Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zizek eta tentsio etnikoak

Zizek eta tentsio etnikoak

Markos Zapiain 2010/05/07 16:06

Nondik nora bultzatu zuen Slavoj Zizekek Arnaldo Otegi eta Alfonso Sastreren Iniziatiba Internazionalistaren aliatu Izquierda Anticapitalista, Europako azken hauteskundeetan?

Zizeken iritziz, borroka askatzaileen artean komunismoaren aldekoari eman behar zaio lehentasuna, kapitalismoaren eta demokrazia liberalaren aurkakoari, multikulturalismoaren, feminismoaren eta giza eskubideen aldekoen gainetik. Gurean orain dela zenbait urte esango genuen klase borrokak nazio borrokaren gainetik behar lukeela. Multikulturalismo postmodernoa globalizazio kapitalistaren osagarritzat du Zizekek. Ez da egia hanburgerrak eta Coca-Cola etengabe irenstera behartzen gaituela. Globalizazioaren funtsa hobeki azaltzen du New Yorken bezala Parisen ere aurki ditzakezun afganistandar eta euskal jatetxe mordoak. Globalizazioak primeran kudeatzen du kultura diferentzia, aitzakiatzat baitarabil benetako gatazka geroratzeko, alegia, kapitalismoak eragiten duen milioika lagunen bazterketa eta heriotza.

Alta, politika ekonomikoa irauli eta razionalizatzeko bidean globalizazioa berez ez da txarra, aldaketa sakonak erraz baitizake. Globalizazioak Espainia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua bezalako estatuei erasango die; nazio estatu orain arte larderiatsu horiek Esloveniaren edota Estoniaren pare utziko ditu, eta horregatik dabiltza hain uzkur aspaldion, globalizazioaren aurrean trikuarena egiten (testuinguru honetan, beti bezain martinbero dabil frantses aunitz: euskaldunari elkartasuna eskatzera ausartu dira ingelesaren inperialismoari era eragingarrian aurre egiteko, hots, euskara ahantzirik eta frantsesez mintzo).

Esloveniarra da Zizek. Inguruko herrietako zurrumurruen arabera, berekoia eta bekaiztia da esloveniarra. Behin batean, maitagarri batek baserritar esloveniar tipiko bati esan omen zion eskatzeko nahi zuena, ase egingo zuela; hori bai, auzoko baserritarrari aurrenekoari halako bi egingo zion, mesede berdina baina bikoiztuta. Orduan aurrenekoak maitagarriari: “Ken iezadazu begi bat”.

Montenegro maiz astintzen dute lurrikarek, eta, esloveniarren esanetan, alfer galantak dira montenegroarrak; hainbeste non mutilek, masturbatzeko, lurrean zulotxo bat egin, zakila bertan sartu eta hurrengo lurrikararen zain gelditzen baitira.

Titoren garaian Jugoslavia barruko herri desberdinek barra-barra zerabiltzaten auzokoen aurka arrazakeriazko txiste gaizto eta lizunak. Zizekek ez du gutxiesten umore populista kutre hori. Tentsio etnikoak puztu egiten ditu autokontrol politikoki zuzenak eta aldiz bideratu eta baretu txiste gordinak eta esamesa maleziatsuak. Etnia desberdinen artean ezinbestean pizten diren tira-birak maltzurkeria horiek maiz kontatuta bilakatzen dira eramangarri. Itxura erasokorraren despit, gainera, normalean ez dira erabiltzen auzokoa benetan iraintzeko, baizik etor litekeen adiskidetasunaren oinarri eta akuilu gisa. Elkarbizitza helburu, halatan, kontua ez da txiste horien arrazakeria dela-eta sumintzea, baizik ironiaz zure gain hartzea txisteak adierazten duen klixea. Balkanetako gerra piztu bezain laster txisteak desagertu ziren.

1991n, Esloveniak, ordu arte Jugoslavian kokatua, serbiar gehiengoaren pean, independentzia aldarrikatu eta Jugoslaviatik alde egin zuen. Tariq Ali-k eta beste analista ezkertiar batzuek egoismoa leporatu zioten Esloveniari.

Lehentxeago, 1990ean, Habermasek esan zuen Eslovenia edo Kroazia bezalako errepublika ‘separatistek’ (komatxo artean beti Zizekenean separatistak, euskaldun zein balkandar) ez zutela aski mami demokratiko estatu moderno subirano gisa irauteko. Topiko horren arabera, Jugoslaviako etnia guztien artean serbiarrena zen bere estatu propioa egikaritzeko gai zen bakarra.

Gero, 90eko hamarraldian aurrera, are Milosevicen kritikari demokratek ere, serbiar nazionalismoa arbuiatzen zutenek, ustekizun horren berorren arabera jokatu zuten, alegia, Jugoslaviako errepublika ohi guztien artean Serbiak baizik ez zuela aski ganora demokratiko: Milosevic eraitsi ostean, Serbia independentea loratu eta estatu moderno bilakatuko zen; gainerako errepublika ohiak probintziakoegiak ei ziren beren estatu demokratiko bereiziei eutsi ahal izateko.

Zizekek dioenez, uste ustel horren azpian ezkertiarren artean bolo-bolo dabiltzan aurreiritzi eta dogma arriskutsuak ezkutatzen dira: nazio txikiek ezin dutela benetako demokrazia moderno legez funtzionatu, eta, beren kabuz ibiltzen utziz gero, ezinbestean itzultzen direla komunitate itxi protofaxista izatera.

Ideia hauetan Zizekek Friedrich Engelsen ohar ospetsu baten oihartzuna ikusten du: nazio txikiak erreakzionarioak dira politikan, beren existentzia bera erreakzio hutsa baita, iraganeko hondakina. Aurreiritzi horiek “arrazakeria bihurkaritzat” jotzen ditu Zizekek: bere burua moderno eta aurrerakoi ikusi ahal izateko bestea arrazista eta intolerantetzat jo beharra duen arrazakeria mota.

Zizekek Habermasi abertzaletasun konstituzionalaren kontzeptua asmatu izana egotzi dio, besteak beste. Ekarpen hori dela-eta, Aznarrek Habermas Espainiako filosofo ofizial izendatzea proposatu zuen. Hitzaldia egin zuen Madrilgo Parlamentuan eta Asturiasko Printzea saria eman zioten.

Zizekek dio: “Ez gaitu harritzen euskaldun ‘separatistek’ mesfidantzaz erreakzionatu izana, Habermasi ‘alemaniar nazionalista’ izengoitia jartzera heldu baitziren, aspaldiko argumentu ‘leninista’ berreskuratuz, hots, tentsio etnikoa bizi duen Estatu batean, identitate etnikoaren aurreko jarrera indiferenteak, itxuraz ‘neutroak’, estatuko kide guztiak hiritar abstraktu huts izatera mugatzeak, talde etniko ugarienari egiten diola praktikan mesede”.

Zentzu horretan, goitik behera egiten du bat Zizekek euskaldun separatistekin. Eta separatista hitza beti komatxo artean kokatuz apika aditzera eman nahi luke “separatista” izenak dirauen bitartean irudi lukeela bereizten den herriak lotura ikusgaitzak gorde behar dituela herri ordu arte menperatzailearekin; eta Zizekek ez lioke etnia agintari ohiari zentraltasun semantikoak adierazten ohi duen nagusitasun enpirikoa aitortu nahi. Independizatzen den herria ugazabarengandik bereizten bada ere, azpimarragarriagoa da bere baitara datorrela bizitzera, hein batean noski.

Estatu nazio handiek herri txikiak biktima gisa baino ez dituzte maite izaten, errukigintzaren sustatzaile: lagun diezaiegun koitaduei bizirik irauten, baina beti ere gure gidaritzapean, beren kabuz ezingo dute asmatu; edo bestela apaingarri folkloriko gisa, beren dantza eta hizkuntza zahar liluragarri eta ama-lurrari loturiko jakinduria holografikoarengatik. Ordea, ekimen politikoa beren gain hartu nahi dutenean berehala laidotzen dituzte: egoista, terrorista. Haatik, ekimen politikoa bere gain hartzea, horixe izaki Zizekentzat herri txikiaren aurreneko betebehar etikoa.

Zizek ez da nazionalista; hain zuzen, Esloveniako politikan engaiatu zen Titoren osteko aroan hango botere osoa gera ez zedin nazionalisten esku. Hala ere, bere kabuz pentsatzen duen marxista kritikoa den neurrian, gogor kritikatu die mendebaldeko hainbat ezkertiarri, Kosovoko ezkerrari aurpegiratu izana independentzia lortzeko lanetan bere bihotz kolektibista traizionatu eta AEBen esku jartzea; Esloveniaren eta Kosovoren independentziaren alde egon da Zizek. Edozein gisaz, Slavojen aholkua: behin independentzia erdietsirik, euskaldunok gehiengoa izatean, ez dugu Euskal Herriko gutxiengo espainola erabili behar haiek gu erabili gaituzten bezala. Aintzat hartuko dugu, lagun: ez zaigu nekeza egingo gizabidetsu eta zibilizatuagoki jokatzea.

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.