Segmentazioa: estatistikak zatitzen
Emango dizkiozu 10 segundu artikulu honi? izena zuen artikuluak, aurrez irakurri nahi baduzu.
Luistxok azaleratzen duenaren arrazoia segmentazio ezan datza. Hara non, ni ere adibidea ematerakoan jeneralizazioaren tranpan erori nintzen! Izan ere, eibar.org ez da webgune homogeneo bat (ba ote dago munduan benetan homogeneoa den zerbait?), eta oso idazle eta irakurle desberdinak izan ditzazkegu.
Batetik (adibidez), Volgako batelarien jarraitzaile finak. Jende ilustratua eta irakurtzeko gogoz iristen dena. Irakurlego fidela gehienetan. Testuak sakonki irakurtzen dituzte eta hortik zenbakiak.
Bestetik (adibidez), Erralen parakaidistak, "mi nombre en japones" Googlen bilatu eta bertaratzen direnak. Horiek denbora gutxi egingo dute webgunean, okerreko tokira iritsi direla ikusten dutenean.
Orduan, garbi dago eduki eta bisitari hain desberdinak izanda, portaera ere desberdina izango dela normalean.
Segmentazioaren garrantzia
Interneteko analitikan dabiltzan aditu guztiek errepikatzen duten leloa: edozein datu aztertzean segmentazioaren garrantzia.
Demagun webgune batetan 20 eta 60 urteko pertsonen bisitak identifikatzen ditugula (erabiltzaileen adina jakin ahal izango bagenu, noski. Oraingoz ezin da)
Webguneak bete beharko ditu batetik 20 urtekoen beharrak, eta bestetik 60 urtekoenak. Baina inolaz ere egingo ez genukeena da, 40 urtekoentzako webgune bat, "media" hori delakoan.
Beraz, datuak aztertu, ondorioak atera eta egin beharrekoa planteatzean, onena bi taldeak bereizi eta bakoitzarentzat soluzio espezifikoa aurkitzea.
Niri ez badidazue sinesten, irakurri Avinashi: Segment absolutely everything