, bide onetik eraman.
Ikasi beharrak eskatzen duen diziplina ezartzeko orduan benetan eragingarri izu lauso bat da, mehatxu-giro latente orokorra, irakaslea gainditu eta erakundeak berak zabaldua. Hori biziki onuragarria da bihurrikeriak egiteko tentaldia eragotzi eta ikasketak eskatzen duen diziplina ezartzeko orduan.
Eskolak oinarri ugari dauzkake, baina bat duda barik beldurra da: etorkizunari beldurra (titulurik gabe ez ei dago lanpostu kaxkarra baino), jendartean ez integratzeko beldurra, adinkideen aurrean estralurtar emateko beldurra…
Masailekoa gorabehera, irakaskuntzaren oinarrian mehatxu eta txantaia sistema sendo bat dago. Nerabe osasuntsu batek nola pairatuko ditu bestela udaberriko egun alai bateko sei-zazpi ordu jarraian eserita?
Ez nerabeak bakarrik. Nola eduki liteke edozein pertsona 6-7 ordu lanean edo 10-11 orduz torno makina batekin, udaberri egun ederretan! Gazteak etorriko zaien zigorrera ohitzen ditgu txiki-txikitatik. Eta badirudi, zigorra arintzeko kondena plazerez hartzea baino ez dela gelditzen. Eta ikasleei ere berdin. Klaseak gehiago zamatu beharrean arintzean, eder egitean, egon liteke ihesbide bakarra.