30 urte ondoren, Jaimito itzuli da
Denok izango duzue buruan txikitako txisteetako Jaimito. Jaimitoren txisteetan beti zegoen irakaslea, kaka, txiza edo maliziarik gabeko berdekeriaren bat.
Hainbeste urte pasatuta, Jaimito gure etxera sartu da 6 urte dituen Andonik ekarrita. Jaimito gora eta Jaimito behera. Oraindik koordinatu gabeko txisteak dira, puzkarra, kaka edo horrelako hitzen bat aipatu eta horrekin bakarrik barrea eragiten du Jaimitok.
Nondik atera ote da hainbeste urteren ondoren? Ziurrenez ez da inoiz joan, eta beti hor egon da, 6-8 urteko neska mutilen ahotan. Kuriositatea dut, ea historioak pixka bat hobetu eta berrikuntzarik ikusten dugun, edo duela 30 urte kontatzen ziren txiste berdinak diren.
Bai, hor egon da, adin horretan susterrak ondo sartuta. Gure mutila ere berdin-berdin hasi da, baina ni ez naiz harritu. Jaimito zaharra eta Nintendo berria, dena natural-naturala.