Txuloputa fuera
Oso gutxi dira aski diru ukanez gero prostituta izaten jarraituko luketenak, bakanak bokaziozko prostitutak. Baina bokaziozko garbitzaileak ere gutxi dira. Bokaziozko irakasleak gero eta gutxiago. Hala ere, dirua behar eta, norberaren ahalmen eta aukerei buruzko kalkulu bat egin eta prostituta, garbitzaile edota irakasle bilakatzen zara. Prostitutei beren lana duinki ordaintzea, lan baldintza onargarriak bermatzea eta beste edozein langileren eskubideak zor dizkiegu.
Putak dirua behar du: normal xamar bizi ahal izateko, familia aurrera ateratzeko, drogadikzioari eusteko, hegoamerikako familiari bidaltzeko edota Parisen diamante garesti bat erosteko. Lan alienatzailea duzu zalantza barik, beste asko bezala, eta hobe desagertuko balitz, baina gaur egun prostituzioa dekretuz desagerraraziz sexuaren langileak kaltetuko dituzu batez ere. Ezagutzen ditudan prostitutei behintzat bezerorik koipeztoenak baino askoz ere beldurgarriagoak zaizkie dirurik ematen ez dieten borondate oneko errukitsu eta salbatzaileak. Gurasokeria baita inondik inora behar ez dutena: “Nik salbatuko zaitut, zure gorputza bekatuan zikinduta dagoen arren eder duzu oraindik arima, psikologo bat ordainduko dizut…” Prostituta batek berriki zioenez: “Ni ez naiz ero bat. Eta nahiago dut nire lana atariak garbitzen ibiltzea baino, edo meategian, edo nerabe psikopatei irakasten. Gainera, gehiago irabazten da”.
Puta batzuek eransten dute nahiago dutela sexu harremanengatik kobratu eta libre bizi, senarrak izan ohi diren zerri zozo horietako bat pairatu eta gainera berekin larrutan egitera erdi behartuta egotea baino, eta musutruk. Gogorra da, baina honezkero egin beharrekoa gehiago dirudi puten lan baldintzak argitu eta duintzea, paperak eskaintzea eta dirua lapurtzen dieten txuloputen bitartekaritza suntsitzea.