Ikasitakoa desikasten ikasten
Nola sortu GPSrako ahotsak
Honako hau laburpen bat da. Zuzenean iturrietara joan nahi baduzu, hona hemen loturak:
- The Ultimate Guide to Creation of Custom TomTom Voice Files
- VIFTOOL : Pythoneko jatorrizko programa eta fitxategiak
- Euskarazko GPSrako ahotsak
Testuak prestatu
Ulertu ongi nola egin behar den lana, eta testuen fitxategia deskargatu ondoren, prestatu zure testu zerrenda. Kontutan izan euskararen kasuan moldaketak behar direla. Esaldiak osatzeko grabazio zatiak itsasten direnez eta hizkuntza bakoitzean ordena berdina ez denez, honelako gauzak egin beharko dira:
Ingelesez: After -> 200 -> Meters -> Turn right.
Euskaraz: ....(hutsik utzi) -> 200 -> Metrora -> Biratu eskuinera.
Ahotsa grabatu
Ahots fitxategiak MP3 formatuaren lehengusu librean prestatu behar dira, hau da, OGG formatuan. Horretarako tresna egokiena Audacity audio editore librea da. Linux, Windows eta Mac bertsioetan duzu Audacity hau.
Ahalik eta kondizio onenetan egin grabaketa. Mikrofono on bat, toki isila, grabazio maila ongi jarri eta abar. Gure kasuan material profesionala lortu zuen Jatsuk, baina gutxiagorekin ere balioko du, seguru.
Testu zerrenda hartu eta banaka-banaka grabatu testuak. Lasai. Grabazioa bera ordu laurdeneko lana da, testu motzak dira eta.
Ahots fitxategiak prestatu
Ahots fitxategiak moldatzeko komeni da audioaren inguruko ezagutza minimo batzuk izatea. Grabazio zati bakoitzari hasierako eta bukaerako espazio hutsak kendu, grabazio maila normalizatu (zati guztiek antzerako bolumena izan dezaten) eta inguruko zarata filtratu. Hasieran aipatzen dudan gida horretan oso ongi zehaztuta dago.
Lan astunagoa da audio fitxategi bakoitzari dagokion izena ematea. Izan ere, enpaketatzeko programak izen jakin bateko fitxategiak bilatzen ditu eta gure grabazio zatiei fitxategi izen horiek eman behar dizkiegu. Horretarako badago gidan "Template OGG file names" izeneakoa. Handik deskargatu eta eredu moduan erabili.
Ahotsak enpaketatu
Karpeta batean gorde behar ditugu OGG ahots fitxategi guztiak, VIF fitxategi bat (testu fitxategi arrunt bat, non azaltzen den zein hizlari eta hizkuntzari dagokion) eta nahi bada irudi bat BMP formatuan, gero TomTom programak erakutsiko duena gure ahotsa aukeratzeko momentuan.
Viftool programarekin, ahots fitxategi guztiekin .CHK fitxategi bat sortuko dugu. Horixe da fitxategi nagusia.
Listo! .chk, .vif eta .bmp fitxategiak batera gorde eta horixe da TomTom-ean gorde behar duguna.
ETB audientzia galtzen
Gerrako filmak gustatzen zaizkit, eta aliatuen inbasioa da gai interesgarri horietako bat. Horregatik hasi nintzen Hermanos de Sangre ikusten, duela bi aste. Horregatik, eta batez ere, publizitaterik gabe ematen dutelako.
Kaskoak jantzita ikusi ditut hasierako 4 kapituluak (bina astero), emozioz eta tentsioz beteta. Gustora! Andrea ere harrituta zegoen hain berandu arte telebista ikusten gelditu nintzelako (normalean loak hartzen dut telebistari begira hamar terdietan).
Atzo ez nuen ikusi, eta hemendik aurrera ere ez dut ikusiko ETB2an. Atzo Steven Seagal "zoragarriaren" filma bat jarri ziguten ordu horretan eta nire gustoko telesaila 23:40tara pasatu zuten. Tumatxa!
Pentsatu nuen VHS zinta baten bila hasi eta grabatzen jartzea, baina gero hobeto pentsatu nuen. Ordenagailua piztu, bilaketa azkar bat egin, eta 5 minutuan martxan neuzkan hurrengo 6 kapituluren deskargak Transmission BitTorrent bezero bidez.
Agur ETB2. Zapping egin dut. Transmission 1 - ETB2 0
Konjeladoreko musika
Baina azkenaldian 80. hamarkadako hainbat talde itzultzen ari da. Sorkuntza aldetik ezer gutxi, betiko kantuak jotzen, baina katxe aldetik jeitsi direnez ere, horrek aukera ematen du bere garaian ikusi gabekoak ikusi ahal izateko. Denetik ikusten da. Batzuetan gustoagatik jotzen jarraitzen duten taldeak eta beste batzuetan beraien karrera diruagatik artifizialki luzatzen eta luzatzen saiatzen ari direnak.
Atzo gauean ASIAren momentua izan zen, Bilboko Santana 27 aretoan. Duela 26 urte Donostiako belodromoan jo zuten 12.000 pertsonaren aurrean. Garai haietan supergroup bat izan zen, beste talde batzuen errautsetatik sortutakoak, besteak beste Yes, King Crimson, Emerson, Lake & Palmer, Uriah Heep, U.K., Roxy Music, Wishbone Ash and The Buggles (akordatzen? Video killed the radio star ) Atzokoan ez ginen 1.000 pertsonara iritsiko, eta ni baino gazteagoak ( 37 urte) oso gutxi, baina zein ondo pasatu genuen, kantu zaharrekin.
Kuriositate pixka bat duzuenontzat, hona hemen orain dela 25 urteko bideoa. YouTuben beste bideo piloa aurkituko duzue, besteak beste MTVk zuzenean eman zuen lehenengo kontzertuaren bideoa, Asia in Asia . Ikustekoa da bideo horretan Geoff Downes tekladu jolearen sintetizadore andana.
Robotak: maitasuna eta gorrotoa
Azken bi egunetan webgune hau askoz hobeto dabil, ez dakit nabaritu duzuen. Plonera pasatu ginenetik errendimendu arazo handiak izan ditugu. Kontua da lehendik eduki asko zegoela, blog asko, sarrera asko, eta blog bakoitzak etiketa asko. Horrek orri kopuruan eragiten du. Googlek 18.000 orri baino gehiago indexatuta ditu eibar.org webgunean eta hori, sarbidea mugatuta dugula toki askotara!
Eta Google ez da bakarra. Yahoo dago, eta MSN, eta Nsyght, Yodao, Gigablast, Kilomonkey eta ezagutzen ez ditugun beste ehundaka bilatzaile. Bakoitzak bere BOT-a (roBOT) dauka, etengabe webguneetan nabigatzen ari diren programa batzuk, dena irakurri eta indexatzeko. Klik egile nekaezinak dira robot hauek. Googleren robotak Googlebot izena du adibidez, eta Yahoorenak Slurp.
Denek jakin nahi dute zer dagoen Eibar.org-en, beraien emaitzetan erakusteko. Horrek ikaragarrizko karga eragiten du webgunean, jo ta su ari bait da zerbitzaria, edukia bilatzaileentzat prestatzen. Kontutan izan webguneko elementu guztiak direla dinamikoak, eskatzen diren momentuan sortzen direnak.
Soluzioak badaude eta Erralek martxan jarrita ditu, Squid bezalako katxe kudeatzaileak adibidez. Squid-ek webguneko elementuak gordetzen ditu, berriz sortu beharrik ez izateko. Kontua da bilatzaile hauek ez dabiltzala orri bisitatuenetan, portadan erakusten direnetan bakarrik. Barru-barruan sartzen dira, lotura absurduenean ere klik eginez, eta hori absurdua denez, inork ez du lehenago bisitatu, eta ez da katxean egoten.
robots.txt, soluzio radikala
Herenegun erabaki genuen modu tenporalean behintzat robotei sarrera debekatzea. Horretarako robots.txt fitxategia erabiltzen da. Fitxategi horretan robotei esaten diegu webgunearen zein zatitan sartu daitezkeen eta zeinetan ez. Hau ez da erabiltzaile arrunten aukera bat, webguneen administratzaileen esku dagoena baizik. robots.txt fitxategiak egiten ikasi hemen
Azkar nabaritu dugu eragina. Atzo eta gaur ondo nabigatu daiteke webgune honetan. Hau beste gauza bat da.
Baina, bizi gaitezke robotik gabe?
Ez dut uste. Beharrezkoak dira. Jendea Googlera joan eta bilaketa egiten du, eta zure webgunea ez badu aurkitzen, ez zara existitzen. Beraz, robots.txt-a aldatu eta gaurtik aurrera Googleri sartzen utzi diogu. Izan ere Google bidez dator webgune honetako bisitarien erdia, eta beste webgune batzuetan ehuneko hau oraindik handiagoa da.
Ez zaigu neurria gustatzen, Interneten neutralitatearen aurka doa eta. Baina momentu honetan beste soluziorik ez dugu, eta hau ere nahikoa izango den ezin dugu jakin. Ikusiko dugu egun pare batean nola doan gauza, eta epe ertainean jarraitu beharko dugu soluzio bila.
Bisitariok nabaritu duzue aldaketa?
Musika hil zen eguna
The day the music died artikuluan oso ongi azaltzen du gaia Mark Pilgrim hackerrak.
DRM-dun musika erosten duen edonork garbi izan behar luke, arazoa berdina bait da iTunes-en musika erosten baldin baduzu. Mark-en parrafo bat hemen:
Orduan, zer gertatuko da 2008ko abuztuaren 31an? Egun horretan, Microsoftek zenbait zerbitzari itzaliko ditu. Zerbitzari horien lan bakarra MSN Music webgunetik erositako kantuen balidazioa egitea da. Pertsona hauek ("biktimak" hemendik aurrera) ez dute segituan nabarituko. Biktimak ordenagailu berri bat erosi edo sistema eragilea berritzen dutenean, edo beraien disko gogorra izorratu eta berria jartzen dietenean konturatuko dira. Une horretan - erositako kantuak ordenagailu berri edo beste disko batera pasatzen dituztenean - Microsoften musika jogailuak (iTunesen antzerakoa, baina Microsoftena, Applerena izan beharrean) Microsoften balidazio zerbitzarietara deia egingo du, kantu horiek legalki erosi ziren ziurtatzeko. Dei honek huts egingo du, zerbitzari horiek ez dutelako erantzungo, Microsoftek nahita itzali dituelako. Microsoften jogailuak erabakiko du (modu okerrean baina di-da batean) kantu horiek modu ilegalean deskargatu dituela eta biktima pirata bat dela, eta ez ditu joko. Kasu honetan, ezkerreko eskuak badaki eskuinekoa zer egiten ari den: biek behatza erakusten dizute.
Kontutan izan: DRM-arekin erosten duzun musika, ez da zurea. DRM-aren jabeak nahi duen arte izango duzu eskutan.
Hemen dira Udako ikastaroak
Nire gomendioak:
- Ikastaro guztiak
- Informatikakoak bereziki: OpenStreetMap eta Wikiak
Ez duzu kurrikulumik behar
Goiko esaldi hori irakurri diot Seth Godini eta nahiko ados nagoela esan behar dut ( Galliren bidez irakurri dut ). Gainera, ingurura begiratu eta lankideen artean adibide onak ikusten ditut. Lan elkarrizketak egiten ditugunean ere asko baloratzen dugu pertsonak zer egin duen ikasketa eta lan jarduera arruntaz at, zein proiektutan ibili den eta zein putzutan zikindu dituen eskuak.
Interneten bereziki, baina beste edozein lanbidetan lan egin nahi baduzu, oso garrantzitsua da ahal den lasterren bazterrak nahasten hastea. Lan eremu bakoitzean aukeratu beharko da zertan nahastu burua, baina ez utzi aukera pasatzen espediente akademiko zoragarri baten trukean.
Eguneraketa 2008/4/1:
Oraintxe ikusi dut Joxek publikatu duela Curriculum elektroniko bat sortu dut artikulua. Atzo bere curriculumaren beta-tester lanak egin nituen, eta gero gauean irakurri nuen Seth Godinena. Biak lotuta pentsatu nuen hau idaztea.
Badirudi kontraesana dagoela, baina ez da horrela. Curriculuma beharrezkoa izan daiteke, eta Joxek proposatzen duena oso egokia dela iruditzen zait. Gurean ere, lankide berri bat aukeratzerakoan lehenengo gauza bere izena googleatzea izaten da, bere sareko bizitza ezagutzeko.
Kontua da, nahiko meritu egin badira, ez dagoela curriculuma egin beharrik. Uste duzue Ronaldinhok bere CV-a prestatu zuela Bartzelonak kontratatu zuenean? ;-)
Ordenagailuaren mahaia garbi
Inspirazioa Declutter your desk izeneko webgune honetatik jaso nuen. Pasa den astean materiala erosi eta atzo eta gaur artean ordubetean prestatu dut dena:

Ohola eusteko modua. Bi eskuadra, zuloa oholean eta tirafondoz mahaiari lotu. Nahi denean (aldaketak egiteko adibidez) erraz desmuntatu daiteke.

Gertutik ikusita. Bai, kableak nik jarritakoa baino modu txukunagoan ere jarri daitezke, eta ikusten denez argazkia ateratzeko unean FON-Linksys routerra konektatu gabe zegoen.
Erabilitako materiala:
- 600x300x10 milimetroko ohola.
- Bi lotura eskuaira (75x75 mm)
- 6 gabila edo tirafondo
- Brida poltsa bat
- Entxufe oina
- 3 m. kable berria ( Anteneroak prestatuta )
Laguntzaileak: Andoni eta Olatz
Photoshoparen dilema
Ordenagailu aldaketarekin behingoz kopia legala hartu behar zuela eta hasi da pentsatzen ez ote den hobe aukera aprobetxatuz Gimp-era pasatzea. Izan ere, bere lan gehiena Interneterako denez, ez du Pantone eta CMYK beharrik (Gimp-ek ez du horretarako aukerarik).
Lagun batek ezarri dio Gimp-a, eta hor hasi dira bere ai eta hasperenak. Ezin da ohitu. Saiatu da, behin eta berriz, baina denbora gehiegi darama Photoshoparekin. Hainbeste, bere ordenagailu zaharra (Photoshopa jarrita duena) erabiltzen duela ia denbora osoan, nahiz eta trastero baten barruan egon. Batzutan presa duen zerbait egin behar du eta ez du Gimpeko aukerak bilatzen ibiltzeko denborarik, bestetan aspertuta Gimpekin, Photoshopera itzultzen da.
Begiratu du Photoshopak zein salneurri duen, eta Espainian 1.042 Euro balio ditu. AEBn 649 dolar, 432 Euro inguru. Batetik, mina ematen du halako dirutza ordaintzeak, baina bestetik, hainbeste urtetan doan erabili ondoren, merkea da behingoz ordaintzea.
Kontua da, nola orain arte "doan" izan den, erabili eta erabili egin duela. Ohitu da, eta orain ezin du Photoshop gabe bizi.
Zer egin?
- 1000 Euroak ordaindu eta Photoshopi lotuta jarraitu?
- Emuletik deskargatu eta Photoshopi lotuta jarraitu?
- ... Beste zein aukera du?
Zenbat jendek esaten du natural-natural, egunero "bai, gero Photoshoparekin retokatzen ditut eta..."? Zenbat akademiatan ematen dituzte Photoshop ikastaroak? Zenbat KZGunetan Microsoft Officen ikastaroak? Noiz arte? Eta zenbat jendek du Microsoft Office pirata? eta Dreamweaverra, Flasha, Outlooka eta abar? Zenbatek du QuarXPress lizentzia?
Nori datorkio ongi horrela jarraitzeak?
Zelaieta taberna Mutrikun
Atzo arratsaldean kafe bat hartzera igo ginen Olatzera, Zelaieta tabernara. Hainbeste eguraldi on ondoren atzokoa nahiko egun txepela tokatu zen, baina han kanpoan jarrita egoteak merezi zuen. Egia esan Olatzen fan handia naiz.
Olatz Mutrikuko bailara da. Mutrikutik Ondarrurako bidean goazela, herritik irten bezain laster ezkerretara doan errepidea hartu eta 3 edo 4 kilometro ondoren iritsiko gara. Lauzpabost baserri sakabanatuta, ermita txiki bat eta bi jatetxe aurkituko ditugu, Zelaieta Taberna eta Olatz.
Santiago bidea bertatik pasatzen da Arno alderako bidean, eta inguruan zaldiak eta ganadu ugari dago, baita zezentxoak ere. Pasiara bat emateko toki polita da.
Guri asko gustatzen zaigu Zelaieta Taberna. Ez da oso handia, baina barruko jangelaz gain kanpoan bi mahai jartzen dituzte toldo azpian, eta zoragarri bazkaltzen da udan. Gainera aurrean bertatik bertara parke txiki bat du, umeak lasai ibiltzeko moduan.
Urtean zehar asteburuetan bakarrik zabaltzen dute. Uztaila eta abuztuan astean zehar ere, baina komeni da zabaldu behar duten aurretik galdetzea. Normalean 18 Euroko menu goxoa izaten dute, Zelaieta entsalada epela (txibi eta guzti) guztiz gomendagarria da, baita postreak ere. Badaezpada ere, aurretik deitu.
Telefonoa: 943 60 45 95



