Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Freud eta Onfray masturbazioaz 1

Freud eta Onfray masturbazioaz 1

Markos Zapiain 2010/05/27 13:33

Masturbazioaren inguruko auzia berritu du MIchel Onfrayren azken liburuak, “Freuden afabulazioa, Idolo baten gainbehera”. Egundoko zalaparta eragin du, Frantziako kultura-azpiegiturako hainbat muin jo baititu, besteak beste Paris-zentrismoa. Frantzian batetik Paris dago eta bestetik gainerako guztia, probintzia, eremua. Boterearen zaina Parisen dago: argitaletxeak, unibertsitate eta goi mailako eskolarik ospetsuenak, telebistak, psikoanalisiaren popeak. Jakobinoek garbi irabazi zuten.

Onfray berriz normandiarra da, eta girondinoa, hitzez eta egitez. Bere lana Parisen kokatzeko eskaintza potolo ugari izan duen arren, bere lurraldean gelditu da eta bertan mamitu ditu beraren bi proiekturik ezagunenak, Unibertsitate popularra eta Gustuaren unibertsitatea.

Frantziako psikoanalisia Paris izan da beti, aginte psikoanalitikoaren hariak Parisek mugitzen ditu, Marie Bonaparterengandik hasi, Lacanengandik igaro eta oraingo Jacques-Alain Miller eta Elisabeth Roudinescoganaino.

Eta Onfrayk Freudi buruzko obra mardul eta kritiko bat argitaratu du, historialari lan serioa, Freudi buruz dabiltzan hainbat legenda deseraikiz, hagiografia desegin eta datu historikoak erakutsiz (Freudek hainbat eriren berri xehea eman zuen idatziz, sendatutzat jo zituen, baina ez da egia; liberal progresistatzat saldu digute baina kontserbatzaile ezkorra zen; sexuaren askatzailea izan barik katea berriak ezarri zizkion; inolaz ere ez zen bakezalea; Mussolini faxistari dedikatoria adeitsu bat idatzi zion; eta abar).

Paristarren erasoa ikaragarria izan da. Roudinescok modu histerikoan zabaldu du sarean Onfrayren aurkako panfleto sektario bat, Basse-Normandiako presidenteari eskatu dio Unibertsitate Popularrari diru-laguntzak kentzeko…   

Eraso bortitz hauek erakutsi dute psikoanalisiak ez duela balio eztabaida batean lasai egoten ikasteko. Onfrayk pairatu behar izan duenak maila ugari dauzka; batetik, klase mespretxua: Bernard-Henri Levyk, Mayor Orejaren eta Redondo Terrerosen arteko aliantza bedeinkatu zuenak Ibarretxeren aurka, “nagusiari buruz zerbitzariaren ikuspuntutik” idatzi izana leporatu dio (oso familia pobrean jaio zen Onfray); bestetik, erdigunekoen mespretxua probintziakoei (Roudinescok “normandiar txabola batetik” aritzea leporatu dio); azkenik, eta arrazoirik ezean, irain parrasta: gezurti deitu diote, antisemita, faxista, kabroi, putakume, asmazio harrigarriak sareratu dituzte: Freuden liburuak irakurriz masturbatzen omen da Onfray…

Amatiño
Amatiño dio:
2010/05/28 00:42

Bai, arrazoi duzu. Hori guztia, onerako, munduak iraungo lukeen artean. Horregatik esan dut gustatzen zaidala. Baina esan ere esan dut "ez lukeela luzaro iraungo". Eta irauterik ez bada, ez da pobrerik babestu beharrik izango, ez delako pobrerik (ez besterik) izango.

Esan nahi dudana zera da, Onfrayren perfekzioa zu eta bion perfekziorik ezean datza. Zu eta biok berak dioena egingo bagenu (eta teoriaz egin beharko genuke) ez luke irauterik izango. Nolabait esateko, gure perfekziorik ezaren parasito bat da.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2010/05/27 22:57

Amatiño, beldur naiz Onfrayri pairagaitza litzaiokeela denok Onfray bezalakoak ginatekeen mundu bat; baina egia diozu, mundu honek ez luke luzaro iraungo: pobreak hobeki leudeke babestuta, agintea errotik dezentralizatuko litzateke, zigorgintza zentzudunago bilakatuko, eta abegikortasuna eta adiskidetasuna kolore zoragarri batek apainduko lituzke

Amatiño
Amatiño dio:
2010/05/27 18:07

Onfray tipo interesgarria da, gustatzen zait, batez ere bakana delako. Baina, behar bada, bakanegia. Ez dakit nola esan. Esangura dut, munduan denok Markos Zapiainen (edo Amatiñoren) modukoak bagina, segurutik ez genuke aurreraegi egingo, baina ezta atzeraegi ere. Baina denok Michel Onfray bezalakoak bagina mundu honek ez luke luzaro iraungo.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/05/29 12:22

Zuk aurkeztu duzun Onfray intelektual, idazle eta eragilea bat dator nik hartaz nuen irudiarekin, baina azaldu duzun Onfray semea, bikotea, anaia eta aita ez dira inondik ere nik gogoan nituena. Aldaketa bere mesederako da, baita nere argibiderako ere.

Ez nuen esangura erantzukizuna inoren mende bizitzea denik, egiazko frogak inork jarri behar dizkizula baizik. Basamortuko eremiten zintzotasuna ez da, ene ustez, aski.

Segurutik Onfrayk ez luke eredu unibertsala izan nahi. Baina ni ez naiz bere nahiaz ari, nere iritziaz baizik. Eta zuk hartaz azaldutako profila eredutzat hartzeko modukoa da. Zuri ere ezer gutxi falta zaizu beste horrenbeste egiteko, ala gaizki ulertu dut?

Mila esker nere informaziorik ezaren zulotik ateratzeagatik.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2010/05/28 20:44

Amatiño, Onfrayk ez luke inondik inora eredu unibertsala izan nahi.

Dena den, Argentan-en bizi da, sorterrian, eta zeharo txertatuta dago herriko bizitzan; ezkonduta egon zen eta orain badu neskalaguna, Dorothée; honek aurreko bikotekide batekin edukitako umeez arduratzen da; inertziazko loturarik ez baina hainbat konpromiso ezarri dizkio bere buruari eta bete egiten ditu (besteak beste, berak sortutako unibertsitate popularrean eskola astelehenero, ordu bete emateak hogeita hamar orduko prestatze lana eskatzen dio batez beste); berrogeita hamar urte bete ditu eta berrogeita hamar liburutik gora argitaratu du, beraz ezin ukatu lan apur bat, bederen, egiten duela.

Hori bai, saiatzen da inoren mende edo interes arrotzen edo diruaren baldintzapean ez bizitzen, adibidez bere liburuen saltzetik ateratzen duen dirutzatik argitaletxeari agindu dio nekazal langile batek (bere aita berriki hilaren lanbidea) irabazten duena baino ez sartzeko bere kontuan (bi mila euro inguru), baina salbuespenak egiten ditu: orain dela hilabete batzuk autoa apurtu zitzaion eta bigarren eskuko bat erosteko dirua argitaletxeari eskatu dio; aurreneko diru kopuru potoloa eskuratu zuelarik bere aitaren betiko ametsa bete zuen: biak elkarrekin joan ziren Ipar Polora; amarekin eta anaiarekin eta honen familiarekin primeran konpontzen da…

Saiatzen da aske izaten, baina hitza eta konpromisoa betetzea askatasunaren ezinbesteko ezaugarritzat dauka; esaterako, bere lagunen oso laguna da, oso fidela.

Agian benetako erantzukizuna ez da inoren mende bizitzea baizik zintzotzat dituzulako zure buruari onartzen dizkiozun interesei eustea.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2010/05/31 21:03

ez horregatik, Amatiño, nahiz eta txarto informatu zaitudan: Onfray ez da egundo ezkondu, lehenbiziko bikotekidea ere emazte barik compagne zen

bestalde, egia da, oso gutxi falta zait nire profila zizelkatzen amaitzeko guztiz eredugarri bilaka dadin, baina jendea zeharo itsua da eta kabroia, inor ez baita konturatzen

markos zapiain
markos zapiain dio:
2010/05/28 10:21

Amatiño, ez dizut ulertzen, ez baitakit Onfrayren zein gogoeta edo jokaera duzun zehazki buruan "ez delako pobrerik (ez besterik) izango", "berak dioena egingo bagenu ez luke irauterik izango", "gure perfekziorik ezaren parasito bat da" bezalakoak adierazteko orduan

Amatiño
Amatiño dio:
2010/05/28 18:37

Berriro irakurri ondoren ez nau batere harritzen zuk ulertu ez izanak, laburtu beharraren beharrez dena baita kriptiko samarra, makurregia. Ea beste behingo ahalegina, beti ere labur izan beharrari muzinik egin gabe.

Onfray berriketa gabeko tipoa da. Ez dago bera zalantzan, ezta bere emari oparoa ere. Bere aldez aurretikako zenbait oinarrizko jarrera baizik. Bere hainbat erabaki pertsonaletan bakanegia da, ez da nolabait esateko "eredu unibertsala", Kalkutako Teresa, monje tibetarrak edo klausurako lekaimeak ene ustez ez diren bezalaxe. Onak dira, bejondeiela, baina neretzat ez dira baliagarriak.

Hainbatean irakurri izan diot Onfrayri bere zenbait "askatasun-alarde". Ez da inoren mende bizi, ez doa ezein lantegitara lanera, ez du dirurik behar, ez du familiarik, ez emazterik, ez seme-alabarik, ez du loturarik, ez konpromisorik, ez dago ezein interesen baldintzapean... Beraz, erabat aske da.

Zenbaitek pentsa dezake erabateko askatasun hori onerako baino ez dela. Baina beste hainbatek pentsa dezakegu hori ez dela naturala, ez dela humanoa, egoera horrek errazago eraman gaitzakeela erantzukizunik ezera, benetako erantzukizunera baino.

Labur esanda, nik nahiago --sinesgarriago-- Michel Onfrayk auzo-elkartean parte hartuko balu edo seme-alabak eskolara eraman behar izango balitu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.