Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua

Ikasitakoa desikasten ikasten

Español ala Castellano?

Gari Araolaza 2009/05/07 10:15
Webguneak sortzen gabiltzanoi beti ateratzen digute eztabaida. Hizkuntza aukerak jarri behar izaten ditugu, webgunearen bertsioetara lotuta. Baina nola deitu gaztelaniari?

Hizkuntza bakoitza, bakoitzaren hizkuntzan

Hori da lehenengo erregela. Norberak bere hizkuntza azkar aurkitzeko komeni da bere hizkuntzan azaltzea. Ez dugu jarriko:

Ingelesa | Frantsesa | Gaztelania | Alemana | Euskara

Baizik eta:

English | Français | Español | Deutsch | Euskara

Elementu gutxi direnean ordenak ez du gehiegi axola. Bakoitzak bere hizkuntza azkar aurkituko du.

Erregela honen salbuespena da hizkuntza aukera asko dauzkagunean. Kasu horretan komeni da hizkuntza guztien izenak hizkuntza bakarrean egotea eta alfabetikoki ordenatzea, erraz aurkitu ahal izateko.

Español da izen internazionala

Español eta castellano hitzak baliokideak dira, sinonimoak. Aldiz, joan hegoameriketako edozein tokitara eta ikusiko duzu nola denek español esaten duten, berdin Mexicon edo AEBn. Europan zehar ere gaztelania ikasteko "Clases de Español" irakurtzen duzu han eta hemen.

Badirudi beraz munduan zehar español dela hitza, eta bihotzari begiratu gabe horixe da termino neutroena. Hizkuntza aukera hauek egitean ideologia alde batetara utzi beharko genuke, baina jarraituko dugu pentsatzen: ideologiari begiratzen badiogu?

Ikuspegi abertzale espainola

Hemen zalantza gutxi dago. Espainol sentitzen direnek uste dut nahiago dutela España eta español hitzak erabiltzea. España, España! esaten dute libre sentitzen direnean futbol partiduetan eta la defensa del español manifestuetan.

España integradora

Castellano hitza bultzatzea Espainia integratzeko saiakeretan kokatzen dut nik, edo hala azaldu zigun gutxienez batxilergoko Lengua y Literatura Española ikasgaiko irakasleak,  "ya que el catalán, el gallego y el vascuence también son lenguas españolas". Gure burua ez gutxiesteko eta Espainian integratuak senti arazteko castellano hitzaren erabilpena bultzatu omen zen.

Ikuspegi abertzalea

Aldiz, ikuspegi abertzaletik lotsa edo beldur bat sentitzen da España eta español hitzen inguruan, batez ere ikuspegi abertzale basko edo ez euskaldunetik. "En el resto del estado" edo "castellano" bezalakoak ia derrigorrezkoak dirudite Radio Euskadin edo ETB2an. Vaya Semanitakoak ere egin zituzten horren inguruko txisteak.

Baina zergatik lotsa edo errezelo hau? Ikuspegi abertzale batetik oraindik zentzu gehiago luke España eta español hitzak erabiltzeak, kanpoko zerbait, gurekin loturarik ez duena izendatu ahal izateko, ez?

Are gehiago ikuspegi abertzalea euskalduna bada: gure hizkuntza euskara da, eta menu batean español hitzean klik egiten duenak berak izango du (norbaitek izatekotan) konplexu edo lotsa apurra, ez? Zenbat eta abertzale erradikalagoa izan, orduan eta lotsa gutxiago eman beharko luke español hitza erabiltzeak. Norbait lotsatzen bada, berak jakingo du zergatik lotsatzen den eta zergatik nahiago duen castellano hitz itxuraz neutroagoa.

 

Ondorioz, aukera garbi daukat nik eta horixe erabiltzen dugu:  ESPAÑOL da erabili beharreko hitza.

Telesailekin txoratuta

Gari Araolaza 2009/05/04 09:24
Azken urtebetean ikusi ditudan telesailen zerrenda.

Hauek denak BitTorrent bidez deskargatzen ditut eta azpitituluekin ikusten ditut gauetan, telebistan zer ematen duten zai egon gabe:

  • Band of Brothers. Bigarren mundu gerrako paraka batzuk Normandiatik Alemaniarako bidean. Kalitate oso ona.
  • Generation Kill. Hau ere belikoa. Irakeko gerrakoa, marine talde bat Bagdaderako bidean.
  • Lost. 4. denboraldia.
  • Prison Break.  1 eta 2. denboraldiak. Jarraitu behar dut hurrengo denboraldiekin
  • IT Crowd . 1, 2 eta 3. denboraldiak. Umore ingelesa. Enpresa batetako informatika saila.
  • The Wire. Polizia telesaila. Oraintxe ari naiz 1. denboraldia bukatzen. Oso ona, poliki-poliki doa baina tentsioa mantenduz. Gozatzen ari naiz.

 

Telesail horietako edozein izango duzu aukera ona.

 

  1. Nahi dudan orduan ikusten ditut
  2. Publizitaterik gabe
  3. Azpitituluekin ikusten ditut. Ingelesa ikasten ari naiz beraz.
  4. Ikusi nahi ez ditudan programekin zapping tontoa egiten orduak emateko tentazioari ihes egitea lortzen dut.

 

Gehiago hemen:  Espoiler.tv

 

Nola izan euskal herritar egokia bi pausotan

Gari Araolaza 2009/04/02 08:49
Etorkin eta jaio berrientzat aholkuak. Euskal herritar egokia izan nahi baduzu, jendeak segituan identifikatu eta zurekin tratua izateko modukoa, jarraitu pauso hauek:

1- Aukeratu zure eredua

A eredua

  • Independentzia
  • Presoen alde, torturen aurka
  • Euskara
  • ETAren ekintzak gatazkaren ondorioa dira
  • AHTren aurka
  • Herri Urrats eta Korrika

 

B eredua

  • Autodeterminazioa
  • AHTren alde
  • Euskara (baina ez gehiegi)
  • Kilometroak eta Salburua
  • Aurrera doan herria
  • Enpresarioak guay dira

 

D eredua

  • ETA da gure arazo bakarra
  • Biktimak dira garrantzitsuena
  • Euskara oso polita da baina gaztelaniaz nahi dut
  • Espainia zoragarria da
  • Ibarretxe gaiztoa da

 

2- Segi bizi osoan aukeratutako ereduari

  • Oso garrantzitsua: inolaz ere ez nahastu ereduak!
  • Inork zure inguruan gidoia nahasten badu, eraso egin.  Ziur beste taldekoa dela eta! edo okerrago, agian traidore bat da! (Gogoratu apostasia dela bekatu okerrena)
  • Ez dago beste eredurik, ez asmatzen hasi. Berriz diogu: ez nahastu; ezin zara aldi berean ETAren biktimen eta presoen alde egon.
  • Zerbaitekin ados ez bazaude, ez arduratu eta disimulatu, denboraz iritziz aldatuko duzu eta zure taldekoekin bat egingo duzu.

Benetan hobeto ikusten da pantaila lau horietan?

Gari Araolaza 2009/03/01 08:16
Marketingak gauza bat saltzen digu, eta gehienok erosi egiten dugu horren arabera. Azkenaldian arraroa da pantaila lau horietako bat erosi ez duena. Baina hobera goaz?

Telebistaren tamaina aldetik zalantzarik ez. LCD eta Plasma telebista berri horiek prezio berdinean handiagoak dira, eta toki gutxiago behar dute (meheagoak noski) Kontsumo elektriko aldetik ere esango nuke berriek gutxiago kontsumitzen dutela. Ez dut datu zehatzik irakurri, baina elektronikaz dakidanagatik horrela behar luke behintzat.

Baina irudiaren kalitatearen aldetik?

Normalean jendeak ez dio kalitateari arreta gehiegirik jartzen. Badaude ni bezalako pijoak, baina normalean ez. Oso sarri ikusten ditut izugarrizko telebistak irudiaren proportzioa gaizki ezarrita, jendea potolo-potolo eta garaieraz txiki ikusten dira. Hori horrela bada, pentsa koloreen definizioaz edo bereizmenaz zer pentsatzen duten! Zer esanik ez kalean DVD pirata horietako bat erosi eta lasai-lasai errusiako zine batean grabatutako screenerrak ikusten dituztenak.

Baina orain arte telebista lau batean ikusteko aukera izan dudanean, beti iruditu zait etxeko CRT telebistarena baino irudi kalitate okerragoa zuela. Agian telebista analogikoa ematen ari ziren, edo LTD-ak ez zuen seinalea ongi hartzen, edo auskalo, baina horrela izan da. Egia esan behar badut Eibarko Corte Inglesean Blue-Ray baten demoarekin egoten da telebista handi bat, eta izugarri ongi ikusten da! Baina noski, Blue-Ray bati lotuta!

Orduan, LCD telebista eder bat eta seinale digitala duzuenok, esaidazue: kalitate on-onarekin ikusten duzue telebista? Ondo ikusteko balio du prezio normaleko telebista batek ala garestiena erosi behar da?

Etorkinak iristen ari dira sarera

Gari Araolaza 2009/02/16 18:14

Agian sarean hasi nintzenean webik ez zegoelako edo zuzenean tresnaren erabilera hori zela ulertu nuelako, hasieratik nire sareko jarduna aktiboa izan da. Lehenengo egunetik bidali nituen mezuak posta zerrendetara, foroetan parte hartu nuen, argazkiak kargatu... han eta hemen arrastoa uzten joan naiz sarera lotuta daramadan 15 urte hauetan. Zer esango dizuet, zure izena Googlen bilatu eta zerbait azaltzen bada, lagunek friki bat zarela uste dute.

Facebook sarean gure inguruko milaka pertsona sartu direnetik aldiz, jende asko azaldu da inguruan. Orain arte sareko turistak, bisitari pasiboak ziren, sarean ibili bai baina inon ere ez zutenak arrastorik uzten. Ez argazkirik Flickren, ez komentariorik foroetan, ezer ere ez. Ez genekien sarean zebiltzan ala ez.

Eta orain bai. Orain jende hau Facebook-en ikusten duzu, bideo bat bidaltzen, komentatzen... beraien arrastoa uzten. Nire inguruko jende ezagun askorekin gertatzen ari zait, zerbait komentatzea ez da jadanik frikien kontua. Bada, ongi etorri etorkin guztiei, ordua zen! 

Geocaching: altxorraren bila

Gari Araolaza 2009/02/12 10:11
Asteburuan egiteko plan bat hemen, haurrekin edo besterik gabe ibilalditxo baterako aitzakia.

Urtarrilaren 31an aurkitu genuen lehenengo aldiz Geocache bat, Zumaian izan zen. Izugarrizko ilusioa egin zigun artapalo erabiltzaileak ezkutatutako altxorra aurkitzeak. Niri ilusio handia egin zidan, eta zer esanik ez 6 eta 3 urteko haurrei. Baina hara iritsi aurretik Zumaian ibilaldi txiki bat egin behar izan genuen, altxorra aurkitzeko beharrezko pausoak emanez.

Lehenago, gabonak aldera, Arraten zegoen geocache baten bila ibili ginen, baina ez genuen aurkitu, agian norbaitek handik kendu zuen edo guk ez genuen aurkitzen jakin. Auskalo.

Zer da Geocaching-a?

Denborapasa bat, joko bat. Norbaitek toki batean altxor txiki bat ezkutatzen du. Gero tokiaren koordenatuak publikatzen ditu Interneten eta beste erabiltzaile batzuk hura aurkitzen saiatzen dira.

Zer da altxor hori?

Normalean tupperware motako ontzi bat, busti ez dadin ondo itxita. Han barruan papera eta arkatza egoten da, eta altxorra aurkitzen dutenek beraien izena, eguna eta komentarioren bat idazten dute.

Batzutan jostailu edo detaile txiki bat egoten da. Hartu daiteke, baina beti ere hurrengoarentzat beste zerbait utziz. Gero, berriz ere altxorra ondo ezkutatu eta prest dago hurrengo datorrenarentzat.

Kontuz ibili behar da jokoan parte hartzen ez duen inork ez dezan altxorra nabaritu, askotan altxorra lapurtu edo tokitik kendu dezaketelako.

Gero etxean, Geocaching webgunean utzi abisua, tokian egon eta aurkitu duzula eta abar. Altxorra gorde duenak gustora irakurriko du ziurrenez.

Nork jokatu dezake? Doan da?

Edonork jokatu dezake joku honetan, bai altxorrak ezkutatzen eta baita aurkitzen ere. Horretarako nahikoa da Geocaching webgunean doan izena eman eta hango pausoak jarraitzea.

Behar den gauza bakarra GPS bat da. Denbora librea eta ondo pasatzeko gogoa edukitzea ere komenigarria da. Haurrentzat ere oso plan ona da. Gure Andonik (6 urte) badaki GPS-aren norabideei jarraitzen, eta oso ondo pasatzen du altxor bila, berak esaten digu "handik!" eta gu atzetik joaten gara.

Beste helburu batzuetarako aitzakia

Benetan uste dut beste gauza batzuetarako aitzaki ona dela Geocaching-a. Adibidez:

  • Toki berriak ezagutzeko.
  • Turismoa erakartzeko. Ikaragarria zenbat jende pasatu den Zumaiako geocachetik. Papera ere agortu da!
  • Haurrek ibilaldiak egin ditzaten aitzaki moduan. Altxor bila ez dira oinez nekatzen.
  • Mendian orientatzen ikasteko.
  • Aspaldiko lagun horiekin elkartzeko.

30 urte ondoren, Jaimito itzuli da

Gari Araolaza 2009/02/06 09:35
Bai, txisteetako Jaimito. Hainbeste urtetan non ibili ote da?

Denok izango duzue buruan txikitako txisteetako Jaimito. Jaimitoren txisteetan beti zegoen irakaslea, kaka, txiza edo maliziarik gabeko berdekeriaren bat.

Hainbeste urte pasatuta, Jaimito gure etxera sartu da 6 urte dituen Andonik ekarrita. Jaimito gora eta Jaimito behera. Oraindik koordinatu gabeko txisteak dira, puzkarra, kaka edo horrelako hitzen bat aipatu eta horrekin bakarrik barrea eragiten du Jaimitok.

Nondik atera ote da hainbeste urteren ondoren? Ziurrenez ez da inoiz joan, eta beti hor egon da, 6-8 urteko neska mutilen ahotan. Kuriositatea dut, ea historioak pixka bat hobetu eta berrikuntzarik ikusten dugun, edo duela 30 urte kontatzen ziren txiste berdinak diren.

Santa Kurutz ermita Eibarren

Gari Araolaza 2009/01/30 07:34
Toki bat aukeratu beharko banu, gustora eta lasai egoteko, ez nuke gehiegi pentsatuko. Eta ez dut asko pentsatu ere azkeneko urteetan. Santa Kurutz ermita da tokia.

Eibartarrok sarritan entzun behar izaten dugu Eibar zatarra dela. Edozein aukera erabiltzen dute aurpegiratzeko, lotsatzeko moduko zerbait balitz moduan edo herri baten interes edo balioa neurtzeko faktore bakarra balitz bezala.

Baina hori horrela balitz ere, gezurra da Eibar zatarra denik. Eibarrek txoko ikusgarri asko ditu, eta baita estetika tradizionalaren parametroetan zatarrak izan daitezkeen beste inguru asko ere, Jose Roncok bere "Tailer hiria" liburuan erakutsi zigun moduan.

Baina estetika tradizionalari jarraitzen badiozu ere, baduzu zer bisitatu Eibarren: Sosola nekazalturismoa , Arrate , Armagintzaren museoa , baserri auzoak edo beste txoko guzti hauek.

 Nire gustoko txokoa aldiz, hauxe da:

Argazkiak.org | Santa Kurutz ermita, Eibar © cc-by-sa: garaolaza

Irudi osoa 360 gradutako argazkian

Santa Kurutz ermita Gorosta bailaren tartean dago, muino txiki batean. Autoa gidatzen ikasi nuenetik errekurtso erraza izan da, arratsalde tonto bat neukanerako, eta hara eraman izan ditut tokia ezagutzen ez zuten lagun asko. Tartean neskalaguna, hainbeste aldiz, azkenean han ezkontzea erabaki genuela.

360 graduko argazkiak egiten ikasi nuenean ere, hara joan nintzen aproba egitera. Martin lagun alemaniarra etortzen zenean ere hara joaten ginen denborapasa.Beste eibartar batzuk ere ados daudela dirudi, adibidez Mendicute edo Asier Sarasua.

Tokiak niretzat daukan karga pertsonalaz aparte, toki ederra da, are gehiago duela zenbait urte konpondu zutenetik. Autoz ia bertararte iritsi daiteke, eta Arraterako bidean geldialdi polita da. Handik ikusmira ederra dago, batetik Arrate eta Karakate mendia ikusten dira, parean Aizkorri eta jarraian Egoarbitza, Udalaitz eta Anboto. Gertuan, ermitari laguntzen bezala, Urko mendia. Pinuek uzten dutenean Eibarko hiriguneko nahastea ikusten da.

Santa Kurutzeko jaia maiatzaren 3an ospatzen da eta inguruko baserritarrak elkartzen dira meza, dantza, kirol joko eta omenaldiekin

Hauxe da Debabarreneko nire txokorik gustokoena zozketarako partehartzea.

Espoiler.tv : telebista ikusteko

Gari Araolaza 2009/01/29 22:31
Telebistarekin jarraitzen dut. Internet bidezko telebistara engantxatu naiz eta jadanik ez dut ia telebista tradizionalik ikusten.

Gainera, duela egun pare bat Espoiler.tv-rekin topo egin dut. Espoiler telebista gida bat da. Telesailen gida bat, edozein kanaletan ematen dituzten telesailak jarraitzen dituzte, edo egia esateko, AEB-tako telebista kanal horietan.

Egunero zein programa emango duten erakusten du Espoiler.tv webguneak, eta bide erraza ematen du Googlen deskargatzeko bidea aurkitzeko, eta azpitituluen webguneetan azpitituluen fitxategiak bilatzeko. Noski, telesail gehienak ingelesez dira, eta nire kasuan behintzat, oraindik azpitituluak behar ditut, nahiz eta geroz eta gehiago ulertzen dudan. Ea egunen batean azpititulurik gabe irakurtzeko gai naizen.

Lehen gauza erraza bazegoen, orain webgune honekin errazago!

Espoiler.tv

Hernan Casciariren proiektua

Gidoigilea da Hernan Casciari, telebistaren munduan nahiko ezaguna, eta telebista eta blogen inguruko gauza interesgarriak idazten ditu bere blogean. Berak sortu du webgunea eta lagun batzuekin batera eguneratzen dituzte fitxa guztiak.

Nola ikusi telebista mota hau

  • Bittorrent sistemarekin dabilen programaren bat behar duzu material hau saretik deskargatu ahal izateko. Windowsen Ares da azkenaldian gehien aipatzen dena. Ezarri horietako bat ordenagailuan, eta hasi filmak deskargatzen.
  • Filmak normalean ingelesez datozenez, nahi baduzu azpitituluak deskargatu ditzazkezu. Espoiler webguneak ematen du horretarako aukera ere.
  • Filmak azpitituluekin ikusteko, VLC programa izan daiteke egokia. Bideoa eta azpitituluen fitxategia ireki eta listo!

Azpitituluen inguruan gehiago Azpitituluak euskaraz webgunean.

 

The IT Crowd

Gari Araolaza 2009/01/22 05:58
Umorezko telesail ingelesak gustatzen bazaizkizu (Gazteak, Sugebeltza, Fawlty towers eta horrelakoak), hau ikusi behar duzu.
IT Crowd

Barre asko egin dut telesail hau ikusita, aspaldian egin ez nuen bezala. Protagonistak enpresa batetako informatika departamentua dira, ingelesez I.T. (Information Technologies).

Itxura denez bi denboraldi eman dituzte Channel 4 katean, eta Espainian Canal Plusek eman omen du ere. Orain Torrent sareetan deskargatu ditzakezu bi denboraldiak, bakoitza 6 kapitulurekin: IT Crowd .  Ingelesez ikusi dugu gaztelaniazko azpitituluekin, eta ondo pasatu dugu etxean!

Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon