Seme-alabekin sexuaz mintzo
Bigarren D-ko Olatz Canterak kontatu digu Bilboko eskola erlijioso batean hamar urteko haurrei sexologoak hitzaldi bat eman diela, gurasoak seme-alabekin batera entzule, eta gurasoak ikaratuta irten direla (umeak ez horrenbeste), sexologoak muxu beltzaren eta antzeko praktiken berri zehatza eman baitie.
Pairatzen ari garen informazio-gainezkaldiak nostalgia handiz oroitarazten dizkit gure nerabezaroan erakusten zizkiguten filmina haiek bizitzaren misterioaz eta umegintzaz, ia beti apaizak proiektatuak: aurrena bikote bat petrilean eserita, elkarri maitasunez begira, atzean eguzki erraldoia ezkutatzen, zeru laranja. Hurrengo filmina: ama erditzen. Oraingo txapapotearen aldean zoragarria zen lotsa hura, imajinatu behar hura.
Nerabeen uzkurtasuna sexuari buruz gurasoekin mintzatzeko orduan, eta alderantziz, ez ote da erdi biologikoa? Edozertaz eta guztiaz mintzatzea ona dela psikologo batzuek zabaldu dute, baina ez modu desinteresatuan, mintzatu behar aizun horri esker bizi baitira. Ordea, ez al da dotoreago, garbiago, osasuntsuago, euskal usadio zaharra: isiltasuna, are sekretua? Gure alabek 14 eta 16 urte dauzkate eta sexuari buruzko informazioa, eskolan, institutuan eta edonon, aski eta sobera izan dute, dute eta izango. Hasiko banitzaie, “begira alaba maiteak, banana hau zakila genuke eta kondoia ipintzen erakutsiko dizuet”, salaketa jarriko lidakete, arrazoi osoz, neronek baino hobeki dakitena esplikatzeagatik, eraso psikosexualagatik eta desorduko txortaldira bultzatzeagatik.
Egokiagoa da lehengo eredua: esperimentatu dezatela zuhurtzia erabilita eta zorte on. Gurasotasunak ez dakar seme-alaben sexu-aholkulari izan beharra. Ez ditut alaben sexu-abenturak ezagutu nahi, Jainkoarren, zorabiatuko nintzateke.
Isiltasuna difamatzen dabilen kanpainari dagokionez, Juan Rulfo idazle mexikar bikainaren bizimodua, berak kontatua: “Oso itxita bizi naiz. Etxetik bulegora noa, eta listo. Gure etxean ez dugu hitz egiten. Gure amonak ez zuen inorekin hitz egiten, hitz egiteko ohitura hori Hiriburukoa da, ez landakoa. Gure etxean ez dugu hitz egiten, inor ez da mintzatzen, ez Klara nirekin, ez ni Klararekin, ezta seme-alabak ere, inork ez du hitz egiten, hori ez dugu erabiltzen, gainera ez dut komunikatzeko ezer. Gertatzen dena ulertu, horixe da nahi dudana. Nire buruarekin bai, hitz egiten dut, baina ez zait gustatzen beste inorekin hitz egitea”.