Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Hobe da argi baten phiztea, eziz ülhünpeaz kurrinkatzea

Solaris open source bihurtu dute

Gari Araolaza 2005/02/01 20:36

Gaurtik aurrera Sun-en Solaris sistema kode irekikoa izango da.

Solaris da gaur egun dagoen UNIX sistema indartsuena. Windows, Linux edo Mac-OS ezagutuko dituzu agian. Solaris hori da, beste sistema mota bat, UNIX-en familiakoa eta orain arte zerbitzari handietan nagusi zena.

Kontua da Solaris oso garestia zela, eta Linuxa lekua kentzen ari zitzaiola. Azkenean Sun handiak erabaki du Solaris-en barne kodea erakustea, garatzaileek berarekin lan egin dezaten eta zenbait kasutan kodea kopiatzeko eskubidea izango dute.

Proiektuak OpenSolaris izena du.

Aldaketak fabrikante handien artean

Pauso ikaragarriak gertatzen ari dira software librearen inguruan. Lehenengo IBM hasi da Linux gomendatzen, eta orain beste enpresa erraldoi hau beraien kodea banatzen.

Honen atzean zer dagoen? ba, konturatu direla beraien negozioak izan behar duela hardwarea saltzea, eta ez hainbeste programak. Microsoften alderantzizkoa beraz. Luzarora nork asmatuko duen... hemendik zenbait urtetara esango dugu.

Kasualitatez iritsi da nire eskuetara 1992 urte inguruko aldizkari baten fotokopia. IBM-ren OS/2 sistema aipatzen da han, Microsoft-en Windows 3.1-ri irabaziko ziola eta abar. Orduko teknosexualek Windows baino sistema hobea zela zioten... tokitan gelditu dira.

IBM horrekin hasi zen ikustean edonork fabrikatzen zituela berak asmatutako PCak (askoz merkeago gainera, klonikoen garaia orduan hasi zen) eta softwarean Microsoft zela jaun eta jabe. Horregatik sortu zuten OS/2-a, UNIX-aren gauza onenetan oinarriturik eta Windows-ekin bateragarria. Orduan ere itxura ona zeukan estrategiak.

Prospektibarik nahi baduzue, joan nire auzokide Prospektiba blog-era. Auskalo zer gertatzen den datorren urtean, Ogrosabelek berak ere Linux-a uztea erabaki duenean.

Azalpenen bat ere eman beharko...

Gari Araolaza 2005/02/01 02:00

Zer da hau? egun batetik bestera idazten jarri eta aurkezpenik ere ez...

Gari naiz. Internetaren euskal munduan ibili bazara ezagutzen gara, hemen inguruan nabil eta, azkeneko urteetan. Eibar.ORG Elkartean eta CodeSyntax enpresan batez ere.

Bart lorik ezin egin eta bloga izan behar nuela erabaki dut, eta hementxe nago. Goizean kafe orduan txorakeria batzuk egin ditugu argazki kamerarekin eta hor goikaldean duzue emaitza, Maite Etiam-en esku finetatik pasa ondoren.

Aitzakia Anjel Lertxundik eman dit, bere herenegungo zutabean

Teknosexuala

anjel lertxundi

Irakurle, metrosexuala baldin bahaut, jakik ez hagoela modan, hirea fashion itxura oso iraupen laburreko lorea izan dela. Moda-modan egon nahi baduk, teknosexualena duk orain modernitatearen gailurra. Emaiek berriro askatasuna hire paparreko ileei, etzak sosik gastatu kremak erosten, eskura ezak ostera ere hire ar itxura, bihur hadi teknosexual, eta eskura itzak, atzo goizeko metrosexualen kremen ordez, trepeta teknoak: azken orduko ordenagailu eta segapotoa, iPod-a lepotik zintzilik

Ez duk aski. Hona, halaber, modan egon nahi baduk, jarraitu beharreko diziplina: kirola egin; jana zaindu; ar itxura eskuratu, baina, ororen gainetik, teknologia berrien zale itsua izan. Blog bat zer den ez balekik, edo Sustatuk ematen dituen aholku teknologikoak ulertzen ez badituk, hireak egin dik.Teknosexualen sexua ere birtuala ote den, horixe ez diat jakiterik izan.

Laster arte.

Paperaren gatibu

Gari Araolaza 2005/01/31 10:48

Paper saltzaileak lasai egon daitezke oraindik urte batzuetan, negozioa ez bait da oraingoz hilko.

Nire inguruan agian bai. 10 lagunez osatutako bulego batean lan egiten dut. Esango nuke median egunero bizpahiru orri ateratzen direla gure inprimagailutik. Sarritan deitzen digu norbaitek galdezka, ea gure fax zenbakia zein den. Alferrik. Ez daukagu. Bidali dezala e-postaz eta gero erabakiko dugu inprimatu ala ez. Bide batez bidalitako testua egoki artxibatuko dugu enpresako sarean eta listo. Baina gu oso teknosexualak gara.

Aste honetan eskutan izan ditut kontraesanez betetako paperezko produktu bi:

  • IHOBE-ren 2005 egutegia: postari bidez buzoi guztietan banatutakoa, nahi ta nahi ez. Gure peoran badugu zakarrontzi txiki bat propaganda eta, botatzeko. Han joan dira egutegi gehiena. Eskerrak ingurumenaren ingurukoa zen.
  • Diario Vasco-ren gehigarri bat igandean, ingurumenaren ingurukoa, publizitate instituzionala barra-barra eta 20 bat orrialde.

Ingurumenaren izenean, ingurumenaren aurka!

Teknosexuala

Gari Araolaza 2005/01/31 10:04

Anjel Lertxundik ez du aipatu baina badago inglesezko hitz bat berak asmatutako Teknosexual horren antzerako zentzua duena: Geek

Googleri Geek-en definizioaz eskatu ezkero, ez dator igurtzi haundirik:

Baliabide sozialetan motz eta aldi berean ezagutza tekniko indartsuak dituen pertsona

Eremu tekniko bat edo gehiagotan abila den pertsona, batez ere teknologia erabilpenean. Mugaraino eraman ezkero, geek izateak teknologiaz kanpoko edozein arlotan interes, abilezia eta ezagutza falta izatea esan nahi du.

Ez gara hain arraroak. Gu baino txarragoak badaude, hamabostean behin Anoetara joaten diren masokistak adibidez.

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.