Etorkinak iristen ari dira sarera
Agian sarean hasi nintzenean webik ez zegoelako edo zuzenean tresnaren erabilera hori zela ulertu nuelako, hasieratik nire sareko jarduna aktiboa izan da. Lehenengo egunetik bidali nituen mezuak posta zerrendetara, foroetan parte hartu nuen, argazkiak kargatu... han eta hemen arrastoa uzten joan naiz sarera lotuta daramadan 15 urte hauetan. Zer esango dizuet, zure izena Googlen bilatu eta zerbait azaltzen bada, lagunek friki bat zarela uste dute.
Facebook sarean gure inguruko milaka pertsona sartu direnetik aldiz, jende asko azaldu da inguruan. Orain arte sareko turistak, bisitari pasiboak ziren, sarean ibili bai baina inon ere ez zutenak arrastorik uzten. Ez argazkirik Flickren, ez komentariorik foroetan, ezer ere ez. Ez genekien sarean zebiltzan ala ez.
Eta orain bai. Orain jende hau Facebook-en ikusten duzu, bideo bat bidaltzen, komentatzen... beraien arrastoa uzten. Nire inguruko jende ezagun askorekin gertatzen ari zait, zerbait komentatzea ez da jadanik frikien kontua. Bada, ongi etorri etorkin guztiei, ordua zen!
Interneteko etorkinen fenomeno horrekin guztiz ados. Nik ere horrelakoa bizi izan dut. Testuan aipatzen duzun sare sozial horren ondorioz kuadrilakoak ere "arrastoak" uzten hasiak dira. Bejon deiela!