Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Aliketak begian iltzaturik

Aliketak begian iltzaturik

Markos Zapiain 2010/04/26 14:43

Gure ikasle Mihnea errumaniarra da sorkuraz. Hirugarren mailan dabil. Duela soilik zazpi bat urte etorri zen arren Bermeora hirugarren maila osoko notarik onenak ateratzen ditu Euskaran; langilea da, zintzoa.

Haratusteetan lagunekin zegoen, lokalean. Mihnearen lagun batek aliketa batzuk bota zituen besaulki baten aurka. Aliketak errebotatu eta Mihnearen begian sartu ziren eta bertan inkatu. Hamaika mila bider nahita ahaleginduta ere inork ez zukeen halakorik lortuko.

Mihnea hasieran ez zen ohartzen aliketak begian sartuta zituela. Lagunek jakinarazi zioten. Aliketak bota zituena Mihnearen begitik ateratzen saiatu zen, baina besteek geldiarazi zuten: txarra da, nerbioak eta zainak kalte litzake eta heriotza ekarri. Anbulantziari deitu eta aliketa begian zuela eraman zuten ospitalera. Han atera zizkioten azkenik.

Begi horretako ikusmena galduko du.

Etika, bizitzak goibelaldia eta kexatzeko arrazoi ugari dakarkizunean, erabaki sendo batez inertzia ilunari aurre egitea da besteak beste, eta putzutik ateratzeko deliberamenduari eustea. Mihnea ikastetxean dugu berriro. Minutu bat ere ez du alferrik galdu aliketak bota zituenari bere zoritxarraren errua leporatzen. Miresgarria da gaztearen jarrera, eta bakana, gaizki jartzen zarenean lehenbiziko erantzuna errudun bat bilatzea izaten baita, zure malura husteko jopunturen bat. Zailagoa da, baina helduagoa, eta kasu honetan, behintzat, egiari lotuagoa, onartzea azken batean ez dagoela errudunik.

Inoiz ez du ikusmena berreskuratuko, baina begi bakarrarekin aurrera egingo du.

Mihneak badu lehengusu bat, Ionut, aurten ikasle daukadana. Mihnearen ifrentzu pikaroa da, alfer galanta, gezurti porrokatua. Tragediaren hasieran benetan hunkituta zegoen eta ez zen ikastetxera etortzen Mihnea koitadua kontsolatzearren. Ez etortze hori luzatu egin da ordea. Azkenik, Mihnea Institutura itzuli bada ere Ionutek zeozer kontsolatzen jarraitu du antza, bere burua apika, azkengabeko piran.

Gaur etorri da azkenik. Ikaskide taldetxo bat zuen inguruan eta kontatzen ari zitzaien: “Eta Bartzelona futbol taldekoek telefonoz deitu zidaten, beraiekin joka dezadan eskatzeko. Baina komunean nengoen ordea kaka eginean eta ez nintzen telefonoa hartzera heldu.” Ohar bedi kaka egiten ari zela, ez pixa; telefonoa hartzera ez altxatzeko motiboa horrela pisutsuagoa baita, sinesgarriagoa. Xehetasunak zaintze horretan nabarmentzen da kontalari ona.

(Behin batean, Zizek-ek, frantsesez mintzo zela, lapsus bat izan zuen: “Alferrik da, bueltan datorkizu, haizearen aurka kaka egitean bezalaxe” bota zuen. “Haize sendoa, alajaina” erantzun zion Jacques-Alain Miller-ek.)

 “Eta zergatik ez zenien zuk gero deitu, zeure telefonoan agertuko zen Barçakoen zenbakia.” “Ez ba, llamada oculta zekarren.”

Entzule bakar bati ere ez zaio kaskotik pasatu galdetzea nola arraio dakien orduan Barçakoak zirela, baina kontakizunaren beroan horrek ez du garrantzirik.

“Hori zorte txarra, Ionut. Munduko futbol klubik onena hire atzetik eta ezin kontaktatu”.

“Bai ba, motel; baina iritsiko duk egun handia.” 

Denbora aurrera, Ionut ohartu da bere istorioan zerbaitek kirrinka egiten duela, eta biribildu egin du: ba omen zekien Barça zela, doi-doi 19:00etan deituko ziotela jakinarazi ziotelako.

“Eta zergatik ez zeunden 19:00etan prest?”

“Zazpiak hogei segundo gutxiagotan jo zidalako kakalarri-apretoiak.”

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.