Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Compeed

Markos Zapiain 2010/01/13 17:47

Zergatik egin gintuen Jainkoak hain gaizki, zergatik izan zen hain ardurabakoa? Animaliak ez, ez dira kexu, onartu egiten dute beren gorputza, baina gutako frankori gertatzen zaio zaletasun gogor bat sentitzearekin batera gorputzak ez diola erantzuten. Txokolatezaleak La Campana tableta irentsi orduko azala eta begiak horitu egingo zaizkio eta urdaila nahastu. Eta abar.

Aurten Nieztsche eta Thoreau filosofoak irakatsi behar ditut berriro, aspaldiko partez, eta beren biografiak irakurtzen aritu naiz udan. Thoreauk lau orduko ibilaldia egiten zuen egunero eta Nietzschek berriz sei ordukoa, ahal zuenean behintzat. Enpatiaz ni ere hasi naiz ibiltzen, atsegin handiz gainera, baina oinek erantzun ez, sentsibleak izaki: babak, urradurak, mina… Harik eta amaginarrebak Compeed ezagutarazi zidan arte. Compeed-en baduzu tirita edo lotura itsaskorra, baduzu halaber barrako krema… kontua da behar bezala zabalduz gero oroitu ere ez zarela egiten oinez, erdi hegan zoazela Compeed jarriz gero.

Aspaldion nonahi ikusten dira I love New York, I love Paris dioten elastikoak, ia beti zuriak, bihotz gorri batez apainduak.

Joan den astean Bilboko Ametzola plazan andre bat ikusi nuen, I love Compeed zeramana. Oso hurbil sentitu nuen, arreba galanta oin kontuetan, eta begiak itxi eta maitasunez agurtu nuen, burua makurtuz baina isilik. Izan ere, tentaldia izan nuen arren arreba espiritual horrekin gure sendagarri bikainaz  mintzatzen ahalegintzeko, susmoa dut compeedzaleok ez garela tributan biltzeko sortuak, gotikoak edo zigilu-bildumazaleak bezala, baizik bakoitzak bere aldetik ibilaldi luzeak egiteko, Thoreauren eta Nieztscheren ildotik.

Mutilagun hilarekin ezkondu

Markos Zapiain 2010/01/12 19:19

Neska frantses bat, Magali Jaskiewicz, 26 urtekoa, ezkontzan “bai, nahi dut” onartu zuenez geroztik da alargun. Jonathanekin ezkondu da Magali. Sei urtez bizi izan ziren elkarrekin eta bi alaba dauzkate. Jonathan iaz hil zen auto istripuz.

Hil osteko ezkontzak Magali alargun bilakatu du erakundeen aurrean. Hori izan du helburu. Dommary-Baroncourteko udaletxean burutu du ezkontza, Frantziako ekialdean. Soineko zuriz jantzirik, lagunez eta senidez inguraturik eta bere bikotekidearen argazki handi bat zeremonian gailen.

Kazetariei esan die ez duela ezkontza ospatuko: “Kafe bat hartuko dut eta lagundu didatenei eskerrak eman, hori baino ez”.

Legeak baimendu du ezkontza hau.

Christophe Caput da Dommary-Baroncourteko auzapeza. Magaliren eskaera, ezkontzeko asmoa, onargarri eta zintzotzat jo du. Frantziako legediaren arabera, hil osteko ezkontzak zilegi dira, baldin argiki eta garbiki erakusten bada hildakoak ezkontzeko asmoa zuela, bizi zen bitartean jakina. Magalik eta Jonathanek udaletxera jo zuten, ezkontzeko hitzordua eskatzera, Jonathan hil baino bi egun lehenago.

Ez dira oso-oso ohikoak, baina halako ezkontza frankotxo burutzen da urtero Frantzian.

Parafilien aberastasuna. Basagoitiren kasua

Markos Zapiain 2010/01/11 16:39

Patxi Lopezek adierazi du PPren laguntza zintzoari esker legegintzaldi sendoa izango duela. Ondoren, Antonio Basagoitik zehaztu du zer den sendotasuna: “Euskadi tendría un problema menos si los presos de ETA se ponen en huelga de hambre, con Otegi el primero, y llegan hasta el final".

Gizakion artean, zer izan ote litekeen desiragarri, ugaritasunak eta ezustekoak erabakitzen du, ia guztia bezala bizitzan. Gehiengo heterosexual eta homosexual honezkero aspergarriez gain, badira behiala perbertsio eta gaur egun parafilia deitzen diren grina zinez bitxiak. (Gaur egun “perbertsio” izena ez da politikoki zuzena.) Esaterako, sexu parafilietara mugatzearren (eta bide batez goza ezazu adituen izendapenen xarma grekolatindarra):

-Akrotomofilia, gorputz-adarren bat anputatua duen lagunarenganako grina

-Autonepiophilia, gozatu ahal izatekotan pelelez (pieza bakar bateko umeentzako pijama horiek) eta pix-oihalaz jantzi beharra

-Maieusofilia, emakume haurdunenganako desira bortitza

-Emetofilia, goitikinarekin gozatzea

-Exobiofilia, estralurtarrenganako pasioa

-Godivismoa, zaldiz zein bizikletaz biluzik eginiko txangoez gozatzea sexualki

-Dendrofilia, hiliko zuhaitzenganako pasioa

-Ondinismoa (edota urofilia), gernuaren edo pixaren maitasuna

-Pigmalionismoa, estatuen pasioa sexuala

-Xoinopentaxofilia, soken eta urkatzearen pasioa

Dilema etiko bat litzateke, ea desiratzaile ezohiko horiek eskubidea ote luketen gizarteak beren esku jar ditzan dagozkien desiragaiak, adibidez nekrofiloari hil berri frexkoak, eta abar. Haurdunekin eta anputatuekin ez legoke arazorik, baiezkoa edo ezezkoa ohartuki eman baitezakete, hiliko zuhaitzek edo estralurtarrek ez bezala. Amerikako Estatu Batuetan nekrofiloen eskubideen inguruan piztu da zehazki eztabaida.

Auskalo Basagoitiren garajean kabituko liratekeen gose grebaren ondorioz hiliko zortziehun presoen gorpuak; edonola ere, herriak Basagoiti bi zangoen gainean eta lepoa tente dabilela maite duen arren, gustagarriagoa egiten da oraingoan bezala laun hankatan jartzen denean, berezkoagoa baitu.

Cyberbullying eta dedipix

Markos Zapiain 2010/01/10 14:52

Frantzian 6 eta 17 urtekoen artean ehuneko 77 ibiltzen da interneten, eta 15-17koen artean, berriz, ehuneko 96. Nerabeen ehuneko 37 ordu batetik bira egoten da egunero pantaila aurrean, ehuneko 27 hiru ordu, ehuneko 21 lau ordu eta ehuneko 7 are luzaroago. Behinola telebistak irensten zituen orduak dira orain sarean erabilitakoak.

Zertan dabiltza ordu luze horietan? Batez ere argazkiak igotzen eta elkarri idazten.

Psikologoek nerabearen helburuaz eztabaidatu dute bloga erakusteko orduan, edota Tuentiko edo Facebookeko beren txokoa. Aitorpen intimoak egiteko beharra aseko luke batzuen iritziz. Nagusitu den ustearen arabera ordea nerabeak bere burua agertokian erakusten du, neurtu ahal izateko bere agerpenak zer nolako erantzuna eragiten duen lagun-taldean, gizartean. Ahalik eta iruzkin atsegin gehien erakarri nahi izaten ditu, horrek bere izen on eta ospea frogatuko bailuke.

AUTOESTIMUA ETA CYBERBULLYNGA

Nerabearen autoestimua proban jartzen du sareak ere: iruzkin gutxi erakartzeak, edota bat ere ez, edota gaztearen aurkakoak, gaiztoak, bere izaera gaitzesten dutenak, bere buruarengan ziurtasun handirik ez duen nerabea ez duela deus ere balio sentitzera eraman lezake.

Okerrago, cyberbullyng-a zabaltzen ari da: jolasorduetako lintxamenduaren aldaki honek gaztearen bizitza birtuala itogarri bilakatzen du, eta ondoren bizi erreala ere hondamendi, argazkirik xumeena igo bezain laster mezu iraingarri mordoa jasota edota bere gizarte sarean dokumentu umiliagarriak zabalduta. Tuentin ari zaio neska nerabe mundakar bati oraintxe gertatzen: tentela, fea, anormala, gilipollas, puta.

DEDIPIX

Inkesta batek erakutsi du AEBn hamahiru urtetik hemeretzira bitartekoen artean bostetik batek igoa duela sarera argazki edo bideoren bat bere burua biluzik erakutsiz. Ehuneko hamabost inguruk ezezagunei bidali dizkio. Adina gora, areagotu egiten da joera: hogei urtetik hogeita seirakoen artean, hirutik bat ibilia da jolas polit horretan.

Batez ere mutilak dira bere burua biluzik erakusten dutenak. Begiratzen dutenak, berriz, neskak. Baina estatistikak berehala haz daitezke, fenomeno berri bat dela eta, oraingoz Frantzian zabaldua,“dedipix” delakoa: cyberlagunaren izena tatuaturik erakusten duzu titietan edo gorputzeko beste atal sentsibleren batean, edo pribatutik bidaltzen diozu zure argazki sexi bat, ordainez iruzkin ezti bat jasotzeko, edo zure blogerako edo tuentirako esteka bat. Batzuek finkatua dute trukearen salneurria: nire ezizena ipurdian erakusteagatik, zure aldeko berrogei iruzkin zoragarri. Lehenengo B-ko Mikel Vazquezek kontatu du neska nerabe bermeotar batek mugikorra kargatzearen truke bidali berri duela bere argazkia biluzik.

Depilazio pornografikoa

Markos Zapiain 2010/01/09 10:36

Gaur egungo gazteen erdiak baino gehiagok kontsumitu du pornografia hamahiru urte bete baino lehen; nesken ehuneko berrogeita bostek, mutilen ehuneko berrogeita hemezortzik. Dirudienez, horrek eragina du gerora: gaztearen desiran, bere gorputza ikusteko eran, sexukideari egingo dizkion eskakizunetan, sexu harreman errealak mamitzeko orduan.

Laurogeita hamarreko hamarraldiaz geroztik, pornoaren arketipoak modan, publizitatean, telebistan, literaturan eta prentsan birziklatu dira.

Kultura nagusira zabaltze horrek aldatu egin du irudi pornografikoaren estatusa. Jende askok du pornoa sexu heziketaren ardaztzat. Jarrera irekiagoa ahalbidetuko omen luke sexuaren aurrean.

Frantzian eta Kanadan, nerabeen bi heren inguruk uste du beren desira eta mamu erotikoak pornoaren eraginpean daudela, pornoak inspiratzen duela beren bizitza sexualaren funtsa.  

Eta inkestek erakusten dutenez, zenbat goiztiarragoa pornoaren erabiltzea, hainbat handiagoa gerorako kontsumoa ere, eta hainbat maizago eskatuko diote sexukideari film pornoetan ikusitako ariketa liluragarriak imita ditzan.

DEPILAZIOA

Alualdeko kalparraren erabateko depilazioa pornoaren eraginez nagusitu da mendebaldean. Orain dela hogei urte baino lehenago, sexu heldutasuna adierazten zuen alualde iletsuak. Gaur egun, aldiz, antierotikotzat jotzen da. Laurogeita hamarreko hamarraldiaren hasieran Playboy, Penthouse eta Hustlerrek depilazioa jendarteratu zuten. Gero porno industria osoan gailendu zen, eta ostean publizitatean, modan, telebistan eta abar.

Nerabeen artean ere nagusitu da oraindik orain, jende arruntarengan. Gaur egun, ospitaleetako erizainak harrituta gelditzen dira depilatu gabeko nerabe bat ikusten dutenean, salbuespena baita.

Tatuaiak eta pirzinak ere pornoa dute sorburu eta eredu. Askoz ere gehiago erabiltzen dituzte pornoa oso gazterik ikusten hasi ziren neskek.

Era berean, kirurgia eta ebakuntza plastikoa ikaragarri zabaldu da neska gazteen artean. Hamazortzi urte baino gutxiagokoen artean, zehazki, bularraren handitzea eta botox txertoa, estilo pornografikoa azaletik barrura heroinaren bidetik sartuko balute bezala.

NESKATXA ATXIKI

Interneten, ume edo ume izan berrien irudien merkatua harrigarri handia da. “Teens” menua da erabilienetakoa; halaber “barely legal”, ozta-ozta legala, hamazortzi-hemeretzi urteko gazteei dagokiena.

Sexu hobespenek gero eta neskatxa gazteagoa dute jomuga. Inkestek diotenez, hamazortzi-hemeretzi urteko mutilek, aukeratu ahal izanez gero, hamahiru-hamalau urteko neskak nahiko lituzkete sexukide.

Halatan, emakume helduaren sexua pitzatu egiten du pornografiak.

Alde batetik, film porno gehienen muina gizonaren gozamena da, gizonaren eiakulaziora bideratutako sexu harremanak erakusten dituzte batik bat, ikuskizunari hazia isurtzeak ematen dio zentzua, sarritan neskaren aurpegian.

Bestetik, emakumea ahal bezain ume atxiki nahia bultzatzen du pornoak, andrazkoen umetzea, neskatxaren antzik handiena ahalik eta luzaroen gordetzea.

Honela laburbiltzen du Richard Poulinek: pornoak plazer maskulinoan fokalizatutako mamuen kristalizazioa dakar, eta eredu femenino ahal bezain infantila.   

 

Lehenbiziko aldia

Markos Zapiain 2010/01/08 18:39

Debekuen altxatzeak eta ohituren lasaitzeak nesken eta mutilen lehenbiziko sexu harremanaren adina hurbiltzea ekarri dute ondorioz. Berrogeiko hamarraldian, gizonak baino lau urte geroago hasten ziren emakumeak. Berrogeita hamarreko urteetan, berriz, urte bikoa zen aldea: neskak 20’6 eta mutilak 18’8. Bi milako hamarkadan, azkenik, aldea ez da zenbait hilabetekoa baizik: neska 17’6 eta mutila 17’2. Hau dena Frantzian. Nesken adina nabarmen jaitsi den bitartean, mutilena apur bat baino ez.

NESKAK ETA MUTILAK

Dena den, inkestek diotenez, desberdina izaten da neskak eta mutilak lehenbiziko harremanera bultzatzen dituena.

Mutila nerabezaroa baino lehen hasten da masturbatzen. Hasieran fantasia erotikoa dago, eta soilik gero etorriko da sexukide erreala mamuaren tokia betetzera. Lehenbiziko sexu harremanera jakinminak bultatzen du mutila, bere burua arakatu eta ezagutu nahia. Jarrera solipsista izaten da, bere buruarengan zentratua. Bere desira indibidualari buruzko ikasketa egingo du bestearen bitartez, bere ahalmena eta mugak neurtu, maila emango ote duen. Etapa berri bati hasiera eman nahi dio.

Neska beranduago hasten da masturbatzen. Oro har, bikotekide erreala dator aurrena, eta errealaren falta beteko du fantasia erotikoak. Nesken artean sexuari ekiteko orduan afektua izaten omen da erabakigarria, eta sexukideari plazera eskaintzeko gogoa. Sexu harremana, hortaz, benetako harremana izaten da, sexukidea kontuan hartzen duena, eta sentimenduak bultzatzen du, goxotasunak, bikotekideari gozamena eman nahiak.

Mutilak bezala, neskak ere bere burua neurtu nahi izaten du, baina beste zentzu batean: bikote harreman oso bat aurrera ateratzeko bere ahalmena neurtzen du gehiago neskak.

LEHEN ETA ORAIN 

Orain dela berrogei urte lehenbiziko aldia gaztea lanean zebilenean gertatzen zen ia beti. Orain berriz ehuneko laurogeita hamarretan edo, ikasten dabilela. Zergatik? Batetik, lehenbiziko aldia gero eta goiztiarrago dator. Bestetik, derrigorrezko bigarren hezkuntza luzatu egin da.

Dena den, bada alde bat nesken eta mutilen artean: ia mutil guztien lehen sexukideak institutuetako neskak izaten dira. Aldiz, nesken ehuneko hogeita hamar inguru ikastetxea utzia duen mutil helduago batekin oheratzen da lehenbizikoz, neska ikasten dabilen bitartean.

Lehen sexulaguna aurkitzeko TOKIA ere aldatu egin da. Orain dela berrogeita hamar urte dantzaldian aurkitzen zen, auzoan, herriko jaietan. Lanaren edo sendiaren bitartez ere iristen ziren lehenbiziko txortakidearengana.

Belaunaldi berrien artean berriz ikastetxea da nagusi. Inkestetan, hamarretik batek baino ez du aipatzen udako oporraldia.

Lehenbiziko harremanaren KOKAPENA ere aldatu egin da. Orain dela berrogeita hamar urte ia beti naturan mamitzen zen, zeru azpian, hondartzan, basoan, zelaian. Harreman haien izaera klandestinoari zor zaio kokapen hori, eta protagonisten autonomia faltari. Gelaren batean gertatuz gero, norberaren etxekoa izango zen, behin ezkondu ondoren, edo bestela hotelean, eztei-bidaian.

Gaur egun, berriz, gurasoen etxean gauzatzen da sarritan. Gurasoen tolerantziak aurrera egin du, alegia, ezikusi egiteak, disimuluak. Beste eremu pribatu batzuk ere erabiltzen dira, hala nola lagun-taldearen lokala. Baina dagoeneko ez dago leku eta jai publikoetako zirrikituak erabili beharrik, edota natura basatian ezkutaketan ibili beharrik. Etxekotu egiten ari da guztia.

Beste bilakaera nabarmen bat: lehenbiziko sexu harremanak gero eta gutxiagotan adierazten du bikote ofizial baten osatzea. Hori emakumeen artean da bereziki nabarmena. Orain dela berrogeita hamar urte, emakumeen bi herenek eta gizonen heren batek sexua etorkizuneko ezkontidearekin batera aurkitzen zuen. Gaur egun hori ez da gertatzen hamarretik batean baino, gizon zein emakume. (Datuak hemen

 

Bideojoko-ametsa

Markos Zapiain 2010/01/08 08:33

Gazteei buruzko eta edozeri buruzko orokorkeriak faltsuak dira beti. Aztergaia sakonki ezagutzen duenari berehala bururatzen zaizkio hamaika salbuespen. Gure gazteak alaiak dira. Aurkeztuko nizkizuke makina bat, Patxi Lopez baino tristeagoak. Dena den, mintzatu beharra dago, dirudienez, eta badago joera orokor lausoak hautematea, tentuz galdetu eta aztertuz gero.

Interesgarriak eta bitxiak izan daitezke belaunaldien ezaugarriak edota urte jakin batean jaiotakoenak erabakitzen dituzten kontuak: bada webgune bat, www.reves.ca, interneten dagoen amets-bankuetako bat, literatur ametsak jasotzen dituena, Erdi Arotik 1980a arte. Baina pertsona partikularrek gaur egun bidalitako ehunka amets ere erakusten ditu. Antonio Zadra webgunearen arduradunak adierazi berri du ordenagailuek, internetek eta, ametsak aldatu dituztela.

Gure gazteek, adibidez, batetik, bideojokoekin amets egiten dute, alegia, erabiltzen dituzten bideojokoetan sartuta daudela; bestetik, beren amets arruntek bideojokoaren itxura hartzen dute. Hori guztiz berria da, eta eragina du oraingo gazteen barne munduan.   

Baliteke bideojokoetako istripu eta atentatuek eragina izatea orain DBHko hirugarren mailan dabiltzanen artean, 15 urte. DBHko bigarren eta laugarren mailan inor gutxik, baina hirugarren mailako nerabe pilo batek izan du esperientzia tamalgarri berdina: bizikletan zihoala, halako batean burua beheititu eta aurrera begiratu beharrean zapatei edo pedalei so jarri eta pareko autoaren, espaloiaren edo atearen aurka jotzea eta erortzea. 

 

Zerriki-gameluak. Debekua erakargarri

Markos Zapiain 2010/01/06 22:27

Kalamua legez kanpo mantentzeak dakarren arriskua baino gehiago kalte erreala da agintariek gutxiesten dutena.

Kalamuaren debekuak gazteengan sor dezakeen erakarpenari lotuta, oroitzen naiz behiala lagun batzuk Marokora joan ginela. Tetuan-en autobusa hartu genuen Fez-era. Josemak txorizo-ogitarteko bat atera zuen. Halako batean, gazte batzuk hurbildu zitzaizkigun, misterio handiz. Txorizoaren truke, haxix-pusketa koxkor eder askoak eskaini zizkiguten. Onartu genuen. Autobusean bertan erre genuen.

Inoiz ez dut horrelakorik sentitu. Sakonki ulertu nuen mairuen kultura, bat egin nuen Mahomaren bihotzarekin. Zerikusirik batere ez hemengo ximaurrarekin. Tamalez, Marokoko mendietako olio huts eta frexkoak honantzako bide luzea auskalo noren ipurdian egin behar izaten du eta ondorioz magia galtzen du.

Gero Fez-era iritsi ginen. Autobusetik jaitsi baino lehen, gure lagunek zolako plaka batzuk igo eta bertan ezkutuan zekartzaten mortadela eta saltxitxoi-zorro batzuk atera zituzten. Zerriki-gameluak baitziren. Han leku bakarti eta ilunetan “badaukak materiala?” galdetzen dute isilka-misilka, “bai, ehun gramo saltxitxoi, urre gorria, merke utziko diat.”

Kontua da, gazte haiek ez bezala, saltxitxoiak eta mortadelak ez dituztela gure gazteak grinatsuki erakartzen, salbuespenak salbuespen. Eta debekua da azalpen bakarra.

Zapatapean

Markos Zapiain 2010/01/05 12:30

 

Alaba bi dauzkagu, Amaia eta Leire. Guztiontzat da biziki garrantzitsua musika. Txikiak zirelarik, musikari dagokionez, planeta desberdinetan bizi ginen. Beraientzat “Kanuto xixilindro” eta Takolo eta Pirritx ziren erabakigarriak.

“Zapatapean” horrekin izan genuen laurok lehenbiziko aldiz aldi bereko estasi estetiko bat.

Garai hartan Amaiari haginetako aparatua ipini zioten. Baina maiz galtzen zuen. Denbora franko igaro nuen Amaiaren aparatu galduaren bila. Oroitzen naiz behin batean gure etxe azpiko mahai batean, Talan, urte betetzeko askaria egin zutela. Bukatutakoan, ordurako ilunabarra, Amaiaren aparatua agertzen ez. Orduan pentsatu nuen jan ahal izateko kendu eta paperezko ezpain-zapi horietako batean bilduko zuela. Ezpain-zapi guztiak kontainer-zakarrontzira boteak zituzten ordea. Han sartu behar izan nuen linterna batekin kontainer barrura eta bilatu. Aurkitu egin nuen azkenik.

Beste batean, autoan sartu Bilbotik Bermeora itzultzeko eta Amaia aparatu barik. Bilboko Zazpi Kaletako Brasil kafetegian egon berriak ginen eta badaezpada ere bertara itzuli ginen. Zabor-poltsa erraldoi bat atera zidaten, bertara bota baitzituzten eguneko hondakin guztiak. Ordurako erdi espezialista, zigarrokin, erdi jandako pintxo eta arrain-zatien artean bilatzeari ekin nion. Aise emango nuen bertan ordu eta erdi. Ez zen agertu. Etsi eta bagindoazela, Amaiak berak aurkitu zuen aparatua tabernako zoko ilun batean.

Etxera bueltatu eta aparkatzerakoan Joseba Tapia “Zapatapean” kantatzen hasi zen. Aparkatu eta isil-isilik gelditu ginen laurok liluratuta. Esan bezala, “Zapatapean” izan zen laurok aldi berean sakonki hunkitu gintuen lehenbiziko kantua. Apo bati buruzkoa da, basatzetako urretxindorra, “ni ez nauzu apoa ni nauzu bihotza”.

Libertario. Desobedientzia zibilaz

Markos Zapiain 2009/10/02 09:04

Michel Onfrayk uste du Thoreau libertario bat izan zela. “Littré” hiztegiko definizioari ondo egokitzen zaio Thoreauren aiurria: libertarioa “askatasun indibiduala mugatzea inolaz ere onartzen ez duena da, ez gizarte kontuetan, ez politikan.” Nola jokatzen du libertarioak bere buruarekin, besteekin, munduarekin?

Beregain duzu Thoreauren jakintsua, gai da bakarrik bizitzeko, badaki bere buruaz pozten, ez ditu besteak behar. Azken batean, besteren zoriona ez dut neuk sentitzen, gehienez ere horren lekuko izan ninteke, baina bakoitzak bere aldetik gozatzen du. Hagineko mina ere, nork berea. Bakarrik egiten dugu amets. Eta inor ezin da nire ordez hil. Gure bakardadea metafisikoa dela onartu beharra dago; baina libertarioak maite ere egiten du bakardade hori. Lagunen bisitekin, esan bezala, Thoreau pozik; bisitarik gabe, pozago.

Besteekiko harremanari dagokionez, izan ere, gizakioi trikuari neguan bezalaxe gertatzen baitzaigu: hurbilegi, elkarri eztena sartu, nahi gabe ere elkar zauritu; urrutiegi, berriz, erabateko bakardadean, inolako komunikaziorik gabe, hotzak hilzen gaitu. Libertarioa distantzia egokia aurkitzen saiatzen da.

Munduak, azkenik, ez dio ardura Thoreauri. Mundu osoaren deuseztea zuzenean ikusi ahal izateko ez luke alboko kale-kantoira joateko lanik ere hartuko. Are, munduaren suntsitzea eragoztea bere esku balego, ez omen luke egingo.

Bestalde, Thoreau libertarioari pairagaitz zaio otzantasuna, domestikotasuna, bai abereengan eta bai gizakiengan, piztia basatiak basati behar du eta patetikoa da otsoa etxabere bilakaraztea. Hiriak patologia indibidual eta kolektiboak eragiten ditu; naturarekin harremanik ez izateak enkoniadura eta goibelaldia dakar. Aitzitik, naturak bakea eta sosegua pizten ditu. Naturaren baretasuna ezagutu dutenek sekula ez dute etsipena, tirania edo menpekotasun espiritual zein politikoa sorrarazi.

Thoreauren gisako libertarioak bizimodu soila bilatzen du: ez lanik, ez sendirik, ez aberririk; ez inoren ez ezeren menpeko; joan, etorri, alde egin, gura legez: inori azalpenik eman behar ez; ez obeditu, baina ezta gidatu ere, dizipulurik eta eskolarik ez; dagokizun unean bizi eta zure denboraren jabe izan; harremanak, soilik nahi duzunarekin eta, nahi izatean, harremana eten; zure naturari entzun, zure joerak bete, zure baitako bizi indarrak nahi duena onartu; eta ametsak bizi, bizitza amestu, arte-lan bilakarazi.

Edozein gisaz, Thoreauk bere buruari bezperako iritzien kontrakoei eusteko askatasuna ere ematen dio, libertateak zure atzoko usteen menpean ez bizitzea eskatzen baitu. Eta zenbait berezilariren ustez, Thoreauren azken urteetako jarrera politikoa filantropikotzat jo liteke, “Walden”en nabari den misantropiaren aurkakotzat. Gogora dezagun konbertsio antzeko hori Anthony Burns eta John Brownen aferek erabaki zutela: gobernuak lege bat aldarrikatu zuen esklabo iheslariak salatzera behartuz eta Thoreauk hori Estatuaren gerra-aldarrikapen gisa hartu zuen beraren aurka (aurretik ere iheslariak lagunduak zituen eta bere etxean aboliziozaleen batzarrak eginak… “misantropo” deitu garaian!).  Estatuaren erabaki doilor horrek bere onetik atera zuen, naturaren ikuskizunaz patxadaz gozatzea eragotzi, txangoak eta hausnarketak arranguratu…

DESOBEDIENTZIA ZIBILAZ

Michel Onfrayk dioenez libertario bat izan zen Thoreau, bai, baina ez anarkista. Ez zuen proiektu komunitario, komunista, berdinzale edota sozialistarik. Ez zuen iraultza politikoan sinesten, baizik iraultza espiritualean. Anarkistek eta liberalek ez bezala, ez zuen Estatua abolitzeko militatu. Zerga jakin batzuk ez zituen ordaintzen, baina ez zuen zergen sistema arbuiatu. Hiritar zintzotzat zuen bere burua, gustura ordaintzen zituen herri-bideak egin ahal izateko zergak. Esklabotza eta Mexikoren aurkako gerra sendotzeko zergak ordaindu beharra izan zen inolaz ere onartu ez zuena, eta horrixe egin zion zehazki uko.

Thoreau ez dator bat anarkisten baikortasun ireniko aingerutarrarekin, ez du uste Iraultza Handiaren ostean gizakia hobetuko denik, jabetza pribatua deusezteak jelosia ere desagerraraziko duenik; aldiz, libertario pragmatiko gisa dihardu. Estatuaren kontra borrokatuko da baina ez beti eta nonahi, Estatuaren ideia absolutuaren aurka, soilik Estatua gizabanakoaren bizimoduari poxelu zaion heinean. Libertarioak badaki Estatuak ez duela definizioz askatasuna trabatzen; zenbaitetan babestu eta bermatu ere, egin dezakeela. Anarkismoaren katekesian nekez kabitzen da halakorik.

Sosegu filosofikoa aztoratu ziolako ekin zion beraz Thoreauk Estatuaren aurkako indarkeriarik gabeko borrokari. Gizabanako gisa galarazi zioten patxada berreskuratzeko asmoz murgildu zen politikan. Bere bizitzako azken urteak eman zizkion, batez ere azkeneko zortziak, turbekulosiak jo ostekoak.

“Desobedientzia zibilaz” 1849an argitaratu zen. Oso laburra da, filosofia politikoko beste maisulan batzuk bezala (“Borondatezko morrontzaren diskurtsoa”, Printzea”, “Alderdi Komunistaren Manifestua”). Onfrayk dioenez, “Walden” etikari zaiona zaio “Desobedientzia zibilaz” politikari.

Liburuko lehenbiziko ideiaren arabera, gobernurik onena gutxien gobernatzen duena da; eta gobernu perfektua, bat ere gobernatuko ez lukeena litzateke.

Bestalde, gobernuek agintea ezartzen dute ez zilegizkoak direlako, baizik indarraren jabe direlako, Weber-ek “indarraren monopolio” deituko zuenaren jabe, armadaren, epaitegien, espetxeen eta polizien jabe. Thoreauri erantzun geniezaioke egoera demokratiko batean gobernuari hauteskunde garbiek zilegitasuna ematen diotela; Thoreauk ihardukiko zigukeen Estatuaren funtsa, edozein gisaz, ez dela zilegitasun hori, baizik indarra, polizia eta legea ezartzeko bide irmo eta bulartsuak.

“Printzea”n Machiavellik politikariari aholkatu zion helburu politikoa lortzeko lehoi bortitz zein azeri maltzur bilaka zedila, komenentziaren arabera; nolanahi ere, politika, proiektu politikoa, Italiaren batasuna, etikaren gainetik jarri zuen; Thoreauk, ostera, aurrena etika jarriko du, gero politika. Zuzentzat duzuna egizu; ez duzuna, aldiz, legala izan arren, ez egin. Legeren bat ez bazaizu morala iruditzen, ez ezazu bete, ez obeditu lege inmoralei, kontzientzia legearen gainetik baitago, eta lehenago gara gizaki hiritar baino. 

Jarrera honen aurka gure artean Arantxa Azurzak eta Joseba Arregik jo izan dute. Bi-biok aldarrikatzen dute legea edozein kasutan bete beharra, eta, bidegabetzat joz gero, adostasunean eta gehiengoetan oinarrituta aldatu beharra. Kristautasunari estu loturiko heziketa nozitu dute, eta baliteke horregatik agertzea beren ikuspuntuan legea aura sakratu antzeko batez apaindurik.

Thoreau ez zegokeen ados. Eta, Thoreauren jarrerak, Azurza eta Arregirenak ez bezala,  faxismoaren aurkako erresistentzia ahalbidetzen du: nazien eta Vichykoen lege antisemitak legezkoak ziren, baina erresistentziak zorionez ez zituen etikotzat onartu eta borrokatu egin zituen. Gaur egun Frantzian lege-agindu bat aldarrikatu nahi omen dute, hiritarra paperik gabeko etorkinak salatzera behartzeko; aise irudika liteke Thoreauri zer irudituko zitzaiokeen eta zer jarrera hartuko zukeen.

“Desobedientzia zibila”k dakarren beste ideia interesgarri bat: bidegabekeriaren eta injustiziaren laguntzaile bilakatzen zara, ez badituzu salatzen, ez bazara haiek abolitzeko borrokatzen. Maila berean jartzen ditu Thoreauk lege zitalen bultzatzaileak eta lege horien aurka ezer egiten ez duten hiritarrak, lege bidegabeak desaktibatzen edo oztopatzen ahalegintzen ez direnak: erantzule, kolaboratzaile eta errudun.

Thoreauk gainera azpimarratzen du Estatuak automatikoki etsaitzat jotzen duela obeditu aurretik bere kabuz zalantzatzen eta hausnartzen duen edonor.

Eta ez dago arrazoi egokirik esklabotza aldezten duen gobernu bat deusetan ere onartzeko. Errepideak eta eskolak xarmanki egin ditzake gobernu horrek, baina badira bete beharreko gutxienekoak. Ezin da inondik inora bat egin esklabismoa zilegitzen duen Estatuarekin. Kontzesiorik ez.

Thoreaurentzat, ongi da esklabotza amai dadin eskatzea, manifestuak izenpetuz eta abar. Baina are zuzenagoa da intsumisioa, desobedientziazko ekintza; esaterako, zergak ez ordaintzea.

Lege bidegabeak ez dira bete behar, bistan da; eta, gobernu bidegabearen aurkako kontrabotererik eragingarriena, gizabanakoen ekintza da. Estatuaren injustiziaren aurka borrokatzeko ez duzu Alderdiak zer egin erabaki arte itxaron behar, edo zure taldexkak. Ez duzu zertan Iraultza Handiaren zain egon, baizik eta zerorrek, gizabanako zehatz horrek, orain bertan egin beharko zenuke zerbait, albait arinen iharduki. Egia bada ere lan guztia ezin duzula zeuk bakarrik egin, zerbait egin beharko zenuke lehenbailehen.

Gutxi garateke hasieran; baina, Thoreauren ustez, gutxiengoa garaitezina dateke, bidegabekeria eragoztera serioski deliberatzen delarik.Talde txikiek ondorio handiak ekar ditzakete, blokeoa erabakimenez bilatzen dutelarik. Ez duzu gehiengorik behar erabakigarri bilakatu ahal izateko; gutxiengo batek Estatua eragotzi dezake: bidea Estatuari aurre egiteko elkartzea da, intsumisoen antzera sareak eratzea, Onfrayk “Lilliput-hastapen” deritzonaren arabera, Gulliver erraldoia sareztaduran harrapatu eta ibilgetzea lortu zuten txikerren omenez. Behin desobedientzia hedatuz gero, Estatuak ezingo dituenez desobedientzialari guztiak espetxeratu, bere burua amore ematera derrigortua ikusiko du, makurtu egingo da azkenean. Eta, Estatuak atzera egin eta borroka uzten duenean, iraultza egina dago, iraultza baketsua.

Tolstoi, Luther King, Gandhi, Sabino Ormazabal eta Jose Bovék Thoreauren maisutza aitortu dute. Thoreauren pentsamenduek ondorio nabarmenak izan dituzte historian eta gizabanako askoren jokabidean. Maiz amaitzen du desobedientzialariak espetxean itxirik. Adibidez, militarren aurkako Bovéren ekintzek lau hilabete igaroarazi zizkioten presondegian; McDonalds-en aurkakoek, berriz, hiru hilabete. Azkenik, Bovérentzat, transgenikoak badira legalak, baina bere etikak ez dio bidezkotzat hartzea baimentzen, eta, horrenbestez, bere buruari transgeniko-plantazioak erretzea zilegitu zion, ondorioz presondegia pairatu beharko zuela jakin arren, zigor-kode frantziarrak ekintza kriminaltzat jotzen baitu. Oraingo honetan hamar hilabete barruan.

Emerson espetxera joan omen zitzaion bisitan Thoreauri, eta galdetu zion: “Baina zer dela-eta zaude zu hemen?” eta Thoreauk erantzun: “Eta zer dela-eta ez zaude zu hemen?” Alegia, zinez harrigarria, bere burua zintzotzat duenak legedia injustuari beste barik men egitea da. Borrokak espetxeratzea badakar, espetxera. Norbera gainera, bizilaguna zertan ote dabilen jakin guran ibili gabe.

Desobedientzia zibila eragingarria izaten da maiz, eta, besteak beste, Espainiak derrigorrezko soldadutzari dagokionez eta Frantziak transgenikoen aferan atzera egin eta jarrera aldatu behar izan dute. Luther King eta Gandhik ere arrakasta lortu zuten. Hori bai, asesinatu egin zituzten biak.

 

 

 

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.