Español ala Castellano?
Hizkuntza bakoitza, bakoitzaren hizkuntzan
Hori da lehenengo erregela. Norberak bere hizkuntza azkar aurkitzeko komeni da bere hizkuntzan azaltzea. Ez dugu jarriko:
Ingelesa | Frantsesa | Gaztelania | Alemana | Euskara
Baizik eta:
English | Français | Español | Deutsch | Euskara
Elementu gutxi direnean ordenak ez du gehiegi axola. Bakoitzak bere hizkuntza azkar aurkituko du.
Erregela honen salbuespena da hizkuntza aukera asko dauzkagunean. Kasu horretan komeni da hizkuntza guztien izenak hizkuntza bakarrean egotea eta alfabetikoki ordenatzea, erraz aurkitu ahal izateko.
Español da izen internazionala
Español eta castellano hitzak baliokideak dira, sinonimoak. Aldiz, joan hegoameriketako edozein tokitara eta ikusiko duzu nola denek español esaten duten, berdin Mexicon edo AEBn. Europan zehar ere gaztelania ikasteko "Clases de Español" irakurtzen duzu han eta hemen.
Badirudi beraz munduan zehar español dela hitza, eta bihotzari begiratu gabe horixe da termino neutroena. Hizkuntza aukera hauek egitean ideologia alde batetara utzi beharko genuke, baina jarraituko dugu pentsatzen: ideologiari begiratzen badiogu?
Ikuspegi abertzale espainola
Hemen zalantza gutxi dago. Espainol sentitzen direnek uste dut nahiago dutela España eta español hitzak erabiltzea. España, España! esaten dute libre sentitzen direnean futbol partiduetan eta la defensa del español manifestuetan.
España integradora
Castellano hitza bultzatzea Espainia integratzeko saiakeretan kokatzen dut nik, edo hala azaldu zigun gutxienez batxilergoko Lengua y Literatura Española ikasgaiko irakasleak, "ya que el catalán, el gallego y el vascuence también son lenguas españolas". Gure burua ez gutxiesteko eta Espainian integratuak senti arazteko castellano hitzaren erabilpena bultzatu omen zen.
Ikuspegi abertzalea
Aldiz, ikuspegi abertzaletik lotsa edo beldur bat sentitzen da España eta español hitzen inguruan, batez ere ikuspegi abertzale basko edo ez euskaldunetik. "En el resto del estado" edo "castellano" bezalakoak ia derrigorrezkoak dirudite Radio Euskadin edo ETB2an. Vaya Semanitakoak ere egin zituzten horren inguruko txisteak.
Baina zergatik lotsa edo errezelo hau? Ikuspegi abertzale batetik oraindik zentzu gehiago luke España eta español hitzak erabiltzeak, kanpoko zerbait, gurekin loturarik ez duena izendatu ahal izateko, ez?
Are gehiago ikuspegi abertzalea euskalduna bada: gure hizkuntza euskara da, eta menu batean español hitzean klik egiten duenak berak izango du (norbaitek izatekotan) konplexu edo lotsa apurra, ez? Zenbat eta abertzale erradikalagoa izan, orduan eta lotsa gutxiago eman beharko luke español hitza erabiltzeak. Norbait lotsatzen bada, berak jakingo du zergatik lotsatzen den eta zergatik nahiago duen castellano hitz itxuraz neutroagoa.
Ondorioz, aukera garbi daukat nik eta horixe erabiltzen dugu: ESPAÑOL da erabili beharreko hitza.
Zehaztu nahi nuke eztabaidan nik ez nuela termino zuzenena aukeratzea planteatzen, baizik eta (biak zuzenak direla onarturik) erabilera orokorrena duena eta webgune batean arazo gutxien emango dituena.
Bestalde, español hitzaren aurkako iritzia oso sarritan ideologikoa izaten denez, hori ere desmontatu nahi nuen.
Horrela bada, jarraitzen dut pentsatzen Español dela webgune batean jarri beharreko hitza. Eskerrik asko erantzun duzuen guztioi.