Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Egile eskubideen zenbait kuriositate

Egile eskubideen zenbait kuriositate

Gari Araolaza 2008/10/11 00:30
OpenStreetMap-eko mapak sortzeko lege aldetik pixka bat irakurri eta ikasi behar izan dut. Hona hemen ulertzeko zailak diren zenbait kuriositate.

Ez naiz abokatua, baina azkenaldian sarri tokatu zait gai hauek argitzea. Gaur bertan Zabaldun, Gasteizko mapa librea euskaraz albistean.

Zergatik ez dituzu udalaren/aldundiaren/jaurlaritzaren mapak kopiatzen?

Horixe da OSM proiektua erakusten dudanean jendeak esaten didana. Ezin da. Hori ez da librea. Mapa edo kaletegi horiek jabe bat dute, askotan erakunde publikoa, baina ez beti. Erakunde publikoek oso gutxitan argitzen dute zein erabilera baldintza baimentzen dituzten. Hau da, fotokopiatu dezaket? Nire enpresako katalogorako erabili dezaket mapa zati bat? Bizikletan ibiltzeko liburu bat egin dezaket mapa horiekin eta gero saldu?

Normalean ez dugu jakiten erabilera horiek baimenduta dauden ala ez. Eta dakigunean, normalean erantzuna ezetz da. Copyright-Eskubide guztiak gorderik izaten da normalena.

Baina, datu horiek erakunde publikoarenak badira, denonak dira, ez?

Ez dakit. Baliteke, baina nortzuk gara "denok"? Extremadurako enpresa batek Jaurlaritzaren mapak erabili ditzazke negozioa egiteko? ala bakarrik EAEkoek?

Teorian bai, den-denonak izan beharko lukete, eta nik hori defendatzen dut. Denon diruarekin egindako lanak, denok nahi dugun moduan erabiltzeko modua egon beharko litzateke.

Errepideekin gertatzen den moduan. Errepidea denok ordaindu dugu, eta inori ez diote esaten "zertarako behar duzu errepidea?" edo "errepidetik ibil zaitezke, baldin eta irabazi asmorik ez baduzu". Gauza jakina da errepideek ekonomian onurak sortzen dituztela. Orduan, informazio geografikoak ez? Zergatik gorde lizentzia itxiekin?

Diario Vascok igande tonto askotan bi orri osoko artikuluak sortzen ditu Eustateko zenbait daturekin, "Gipuzkoa zahartzen doa" edo "Hirukoiztu da etorkinen kopurua" edo horrelako artikuluak. Ez dakit zergatik egin daiteken hau informazio estatistikoarekin eta ez informazio geografikoarekin edo Euskalmeten eguraldi informazioarekin.

Legeen kasua

Baina lege zirrikitu bat badago. Hona hemen Espainiako jabego intelektualaren legearen 13. artikuluak dioena:

"Artículo 13. Exclusiones
No son objeto de propiedad intelectual las disposiciones legales o
reglamentarias y sus correspondientes proyectos, las resoluciones de los
órganos jurisdiccionales y los actos, acuerdos, deliberaciones y dictámenes
de los organismos públicos, así como las traducciones oficiales de todos los
textos anteriores."
http://civil.udg.es/normacivil/estatal/reals/Lpi.html

Kasu batzuetan ez dago egile eskubiderik beraz. Orduan Udal batek ordenantza bat publikatzen duenean kaleen izendegiarekin, kale izendegi hori besterik gabe edozertarako erabili daiteke.

Orduan, udal batek bere webgunean kaletegi bat publikatzen duenean, kasu horretan gaudela esan genezake? Zalantza asko ditut, baina noiz edo behin erabili izan ditut, legeari modu askean kasu eginez.

Datuak erakunde ofizialarenak ez direnean

Askotan, erakunde publiko batek datu batzuk publikatzen ditu (mapak, kaletegiak, mapa webguneak eta abar) eta datu horien egile eskubideak ez dira erakundearenak. Erakunde ofizial horretako arduradunari bost axola egile eskubideak. Norbaiti erosi, publikatu eta listo.

Adibide oso arrunta: Udal batek herriko kaletegia jarri nahi du udal webgunean. Enpresa bati enkargua egiten diote, datuak (kaleen izenak, helbideak, zerbitzuen kokapena) ematen dizkiote, enpresa horren datuak zuzentzeko denbora hartzen dute udal funtzionariek. Gero, enpresa horrek webgunean kaletegia jartzen dio martxan udalari. Baina ez dio lana saltzen, alkilatu baizik. Hau da, urtero hainbesteko bat ordaindu beharko dio enpresa horri datu horiek "alokatzeagatik".

Pentsa dezakegu enpresa horrek lan ona egiten duela datuok eguneratuta mantentzen, eta horrela da. Kontua da datuak jadanik ez direla udalarenak. Udalak erabakitzen badu egun batean enpresa horrekin kontratua etetea, ezer gabe geldituko da, datuok enpresarenak izango dira eta.

Soluzioa oso erraza da: udalak enpresa horrekin kontratua egiterakoan gai horiek zehaztea, datuen jabegoa udalarena izango dela eta abar. Baina inori ez dio axola gai honek, eta ez da ezer egiten.

Eta aireko argazkiek egile eskubiderik dute?

Bai. Normalean aireko irudiak (ortofotoak) enpresa espezialduei erosten zaizkie, baina erosketa horiekin ez dira eskubide guztiak erosten. Enpresa horiek ez dira inozoak eta eskubide jakin batzuekin lotzen dituzte.

Orduan, ezin ditugu besterik gabe kopiatu. Norbaitenak dira eta ez dugu baimenik.

Eta kalkatzea? Bada, hori ere ezin da besterik gabe egin. Argazkien jabeak baimena eman behar du horretarako. Adibidez OSM proiektuan Yahooren aireko irudiak erabiltzen ditugu, Yahook horretarako baimena eman du eta. Argazki zaharrak dira erabili daitezkeenak, ez dira gaur egun Yahooren mapetan azaltzen diren berdinak. Zerbaitegatik da hori.

Kalkatzearena ulertzen zaila izaten da, baina adibide bat jarriko dut. Demagun Atxagaren liburu bat hartu eta osorik kalkatzen dugula eta gero hori publikatzen dugula. Balio du?  ;-)

 

Hau dena, OpenStreetMap proiektuan lan egiteagatik.OpenStreetMap (OSM) proiektuaren helburua benetako munduko mapa libre bat osatzea da. Horretarako, Wikipediaren estilora milaka erabiltzaile ari gara gure mapa zatitxoa marrazten. Esan bezala, ez naiz abokatua eta zuzenketaren bat egin behar bada, gustora hartuko dut.

assar
assar dio:
2008/11/06 15:29

Egunon,

Post honen jatorria izan zen Gasteizko maparen harira, gaur bertan jaso dut erantzuna udaleko zerbitzu juridikoetatik.

Udal webgunean dagoen kaletegiak, udal webgune osoak bezala, soilik erabilera pertsonalerako dauka baimena, eta ez erabilera komertzialerako.

Gasteizko Udal Kazetan argitaratu zen kale izenen zerrendari dagokionez, Udal Gobernuaren Komisioaren adostasunaren bidez onartu zenez, Jabego Intelektualaren Legearen 13. artikulua aplikatzen zaio (legeek eta arauek ez dute jabego intelektualik), eta beraz, modu librean erabil daiteke.

Beraz, webguneko kaletegia ezin da erabili OpenStreetMapen (adibidez, kalkatuta), baina kaleen izenak bai.

Gari
Gari dio:
2008/11/06 16:48

Ondo erantzunda zerbitzu juridikoetatik! Nik ere hori neukan buruan, eta horren arabera lan egin izan dut Gasteizen mapeatu dudanetan.

Eskerrik asko Assar, lan hori hartzeagatik.

Luistxo
Luistxo dio:
2008/10/13 11:23

Lawrence Lessig Creative Commons-en sortzailea Euskal Herrian da aste honetan. Hitzaldiak ez du balioko zalantza zehatzak argitzeko, baina esateko duena seguru dela inspiraziorako baliagarri.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon