Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Giza kaka kontuak

Giza kaka kontuak

Markos Zapiain 2010/05/28 08:40

Sir Robert Burtonen “Malenkoniaren Anatomia” liburuak apaiz predikatzaile ospetsu baten kasua dakar. Alkmaar-en bizi zen, Herbeheretan, eta mendi buelta egiten ari zela sabelminak jo, eliztar batzuek kaka egiten ikusi, eta lotsaren lotsaz apaizak meza emateari utzi eta azkenik etxetik ateratzeari ere utzi omen zion.

Zorionez zein zoritxarrez, gainditzen ari gara kakaren aurreko lotsa hura. Gure ikasleen gai gogokoenetakoa da. Tabernetan beren azken mokordoak zein pintxoren antza duen zehazten dizute (ia beti bakailao iluna tipulaz estalia, ez dute bat ere osasuntsu jaten).

Zurrumurruek ez dute gizakia Berpizkundeko humanistek bezala ikusten, hots, kreazioaren gailurra, munduko ginga, ez; hurbilago dute Luther, zeinarentzat gizakia Jainkoaren ipurtzulotik eroritako gorotza baita. Hain zuzen, kaka egiten ari zela jo zuen Luther bere inspirazio gorenak, fedearen bidezko salbazioaren argitasunak.

Norman O. Brownek dioenez, aurrerapauso hauxe egin zuen Lutherrek: mendebaldeko gizakiaren salbabide tradizionalari mozorroa erantzi zion, hots, sublimazioa arbuiatu zuen. Lutherrek hainbeste azpimarratzeak jatorrizko bekatua, zera adierazi nahi omen du: berdin dio uzkitasuna zenbat sublimatzen den; azken batean, gizakia beti izango baita kakatsu. Lutherrek tenteltzat jo zuen mundualdi honetan gorputza gainditu nahia.

Esan bezala, bestalde, Lutherren argitzapena komunean jazo zen. Lutherren Deabrua, gainera, uzkitasuna duzu oroz lehen. Arrazoibidea biribiltzeko, Max Weber oso ondo ezagutzen duen Norman O. Brownen ustetan, Lutherren teologian kapitalismoa Deabruaren mamitzea da.

Tirrit-hari honi tiraka, ekar dezagun hona hiri-kondaira nabarmen bat: senar-emazteak dauzkagu, arruntak. Emaztea garbizale amorratua, etxea goitik behera eta sakonki garbitzen du etengabe, nonahi sumatzen baitu mikrobioen arriskua. Presio handia egin zion senarrari tabakoa utz zezan, etxea zikintzeaz gain bihotzekoak jo baitzion. Eta senarrak utzia du ofizialki. Noizbehinka hala ere komunean kisketaz itxi, leihoa zabaldu eta kirol egunkaria irakurri bitartean zigarroa pipatzen du, gozamen handiz.

Emazteak gaur bereziki ongi garbitu du dena, eta errematerako garbikari txorrotada oparo bat isuri du komun zuloan, erdi amoniako erdi alkohol erretzaile, osagai kimiko kiskalgarri bat duena, edozein bakteria behin betiko akabatzeko modukoa.

Bukatu du senarrak kirol egunkariaren irakurtzea, bota du zigarrokina izter artetik eta… komuneko urak su hartu du. Senarrari infernua igo zaio komun zuri ikaragarri garbiaren azpitik. Sugarrak beheko ileak kiskali dizkio, ipurdia, barrabilak, inguru delikatu hori guztia erre dio. Auzo osoan entzun dituzte izuzko garrasiak.

Emazteak zezenaren indarraz komuneko atea bota eta ez du tutik ere ulertzen: senarra lurrean oihuka, toaila busti bat izter artean, dardaraka eta bihurrikatuz.

Ez al zuen senar biziotsuak horrelako zigorra merezi? Infernuko sua, bekatari askok ez dute beste hizkuntzarik ulertzen...

---

Orain datorren pasadizo hau egia balitz bezala kontatzen da oraingoz, baina hiri-kondairaren ezaugarri guztiak dauzka: badira Interneten bikotekidea bilatzeko webgune arras arrakastatsuak, Meetic eta beste batzuk. Gizon heldu seduzitzaile batek Meeticen bidez hainbat emakumerekin ligatu du. Bilbon eta inguruan ibiltzen da. Oso erakargarria da, garaia, dotorea. Lehenbiziko elkarketak hoteletan egiten ditu. Ondoren, gizonaren beraren etxean. Azkenik, emakumearen etxean.

Orduan, sexu-jolas gisa, ohe gainean datzan andrea lotu egiten du, eskumuturrak eta batzuetan orkatilak ere bai. Behin andrea lotuta, kaka egiten dio gainean eta mokordoa bertan utzirik alde egiten du. Batzuetan andrea ez da bakarrik bizi, ezkondua izaten da eta ordu erdi barru itzuliko dira seme-alabak eskolatik...

---

Azken-aurreko, literatura: “Ipuin izugarriak” bilduman, Xabier Mendigurenek apailatua, azkeneko ipuina Harkaitz Canok idatzia da, eta film batetik jasoriko pasadizoa kontatzen du. Neska gazte bat kanpadenda edo oihal-etxolarekin dabil alderrai, gaur hemen bihar auskalo non lo egiten. Arratsalde batez lorategi batean jartzen du. Lorategiaren jabeak, emakume heldu batek, etxean sartzera gonbidatzen du, dutxa bat hartzera eta abar, eta neskak onartu. Aurretik ordea kaka egingo du eta emakume helduaren hortzetako eskuila hartu eta buelta batzuk emango dizkio zorongoaren barruan, koilaratxoa kafesnean bezala azukrea zabaltzeko. Ondoren, eskuila bere tokian utziko du, dutxa hartu eta alde.

Canoren Ipuina gonbidapen bat da, oroimena abian jartzera, azken aldian zein lagun igaro den zure etxetik, eta usain edo zapore arrarorik sumatu ote duzun etxeko tresnaren batean...

---

Eta bukatzeko benetako gertaera bat, egia osoa, lekuko zuzena ez baina oso hurbila izan bainintzen: irundar bat Aiako Harrian, oilategi baten ondoan tripako minak jo, oilategian egin eta ipurdia garbitzeko oilo bat erabili zuen, bizia, kokoriko-garrasi larriak egin arren ezin izan zuena patu petrala saihestu. Ez dut uste bat etorriko litzatekeenik Zaratustraren esakune ospetsuarekin: "Oi ene senideok, jakituria handia dago munduan kaka asko egotean!"

asel
asel dio:
2010/06/10 03:20

eta hori nahiko lotsabakoa naizela kontuan izanda! kar, kar, kar. ahaztuta neukan behin hori argitaratu nuela blogean. eta egongo da, bai, baina hobe aurkitzen ez baduzu. begira nire karisma hori non geratu den, eperdian itsatsita eta untziarena egiten! orain zelan gidatuko dut munduko erabateko iraultza! prakak janzteko denbora eman beharko didate nire "jarraitzaile" horiek guztiek, kar, kar, kar. kontua da azken 10-20 urteetan atzera begiratu dudan bakoitzean, komuneko paper bolatxo hori kenduta, ez dudala inoiz inor ikusi. nire jarraitzaile anarkomatxinoek nik baino hobeto dakite ezkutatzen, alajaina! tira, agian meme horrek balioko luke epaiketa egunerako. holakoak irakurrita ez dut uste inork ezeren errudun (ez bada gustu txarra eta lotsa praketatik -edo eperditik- eskegita izatearen errudun) joko nindukeenik. argi ibili, ilunpeetatik zaintzen dut zure bloga! nire zerrendan zaude! :P estutua markos, ez dakizu zelako gogoa daukadan zurekin kafetxo (edo garagardotxo) horietako bat hartzeko!

markos zapiain
markos zapiain dio:
2010/06/01 13:57

ai ama, hau zirrara, zelako espantua, munduko anarkomatxinoen mugimenduak ilunpetik gidatzen dituen buruzagi karismatikoaren agerpena!

asel, txileko polizia apur bat galduta ikusten dudanez, haiei laguntzeko zure meme ospetsu haren berri ematea pentsatu dut, komuneko papera popako erretenean txertatuta pasillotik atzera eta aurrera untxiarena eginez ibiltzen zinenekoa, baina ez dut sarean topatzen

ez ote dira hor garbi nabaritzen gerora terrorista ikaragarri bilakatuko ziren joerak? ez al da froga sendoagoa orain arte erabili duten guztia baino?

asel
asel dio:
2010/06/01 05:35

aupa markos, aspaldi idatzi ez arren ez pentsa zure bloga ahaztuta daukadanik :P ta orain kaka kontuak dakartzazula, ez dakit gura+haize blogzinea irakurtzen duzun, baina azken boladan antzeko gaia dabil egileen irudimen marroia pizten, kar, kar, kar: http://www.gura-haize.org/ estutu handia!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.