Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Herriak hitza eta erabakia: hildako bat alkate

Herriak hitza eta erabakia: hildako bat alkate

Markos Zapiain 2010/04/27 09:07

Lehen begiratuan ematen du alkate-lana hobeki bete dezakeela bizi batek hil batek baino. Dena den, jende argi frankok aldeztu izan du hobe dela ezer ez egitea zerbait egitea baino. 

Olariagaren tira batean, neskalaguna badoa etxetik eta bertan gelditzen den Zakilixuti galdetu dio: “Eta zer egingo duzu gaur?” Zakilixutek: “Ezer ez.” Hurrengo egunean, berdin: “Zer egingo duzu gaur?” “Ezer ez.” Neskak: “Baina hori atzo ere egin zenuen.” “Bai, baina ez nuen bukatu.”

Ildo berean, Homer Simpsonen gogoeta: “Ez dut deus egiten eta horrela ezer ez da amaitu gabe geldituko.”

Kontua da AEBetako Tennesseeko herri txiki batean, Tracy Cityn, alkatea aukeratzeko hauteskundeak izan berri dituztela. Hildako batek irabazi ditu: Carl Robin Geary orain dela zenbait aste zendu zen; 268 boto jaso ditu hala ere. Hildakoak oraingo alkate andereari irabazi dio, Barbara Brock izenekoari, honek ez baititu jaso 85 boto baino. Lehia bi hautagai horietara mugatu da. Ez dira ezein alderdiko kide.

Barbara Brock galtzailea orain dela 16 hilabete izendatu zuten alkate, ordu arte alkate ibiliriko Carl Robin Geary supituki hil zenean. Hildakoaren aurka galdu duen Brockek berak adierazi du berak lan sendo bat egin duela asteotan hiriko gobernuburu gisa.

Hauteskundeen biharamunean Donna Basham funtzionarioak adierazi zuen ez zuela espekulatu nahi, zergatik irabazi ote duen gorpu batek. Dena den, ziurtatu zuen Tennessee hego-ekialdeko herrixkako jende guztiak zekiela hila hilik zela.

Yankien jenio politikoaren beste adierazpen bat dugu hemen, zalantza galdetzailearen bidez demokraziaren zerizana aberastera datorrena: guztiz ziurtzat jo al dezakegu hilak ezin dituela alkate-lanak behar bezala bete? Are, herriaren onurari begira sarritan ez ote da egokiagoa hiliko alkatea bizia baino? Jose Antonio Agirre edo Telesforo Monzon lehendakarigai aurkeztuz gero boto-parrasta ederra jasoko lukete, Coluche pailazoak bezala Frantziako presidentetzarako aurkeztu zelarik, lehendakariaren zereginak burutzeko ez baitu gehiegi axola bizirik ala hilik egon dadin; gaur egun bistan da pareko direla lehendakari bizia zein zendua zein Txiribiton.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.