Auto-istripua eta suizidioa
Abantaila eta onura piloa ekarri dizkigute autoek: ziztuan heldu gaitezke urrutira, autonomia besteak beste sexu harremanetan, gure ama lurra ezezagunak zitzaizkion gasez eta porlanez apaindu, aberastu eta harritu digute; gainera, suizidari bere ekintza lotsagarria disimulatzeko aukera eskaintzen diote. Autoa zure burua hiltzeko bitarteko perfektua izan liteke, batez ere suizidio-izaera ezkutatu nahi baduzu.
Badira suizidioa ingurukoen arreta eta errukia erakartzeko egiten dutenak. Antzezlan horien ondorioz, jakina, ez dira hiltzen.
Aitzitik, beste batzuek benetan nahi dute hil eta bi ekintza konbinatzen dituzte, batek huts eginez gero besteak eramango dituelakoan. Adituek bereizten dituzte suizidio konbinatu primarioa eta suizidio konbinatu sekundarioa. Bigarren honetan, soilik lehenbiziko ekintzak kale egin ostean ahalegintzen da suizida bigarrenarekin, jarraian. Nirvanako Kurt Cobainen kasua: aurrena sobredosiaren bila, txutea, kale; eta hurrena tiro. Aldiz, suizidio konbinatu primarioak aldi berean erabiltzen ditu bi metodo, edo gehiago.
Hemen kokatzen da auto-istripuaren erabilera, suizidio konbinatu primarioan: autoan zoazela pozoia irentsi eta, bada ez bada ere, hiltzeko aski ez balitz, autoa kontrako norabidean sartu eta lastertasun osoan ipintzen duzu. Ziurrenik, bietako batek, bederen, arrakasta erdietsiko du. Ez da harritzekoa auzitegi-medikuek eska dezaten heriotzaren benetako kausa tentuz azter dadila, batez ere istripuan auto bakar bat badago inplikatua eta gidaria baizik ez badoa barruan.
Izan ere, suizidiorako joera duen jendeak maiz erabiltzen duen arren autoa bere burua suntsitzeko, istripu horiek, hala ere, oso gutxitan hartzen baitira suizidiotzat; ez gizarteak baina ezta suizidak berak ere, auto-istripu asko zure burua suntsitzeko bulkada erdi inkontziente baten ondorio ere izan bailiteke.
Frantzian hogei mila lagun inguruk egiten omen du urtero bere buruaz beste; Espainian berriz 2008an 3.421 lagunek baino ez. Auto-istripuz hildakoen kopurua berriz goiti eta goiti etenik gabe. Azalpena: espainol mordoa suizidatzen da auto-istripuz, eta arrakastaz ezkutatzen du suizidio-izaera, dela suizidioak oraindik dakarren estigma saihesteko, suizidioa tabu baita oraindik (jendeak nahiago du jendaurrean ama auto-istripuz hil zaiola esan, buruaz beste eginda baino); dela bizi-aseguru polizaren kobratzea ziurtatzeko, bizi-aseguru batzuk ez baitira ordaintzen suizidioa delarik, baina bai aitzitik auto-istripua izanez gero.
Irakurri berri dudan kasua azken honi dagokio. Hilotza ondo aztertuta bala-zulo bat aurkitu zioten kokotean; ikertu, eta berriki kontratatua zuela aseguru-poliza eta erosia pistola, legez kanpo.
Horregatik da garrantzitsua auto-istripuetako biktimei autopsia txukun bat egitea. Beharrezkoa da ikerketa nekropsikoa (zeren baliteke ere gidaria kausa naturalek jota hil izana). Sevillako auzitegi-medikuak kexu ziren, Espainian sarritan auto-istripuaren ondoren hilotza linternaz apur bat argitu eta “sí, Flamarique, está muerto, se ha chocado con el árbol, accidente contra árbol, apunta”; auto-istripuz hilikoa, haatik, suhiltzaile katalana bezain enigmatikoa izan daiteke, suhiltzaile katalanak adina ezusteko gorde lezake.