Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ai ama! Alfonso Gabriel

Ai ama! Alfonso Gabriel

Markos Zapiain 2009/01/25 15:44

Arantxa Iturbek Ai ama! liburuan gure tokian jarri gaitu emakumeekin guaiarena egiten ibiltzen garenok, esanez adibidez: “Hori zorte ona zuena, erditu ahal izatea, nik ere nahi nuke bizia eman, nire haragiaren haragia sortzeko misterioa erraietan sentitu!”

Utzi bakean, ihardetsi du Iturbek, utikan, gezurti ez bestea. Erditzea tortura hutsa da. Natura, sadikoa ez ezik, gaiztoa ere bada.

Gezur hutsa da naturak ama erditu berriari umearenganako maitasun eztia agintzen diola.

 Nire lankide batek erditze arazoak nozitu zituen. Botika gogor batek amets goxoetara eraman zuen. Palmondo baten azpian zegoen, hamaka batean etzanda, itsasoa hurbil, zoriontsu. Umearen negarrek bortizki esnatu zuten. Emaginak izterren gainean zion ipinia. Haserre bizian, “daramatela hemendik ziztuan!” garrasi egin zuen. Semeak mundualdi honetan entzundako lehenbiziko hitzak izan ziren, amaren lehenbiziko ele plazentak. Orain elkar maite dute, baina erditzeak sarriegi dakar oinaze ikaragarria. Batak ez du bestea kentzen.

Etxean erdituz gero, ez duzu ospitaletan ohikoak diren zenbait oker pairatu beharko. Ospitalean mingarria izaten da erremediorik ez duen kontraste hau: gurasoentzat berebiziko gertakizun izugarria dena, aspergarri gerta liteke emaginarentzat. Ulergarria ere bada, zurea baino lehen egun berean zazpi erditzetan lagundu behar izan baldin badu eta gaueko ordu txikiak badira.

Gure lehenbiziko alabaren jaiotzaz oroitzen naiz. Uzkurdurak aurrera zihoazen. Artean ez zen epiduralik. Arrate une batetik bestera hil zitekeela iruditzen zitzaidan. Beste galaxia batean zebilen eta sekulako deiadarrak botzen zituen. “Bitartean heldu eskutik” eskatu zidan, berak behar zuelakoan, baina ziur aski ni kontsolatzearren, oso fina baita.

Emagina alboko gelan zegoen, telebista ikusten. Mexikoko sugetzar bat ematen zuten Tele Bosten. Noizbehinka atea ireki, gu han oihuka eta izuturik ikusi eta “vale, vale, joder, no exageres, qué pesada” esan eta berriro kulebroia ikustera. Arrate erdi ito eta isilik gelditzen zenean, “vaya sorpresa que seas mi hermano, Alfonso Gabriel, siempre creí que eras mi abuela” eta horrelakoak entzuten genituen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.