Amamaren eta hungariar misteriotsu baten arteko amodio eragotzia
Sendi guztietan gogoratzen dira beti istorio jakin zenbait, sarritan oso politak, behin eta berriro errepikatzeagatik ere gustagarri gertatzen direnak. Gurean kontatzen direnen artean bat aukeratu behar izanez gero, hauxe litzateke ziur aski:
Amama gerra zibilaren ostean erbestetik Irunera itzuli zen, ordurako alargun, gure amak hiru hilabete zeuzkala alargundu baitzen, 1940an. Denda txiki bat zabaldu zuen. Behin batean, 1945 edo 46an, gizon handi bitxi bat denda aurrean gelditu zen, galdurik bezala. Bibotea zeraman, Nietzscherenaren edota Ramon Etxezarretarenaren gisakoa. Amama errukitsua genuen, laguntzera emana. Gizonak azentu arraro bat zeukan. Urantzu karrikan igaro zuen gaua, bertan bizi baitziren amama, ama eta izeba batzuk; arropa eta hazkurria eman zioten. Frantziara igaro nahi zuen, bertan omen baitzuen AEBera eramango zuen kontaktua.
Gizonaren gutun bat iritsi zen handik pixka batera, Ondarretako espetxetik; mugan atzeman eta bertan sartu eta itxi zuten. Orduz geroztik, Ondarretan atxiki zuten bitartean, maiz joaten zitzaizkion amama, izeba Kontxi eta ama janaria eramatera, arropa ere bai. Gure amak bost-sei urte izango zituen.
Hungariarrarekiko elkarrizketetarik Budapesten deskribapenak oroitzen ditu amak, nola garai batean batetik Buda zegoen, aberatsagoa, eta bestetik Pest, txiroagoa, eta biak elkartuta sortu zuten Budapest.
Halako batean hungariarra askatu egin zuten.
Zenbait hilabeteren buruan, hungariar misteriotsuaren gutun bat jaso zuen amamak AEBetik: hara joateko berekin ezkontzera eskatzen zion.
Amamak ordea buruhauste franko zuen Irunen: gurasoak eta ahizpak, bera baino gazteagoak guztiak, erreklamatu behar zituen, Frantzian baitziren artean, Poitiersen; alaba txikia aurrera atera; denda…
Frankismo bete-beteko katolikotasun itogarriak, gainera, emakume alargunari ez zekarkion oztopoa baizik bizimodu berri bati ekiteko orduan, bikote-maitasuna berpizten ahalegintzeko orduan. Senar hilari fideltasun erabatekoa zor zion alargun gazteak, hil artekoa. Giro ideologiko horrek ere izango zuen eragina maitasun-ernamuin hura eteteko orduan, amamaren eta hungariar ziur aski nazi haren artekoa.
Zergatik nazia? Aliatuak sartu zirenean alde egin bide zuen Hungariatik. Espainiatik Frantziara igaro nahiak bitxia eman lezake, nazi batek ez baitzukeen inongo arazorik izango Espainian, alderantziz, eta Frantzia berriz askatu berria zen. Kontaktua Frantzian zuen haatik. Eta nazia bazen AEBra kosta ahala kosta joan nahi izatea ere ulergarria da, beste nazi askok ere han aurkitu baitzuten lasaitasun babestua.
Georges Sorosen aitzindariren bat izango zen apika, eta testamentua egitean ez du gaztaroko bat-bateko maitemin hura ahaztuko.
ez diat hautatu, xaun, amama deitu genioan beti, auskalo zergatik
orain gure familian hondarbitarrari eta oreretarrari "amona" deitzen zieagu baina irundarrari berriz "amatxi"
uste diat "amama" eibar-bergara inguruan erabiltzen dela; hemen bermeon "amuma"
eta bermeoko txibitxiaga auzoan azkenik "kilunte", arrunt bitxia