Eztabaida kezkagarria
Jon Abaitua ikasle ohiak jakinarazi dit nire oraingo ikasleen artean eztabaida bat dabilela: ea tentela naizen barrutik eta neurez ala nahita egiten ote dudan tentelarena. Azken hau nire aldekoek omen diote: “Babalore itxurak egiten dabil gu engainatzearren, baina berez ez da hain babalorea”.
Ez aurkakoek ez aldekoek ez dute zalantzan jartzen ergela ematen dudala; baina, egia aitortzeko, ni ez naiz bereziki saiatzen ergel itxura erakusten.
Jon Abaituarekin mintzatu arte ohartu ere ez naiz egin hainbeste jende sentibera eta adimentsurentzat ebidentzia hutsa dirudien horretaz. Ez ohartze hori, jakina, nire izaera sinple eta inozoaren beste froga bat litzateke.
Kontsola ninteke gogoetatuz badela jendea ez dena bizirik sentitzen hurkoa umiliatuz eta albiste txarrak zabalduz baizik, eta, plazer mota hori xede, errukirik gabe hanpatzen dutela edozer, are gezurra asmatzen. Jon Abaitua ez da horrelakoa ordea.
Bestalde, eskuzabal karitatetsuren batek pentsa lezake hau guztia neronek azaltzeak frogatuko lukeela hain tontoa ere ez naizela, neure egin baitut hein batean, edo jendaurrean aitortzera ausartzeak neure buruarengan dukedan ziurtasuna erakutsiko lukeela, baina, guztia esateko, Jon Abaituak behartu nau ideia hauek interneten adieraztera, eta trukean bi elastiko emango dizkit, Mondragon Unibertsitatean sortuak, “I don’t like to drink alone” dakartenak idatzita.
Benetan apartekoa iruditu zaidak hire azken sarrera hau. Ez deuat nik eztabaidarik argituko, ez kezkarik arinduko, baina, hire ikasleen lasaitasunerako, nik izandako maisu guztiak hi baino zatia tentelagoak izan zituan eta, hala ere, normal samarra atera omen nauk.