Mallonaren berbaroa
Eskolan ikasi nuen Erromako Inperioa jausi zenean, batzuek errua kristauei leporatu zietela: etsaia maitatzea eta beste masaila ipintzea bezalako aginduek erromatarren ahulezia ekarri zuten ondorioz, gerrarako gogo-gabezia. San Agustinek, ostera, uste zuen aski kristau ez izateagatik erori zela Erroma: arima sendotzen duten bertute kristauak landu beharrean, bekatuzko mozkorraldiek eta orgiek zimelduak zituzten erromatarrak. Bandaloek horrexegatik ez zuten aste labur bat baizik behar izan, emagaldu hura konkistatzeko.
Durangoko Azoka baino lehentxeago, hil osteko egoera materia-gabe honetan alderrai nenbilela, halako batean indar ezezagun batek beherantz eta ezkerrerantz bultzatu ninduen. Airez aire, alkate izan nintzen Mundaka gazi-gozo maitearen gainera hurbildu nintzen, baina indarrak aurrerago ninderaman. Bermeoko portuko “Katukale” liburu-denda txikian utzi ninduen. “Kilkerren hotsak” eleberria aurkezten zuen bertan Edorta Jimenez mundakarrak, eta, aditu ahal izan nuenaren arabera, liburuak neure jokaera gerra zibilean zehar eta nire fusilamendua aintzat hartzen dituenez, ale bat ostu nuen, itzultzeko asmoz noski.
Amaitu berri dut. Astindu itzela eragin dit.
Esan nezake:
“Uriarte espioiaren begien bitartez ikusten nau irakurleak. Eta espioiek, bistan da, neure Euzko Jaurlaritzarenak izan arren, ez dakite zer den ohorea eta bertutea; mozorroa eta gezurra baitute zeregin nagusi. Horrela, zelan arraio ulertuko du Uriartek zer ote den kristau zintzo batentzat errukia gerran? Uriartek gerraren izaera gaiztoa azpimarratzen du: hil behar duzu, hil zaitzaten baino lehen. Gerran errukitsu direnak, ez dira kokolo hutsak baino. Begira osterantzean Mallona, dio Uriartek: anarkisten balizko gehiegikerietatik babestu zituen eskuindarrek berek akabatu zuten, agintea eskuratu bezain laster.
“Hala ere, katoliko izan ez banintz, eta demokrata, mundakarrek ez ninduketen birritan alkate hautatuko. Hain harrigarria ere ez da, hortaz, beti eta nonahi bertute katoliko-demokraten arabera jokatu gura izatea. Jimenezek artez kontatzen du behin gerra hasita, Mundaka nire esku zegoela, hainbat eskuindar gorde nituela, bestela anarkistek garbituko zituztelakoan. Eta, Euzko Jaurlaritzaren aginduz, ezikusia egin nuela eskuindar askok Mundakatik isil-gordeka Benjaminen batelean itsasontzi nazi batera ihes egiten zutelarik. Errukia, kristau erruki tentela, gerran zereginik ez duena, dio Uriartek.
“Uriartek uste baitu babestu nituen haiek guztiak hil egin behar nituela; horrela ez ninduten beraiek hilko. Eta, gertaerak bere gordinean aztertuz, arrazoia eman behar diot. Agintea galdu bezain laster fusilatu ninduten. Nire gupidaz trufatu ziren.
“Egia esan, ez nuen uste faxista haiek, nire erruki eraginkorra gozatu zutenek berek, hain agudo eta hain ankerki egingo zutenik nire aurka.
“Uriarteri erantzun niezaioke nahiago izan nuela kristau jokatu eta hil, “errukia ala hil!” aldarrikatu, burua tente eta duinki, etsaia bezain makur eta bekatari ibili baino.
Hori guztia esan nezake, nire burua zuritzearren. Horixe izan zitekeen jendaurreko nire mintzamoldea. Egiantzekoa da.
Baina goibelagoa da oraindik egia osoa. Eta dagoeneko ez dut itxurak egiten aritu beharrik. Galtzekorik ezer ez edukitzeak egiazaleago egiten du gizona. Beraz, aitor dut: Uriarte eta Jimenez eskuzabalegiak izan dira nirekin.
“Katukale”ko aurkezpenean, bazen historialari bibotedun bat, Agirreazkuenaga deituraz. Fidagarria iruditu zitzaidan: ematen zuen maiteago zuela Nikolasa Atxikallende beronen senar Sabino fundatzailea baino. Bestalde, igarria zidan zeozer.
Gogoz kontra dut onartzen: faxistak babesteko orduan, errukia baino indartsuago ibili zen nire baitan kalkulu gorria. Ez dut esango errukia kalkuluaren mozorro soil izan zela. Nahiko nahasiak dira kontuok. Dena den, egoera alda zitekeela susmatzen nuen, faxistak bihur zitezkeela jaun eta jabe. Eta ni abertzale nabarmena izana nintzen. Fusilagarria, horrenbestez.
Halatan, kukuak makur joz gero, nire alde erabili ahalko nuen eskuindarrak babestu izana: “nola hilko nauzue, baldin eta zuen kideak gorde baditut, altxamendua finantzatu duten Ybarratarrak eta enparauak, eta ondorioz Queipo de Llanok berak irratiz goraipatu banau.” Faxistek, irabaziz gero, bizia barkatuko zidaten.
Alferrik guztia ordea. Ybarratar bat, berbarako, segituan joan zen Francoren mairuekin bolondres. Geroxeago fusilatu ninduten ni, Derion. Izan ere, ni aurrena katoliko nintzen, eta hurrena abertzale. Aldiz, faxistak, antza, aurrena faxista izaten dira, eta soilik gero apika baten bat katoliko. Baina katolikoa ez da berez errukitsua. Azken batean, katolikoek eta faxistek egin dituzte kirtenkeriarik odoltsuenak historian. Aise bataiatu zuten Clovis Lehena. Nire uste apalean, Torquemadaren arima Gengis Khanena baino zitalagoa izan zen. Heriotzak eskolak baino sakonkiago irakasten du Historia konparatua. Honezkero ez naiz katoliko. Lapurtu nuen “Kilkerren hotsak”, horrela, “Katukale”ra eramango dut, atzera.
Odolak giltza ito
“Ehun metro”ren lehenbiziko argitalpena, 1974koa, poliziak bahitu zuen. 1976an amnistiatu zuten. Eleberriak Donostiako Konstituzio Enparantza laukizuzena zezen plaza biribil bilakatu eta etakide baten azken ehun metroak kontatu zizkigun, odol huste geldoa, hil arte.
Bere bakardadean itoko den Carlosen elementua ura den bezala, edo “Berriro igo nauzu”ko Marmitterena kaka, ametsa Metxarena, txatarra berriz “Pasaia blues”eko Olatz eta Martarena, “Ehun metro” hau odolak melatuko du goitik behera, bertan behin eta berriro errepikatuko den kantaren hitz ingelesak, frantsesak eta euskaldunak lekuko. Lur biribila odolez blai dabil bere ibili biribilean; era berean, denbora biribilean kiribilduko den “Ehun metro” osotoro zipriztinduko du odolak. Joxe Zuazalagoitia etakide protagonista hil ondoren ume batek esango du “ni ere hil egingo naute handia izatean”, uso batek adokinetako haren odol beltzari mokoka egiten dion bitartean.
Edozelan ere, odolustuz doan etakidearena kasu partikular ezdeus bat izango da Lur odolduaren baitan. Lurrak biraka jarraitzen du, giza odola gorabehera. Jendartea, bere aldetik, ez da batere maitagarri ageri nobelan: Joxe eta Michele tabernara sartu eta parrokianoen “titi tontor politak zeuzkak” eta antzeko iruzkin bulartsuak, soilik Joxe euskalduna dela ohartu arte. Bestalde, txutxu-mutxuaren eta morboaren azpian, Lurra bezain ezaxola da gizartea odol isurtzearen aurrean: Joxeren heriotzaren biharamunean, batek “hortxe plazan kiskali zitean” dio, eta beste batek erantzun ba nik “ez diat begirik itxi erreuma zikin honekin”.
Dena den, balirudike badela odol putzu orokorretik zein gizartearen ergelkeria hotzetik salbatzeko bide bat: maitasuna. Historia odoltsutik amodioaren goxora igarotzeko giltza bat behar, eta “Ehun metro” honek Micheleren giltza erakutsiko digu, M larri bat soldatua duena, iheslariak lepoko batean zintzilik daramana.
Alta, bada beste protagonista bat, Filosofia ikasle bizarduna, ekintzaile lasterkariaren heriotzaren lekuko geldia, Zamudio tabernako mahai batera eserita, Zamudio taberna itxita dagoen arren. Orain Txilen dagoen Michelek, joan aurretik filosofoari giltza bat oparitu dio, Joxe protagonistari lehenago eman zionaren berdina. Beraz, Michelek elkar ezagutzen ez duten “Ehun metro”ko bi pertsonaia nagusiei giltza berdin bana oparitu die. Biak atzemango ditu poliziak.
Zuazalagoitiaren giltza eta filosofoarena berdinak izan daitezen bezalako ustekabeko arraroz beterik daude etakideen gaineko eleberriak eta eleberriak oro har; bizitza bera ere bai. Bizitzaz esaten da soilik kontakizun bilakaturikoan egiten dela ulergarri. Halabehar bitxi horiek ez dute zentzurik berez, bizitza gordinean, narrazioan betetzen duten eginkizunetik at. Baina zelako etekina eta txinparta idazle trebe baten eskuetan giltza berdinen ispilu engainagarriak!
Giltzaren bidez bildu zituen Micheleren maitasunak Joxe eta filosofoa, eta giltzaren bidez egingo ditu gaizkide poliziaren gorrotoak. Joxe hil ostean, poliziak galdeketa gogorra egingo dio filosofo kontenplalariari, torturaz mehatxatuz etengabe, polizia eszeptikoa izaten baita kointzidentzia poetikoen aurrean. Horregatik zirikatuko du txitean-pitean filosofoa: “o sea que usted suele sentarse a las ocho de la mañana en bares cerrados”. Filosofiakoa denez, auskalo. Ez diote hala ere tortura barkatuko.
Micheleren giltza talismanaren kontrakoa baita, balbea dakarren gauzakia: malura Joxeri, filosofoari tortura.
Gure hizkuntzek erakusten dutenez, bazter hauetan nahiago ditugu gauzak pertsonak baino: badugu patu gaiztoa dakarren pertsonarentzako izena, “gafe” gaztelaniaz, baina ez patu onaren giza eragilearen izenik. Aitzitik, bada zori ona sortzen duen gauzakiarentzako izena: kutuna, talismana; ez ostera zoritxarra dakarrenarentzakorik.
Michelek eta bere giltzak balbea dute.
Odoletik salbatzeko giltza, hortaz, amodioa zatekeen, lagun zehatz batenganako maitasuna, baina hemen oztopaturik dago. Joxe Zuazalagoitiaren giltzak ezin izan dio maitasunaren ateari irekita eutsi eta odol putzuan amilduko da.
BOST JOAN-ETORRI
Joxe hiltzera doala, odol hustu ahala, zenbait oroitzapen etorriko zaizkio nahi gabe. Korrikaldian zehar, horrenbestez, iraganera joan eta iraganetik etorri egingo du Zuazalagoitiaren arimak, bost joan-etorri. Asoziazionista militantearen arduraz lotu ditu Saizarbitoriak denboraren geziak, aurrena ihesaldiko xehetasun, sentsazio edo aldarte zehatza eta beronek dakarren oroitzapena eta gero iraganetik itzulera orainaldira.
Kasurako, laugarren flash-backa: balaz ziztaturik, Joxek odolaren beroa sentitu eta jauzi egingo du Manuel burkidearen berotasun erira, ospitalean behiala. Arras gaixorik zegoen Manuel, tuberkulosiak jota. ETAren zuzendaritzari ekintza suizidak egitea proposatu zion birritan. Baina gero erizain espainiar batekin ezkonduko zen. Ordurako erakundea bere kabuz utzia zuen arren, bota egingo zuten ofizialki, ahulaldiak publikoki salatzea beharrezkoa omen delako. Joxe ez zegoen ados, baina kanporatzearen alde egin zuen.
Iraganetik orainaldira pausoek ekarriko dute. Joxeri gogoratu zaio Manuel karrikan ikusi zuela, pauso bakar bat aski izango zukeela Manueli elkartasuna adierazteko, baina ez zuela egin; orain ere hogei pauso gelditzen zaizkio Zamudio tabernako kanpoko mahaien artean bizardunaren aurrean hiltzeko. Ezin distantzia zeharkatu, ezin konpondu: lehenaldian pauso bakar hura ez emateagatiko damua, egin beharrekoaren eta eginikoaren arteko tarte gaindiezina; orain berriz heriotzaren ziurtasuna hogei pauso barru. Joxek ezin du, ez orduan eta ez orain, bere buruarekin bat egin. Eta gero? Kantek dio hil ondoren egiten dugula pixkanaka gure buruarekin bat, baina “Ehun metro” ez da kantiarra baizik eta frantsesa.
Joxe hiltzera doala, nahigabeko oroitzapenek gatazkak adieraziko dituzte, hausturak, bereizteak, in crescendo: aita maiteak masailekoa joko dio, Joxek Michele maitea utziko du, gero Manuel burkidea ETAtik egoztearen alde egingo du eta azkenik aita hilko zaio. Abandonuak, agurrak: heriotzaren aurrekariak. Azken buruan Joxeren heriotzak bat egingo du gehien maite izan duenarenarekin, aitarenarekin. Oro har, aitaren munta eta zama gailenduko da. Aitaren bultzadak egin zuen Joxe etakide: “hau izango da gudaria” esaten zion besoa lepotik pasaz. Mikel Hernandez Abaituaren esanetan, zapalketaren eleberria da hau: aita, eskola, kuartelilloa, Konstituzioaren zezen plaza... Euskal eleberrietako etakideen senide harremanen artean aitarekikoa da garrantzitsuena.
Ramon Saizarbitoriak oso gertuko du Joxe Zuazalagoitia: silaba kopuru berdina dute bien izen-deiturek, silaba berdinetan azentua. Biak dira metro eta laurogei luze eta hirurogeita hamabi bat kilo (alde horretatik ia perfektuak gaur egungo kanonaren arabera). Bada identifikatzeko behar edo nahi gisako bat.
Gainera, “Ehun metro”n Saizarbitoriaren hurrengo eleberrietako protagonisten zenbait ezaugarri ageri da jadanik: besteak beste, aitarenganako sentimendu sakon anbibalentea, protagonistaren ezaxola nekatua bera maite duten emakumeengana, egin beharreko zerbait garaiz ez egiteagatiko damua, ustekabeko kointzidentziak beti txarrerako izatea, Historiak maitasuna izorratzen diolako amorrua eta etakide hilarekin bat egitea, Saizarbitoriak sumatuko balu bezala erakundean ibili izan balitz hiltzea suertatzen zaien horietakoa zatekeela.
Kilkerbide iniziatikoa
“Kolosala izango da” ipuinean, Sarrionandiak kontu kezkagarri bati heltzen dio: gerrak gozamena ere badakar. Hamaika urteko mutikoak berez jolasten dira gerrara; ez dakite bakera jolasten. Gerra-hasieran ordutegiak, eskolak, arauak... hainbat gogordura hausten dira.
Bestalde, gerra zibilari buruzko euskal literaturan garrantzi berezia dute kilkerrek. Sarrionandiaren kilkerrek protagonista haurtzarotik heldutasunera daramate. Bilakaera bizi baten lekuko eta bultzatzaile dira ohartzeke, beren kantu monotono eta ergelari eusten dioten bitartean.
Hasieran, kilkerrak mutikoaren tiragomazko gerra paraleloetako baten jopuntu militar dira; baina, kilkerren hotsak lagun, protagonista eta bere laguna, gauez, dandarrez, erreketeen kanpamendura iritsi eta BI gauzaki jaurtitzen dizkiete etsaiei. Harrigarriro, hots BAKARRA entzuten da. Inportantea zaie enigma, baina alde egin behar dute, guardiakoa altxatu baita.
Ihesaldian, ordea, mutiko gero eta izutuagoak gero eta hurbilago sumatzen du guardiakoa. Honek mutikoa harrapatu eta poxpolu bat piztu du: baztangak zulaturiko aurpegi ikaragarri bat da erreketearena.
Halaxe nabarmenduko zaio mutikoari gerraren beldurgarria.
Ez dago gerra garbirik: gerra gehiagoren bila zebiltzan umeek, irudimenezko beren abenturentzako gerra erreal bat nahi zutenek, heldu ahala, alderantziz, euskarri erreal hori latzegia bilakatu zaienez, irudimenezko beren zirkoan bilatu beharko dute babesa. Aspaldiko hamarkada hauetan gerraren ondorioei ihes egiteko erabili izan du galtzaileak irudimena, horregatik ez dira berriki arte agertzen hasi gerra zibilari buruzko euskal eleberriak.
"Kolosala izango da”n, gerra atseginez hartzetik gerragatik negar egiterainoko ibilbideak egiten du mutikoa heldu; aldi berean, aita mirestetik aita mehatxatzeraino igaro beharrak ere laguntzen dio bizitzaren ankerra ezagutzen.
Izan ere, zergatik iristen da aita amari pistolaz apuntatu eta “urdanga baten moduan” akabatu nahi izatera, mutikoa ama babestera behartuz?
Agian, aitak ezin duelako jasan amak bezain ondo ezagutzen duen inoren behakoa.
Giza harremanetan beti, baina bereziki militarren artean, bada behin eta berriro nabaritzen den egitura eta bilakaera bat: alde batetik, jauntxo karismatiko bat, leba handiko gizona -Kalaportun Juan Maria Garaikoa-; bestetik, gizon hori miresten duten albolagunak eta gizajoak. Egitura hori abian jarri orduko, buruzagiak hondamendira amiltzen ditu miresleak. Gainera, koitaduok, jausten doazela, berdintsu jarraitzen dute ugazaba miresten, ez baita makala. Gure mutikoaren aita zangobako itzultzen da frontetik, eta Garaikoak, gerra ostean Kalaportuko nagusi berriro, puru bat oparitzen dio esker onez.
Durangarraren obra osoan bada halako menpekotasunari ihes egiteko deia. “Hitzen ondoeza”n kontatzen da badoala morroi bat desfilean, formazioan. Jenerala agurtu behar dute. Baina “jeneralaren paretik pasatzean, batbatean, bestaldean agure bat ikusi nuen martxa militarraz axolatu gabe han aldamenean bideska batetik zihoana, astiro, herrenka, kanta debekatu bat erdikantatuz... Formazioa abandonatu eta agure haren atzetik abiatu nintzen, berehala konprenitu bait nuen beste hura zela 'ene jenerala'.”
Mutikoaren amak badaki Garaikoarenganako lilurak elbarritu duela aita, eta aita ohartzen da amak badakiela. Bere ahulezia tentelaren isla emaztearen begietan, horixe zaio jasangaitz. Halaber, gizakirik itsusienak hil omen zuen Jainkoa, ezin zuelako eraman Oroikuslearen soa beti gainean.
Lukrezio eta Sarrionandia
Filosofiako liburu handienek, berek bakarrik sortu eta osatzen dute genero bat
Non kokatu "Gauzen izaeraz", Spinozaren "Etika", Nietzscheren "Horrela mintzatu zen Zaratustra"?
Zer arraio dira, poesia, matematika, metafisika, eldarnio?
Edonola ere, liburuok kezka eta harridura gai nagusi bat izaten dute, izenburuan ageri ez dena baina obra osoan barrena dantzan dabilena: Etika-k, amodioa; Arrazoimen hutsaren kritika-k, denbora; Zaratustra-k, bizitza.
Eta Lukrezioren "Gauzen izaeraz" zoragarriak, mugimendua.
Hainbat zentzutan gogorarazten du "Gauzen izaeraz"-ek "Lagun izoztua", eta Lukrezioren sentsibilitateak Sarrionandiarena, edo alderantziz: alde batetik, biok sentitzen dute mundua arrotz; bestetik, biok dute sentsibilitate izugarri bat, gaixotia ia, dagoen guztiaren mugimendua, nabaria zein ezkutua, sumatzeko; "dagoen guztiaren" barik hobe "dabilen guztiaren".
Gainera, bai Lukreziorentzat eta bai Sarrionandiarentzat, garbi dago zein den funtsezko mugimendua, nora doazen maite ditugun gauzak: beherantz, alegia, pikutara.
Azkenik: Sarrik Lukrezioren liburuko "Maite kontuez" ataleko zati bat izkiriaturik aurkitutako bere poematzat du, eta itzuli egin du.
Lukrezio Sarrionandiak dioenez, maitaleak ezin du maitea guztiz bereganatu, ezin du bere amodioa guztiz ase. Gosea ase dezakegu, janariak leku jakin bat betetzen duelako gure gorputzean. Aldiz, maitearen simulakroak baino ez ditzakegu geureganatu, ezpainetan pasioz haginka egin arren, ezin sutsuago besarkatu arren. Hazia isuri ostean ere, berehala dator berriro maitegrina.
Azken batean, bakarrik gaude.
Amodio atomikoa
Unibertso infinituan atomoak elkartuz mundu kontagaitzak nola, halaxe sortzen dira zenbait hizki konbinatuz ezin zenbatuzko liburuak. “Gauzen izaeraz” liburuak mundu horietako baten mapetako bat erakusten du, aski osoa.
Izenburu egokia du Lukreziok idatzi liburu bakarrak, baina “Funtsezko guztiaz” ere ez letorkioke txarto. Euskaraz inoiz ez da halako asmorik mamitu, ezta izan ere apika. Orain, Xabier Amurizaren itzulpen jostariari esker, gure artean dugu bere sei liburuetan fisika, epistemologia, psikologia, antropologia, historia, kosmologia, meteorologia eta eskatologia biltzen dituen poema zientifiko inspiratu hau. Ez da batere idorra: alde batetik, ezohiko metafora eta alderaketez apainduta dator; bestetik, ez dio ihes egiten zertzelada bitxiari: “Zerraren kirrinkaz”, “Atenasen Minerbaren tenplu inguruan belerik ez dagoela” edo “Ispiluaz beste aldean zergatik ikusten den”, horra hiru atalen izenburuak. “Maite kontuez” izenekoak antologia filosofiko eta literario orotan behar luke. “Gauzen izaeraz” hau duzu epikureismoaren adierazpenik behinena, gaurkotasun handiko dotrina inondik ere.
Bizipoza du xede Lukreziok. Oinaze fisikoa berezkoa du bizitzak, baina egia ezagutzeak (adore handia eskatzen du) alferreko zenbait kezka uxatzen lagun dezake. Hauen artean goibelenek erlijioa dute iturri, alegia, gauzen izaera latzari, batik bat munduaren arroztasun esentzialari eta heriotzari, aurrez aurre begiratu ezina. Heriotzari beldurrak bultzatzen gaitu erlijioaren pareko diren ospearen, diruaren eta agintearen bilatzera. Lukreziok Venus gozoari laudorio bakezale batekin ekiten dio bere poemari, baina Atenaseko izurrite garratzarekin amaitzen du, zoragarria bezain izugarria baita gure mundu arrano hau. Zehatzago: mundua ez zen guretzat egin. Behi esnea dopinga da. Lehenagokoa da belarria, entzumena baino. Ilunabar baten ederra Jainkoari eskertzea belearen elea da, Hari sudurraren existentzia eskertzea legetxe, betaurrekoak eraman ahal izateko bezain praktiko sortzeagatik.
Gizaki erlijiosoaren izaera gogaikarria, heriotzari ikaraz eta ilusio teleologikoaz gain, grina kontrolagaitzek eta osteko damu proselitistek erabakitzen dute. Gezurrezko infinituek bilakatzen diote bizialdia infernu: besteak beste, hil osteko zigor infinituek.
Ordea, infinitu txarrak baztertu eta egokiak aintzat hartzeak dakar egia, eta heriotzaren onarpena. Infinituak dira, eta eternalak, gauzen lehenkiak -gorputzen lehen haziak, atomoak; orobat lehenkiok harat-honat dabiltzan hutsunea. (Atomoen joan-etorriak eta talkak hutsean: gela ilun batean eguzki izpiak ikusarazten duen hautsaren dantzak irudikatzen du egokiro.) Unibertsoak ez du muturrik, ez dago erdigunerik, oinaztua espazioan barrena mendeetan zehar ibilita ere ez litzateke inongo mugara hurbilduko. Unibertsoaren baitako mundu kalkulaezinak, bestalde, etengabe osatu eta desegiten dira.
Arimak bezal-bezalaxe. Ez dago gorputza hil osteko arimarik, gorputza eta arima batera sortzen, hazten eta hiltzen baitira: arima ere lehenki materialez osaturik dago. Ezer ez da hutsetik sortzen, ezta guztiz desagertzen ere. Hortaz, atomo konbinazio aldakor bat gara gu; hiltzean, osatzen gaituzten atomoak disolbatu egingo dira, gero, beste batzuekin nahasturik, bestelako gorputzak eratzeko. Ni naizelarik, ez da heriotzarik; heriotza datorrenerako, ni ez naiz izango: ez dugu zertan larritu.
Baretasun alaia helburu, kontuan hartzekoa da halaber simulakroen gaineko Lukrezioren teoria ederra. Gauzen gainazaletik etengabe hegaldatzen dira beren mamu bikiak, eta ziztu ezin biziagoan zeharkatzen dute espazioa norabide guztietarantz. Zenbaitetan, begi batekin topo egiten dute; orduan, begi horren jabeak gauza “ikusi” egiten du. Zoriona lortzekotan, mamuokin ondo konpontzen ikasi beharra dago.
Maitemina eragiten dutenak dira arriskutsuenetakoak. Lukreziok dioenez, haziaren gainezkaldiak pizten du maitasuna. Nerabeari, gorputz tentagarri bat ikustean, mukuruka duen semena, maskulinoa zein femeninoa, urduritu, bildu eta gorputz horretarantz jalgitzen ahalegintzen zaio; ametsetan, halako gorputzen irudiek parrastan botarazten diote isurkia. Maitemintzea hain zuzen itsutzea da, norberaren hazia soilik gorputz jakin bati dagokiola uste izateraino. Ahal bezain sarri saiatzen da amorostua zoramen atsegin hori eragin dionaren irudia berpizten, gauez ohean bakarrik kasu. Halatan, gero eta maitearen menpekoago bizi da. Maitearen irribarreek besteren bati lasaitasuna zapuzten diote. Gainera, ezin du maitemindurik ez denak adina goza: sentimenduak zurrundurik, ezin baitio plazerari merezi duen arreta opa.
Amodioak, orobat, barregarriki distortsionatzen du gure pertzepzioa: maite kankailua “maiestatez betea” ikusarazten digu, kontakatilu gaiztoa “nortasun handikoa”, mutu anorexikoa “apala”, eta abar. Amodioa egitea beraz ez da txarra, bai aitzitik maitemintzea.
Maitemina datorkigula sentitzen dugularik, horrenbestez, semena lehenbailehen hustea aholkatzen digu Lukreziok, bakarka, ordainduta edo ahal bezala.
Zer gara ni? Ezkurra!
Arestiz ari dela, hauxe dio Koldo Izagirrek: “poeta zibil bikain baten premia daukagu, orain, hemen, bere isolamendu tragikoan, bere desmasia elekarian, ezintasun nazional hau modu eraginkorrez salatzeko.” Aiestaranek Gabriel Arestiren “Harri eta Herri”ko bertsogintza libre kontundentea darabil, aliterazio eta paralelotasun martxosoz zipriztindua; halaber, bai “Harri eta herri”n eta bai “Munstro abertzalea”n, bat eta bera dituzu gizona eta poeta. Ordea, Arestik badaki nor den, bere borondatearen kemenak sortu baitu bere burua, eta gainera uste du “nire izena nire izana dela”.
Bien bitartean, baina –Joxe Azurmendi filosofo poeta helduak, Aiestaran poeta filosofo gaztearen liburuari emendatu dion hitzatze mardul eta zolian iradokitzen duenez–, borondatea ahuldu egin da indar poetiko erabakitzaile gisa. Batetik, atzemana dugu nortasun ororen –demokrata, abertzale, legezale, bakezale– mozorro izaera. Bestetik, poeta, mozorroak noizean behin “erortzen zaizkiona” da, “puskatzen zaizkiona”. Alegia, ez “eranzten dituena”, edo “erauzten”.
Kontua da Aiestaranek arazo duela izena, bere gurasoei “Iñaki” jartzea debekatu zietenez geroztik. Berak “Ignacio” izenpetzeari eutsi dio, juduek naziek markatu zenbakia daramaten legez. Ingurukoen ispiluek ere, ez diote izena eta izana biltzen laguntzen, frantsesentzat espainiar baita, espainiarrentzat basko, baskoentzat nafar, nafarrentzat putobasko, erdaldunentzat euskaldun, euskaldunentzat euskaldunberri...; orobat, abertzale den heinean, hainbatek du munstrotzat.
Ez alferrik. Behin mozorroak hautsirik, ispilura hurbildu eta Aiestaranek berak ere gauzaki estrainio fantastiko bat aurkitzen du, alegiazko elementu izugarria.
Identitatearen arrakalak Aiestaranen herriari ere erasaten dio. Euskal Herriaren idealizatzaileei gogorarazten die putakumeak bere ama amabirjinatzat duela maiz, eta geu ere euskal urdangaren bastartak garela, abiapuntu egokia poeta zibil bikain honek gure ezintasun nazionalaren berri eman ahal izan dezan: torturak hemen gorputzak gorpu bihurtzen ditu –baina demokrazian ez da torturatzen; auzitegietan egia elektrodoz, hematomaz eta bainuontziz sortzen da; gure gudarien oldar aldizka koldarrek Euskal Herria hilerritu digute; gazteak pikutan dauzkagu; enpresek kiebra jotzen dutenean, Aiestaranen aita lako hirurogei urteko langileak, egunero hamabi orduz lan egindakoak, karrika gorrian jartzen ditugu, baina enpresa horietako nagusien txalet eta oporrek egundo ez dute kiebra jotzen....
Munstroa barne-muinetan, munstroa paperetan, munstroa edonon, munstroa lagun.
Izan ere, munstroa ez da nahitaez txarra. Azurmendiren iritziz, anbiguotasuna berez positiboa da, erdietsi beharreko zerbait, eta Aiestaranentzat soilik munstro ukituren batek sor dezake askatasuna, koka gaitzake sailkatze orotatik at. Zeren esklabotza, askatasuna definitzeaz batera agertu baitzen. Eta herria zer den ulertuagatik, inork ezin du mugatu. Rhin eta Elba ibaien artekoa Alemania da guretzat, baina Aturri eta Ebroren artekoa, berriz, bihotza. Hortaz, euskal munstroaren berri emateko, poesia behar da, ez silogismoa. Aiestaranen abertzaletasuna emozio isil iheskor batek bizi du: abertzale da, Lurreko txoko honetatik ilargia nola ikusten den gustuko duelako, baina bost axola zaizkio Rh negatiboa, ikurrina eta Gernikako arbola.
Joxe Azurmendik Kolonian idatzi dio Aiestarani bere erantzun librea. Dirudienez, “kolonia” eta “klon” izenek jatorri bera dute: koloniak inperioaren ahalegina gauzatuko luke, metropoliaren biki bat eraikitzeko. Azurmendik, “unibertsalismo” eta “mestizaia” kontzeptuak, nagusiek beren klongintzaren iskilu mozorrotu gisa zelan erabiltzen dituzten aztertzen du, txiki eta ahul izan arren diferente jarraitu nahi duen baten ikuspuntutik. Euskaldunaren gogoeta eta herri boteretsu baten kidearena desberdinak dira, arazo desberdinak dituztelako.
Esate baterako, Clément Rosset filosofo frantsesak ederki defenditu du “Loin de moi” liburuan ez dagoela nortasun pertsonalik, egiazko identitate bakarra nortasun-agirikoa dela, paperetakoa; ez zaio burutik pasatzen, paperak ere gatazkatsu izan daitezkeela. Frantsesek ez dituzte Aiestaranen gurasoen kalapitak nortasun agiriekin, kalapita arruntak gurean; identitatearen gaineko beren filosofiek ere, horrenbestez, gureak ez bezalakoak behar dute baitezpada.
Behin batean, etxera bueltan, paper batzuk betearazi zizkiguten Sondikan: nondik gentozen, zertan ginen ibiliak eta halakoak. “Izena” atalean, “Markos” idatzi nuen, betiko legez, inongo asmo probokatzailerik gabe. Polizia batek irakurri eta “te has confundido, Markos se escribe con ce de cabrón” esan zidan. Baina tira, nahastu naiz, euskal arazo bat ilustratu nahi eta gure zori onaren beste adierazpen bat irten zait ezustean, gure agenteen grina pedagogiko ederra, ortografiaren eremu zailera ere hedatzen dena!
Iruzkina kohete legez
GIZAKIA
Gizakia gaizki irten den animalia bat da; ondorioz, behartua dago asmatze lan izugarri bati ekitera, teknikari, historiari eta arteari ekitera, liburuak idatzi eta irakurtzeari, munduarekin berriro bat egiteko ahaleginetan, inoiz lortuko ez badu ere erabat, gizatasuna bat ez etortze horixe baita funtsean. Izaki natural gisa abortu hutsa denez, natura ez zaionez aski, gizakiak bere burua zein ingurua tramankuluz eta protesiz betetzen du lehiatsuki. Hainbat filosofok jarri du mintzamena ahalmen horren oinarrian. Mintzamenak ahalbidetzen omen du abortuon askatasun malerusa.
Bestalde, idazle eta irakurleok aspaldi dugu galdua Europan behinola izan genuen ospe oneko izena. Egungo gizarteak, alderantziz, bereziki gaizki eginiko gizakitzat hartzen gaitu, erdi marikoitzat Jon Alonsoren hitzetan, eta apika ez zaio arrazoirik falta: baliteke mundua bere horretan gainerako gizakiek baino maizago sentitzea arrotz, eta zenbaitetan liburuak bertan erosoxeago ibiltzeko makulu eta kontsolamendu zaizkigu. Beste zenbaitetan, berriz, matxino bilakatu eta liburua indarrean den ergelkeriaren aurkako erresistentzia iskilutzat hartzeko eskubidea ematen diogu gure buruari.
GAUZA
Nolabaiteko bortxaz munduratzen gaituzte, geuk eskatzeke, eta nolabaiteko bortxaz bultzatzen gaitu halaber munduaren latzak liburuetara; horrenbestez, antzeko askatasun derrigortua dauka munduaren aurrean gizakiak eta liburuaren aurrean irakurleak. Bestalde, Lukrezioren ustez bat datoz atomo, formari dagokionez mugatuen konbinazioen bidez mundu infinituak agertu izana eta fonema jakin mugatu batzuk konbinatuz unibertso literario amaigabeak sortzeko ahalmena. Baina zertan da infinitua geure eskumenean jartzen duen askatasun hori? Zelan lotzen zaio mintzamenari? Eta iruzkinari?
Munduko gauzen funtsezko ezaugarria denboratasuna da; gauzei, desagertzen ari direlarik, beren simulakroak, mamu bikiak, darizkie etengabe. Simulakro horiek ikaragarrizko ziztuan zeharkatzen dute espazioa, eta gizakiak berehala bereganatzen ditu, hautemateen bidez. Hautematea, denboran den gauzari darion mamuak begiarekin topo egiten duelarik gertatzen da. Gizakiak, era kaotikoan iristen zaizkion simulakroen artean antzekoak bildu eta esentziak bereizten ditu, aurreneko mapen lehengaiak. Bien bitartean, esentzia horiek, adiera bilakaturik, euskarri material bati lotu, dela soinuzko, dela tintazko, nahiz bestelako, eta hitza sortzen du. Kojèveren iritziz, horixe da gerora teknika, historia eta artea ahalbidetuko dizkion mintzamenaren abiagunea.
LIBURUA
Liburuari dagokionez, gainerako gauzen antzekoa da: denboraren joanak higatu egiten du, une oro jaurtikitzen ditu bere simulakroak, eta abar. Gainera, nola gauzen eta gizakien arteko harreman naturala hala izkribuaren eta irakurlearen arteko harreman magikoa, hau da, bizitzea eta irakurtzea, harrigarriro, berdintsu dabiltza. Bai ba: liburua, gauza natural bat izateaz gainera, izaki magiko bat ere bada, eta bere berezitasuna izaera magiko horretan datza hain zuzen.
Izan ere, zeinu arbitrario zenbaiten bidez idazleen munduetan barneratzen gara. Irakurtzean, ahozko mintzaldi bat ulertzean baino areago, mirari telepatiko antzeko bat gertatzen da. Ohiko telepatia ez da liburu bat ulertzea baino estonagarriagoa. Pentsatzean, garunak piztu eta dantzan hasten dira, gogoeta ez baita hutsean gertatzen, zeruan edo ideien munduan, baizik materian hezurmamiturik, burmuinen euskarria behar baitu. Telepata gai izatea burmuin pentsalari baten dantza materiala nolabait jasotzeko, txundigarria da zinez, baina ez zeinu arbitrario batzuk dezifratuz bertan ez dagoen beste gizaki bati burutik edo bihotzetik pasa zaiona zeure gogoan jasotzea eta zeure baitan sentitzea baino txundigarriagoa.
Bertzalde, liburua hasi eta amaitu beharra dago, irakurtzeak denbora eskatzen du. Irakurri ahala, zeinu arbitrariook iraganerantz doaz. Ordea, badoazen heinean, gurekin batera noski, irakurtzeaz batera gu ere bagoaz-eta, zeinu arbitrario horiei adierak darizkie, liburu enpirikotik irten eta irakurlearen buruan sartzen baitira. Irakurtzen ikastea, orrialdetik gogora hegan datorkigun txori bakoitzari bere habia atontzea da.
IRUZKINA
Kontua da gauzari darion mamu arinaren antzera dabilela hitzaren adiera. Irakurlea, adiera anitz aldakor mordoa multzotan antolatu eta, ohartuki nahiz oharkabean, ia beti oharkabean, liburuaren zentzuen mapak margotuz doa. Iruzkingileak, aldiz, era ohartuagoan sortu eta eraiki behar ditu mapa horiek, jendaurrean erakutsi beharko baititu gero. Mapa eta ibilbideok kontagaitzak dira, gizakia gauzen aurrean bezain libre baita irakurlea liburuaren aurrean: mundua ez zaio gizakiari behin betiko egina eman; ezta liburua ere irakurleari.
Munduaren aurreko giza askatasun horrek dakarren arriskua nabarmena da: bere burua zein mundua bera suntsi dezake gizakiak. Eta liburuaren aurreko iruzkingilearen askatasunak dakarren arriskua, apalagoa, bikoitza da: alde batetik, liburuari protesirik xumeena ere ezin asmatzea. Halakoetan ez da ageri liburua baizik, liburuak iruzkingilea ito baitu. Hemen iruzkingileak liburuko pasarteak zein azal hegal edo solapak hitzez hitz ditu kopiatzen. Beste muturreko arriskua, iruzkinak inolako zerikusirik ez izatea da, oinarri beharko lukeen liburuaren mamiarekin. Halatan, iruzkingilearen nortasunak liburua zanpatzen du, liburuaren arrastorik ez da ageri iruzkinean, edo, bestela, edozein libururi egokitzeko modukoa da iruzkina.
Bi gehiegikeria horien artean kokatzen dira iruzkin izena merezi duten izkribuak. Iruzkin ideala, liburuari ongi egokituko zaion protesi bat asmatu eta liburua biziberritu, mugiarazi eta hegaldarazten duena da. Izan ere, gizakiak urpekariak eta espaziuntziak eta sateliteak egin dituen bezalaxe, berez ez dagozkion inguruetan bizi dadin ahalbidetuz, gizakiari lur azala baitagokio berez, era berean iruzkingileak badu liburuari protesiak asmatu eta eransteko askatasuna, baita protesi txit arraroak ere, liburua berez ez dagozkion munduetan sartzeko. Horiexek dira agian iruzkinik ederrenak, liburuari kohete bat erantsi eta hegan bestelako mundu batzuetara daramatenak, liburua bestelako mundu horietako gorabehera eta kontuekin nahastuz.
Pedofiloaren zorion arbuiatua
Geroaren igarbideen artean, egiptoarrek eta etruskoek garrantzi berezia ematen zioten txoriaren hegaldiari. Era berean geroxeago grekoek eta latindarrek, eta Mendebalde osoak, geu barne.
Zori ona, zori edo txoriaren hegaldi ederrak adieraziko lukeen bizimodu dontsua litzateke; eta zori txarra, ostera, hegaldi traketsak seinaleztatutako hondamendia.
Erdarazko “pájaro de buen o de mal ‘agüero’” edo “oiseau de mauvais ‘augure’” ezagunak, bestalde, latinezko “augurium”etik datoz, eta “augurium”, berriz, “augur”etik.
“Augur” delakoa erromatar sazerdotea zen, txorien kantua, hegaldia eta jateko modua interpretatuz etorkizunari antzematen ziona. Iragartze hori Elizak bekatutzat du, Lehenbiziko Aginduaren aurkakotzat zehazki.
Corominasen iritziz, gure “agur” ere “augurium”etik dator ziurrenik (gaztelaniak euskaratik hartu omen zituen “agur” zein “abur”).
Aro psikopolitiko berri batean sartzen ari garenez, gogoratu behar “inauguratzea” etxe berriaren augurioak zaintzea dela, etorkizunean zoriek larregi desafinatu barik kanta diezaguten.
Edonola ere, pedofiloari ez diogu etxe berrian sartzen utziko. Mozorroturik sartzea lortuko balu, bere egia susmatu bezain laster egotziko genuke.
-----------------
Zoriona, bizitza zoriontsua, eta unean uneko pozaldiak bereiz daitezke. Zorionaz ari dela dio Aristotelesek enara bakar batek ez dakarrela udaberria. Hala ere, bizimodu zoriontsuak oinarri egoki bat jartzen du noizbehinka estasizko pozak piztu daitezen.
Bizitza zoriontsua ezin da soilik norberaren pentsamenduak zuzen bideratuz eskuratu, estoikoek sarritan hori aldeztu duten arren. Horretxegatik gertatzen da beren eudaimonia ponposo eta teatrala, Aristotelesenarekin alderatuz gero. Estoikoentzat, jakintsuak bere kontzientzia bertutetsua gotorleku helezin bilakarazi, sentiberatasuna amatatu eta han goitik seriotasun larriz izango da munduko gorabeheren lekuko. Defentsazko zurruntasun horri deituko dio zorion.
Zentzuzkoago dirudi Aristotelesek, dioelarik bizimodu zoriontsu batek eskatzen dituela bakardade heroiko hutsa barik ekonomia lasai bat, osasun apur bat, egoera afektibo atsegina eta nolabaiteko izen ona gizartean.
Halaber dio, gaur egungo sexologo eta psikologo gehienek bezala, zoriontsu bizitzeko sexu harreman asebetegarriak behar direla.
Horrela, gehienok zorionaren beharrezko baldintza gisa hartzen ditugu bai jendartean gizatxartzat jo ez zaitzaten eta bai sexu ona. Bi onura horien eta beste zenbaiten bidez saiatzen gara zorion deitu izan duguna gureganatzen, Nietzscheren azkeneko gizonaren zoriona, atsegintxoren bat egunez eta atsegintxoren bat gauez, baina beti ere pasatu gabe, Osasunari begirunea zor.
Sexu harreman ametigarria zein ote den erabakitzeko orduan, badugu adostasun liberal antzeko bat: onargarri zaigu baldin kideek harremana borondatez onetsi badute. Naturala/antinaturala tankerako bereizketek indarra galdu dute, borondatez onartua/ezarria-ren alde. Behinola susmagarria zen masokismoa gaur egun iritzi emaile frankok laudatzen dute, protagonistek sarritan idatzizko kontratu batean oinarritzen baitute kontaktua. Aldiz, nekrofiliak zein zoofiliak beheiti egin dute, hilotzak bezain nekez adieraz bailezake ahuntzak baimena. Baldin ahuntzainarentzat zaila bada ahuntzaren behakoen edo gorputz-jarreren semiotika artez interpretatzea, zer esanik ez zoofilo kalekumearentzat (ia denak).
Kontua da gure gizarteak harreman pedofiloa gaitzesten duela, baita umeak onartzen duenean ere, onarpen horren kalitatea zalantzagarri baitzaio (hori bai, honi gagozkiola ez du aintzat hartu nahi izaten helduen arteko pasiozko amodioa ere maitarien borondateari gailentzen zaiola). Ondorioz, pedofiloak ezin du gurean bizitza zoriontsu samarra atxiki eta iraunarazi, pozaldi bakanak senti ditzakeen arren, derrigorrez legez kanpo.
Gure gizartearen eta pedofiloaren zorionaren arteko gatazkaren konponbideak zaila dirudi. Ez da hala ere edozein gizartek definizioz pairatu beharreko gatazka. Platonek dio ez zukeela filosofatuko baldin Atenaseko mutiko gazteak hain ederrak ez balira. Sasoi hartan (Sinposioa-
n behintzat bai) maitasun zerutiarra gizon helduarena baitzen, bixarra irteten hasten ari zitzaion mutikoarengana. Gainerakoak, arruntak. Atenasen onartua zena trauma ikaragarri bilakatu zaigu ordea. Gisako maitasunei ezikusia egitea ere zail litzaiguke. Eta amorragarri eta apika zigorgarri, pedofiloari astean ume bat eskaintzeko proposamena bera, pedofiloa antzinako idoloren bat bailitzan bere aldarean umea sakrifikatzekoa.
--------------------------
Arazo hauen inguruko giro urduriak euskaldun batzuk isilarazi ditu. Bere oroitzapenen berri izan orduko ulertuko duzu zergatik ez den jendaurrean mintzo egun berrogei urte inguru duen EAEko gizon bat: hamar/hamaika zituela, bizilagun batek, gizon heldua, zirriak egiten zizkion eskaileretan edo igogailuan topo egiten zutenean, eskua sartu, zakila igurtzi...
Eta “biktimari” gustatu egiten zitzaion. Ez du esaten bere bizitzako benetako pozaldi bakarrak izan direnik, edo irrikaz dagoenik bere seme-alabek ere antzeko zerbait bizi dezaten. Zuhurra da. Eta primeran pasatzen zuen.
-----------------------------
Oso zaila da esperientzia hori gurean pedofiliaz nagusi den ikuspuntu histerikoan integratzea. Histeriko zeren, besteak beste, maltzurki sartzen ohi baitira zaku berean hiru urteko umea bortxatu eta akabatzen duena eta, Haur besoetakoa
-ko gizon protagonista bezala, hamaika urteko neska batez zinez amorosturik, ukitu lizunak egitera mugatzen dena. Theresak gainera gustura hartzen ditu. Gizona maitatzera helduko da.
Theresa umezurtza etxera ekarri ziotelarik, gizonak, Joxe Azurmendiren esanetan, “gutxi asmatzen zuen orduan, Zoriak zekarkiola Theresa. Berak ez du ezer egin, Zoriak etxera sartu ziona etxean hartu baino: bere zoria eta zoriona” ("Mirande eta kristautasuna").
Aurrerantzean, pedagogiari loturiko zorion ozar batek biziko du bikotea. Gizonari Theresa zaio premiazko gizarte bakar. Joxe Azurmendiren alderaketa deigarriaren arabera, gizonak “oiloa etxe ondoan harrapatu eta bere ehizearekin basazulo ezkutu-ezkutuan ezkutatu den piztia dirudi, hagin artean bere xoria, zoriona, guziengandik ihesi”.
Gizonak bai baitaki bera lakoei gizarteak gorroto diela, gizartean jaun eta jabe diren txintxo eta zuzenek Theresaren eta beraren zorion aratza pitzatu nahiko dutela. Gizonak garbi ikusten du Theresaren alboan “lortu zuen zorionak ezin iraun zezakeela, egin zuen ametsa ezin bihur zitekeela egia. Besteek ez zioten zorion hauskor hori hautsi gaberik utziko, edozein bidez eragotziko zioten”.
Irtenbiderik ez eta heriotzak eramango ditu nola Theresa hala gizona.
------------------------------------
Dena den, ez da heriotza Mendebaldeak pedofiloari eskaintzen dion aukera bakarra. Hor daude orobat zikiratzea, eroetxea, espetxea eta Tailandia.
Edota lintxamendua. Gizarte bat benetan kohesionatzen duena ez baita bere jatorria edo ohartuki adosturiko helburuak, baizik lintxamendurako hautagai nagusia nabarmena eta zehatza izatea. Eta lintxagai ideal gisa, oso kontsensu zabala du gurean pedofiloak, zabalagoa noski gaur egun ijitoak edo terroristak berak baino.
Osterantzean, uko egin diezaiola maitatzeko bere manerari eta zorionari. Estoikoen ildotik euts diezaiola goitiarki bertuteari. Gogoratu dezala hainbat sortzaile egon dela gertu, Nietzsche bera kasu, zoriona sakrifikatzeko, obraren alde. Bestela, mugatu dezala sexualitatea irudimenaren esparrura. Edo ekin diezaiola sublimazioaren igokundeari, “gizon handi” deitu izan dena bilakatu arte, hots, heroi, saindu edo buruzagi goren. Mesederik handiena egingo dio halatan arbuiatu, mehatxatu eta kanporatu zuen gizarteari: malgutu, zabaldu eta aberastu egingo baitu. Ondoren, ordainez, gizarteak ohoratu egingo du barruko pedofiloa bere baitan zorrozki kaiolatzea erdietsi duen gizon handia.
Atezuan edukiko du ordea beti. Horrexegatik bilakatzen da hain arin saindu handia pedofilo, eta alderantziz. Freudek erakutsi zigunez, errepikatzeko irrika, mingarria delarik ere, sakonagoa baita, maiz, zorion beharra baino. Miranderen protagonista umezaleak badaki jakin bere jardunak ezin diela ekarri, berari zein Theresa maiteari, oinazea eta katastrofea baizik; hala ere, hil arte jarraituko du bere desira malerusari muzin egin gabe, zori koitadua legez, etorkizun iluna susmatu eta susmarazi arren ezin baitie ehiztarien tiroei txiri egin.
Besterentzako haurdunaldia legeztatzearen alde
Legegintzak batzuetan jendartean ohitura bilakatu dena bermatu egiten du, beste batzuetan gehiengoak nahi duena aldarrikatzen du. Herrian dabilenari erantzun egiten dio, ondoren etorri ohi da.
Aldiz, Frantzian Robert Badinter gehiengoari aurreratu egin zitzaion, gehiengoa aurka zuela bultzatu eta aldarrikatu baitzuen heriotza-zigorra debekatu zuen legea.
Abortoaren legea Elisabeth Badinter filosofoak mamitu zuen, Roberten emazte feministak.
Orain ere besterentzako haurdunaldia legeztatze lanetan buru-belarri dabil Elisabeth Badinter.
“Sabela alokairuan”, “alokaturiko ama” eta antzeko esamoldeak ez dira oso egokiak, aditzera ematen baitute eramaileak sabela lonja edo garajea bailitzan diru-truke akuratzen duela, eta hori ez da horrela: Australian, Erresuma Batuan, Zelanda Berrian eta Kanadan eramaileek ez dute dirurik jasotzen, Frantzian ez dute jasoko. Arazoak dituen emakume bati laguntzeagatik egiten dute. Frantzian ez dute “akurako sabela” eta gisako mespretxurik onartzen; “gestation pour autrui” deitzen zaio, besterentzako haurdunaldia. Eta ingelesez berriz “surrogacy” (latinetik, “subrogare”: ordeztu).
FRANTZIAN
Aukera berri honi dagokionez, Frantziak primeran jokatu du: besterentzako haurdunaldia debeku zen, baina urtero laurehun bat bikotek jotzen zuen Kaliforniara, Erresuma Batura, Belgikara, eramaile baten bila. Ugaltzeko turismo deitu izan zaio. Gero Frantziara itzuli eta filiazioa ezartzeko orduan arazoak sortzen ziren sarritan.
Zer egin? Ostrukarena, Espainian bezala, hots, jakin arren egin egiten dela, aberatsek egin dezatela behar bezala Kalifornian 100.000 dolar ordainduta eta txiroak berriz hor konpon, betiko txapuzak? ABC egunkariak berriki erakutsi du Interneten bidez hainbat tratu ilun gauzatu egiten dela. Noski, hor ez dago ez berme juridikorik, ez sendagileen laguntza ofizialik, ez asmozko gurasoentzako edo eramailearentzako inongo babesik. Eta horrela jarraituko dugu oraingoz.
Aldiz, Frantzian besterentzako haurdunaldia arauturik duten hainbat Estaturen legediak aztertu eta eztabaidatu dituzte, eta berehala aldatuko dute 1994ko debekua. Erresuma Batukoa hartuko dute batik bat aintzat.
ERRESUMA BATUAN
Erresuma Batuan 1985az geroztik 600 bat ume jaio dira besterentzako haurdunaldia legeztatzeari esker. 1985ko legeak ez du eramaileak dirutza jasotzerik onartzen, ezta jardueraren publizitaterik ere. Bikote antzu batenganako ekintza eskuzabaltzat hartzen dute.
Eramaileak diru-saririk jasotzen ez duen arren, haurdunaldiak dakartzan gastuak ordaindu egiten zaizkio (arropa berezia, sendagilea, botikak…). Adituek 9.000 eta 20.000 euro bitartean dabilela diote haurdunaldi bakoitzeko.
Bi bikoteen arteko akordioa ez da loteslea, eta egia da inoiz frustrazioa eragin izan duela. Behin batean asmozko gurasoak ez ziren jaio berriaren bila agertu.
Eramaileak haurra beretzat gorde nahi badu, egin dezake, eskubidea du. Ia inoiz ez da gertatzen. Behin batean gertatu zen, eta Helegite Epaitegiak eramaileari haurraren zaintza ukatu zion. Ez omen zen gai bere seme-alaba biologikoak ere behar bezala zaintzeko. Epaileak umea aita biologikoaren esku utzi zuen. 2007. urtea zen.
Umea munduratzean, jaiotza-ziurtagiriak eramailea eta bere senarra izendatzen ditu haurraren legezko guraso. Orduan, eramailearen senarrak uko egiten dio ofizialki aitatasunari, aita biologikoaren alde. Zenbait asteren buruan asmozko gurasoak legezko guraso bilakatuko dira, bigarren jaiotza-ziurtagiria jasoko baitute, haurraren guraso gisa bien izen-deiturak erakusten dituena.
KEZKA ETA BELDURRA
Ulergarria da zenbait feministak, besteak beste, beldurra erakutsi izana, emakumearen sabela merkatugai eta salerosbide bihurtuko ote duen kapitalismoaren kaos gupidagabeak. Ugari dauzkagu bokaziozko txuloputak edo bestelako txuloak, eta berehala letorke neskalaguna besteren umea eramatera behartuko lukeena, eta dirua beretzat, txuloarentzat. Hain zuzen hori eragoztera dator araua, zaintza, kontrola, argitasuna.
Frantzian emakumeak dira oroz lehen besterentzako haurdunaldia arautuko duen legedia prestatzen ari direnak, eta Kaliforniako eredua da kosta ahala kosta eragotzi nahi dutena, alegia, besterentzako haurdunaldia anabasazko azokan harrapaturik gera dadin, negozio bilaka dadin, tripen merkadillo.
Hori dela-eta, Erresuma Batuan bezala, Frantzian ere asmozko gurasoek ezingo diote eramaileari diru-kopuru jakin batetik gora ordaindu. Arazo ekonomikoak dituen emakumea ezingo da eramaile izan, ezta ikaslea ere. Hori hurbildik kontrolatuko dute.
BESTE ARRISKU BAT: ERAMAILEA DAMUTZEA
Beste arrisku bat, eramailea sabelean duen haurrarekin zaletzea eta erditu ostean damutu eta asmozko gurasoei eman nahi ez izatea da, Erresuma Batuan behin gertatu bezala. Frantzian, aipatu Elisabeth Badinter eta Nadine Morano dira beste batzuekin batera legedia berria jorratzen ari direnak. Hiruna ume eduki dituzte. Morano UMPkoa da, Sarkozyren laguna. Familiaren Estatu Idazkari izendatu dute martxoan.
Ez batak ez besteak ez dute uste eramailearen eta umekiaren artean derrigorrez sortu behar duenik ezin hautsizko lotura afektiboren bat. Ama izan denak eta haurdun izan denak aise ulertzen du amatasunaren eta haurdunaldiaren arteko bereizketa, haurdun izan zaitezkeela ama izateke. Aldez aurretik baldin badakizu eta hitzarmen batean onartu baldin baduzu haurra obozitoak eta semena jarri duen bikoteari emango diozula, ia ez da arazorik izaten, Erresuma Batuan hogeitaka urteko praktikak frogatu bezala. Aldi berean joango da umea handitzen eramailearen sabelean eta amaren bihotzean.
Dena den, Frantzian, eramaileari, erditu ostean, hiru eguneko epea emango zaio baezpada ere. Damutuko balitz, umea beretzat.
Hemen Giza Eskubideen aldarrikapen abstraktu bezain merketik urruti gabiltza: korapilatsuak dira ebazpenak, zailak eta ertz ugarikoak. Agintarien eta legelarien erabakiak sarritan ez direla aizkorakadak oroitarazten digute, baizik labirintoak.
Ika-mika sortu da: Elisabeth Badinter ez bezala, Nadine Morano ez dago ados damutzeko hiru eguneko epea ezartzearekin. Dioenez, ezarpen hori ulergarria litzateke eramailea aldi berean obozitoak jarri dituen ama biologikoa ere izan litekeen herrietan. Baina Frantzian bazterturik dago aukera hori, eramaileak eraman baizik ezingo baitu egin: espermatozoidea eta obozitoa asmozko gurasoenak izango dira. Halatan, Moranorentzat ez du zentzurik damutzeko aukerari eusteak.
Eta egia esan legegileei zaila gertatu zaie erabakia hartzea, baina nahiago izan dute haurra eramailearen esku utziz asmozko gurasoen frustrazioa pizteko arriskua nozitu, eramaile damutua eta umea bereizi behar traumatikoari aurre egin behar izatea baino. Senatuak Erresuma Batura bidali duen Komisioak onartu egin du dagoeneko.
ERAMAILE ALTRUISTA
Bestalde, legeztatzearen etsaiek emakume eramaileak beti eta ezinbestez bilatuko duela mozkina zabaldu dute. Ez da egia. Carol O’Reillyk hogeita hamasei urte ditu. Hiru seme-alaba dauzka bereak. Eta bost bider izan da eramaile (bere obozitoekin, hori bai). Haurdunaldiak on egiten diola dio, eta haurra hazteko eta hezteko erantzukizuna bere gain hartu nahiz ez duen arren, pozez txoratzen duela umetokirik gabeko emakume bati lagundu ahal izateak, xentimorik jaso gabe bada ere. Zeharo sinesgarria gertatzen da. Gerora gainera eraman dituen haurrekiko harremanei eutsi die, izekotzat hartzen dute: besterentzako haurdunaldia familia zabaltzea izan da Carol O’Reillyrentzat.
ERAMAILEEN ARTEAN, ERDITZE OSTEKO DEPRESIORIK EZ
Bestalde, Geneviève Delaisi de Parceval psikoanalistak, besterentzako haurdunaldietan adituak, dioenez, eramaileak ez du inoiz erditze osteko depresiorik pairatzen. Aitzitik, ama arrunten artean, gurea bezalako herrialde garatuetan, %15ek nozitzen du depresio mota hori.
Eta eramaileak zergatik ez? Delaisi de Parcevalen ustez, batetik, eramailea aurretik ama izan da eta badaki zertan den haurdunaldia. Bestetik, ez denez bere haurra izango ez da horrenbeste agobiatzen: ez dio haurrari gela prestatu behar, ez du umea hazteak dakarren erantzukizun astuna bere gain hartu beharko, ez ditu gurasoak eta bikotekidea etengabe gainean, umekia nola ote doan arduraturik…
Azkenik, ongintzan dabilelako uste sendoak, bere baitan garbi sentitzeak beste emakume bati mesede benetan erabakigarri bat egiten ari zaiola, ordainik gabe gainera, alaitu egiten du. Ondorioz, ohiko amena baino arinagoa izaten da eramaileen haurdunaldia, bozkariotsuagoa.
BENETAKO ALTERNATIBA
Benetako alternatiba ez da: batetik debekatu eta beraz ez da egingo; eta bestetik legeztatu eta beraz egingo da.
Baizik eta, bioteknologiari esker egin daitekeenez: batetik legeztatu eta, legea zentzuzkoa izatekotan, txukun samar egingo da; eta bestetik debekatu, eta hala ere egin egingo da, baina aberatsek atzerrian eta berme juridiko eta medikuntzazkoekin eta txiroek berriz era ilun eta txapuzeroan, sarritan eramailearen eta umekiaren osasuna ataka estuan jarririk. (Legez kanpo dagoen bitartean, nekez erabil dezakete txiroek besterentzako haurdunaldia, ez badute sendagile eta abokatuen kolaborazioa erdiesten. Dena den, erabili erabiliko da, abortoa ilegala zenean bezala: lardaskeria nagusi eta ama-haurren bizia arriskuan.)
Legeztaturik zein legez kanpo, gertatu egingo da asmozko gurasoek eramaileari diru gehiegi emango diotela, sabelak alokatu egingo direla, eta abar. Baina besterentzako haurdunaldiak legearen babesa ukanik, medikuen eta zerbitzu juridikoen laguntza izango du bederen jokabide eskuzabal horrek, eta ez da besterik gabe ebakiko ama-alabek, ahizpek, adiskideek, emakumeek, elkarri laguntzeko senti dezaketen gurari ederra.
LABUR
Erresuma Batuan eta Frantzian, legeak babesa ematen die besterentzako haurdunaldia soilik lagundu nahiak bultzatuta erabili nahi dutenei. Aldiz, gaur egun Espainian, baldin minbiziak zure alabari umetokia hautsi badio, eta hala ere bere haurra ekarri nahi badu, eta zu gertu baldin bazaude alabari laguntzeko, bere haurra zure sabelean bederatzi hilabetez eramanda, debekaturik duzu.
Harritzekoa baita Elizaren seta, errukia bezalako bertute kristau batek ondorio errealak ekartzearen aurka. Zer da bestela, errukia eta lagun hurkoaren oinazea baretu nahia baizik, eramailea adiskidearen umekia sabelean eramatera bultzatzen duena, edo alabarena, edo ahizparena, edo umetokirik gabeko edozein emakumerena? Horixe da ordea gaur egun galerazirik duguna, eta ez da gogo handirik sumatzen konponbidea bilatzeko.
Espermatozoide ezezaguna
Ugaltzeko orduan orain arte ezinbestez loturik zetozkigun hainbat egitate, gaur egun teknobiologiari esker bereiz ditzakegu. Espazioari dagokionez, obozitoak eibartar batek Eibarren jar ditzake, eramaileak haurdunaldia Kalifornian igaro eta legezko ama, umea zainduko duena, Parisen bizi. Naturak bildurik zekarrena gizakiak askatu egin du.
Baita denborari dagokionez ere. Orain isuritako semena, edo obulua, edo oraintxe sorturiko enbrioia, izoztu daiteke, gurasoak gazte direlarik, eta berrehun urte barru, gurasoak aspaldi hilik direla, ekarri daiteke bizira. Horrek, aukeraren berritasunak eta ezusteak eraginiko harriduraz gain, arazo ontologiko eta juridikoak sortzen ditu, ez baita garbi ikusten izaki horren estatusa, ez dago definiturik.
Bestalde, semen emailearen anonimotasuna orain arte zorrozki gorde izan da. Ordea, badira intseminazioz sorturiko umeak behin heldu izatera iritsi eta anonimotasun hori hausteko borrokan dabiltzanak.
Arthur Kermalvezen-ek liburu bat argitaratu berri du, autobiografikoa, “Espermatozoide ezezagun batetik jaioa”. Hazia jarri zuena ezagutzeko eskubidea aldarrikatzen du. Gurasoengan maitasuna eta araua aurkitu ditu, gurasotasuna. Ordea, bere jatorri osoa ezagutu nahi luke, sekretismoak semen emaileari berez behar ez lukeen mamuzko garrantzia eransten baitio, absentziak gehiegizko distiraz apaintzen omen du.
Esperientziak dio anonimotasuna desagertuz gero hazi emaileak nabarmen gutxituko liratekeela. Ez baita harritzekoa. Pentsa, duela hogei urte ospitalean fusila garbitu zenuen, diru apur bat lortu eta San Mamesera joan ahal izateko. Ahaztua zenuen. Baina orain hor datorkizu friki bat “aitatxo, aitatxo, maite zaitut!” xuxurlatuz. Gainera, bien bitartean negozioak ondo joan zaizkizu eta susmoa duzu zure masturbazioaren ondorioa ez ote datorren herentzia usainak erakarrita, anaiarreba arruntekin lehiatzera.