Photoshoparen dilema
Ordenagailu aldaketarekin behingoz kopia legala hartu behar zuela eta hasi da pentsatzen ez ote den hobe aukera aprobetxatuz Gimp-era pasatzea. Izan ere, bere lan gehiena Interneterako denez, ez du Pantone eta CMYK beharrik (Gimp-ek ez du horretarako aukerarik).
Lagun batek ezarri dio Gimp-a, eta hor hasi dira bere ai eta hasperenak. Ezin da ohitu. Saiatu da, behin eta berriz, baina denbora gehiegi darama Photoshoparekin. Hainbeste, bere ordenagailu zaharra (Photoshopa jarrita duena) erabiltzen duela ia denbora osoan, nahiz eta trastero baten barruan egon. Batzutan presa duen zerbait egin behar du eta ez du Gimpeko aukerak bilatzen ibiltzeko denborarik, bestetan aspertuta Gimpekin, Photoshopera itzultzen da.
Begiratu du Photoshopak zein salneurri duen, eta Espainian 1.042 Euro balio ditu. AEBn 649 dolar, 432 Euro inguru. Batetik, mina ematen du halako dirutza ordaintzeak, baina bestetik, hainbeste urtetan doan erabili ondoren, merkea da behingoz ordaintzea.
Kontua da, nola orain arte "doan" izan den, erabili eta erabili egin duela. Ohitu da, eta orain ezin du Photoshop gabe bizi.
Zer egin?
- 1000 Euroak ordaindu eta Photoshopi lotuta jarraitu?
- Emuletik deskargatu eta Photoshopi lotuta jarraitu?
- ... Beste zein aukera du?
Zenbat jendek esaten du natural-natural, egunero "bai, gero Photoshoparekin retokatzen ditut eta..."? Zenbat akademiatan ematen dituzte Photoshop ikastaroak? Zenbat KZGunetan Microsoft Officen ikastaroak? Noiz arte? Eta zenbat jendek du Microsoft Office pirata? eta Dreamweaverra, Flasha, Outlooka eta abar? Zenbatek du QuarXPress lizentzia?
Nori datorkio ongi horrela jarraitzeak?
Photoshopera ohituta zaudetenontzat, teklatuarekin lan egiten-eta, agian ondo etorriko zaizue Gimpari Photoshoparen lasterteklak jartzea: http://epierce.freeshell.org/gimp/gimp_ps.php