Ikasitakoa desikasten ikasten
Nahi gabe, Wikipedian laguntzen
Duela zenbait hilabete Euskadi Irratiaren estudioetan izan nintzen, teknologia berrien inguruko kolaborazioa egiten. Hasi aurretik sakeleko telefonoa hartu eta Manu Etxezorturi argazkia atera nion estudio barruan. Gero Flickr-en kargatu nuen:
Hara non, norbaitek argazki hori aukeratu duen Wikipediako Euskadi Irratiari buruzko artikulua ilustratzeko. Zein eta argazki hori!
Ez ote da sarean hoberik egongo?
Lizentzia kontua
Uste dut aukeraren arrazoia garbia dela: argazkia Creative Commons BY lizentziarekin publikatu nuela. Lizentzia horri esker edozein proiektutan erabili daiteke argazkia, beti ere nire izena aipatzen baldin bada.
Orduan, nire alferkeria gaindituz eta nik jakin gabe ere, Wikipediarekin kolaboratzen ari naiz. Ez da polita? ;-)
Flickr edo Argazkiak.org
Klik txiki bat da, argazkia lizentzia libreekin eskaintzea. Flickr-en hori egin daiteke argazki bakoitzean zehaztuz.
Argazkiak.org-en kasuan, webgunean kargatzen diren argazki guztiak dira libreak, eta beste edonon erabili daitezke, beti ere bertako Creative Commons-aitortu-partekatu (BY-SA) lizentzia errespetatzen baduzu.
Argazkilari entziklopedista
Honetan pentsatuz, azken egunotan bisitatu ditudan tokietan filosofia hori erabili dut, eta artxibo modura atera ditut zenbait argazki, familiako argazkietaz haratago: azken egunotako argazkiak Norbaitek behar baditu zerbaiterako, hor dauzka, beti ere lizentzia errespetatuz!
YTB: YouTube Telebista
YTB edo YouTube telebista da, egia esan YouTube, EuskalTube edo beste edozein bideo webgune. Gai bat aukeratu, bilaketa egin eta gero erlazionatutako bideoak ikusiz orduak pasa daitezke YouTuberekin. Gure seme alabek ederki ikasi dute tresna manejatzen, pantaila osora, noski!

Argazkiak.org | Youtube telebista © cc-by-sa: garaolaza
Dinosaurioen liburu bat ikusten ari ginen eta han azaltzen ziren nola jaiotzen ziren arrautzetatik. Antzerako zerbaiten bila krokodilo baten jaiotza aurkitu nahi izan dugu YouTuben; dordokatxoak ikusi ditugu jaiotzen eta ondoren txakurkume polit-politak. Afal ondoren klasikoetara jo dugu: Chip eta Chop (edo Chip n'Dale) katagorrien ipuinak.
Nahi duzun programa, nahi duzun unean!
Egile eskubideen zenbait kuriositate
Ez naiz abokatua, baina azkenaldian sarri tokatu zait gai hauek argitzea. Gaur bertan Zabaldun, Gasteizko mapa librea euskaraz albistean.
Zergatik ez dituzu udalaren/aldundiaren/jaurlaritzaren mapak kopiatzen?
Horixe da OSM proiektua erakusten dudanean jendeak esaten didana. Ezin da. Hori ez da librea. Mapa edo kaletegi horiek jabe bat dute, askotan erakunde publikoa, baina ez beti. Erakunde publikoek oso gutxitan argitzen dute zein erabilera baldintza baimentzen dituzten. Hau da, fotokopiatu dezaket? Nire enpresako katalogorako erabili dezaket mapa zati bat? Bizikletan ibiltzeko liburu bat egin dezaket mapa horiekin eta gero saldu?
Normalean ez dugu jakiten erabilera horiek baimenduta dauden ala ez. Eta dakigunean, normalean erantzuna ezetz da. Copyright-Eskubide guztiak gorderik izaten da normalena.
Baina, datu horiek erakunde publikoarenak badira, denonak dira, ez?
Ez dakit. Baliteke, baina nortzuk gara "denok"? Extremadurako enpresa batek Jaurlaritzaren mapak erabili ditzazke negozioa egiteko? ala bakarrik EAEkoek?
Teorian bai, den-denonak izan beharko lukete, eta nik hori defendatzen dut. Denon diruarekin egindako lanak, denok nahi dugun moduan erabiltzeko modua egon beharko litzateke.
Errepideekin gertatzen den moduan. Errepidea denok ordaindu dugu, eta inori ez diote esaten "zertarako behar duzu errepidea?" edo "errepidetik ibil zaitezke, baldin eta irabazi asmorik ez baduzu". Gauza jakina da errepideek ekonomian onurak sortzen dituztela. Orduan, informazio geografikoak ez? Zergatik gorde lizentzia itxiekin?
Diario Vascok igande tonto askotan bi orri osoko artikuluak sortzen ditu Eustateko zenbait daturekin, "Gipuzkoa zahartzen doa" edo "Hirukoiztu da etorkinen kopurua" edo horrelako artikuluak. Ez dakit zergatik egin daiteken hau informazio estatistikoarekin eta ez informazio geografikoarekin edo Euskalmeten eguraldi informazioarekin.
Legeen kasua
Baina lege zirrikitu bat badago. Hona hemen Espainiako jabego intelektualaren legearen 13. artikuluak dioena:
"Artículo 13. Exclusiones
No son objeto de propiedad intelectual las disposiciones legales o
reglamentarias y sus correspondientes proyectos, las resoluciones de los
órganos jurisdiccionales y los actos, acuerdos, deliberaciones y dictámenes
de los organismos públicos, así como las traducciones oficiales de todos los
textos anteriores."
http://civil.udg.es/normacivil/estatal/reals/Lpi.html
Kasu batzuetan ez dago egile eskubiderik beraz. Orduan Udal batek ordenantza bat publikatzen duenean kaleen izendegiarekin, kale izendegi hori besterik gabe edozertarako erabili daiteke.
Orduan, udal batek bere webgunean kaletegi bat publikatzen duenean, kasu horretan gaudela esan genezake? Zalantza asko ditut, baina noiz edo behin erabili izan ditut, legeari modu askean kasu eginez.
Datuak erakunde ofizialarenak ez direnean
Askotan, erakunde publiko batek datu batzuk publikatzen ditu (mapak, kaletegiak, mapa webguneak eta abar) eta datu horien egile eskubideak ez dira erakundearenak. Erakunde ofizial horretako arduradunari bost axola egile eskubideak. Norbaiti erosi, publikatu eta listo.
Adibide oso arrunta: Udal batek herriko kaletegia jarri nahi du udal webgunean. Enpresa bati enkargua egiten diote, datuak (kaleen izenak, helbideak, zerbitzuen kokapena) ematen dizkiote, enpresa horren datuak zuzentzeko denbora hartzen dute udal funtzionariek. Gero, enpresa horrek webgunean kaletegia jartzen dio martxan udalari. Baina ez dio lana saltzen, alkilatu baizik. Hau da, urtero hainbesteko bat ordaindu beharko dio enpresa horri datu horiek "alokatzeagatik".
Pentsa dezakegu enpresa horrek lan ona egiten duela datuok eguneratuta mantentzen, eta horrela da. Kontua da datuak jadanik ez direla udalarenak. Udalak erabakitzen badu egun batean enpresa horrekin kontratua etetea, ezer gabe geldituko da, datuok enpresarenak izango dira eta.
Soluzioa oso erraza da: udalak enpresa horrekin kontratua egiterakoan gai horiek zehaztea, datuen jabegoa udalarena izango dela eta abar. Baina inori ez dio axola gai honek, eta ez da ezer egiten.
Eta aireko argazkiek egile eskubiderik dute?
Bai. Normalean aireko irudiak (ortofotoak) enpresa espezialduei erosten zaizkie, baina erosketa horiekin ez dira eskubide guztiak erosten. Enpresa horiek ez dira inozoak eta eskubide jakin batzuekin lotzen dituzte.
Orduan, ezin ditugu besterik gabe kopiatu. Norbaitenak dira eta ez dugu baimenik.
Eta kalkatzea? Bada, hori ere ezin da besterik gabe egin. Argazkien jabeak baimena eman behar du horretarako. Adibidez OSM proiektuan Yahooren aireko irudiak erabiltzen ditugu, Yahook horretarako baimena eman du eta. Argazki zaharrak dira erabili daitezkeenak, ez dira gaur egun Yahooren mapetan azaltzen diren berdinak. Zerbaitegatik da hori.
Kalkatzearena ulertzen zaila izaten da, baina adibide bat jarriko dut. Demagun Atxagaren liburu bat hartu eta osorik kalkatzen dugula eta gero hori publikatzen dugula. Balio du? ;-)
Hau dena, OpenStreetMap proiektuan lan egiteagatik.OpenStreetMap (OSM) proiektuaren helburua benetako munduko mapa libre bat osatzea da. Horretarako, Wikipediaren estilora milaka erabiltzaile ari gara gure mapa zatitxoa marrazten. Esan bezala, ez naiz abokatua eta zuzenketaren bat egin behar bada, gustora hartuko dut.
Segmentazioa: estatistikak zatitzen
Emango dizkiozu 10 segundu artikulu honi? izena zuen artikuluak, aurrez irakurri nahi baduzu.
Luistxok azaleratzen duenaren arrazoia segmentazio ezan datza. Hara non, ni ere adibidea ematerakoan jeneralizazioaren tranpan erori nintzen! Izan ere, eibar.org ez da webgune homogeneo bat (ba ote dago munduan benetan homogeneoa den zerbait?), eta oso idazle eta irakurle desberdinak izan ditzazkegu.
Batetik (adibidez), Volgako batelarien jarraitzaile finak. Jende ilustratua eta irakurtzeko gogoz iristen dena. Irakurlego fidela gehienetan. Testuak sakonki irakurtzen dituzte eta hortik zenbakiak.
Bestetik (adibidez), Erralen parakaidistak, "mi nombre en japones" Googlen bilatu eta bertaratzen direnak. Horiek denbora gutxi egingo dute webgunean, okerreko tokira iritsi direla ikusten dutenean.
Orduan, garbi dago eduki eta bisitari hain desberdinak izanda, portaera ere desberdina izango dela normalean.
Segmentazioaren garrantzia
Interneteko analitikan dabiltzan aditu guztiek errepikatzen duten leloa: edozein datu aztertzean segmentazioaren garrantzia.
Demagun webgune batetan 20 eta 60 urteko pertsonen bisitak identifikatzen ditugula (erabiltzaileen adina jakin ahal izango bagenu, noski. Oraingoz ezin da)
Webguneak bete beharko ditu batetik 20 urtekoen beharrak, eta bestetik 60 urtekoenak. Baina inolaz ere egingo ez genukeena da, 40 urtekoentzako webgune bat, "media" hori delakoan.
Beraz, datuak aztertu, ondorioak atera eta egin beharrekoa planteatzean, onena bi taldeak bereizi eta bakoitzarentzat soluzio espezifikoa aurkitzea.
Niri ez badidazue sinesten, irakurri Avinashi: Segment absolutely everything
Buletinen lehen eguna
Buletina martxan jartzeko unean tentazio handia izaten da, hor nonbaitetik e-posta helbide mordoa bildu eta hain interesgarria den zerbitzu eder honetara harpidetzeko.
Eutsi tentazioari!
Benetan. Hobe da jendea banaka-banaka izena ematen joatea. Beraien kabuz izena eman duten 100 pertsonaz osatutako buletin zerrenda batek urrea balio du, benetan! Horiek dira zure erabiltzaile baliotsuenak!
Aldiz, baimenik gabe harpidetu ditugun 2000 erabiltzailez osatutako buletin zerrendak ez du asko balio. Ez dakigu 2000 pertsona horietatik zenbatek bidaltzen gaituen spam karpetara, zenbatek letxe txarrez hartzen dituen gure mezuak (publizitate negatiboa). Azken finean, ez dakigu 5, 10 edo 100 erabiltzailek diren balio dutenak.
Gainera, aizu! Hori spama edo zabor-posta da!
Mutrikuko piszina edo igerileku naturalak
Kostako herri gehienetan hondartzara noa esan eta hondarra dagoen toki batetara joaten da jendea. Mutrikun hondartza asko badago ere, (Saturraran, Ondarbeltz edo 7 hondartzak) toki erabilienetakoa hondarrik ez duen toki berezi bat da: Piszina edo igerileku naturala.

Sustatu.eus | Mutrikuko piszina © cc-by-sa: garaolaza
Benetan toki berezia da. Norbaiti bururatu zitzaion bere garaian laukizuzen bat itxiz orma txiki bat egitea. Horrela, marea igotzean ura orma gainetik pasatzen da eta behera doanean piszina ederra gelditzen da, egunean bi aldiz ura aldatuz. Arrain (normalean lasunak), zopabero eta abarrek une horiek barrura sartu eta ateratzeko aprobetxatzen dituztenez, toki bizia da beraz.

Sustatu.eus | Mutrikuko piszina © cc-by-sa: garaolaza
Igeri egiteko aproposa da. 50 metro inguruko luzeera du eta oso arrunta da jende gutxi dabilen orduetan igerilariak gora eta behera ehundaka metro egiten ikustea. Alde batean hondarra dago, ur sakonera gutxirekin (50-70 cm) eta haurrekin bainatzeko egoki gelditzen da. Beste aldean haitzak daude ur azpian, baina zanga egiteko sakonera ederra dago (2 metrotik gora), nahiz eta badakigun kostako herrietako gazteek ur zentimetro gutxi behar izaten dutela buruz behera salto egiteko.
Honi igerileku berria gehitu behar zaio, hondartza eta babes dikearen alboan. Azken urteetan sortutako beste igerilekua da baina nik esango nuke ez duela zaharraren xarma.
Alboan sorosleak, dutxa, txiringitoa eta abar, beste edozein hondartzan aurki daitezken zerbitzu arruntak. Aparkatzeko tokia alboan dauka, Burumendiko zelaian, nahiz eta udan TAO ordaindu behar den. Agian zailena izaten da tokira nola iritsi asmatzea, kanpotarrentzat seinale gutxi dago eta. Onena mapa honetan begiratu edo herrian galdetzea.

Sustatu.eus | Mutrikuko piszina © cc-by-sa: garaolaza
Laster ospatuko dira Kalbaixo jaiak (Irailaren 15aren inguruan). Mutrikura bisita egin eta piszina naturala probatuz bainu denboraldi ofizialari itxiera emateko aukera ona daukazue. Pista gehiago Mutrikuko Udalaren webgunean aurkituko duzue. Hemen gomendatutako zenbait:
Emango dizkiozu 10 segundu artikulu honi?
Webgune honetara iritsi, gainetik begiratu eta ez zaie interesatzen. Ospa! Gainera, erabakia 10 segundu baino gutxiagotan hartzen dute. Zure webguneko estatistika sistemak Bouncing rate edo Porcentaje de rebote datua ematen badizu, horri begiratu. Hori esan nahi du zifra horrek.
Eibar.org-en kasuan, zifra hori % 73-an dago, eta egia esan, nahiko zifra arrunta da, beste edozein webgunetakoa bezalakoa.
Interneten oso azkar goaz Googleko emaitza batetik bestera klik eginez. Ez dugu pazientziarik. Horregatik dira hain garrantzitsuak adibidez:
- Metaforarik ez, zuzenean eman ideia nagusia eta erabili hitz argienak.
- Hitz gutxirekin adierazi esan beharrekoa.
- Dokumentuak egituratu, izenburu, zerrendak eta loturekin.
- Erabili irudi eta argazki lagungarriak. Gustoarekin eta itxura profesionalarekin. Argazki kutrerik ez!
Guk Google Analytics erabiltzen dugu estatistika sistema moduan. Hurrengo batean azalduko dut nola erabili Google Analytics Bouncing rate hau gutxitzeko.
Irakurtzeko: La navegación impaciente, Eduardo Manchón
OpenStreetMap - Mapa libreen sorkuntza erabiltzaileon eskura
Bi egunetako saio bizia izan zen, ikasleen partehartzen handiarekin. Nik behintzat oso ondo pasatu nuen, OSMrekin pasio pixka bat dut eta gogoz azaltzen dizkiot proiektuaren gora beherak entzun nahi didan edonori.
Ikastaroaren emaitzetako bat Bilbo ingurua txukuntzea izan zen. Nahiz eta oraindik pare bat egun falta diren eguneraketa osoa izateko, Bilbo erdialdeko mapa nahikoa aberastu genuen, hurrengoan gehiago!
Norbaitek interesik balu hemen jartzen dizkizuet bertan erabilitako aurkezpena eta apunteak:
Apunteak hemen
Anti-SEO: Pixka bat es mucho
Eta ez du lojika handirik, irratiko kuñan Internetera sartu eta webgunetik kantua deskargatzera bultzatzen bait zen. Internet teorian zaindu beharreko medioa izan behar zen kanpaina honetan beraz.
Zenbait webgunetako estatistikak aztertzen ditut sarri, eta ikusi ahal izan dut kantua eta kanpaina aipatu duten webguneek pixkabatesmucho bilatzen zuten erabiltzaileen bisita asko jaso dituztela. Kanpaina indartsua izan da telebista eta irratian eta horrek jende asko kantuaren letra bila bultzatu du sarean "pixkabatesmucho letra" eta horrelako bilaketak eginez. Kontua da inon ez dagoela kantuaren letrarik, Googlek irakurtzeko moduan behintzat. Zenbait seinale:
- Pixkabatesmucho webguneak Googlen bi orri bakarrik ditu indexatuta, gainera, nahiko kalitate baxukoak edukiari begiratzen badiogu, testurik ez bait dago indexatuta.
- Arazo nagusia da webgunea Flashean eginda dagoela, eta hori aste honetararte ez zuten bilatzaileek indexatzen. (Hemendik aurrera, ikusiko dugu egia den. Gogoratu duela 4 urte agindu zutela horixe bera.)
- PDF bat badago letrarekin, baina hara! PDF babestu horietako bat, eta testua ezin daitekeenez kopiatu, bada Googlek ere ezin du irakurri! PDFaren izenburuak ere ez du laguntzen: Untitled
- Dominioa eta kanpainaren izena zailak dira Interneterako. Nola izango ote da? "pixka bat es mucho", "pixkat es mucho", "piska bat es mutxo".... ala? Hala ere, hau ez da oso larria, eta konpondu zitekeen aurretik modu disimulatuan egindako SEO lan apur batekin.
- Izan da kanpainarik Interneten? (barkatu, agian ez naiz enteratu) Bannerrik ere egin da? (Eguneraketa: barkatu despistea, Sustatun bertan dago kanpaina martxan adibidez)
- Egunak pasatu ahala azaldu da webgunea bilatzaileko emaitzetan, baina hori, egun asko pasatu ondoren eta oraindik ez lehenengo postuan.
Norbaitek esango dit egurra besterik ez dugula ematen. Erretxindu bat izango naiz agian ;-) .
SEO: webguneak bilatzaileetan ongi azal daitezen egin beharreko lana
Pilota jokoan Euskadiko Kutxarekin
Pun!
2006an, Euskadiko Kutxaren webguneak Firefoxen ongi ikusteko arazoak zeuzkala eta, pentsatu nuen idatzi bat egitea. Pena da baina ez nuen bidalitakoa gorde. Gutxi gora behera, edukazioz "aizu, zerbitzua ez da Firefoxen ongi ikusten eta..."
Pan! (2006/01/05)
Arrasate, 2006/01/05 Bezero preziatua: Aurrena eskerrik asko gugana jo duzulako, Linux sistema eragilea eta Mozilla Firefox nabigatzailearen 1.07 bertsioa erabiliz Caja Labora Neten jarduteko arazoak dituzula jakinarazteagatik. Esan behar dizugu, zure idazkia jasoz bat, Informatika Departamentuarekin jarri garela harremanetan, gai horri buruzko xehetasunak eskatzeko. Departamentu horretan esan digutenez, gure linea bidezko banka Windows ingurunean erabiltzeko dago prestatuta eta ezin dugu ziurtatu gainerako sistema eragileetan ondo ibiltzea. Sentitzen dugu oraingo honetan erantzun hoberik ezin eman izana eta gure sistemak eragozpenak sortzea. Bada, jaso ezazu guztiagatik gure barkamenik zintzoena. Edonola ere, zure egoeraren berri eman diogu Informatika Departamentuari, kontuan hartu ditzan orrialdea hobetzeko eta egokitzeko aurrerantzean egiten diren lanetan. Arreta egokia eskaini dizugulakoan, jaso ezazu gure agurrik beroena. Caja Laboral Net
Pun! (2008/05/30)
Jaun/andere agurgarriak, Duela bi urte idatzi nizuen Firefox nabigatzailearen inguruan. Kontua da CajaLaboralNet ez dela ongi ikusten nabigatzaile honetan, eta zuen erantzuna izan zen zuen plataforma osoa Windowserako bakarrik prestatuta zegoela (!). Berriz ere gaia berrikusi dezazuen eskatzera nator. Izan ere, ikerketa guztiek diote Firefox nabigatzailearen penetrazioa %20tik gorakoa dela Espainian. Datu zehatzagoak hemen ikusi ditzakezue: http://www.xitimonitor.com/es-es/barometro-navegadores/index-1-3-3-0.html Gaia berrikusi eta soluzio bat emango diozuelakoan, zuen arreta eskertzea besterik ez zait gelditzen.
Pan! (2008/06/02)
Bezero agurgarria: Web orria Firefox nabigatzailera egokitzeko duzun interesa berriro helarazi diguzulako eskerrak eman behar dizkizugu.=20 Honi dagokionez, esan behar dizugu Caja Laboral Net Windows ingurunean eta Internet Explorerrekin lan egiteko prestatu dela. Dena den, jakin badakigu bestelako sistema eragilerekin eta nabigatzaile ezberdinekin normaltasunez egiten direla eragiketak, nahiz eta kasu guztietan funtzionamendu normala ezin dugun bermatu.=20 Nolanahi ere, zure idatzia dagokion Sailera igorri dugu, aintzakotzat har dezaten.=20 Besterik gabe, jaso ezazu gure agurrik beroena.=20 Caja Laboral Net
Jarraituko dugu jokatzen?
Animatzen zarete? Cajalaboral.Net (abildua) cajalaboral.es



