Zoruan zuloa
Halaxe ziren ba. Pertsonen hankapeko zoruaren parekoan ibili ohi ziren abereak ere. Zer gutxiago eguneroko hiru otorduak "kristauak" baino lehenago egiten zuten "behi sakratuentzat". Harri demasak eta lauak elkarrekin bat eginda kokatzen ziren inolako orerik gabe. Puzzle itxurosoak ximaurra pilatzen zen tokitik asketarainoko zabalera hartzen zuen . Ganbelak ere arkupe ederretan ziren, eta txahalek berriz, harlauza landuetan sartu behar izaten zuten burua bazkatu nahi bazuten.
Pegorako zorua
Polita, autentikoa, baina mantenimendu handia eskatzen zuena. Izan ere, abere handiak zerabiltzaten gainean harriok. Eguneroko joan-etorriek eta abereen eginkariek harritzarron elkarguneak ireki egiten zituzten. Behien apatx zorrotzak harri-bitartean sartu eta puzzlea desegin egiten zen sarri. Zuloak eta tarteak handitu ahala min hartzeko arriskua ere bai, animaliek zein pertsonek. Zoruko harriak deskolokatu (gora Amuriza!) egin ohi ziren, ondorioz burdinazko palanka hartu eta birkolokatzeko lan neketsu eta zikinean jardun beharra zegoen ia astero.
Horrexegatik, 25 bat urte badira zorua aldatu zela. Porlana botatzea erabaki genuen. Harlauzak hormigoi azpian ezkutatzea bekatua izango zela-eta, atera eta bestelako erabilpena ematea otu zitzaigun. Banan-banan kanporatzeari ekin zitzaion ekarri berria genuen traktore txikiaz eta..... hara!: Uztarriko behietako baten aurreko bi hanken azpiko harlauzapean zuloa agertu zen. Baziren lehenago ere kortako ezkutalekuen inguruko istorioak gurean. Zurezko arka handiren baten ohiartzunak heldu zitzaizkidan. Baina jakinminez tira egin arren, ez nuen sekula haren kokapen eta ezaugarriez "ustelduta dago honezkero" baino gehiago jakiterik lortu.
Harlauzapekoa txikia zen, 1m sakon eta beste bat zabal asko jota. Ezkutaleku aproposa, behien arteko handienaren hankapean. Jakin nuenez, gerraosteko arrazionamendu garaikoa zen. Nahi baino maizago hamaiketakoa egin eta uzta errekisatzera etortzen ziren txapel okerren bistatik zati bat ezkutatzea zen asmoa.
Txiribueltadun salto mortala orain: Gerra haren su ustez itzalduaren kedarretatik garra biztu zenean, zuloak ohiko egin zitzaizkigun. Hain ohiko, ezen "zulo" espainoleko hiztegiak berak ere bere egin baitu. Armategiak, bahituak, propaganda,dirua...ordezkatu zituzten hamarkadetan garai bateko gari eta artoak. Eta egun? zer ezkutatzen da lurzoruan? Gaur egun, lurzoruak kapitala ezkutatzen du zulorik egin beharrik gabe. Lukroa xede duen nakaritza-eredu jakinaren etekinak, eta sektoretik kanpo eginiko irabaziak ezkutatzeko toki aproposa iruditu zaie lurzorua jauntxo batzueri. Suitza eta burtsa jadanik ez bide dira seguruak. Baserririk salgai dagoen galdezka dabiltza. Osborneren zezen beltz espaniarraren aurreko hankek segurtasun handia ematen bait dute, eman ere. Galdetu bestela Francoren momiaren hobiko zaindarieri.
Harrizko estalpeak
Teilatu ugari eraman zituen haize lupuak, ia gehienak. Gurea ere bai. Teila arabiar ia denak eraman zituen. Etxea estalkirik gabe gelditu zen, labe-gaina ez beste dena. Gurdia bera ere auzoko Abontza baserriko atarian agertu omen zen hurrengo goizean. Etxetarrak ikaratuta pasa zuten gau beldurgarria, gordeta, munduaren azkena zetorrelakoan.
Biharamonean argitu zuen horratio. Neguko goiz ilun eta hotzean zerbait inprobisatu beharra zegoen premia larrian. Konturatu ziren hizebean zegoen ardi-txabola osorik zegoela. Etxe nagusitik 500 metro ingurura harlauza eta teilazko estalpe ederra omen zen. Txabolari txapela erantzi eta besteari jartzeari ekin zioten.
Teilatua kendu ondoren, harri hutsean jasotako txabola zaharraren aztarnak 2019an.
Harlauza erraldoiak ziren, astunak oso. Nola edo hala jarri zituzten ertza eginaz orma zaharren gainean. Ondoren, erdia bete teilekin, osoak batzuk eta erdi puskatuak beste asko, azalera osoa amaitu arte.
Arestian esan bezela, haize zitalak teilatu ia osoa eraman zuen, ez dena. Laberaren estalpea ez zen mugitu. Orduan bezela orain ere hor dirau, kieto, harrizkoa baita. Teilakatutako harlauza handiek osatzen dute 30m-ko estalpea. Haizeari aurre egiteko ezinhobea izanik ere, eraikitzeko zaila eta itoginerako joera handia du. Bada, zergatik horrelako lanak hartu horren eskasa den estalpea lortzeko?
Materiala debaldekoa izateak ez zen arrazoi txikia izango horrelako hautua egiteko orduko maizter behartsuentzat. Baina bada bestelako hipotesirik harlauzen eraikuntza neketsua justifkatuko lukeena eta aditu batek mahaigaineratu ziguna orain urte batzuk : Jakinekoa denez teila jabetzaren ikur da. Mugarrietan lurperatu ohi zen edota itsasora jaurti bermeotarrek urtero gogorarazten diguten modura. Teilarik gabeko eremuak jabegorik-eza adierazi nahiko balu? edota Jabego partekatua?
Zentzua badu. Izan ere, garitik ogirako lanetan auzolana ohikoa zen gure arbasoentzat. Gariaren laborantzako lanabesak ere halatsu auzoaren jabego ziren, izan garijotzekoa, izan haizatzekoa. Etxez etxe ibiltzen ziren premiaren arabera. Harlauzapeko labea ere auzoarena ote zen ba?
Zuhaitzik ez denean, agian, basoa ikusiko dugu
Izan ere, basoa sistema konplexua da, elkarrekintzan dauden elementu askoren multzoa. Alde batetik, adin desberdinateko zuhaitzak daude basoan: erne-berriak, gazteak, zaharrak eta hilak. Bestetik, bioaniztasun handia dago: landare-, onddo- eta animali espezie ugari bizi da bertan. Euren arteko elkarlanari esker basoak egurra eta lur emankorra ekoizten ditu bere burua betikotzeko. Atsedenik hartzen ez duen lur- eta zur-faktoria itzela da.
Pinuaren monolaborantzak ez du lur emankorrik sortzen. Guztiz kontrakoa, lurreko aberastasuna irentsi egiten du. Horrela, pinuak ez du lurzoruarekin eman-hartu harremanik izan. Hartu egin du, baina ez du eman. Hamarkada gutxiren ondoren, lurrean elikagarik gabe gelditu eta ahuldu egin da, makaldu, eta bere etsai naturalek aukera probestu dute bera erasotzeko.
Egurrari ez diogu kalitaterik eskatu, papera egiteko erabili dugu eta prezioek behera egin dute. Ondorioz, ez dugu zuhaiztia zaindu eta gaixotu egin zaigu. Ehundaka urtetan, aurreko baso zaharrek sortu zuten emankortasun-altxorra agortu denean, pinua gosetu eta gaitzek erasan diote. Pinudirik gabe geldituko gara urte gutxitan. Paradoxa dirudien arren, agian, orduantxe, zuhaitzik ez denean, ikusiko ahal izango dugu basoa.
Urtarrilean, Arrate Kultur Elkarteak hitzaldi interesgarria antolatu zuen. Bertan, "Kolore Askotako Basoaren" mugimenduko kide batek bidegurutzean gaudela aipatu zigun. Zirt edo zart egiteko kinkan. Euren proposamena honakoa: Naturatik Hurbileko Basogintza. Europako hainbat herrialdeen ildoari jarraituz, basoaren kudeaketa horrek hamaika onura ekarriko lizkiguke, gùre egingo bagenu, besteak beste: Kalitatezko zura eraikuntzarako, energia sortzeko biomasa, aisialdirako natur-guneak, CO2-a ren kontrola, uraren emaria, uholde- eta sute-arriskuak ekiditea, kalitatezko lanpostuak,,...
Gogoan hartu: "kolore Guztietako Basoa"
Lubanak eta mugarriak
Lurra baliabide mugatua da. Lurraldea zatitu eta banatuta dugu partzela eta sailetan. Jabetza-mosaiko ikusgarria osatu da urteen poderioz, itxura batean lur-baliabidearen izaera publikoaren inguruko eztabaida handirik gabe. Izan ere, Eibarren ia denak partikularrenak dira. Arrateko gaina eta beste pusketa txiki batzuk kenduta gainerako lurzoruaren jabeak banakakoak dira, gehien gehienak baserritarrenak. Hau ez da beti horrela izan: XIX . menderarte mendi-sail gehienak komunalak ziren eta bertan egiten ziren ustiaketak zorrotz arautuak zeuden. Gerora Udalek desamortizazioan saldu egin zituzten herri-lurrok zorperatutako Estatuak aginduta. Orduantxe ugaritu ziren mugarri eta lubanak. Historialariek diote horixe izan zela Karlismoaren benetako hazia, nekazari lurjabe/lurgabe haiek matxinatzera eraman zituen arrazoia, lurraren pribatizazioa.
Gaur egunean jartzen diren polanezko mugarrietako bat
Garai hauetan ere baserritarren arteko liskarrerako gai nagusia lurraren jabetza da. Seguraski baliabide horrek familiaren biziraupena eta aberastasuna baldintzatzen dituelako. Lehenago, ekoizpenerako faktore nagusia zen, gaur berriz, batez ere espekulazioarako lehengai gozoa. Horrexegatik munta handikoa da jabegoa egoki markatzea. Ororografiako berezko elementuak ahazteke, errekak, gainak, hegiak,..., gure inguru honetan bi eraikuntza erabili ohi dira berariaz horretarako aintzinatik: Mugarriak eta lubanak.
Mugarriak bi harlauza singlez osatuta dago. Jabegoen arteko mugetako erpinetan egoten dira. Zutik, erdiraino lurperatuta, lur-eremuaren ertzetan kokatzen dira angelu zehatza osatuz. Horrela, harlauza bakoitzaren orientazioak hurrengo erpineko harlauzarainoko lerro imaginarioa "ikustea" ahalbideratzen du.
Mugarriak jartzea oso erreza da, eta merkea. Baina modu berean, errezak kentzeko edo aldatzeko. Zenbat gatazka eta auzi ireki ote da mugarriak "mugitu" direnaren salaketapean. Era berean, desegiteko ere errezak fenomeno natural zein deskuidoengatik, direla lurjausi, landaredi, uholde edota baso-lanak besteak beste.
Horren jakinean eta liskarrak behin betiko amaitzeko lubanak eraikitzea onena. Nik bi motatakoak ikusi ditut: Jabegoen arteko muga-lerroan zehar egindako zanga sakon erara ageri da batzuetan. Beste batzuetan berriz, metro bete garaieraraino harri hutsean egindako horma luzea izaten da. Bere garaian lantegi handia izandakoa, gaur egun zalantzak uxatzeko sistema eraginkorrena bihurtu da. Planoak plano, ortofoto, eta katastroak katastro, lur-baliabidea banatu eta bakea jartzeko primerakoa da lubana, Txinako Harresi Handia leztxe ia-ia, hain ikusgarri eta ezaguna ez izan arren.
Haitzarteko lubana
Harmailak
Harmailak kaletik baserrira zuzenean, zigizagarik gabe igotzeko bidea zen. Mendiaren hegian zehar aitzurraz koskak egin eta harlauza pausatzen da. Metro bakoitzeko hiru-lau bat maila egokitzen zaizkio. Zabalean metroa eskas eta sakoneran harriak ematen duena, beti ere, hanka jartzeko lain azalera garbia ziurtatuz.
Harmailetako bide malkartsua eta gauez arriskutsua zen. Beherakoan, ilargi-argirik gabe, linterna edo farolarekin ibili behar ipurdiz gora joaterik nahi ez bazenuen, batez ere egun euritsuetan. Behetik gora berriz, ez zen lagungarririk behar, hain ondo zeuden jarrita harriok ezeze. Itsu-itsuan joanda ere, ez zen hankapekorik ikusi beharrik, bertan harria egongo zela segurantzia osoa zegoelako. Hori bai, bazterreko sasi eta basoan denetik ikusi eta entzuten zen: piztiak batzuetan, sorgin eta mamuak bestetan, itzalak beti, eta uda partean ipurtargiak.
Gure etxetik kalerako harmailetako bideak 500 metro inguru izango zituen. Metroko 3-4 maila kontatuta guztira 1000 izango zirela kalkulatu dut. Gaur, jatorrizkoaren herena-edo geldituko da. Ez da erabiltzen eta ondorioz belartzak estali du ia. Beste bi herenak Ermuko eskonbreran daude beste milaka toneladaren azpian. Izan ere, bertara eraman zituzten harmailak Eibarko sahietsbidea egin eta mendi-zatia jan zutenean. Guk bariantea lurrazpitik egitea eskatu arren, ingeniariek hori ezinezkoa zela esan ziguten, argudiatuz tunela aldapan geratuko zela eta araudiak ez duela halakorik baimentzen (?). Ondorioak begibistakoak:
1. Tunela egiteak eskatuko lukeen baino askoz harri eta material gehiago garraiatu ondoren eskonbrotara, Ermuko urbanismoak bere zabalkunderako espazio berria lortu du, mendian eta aparte samar bada-ere.
2. Lau ziren ordurarte gure etxaldea zeharkatzen zuten herri-kaskotik etxeko atarirainoko bideak: Elizbidea (hildakoak eramateko), asto-bidea (esnetiarako), harmailetako bidea (atajua) eta bide berria (kotxeentzako berariaz egina). Lauretatik bakarra gelditzen da. Ezetz asmatu zein?
3. Ez da jokalaririk ageri aspaldian Sosola partean, nahiz eta ni, orain ere, linternarekin andra-laguntzen joateko prest egon.
Mugartea (III). Ardoa eta artoa.
Eta etxaldeko mugarteak, noizkoak ote dira? Baserri-etxearen eraikuntzaren dokumentaziorik ez dago, ez eta ere berreraikuntzena, are gutxiago mugarteena. Nere burutazioen emaitza den hipotesia honakoxea:
Sagardoa Kantauri aldeko euskaldunen ekonomiaren oinarrian zegoen. Berau izan zen gure arbasoak itsasoaren altzoan izan zuten arrakastaren gakoetako bat, arrantzan zein merkataritzan. Bestetik, XX. menderarte ura edatea arriskutsua zen gaixotasun-iturri zelako. Odorioz sagardoa bilakatu zen hidrataziorako alternatiba.
Hala ere, sagardoaren industriak behea jo zuen euskal untzigintzarekin batera (Espainiako erregeen handinahiak tartean). XVI. mendean, ardoak hartzen du nagusitasuna. Eta Amerikatik ekarritako artoak egoera iraultzen du XVIII.-aren hasieran. Sagastiak ipurditik atera eta mendi-sailak soro bihutu ziren. Hortxe koka genezake inguru honetako mugarteen sorburua seguruenik.
Artoa elikagai aberatsa izanik, baldintza egokiak behar ditu. Zimaurtu eta ondo kareztatutako lurrak. Goldea sartzea hobe, laian ibiltzea baino. Abereen laguntzarekin ekoizpena handiagoa da. Garia eta artoa txandakatuz arka, kutxa eta ganbarak majo betetzeko aukera izan zen. Baina horretarako lur sakon eta arinak behar ziren. Laboreen sustraiak luzatzeko aukera izan eta hezetasun gehiegizkoa kanporatuko dituzten sailak. Hain zuzen, mugarteek eskeintzen dituzten baldintzak.
Artoa XVIII. mendean zehar hedatu zen, aurretik ere ezaguna izan arren. Beraz, mugarteen eraikuntza titanikorako indar eta energia orduantxe sortu bide zen. Belaunaldi bat baino gehiagotan burutuko ziren gaur egunean paisaiari hain lotuta dauden egiturak, halabeharrez.
Zer esanik ez, geroztik izan dira aldian aldian konponketarik mugarteetan. Eta zer dan gauza, mugen-konponketan, beti-beti, aintzinako erlojeruari gertatu zitzaionaren kontrakoa suertatzen da: Ordularia piezaz pieza zatitu zuen matxura aurkitu nahian. Txukun, despiezea egin, berriro montatzen hasi eta amaitutakoan, hara! erlojua tiktak-ean eta piezak sobera! (zenbatetan kontatu ote da gurean pasadizo hau).
Bada, mugetako hormekin kontrakoa jazo ohi da. Inoiz zatia amildu eta harriak hortxe, bertan gelditzen diren arren, puzzlea berriro egiteko garaian piezak faltan izaten dira. Orduan, harriak karriatu behar nonahitik eta ezin bada, ezinbestean buruari eragin behar. Horra, argazkian, estuasunetik ateratzeko irtenbidea: harriak horizontalean jarri beharrean, zutik eta piska bat diagonalean etzanda eta kito. Material gutxiagorekin emaitza beretsua.
Mugartea (II)
Zehatzagoa izateko kontu hau ez da 36-ko gerrakoa. Lehenagokoa da, 34-ko erreboluziokoa. Eibartarrek, armak eskuan, iraultza aldarrikatu zutenekoa. Tiro-hotsak ere izan ziren tartean, eta baita hildakoak ere. Pistoladun gazte sozialista haietaz zera zioen gure Jose zaharrak: "bazterrak nahasten jardun zutela baina armada espainiarra azaldu zenean azkar eman zutela amore. Bat baino gehiago gainera, sozialista-errepublikazale izatetik elizatar amorratu bihurtu zen pistolak muga-zuloetan lagata".
Muga-zuloak kainu-zuloak baino ez dira. Mugarteen zati oso garrantzitsua dira, izan ere, beraiei esker ura bideratzen da. Horrela, kainua trabatzen denean, ez dago drenaiarik eta uraren pisuak mugartea amiltzea ekar dezake, lur-jausia eraginez. Zoritxarrez mantenimentu-faltak, hau da, kainu zaharrok bete eta ez garbitzearen ondorioz, galdu egin ditugu mugarte ugari han eta hemen.
Esan gabe doa, kainuak harrizkoak dira. Harlauza bereziak apartatu eta horretarako erabiltzen zituzten sakonera handian, ubide lauki eta pendizdunak eraikiz. Nik, bi motatakoak ikusi ditut: Handiak eta txikiak.
Txikiak ugariagoak dira eta belardi zein soroetan 25 metro inguruko tartearekin paraleloki luzatzen dira lurpean mugarte-ilada zeharkatuz.
Kainu handietan pertsona erraz sar daiteke, eta drenai-premia handiari erantzuteko izan ziren eraikiak. Batzutan soroa lautadan egonik eta euri-ura pilatzea kaltegarria zelako uzta jasotzea nahi bazen. Edota bestetan, jatorrian errekastoak izanik, gero hauek betelana eginda estali zirenean, ur-emari handiari irteeera emateko.
Amaitzeko goazen berriro kontu zaharretara, orain bai, gerra-kontuetara. Sosolako Maiorazgoa Euzkadi defendatzera joan baino lehen agindu-sententzia bota omen zuen: "gertatzen dana gertatzen dala, deskuidatuta ere, ez gero hanka egin etxetik". Horrela, Eibar bonbardatzeari ekiten ziotenean, familia osoa ezkutatzen omen zen etxaburuko kainu-zuloan. Hortxe goian duzuen argazkiako horretan.
Mugartea (I)
Ez da izango ez Gipuzkoaldean Soraluze-n beste zelai duen herririk. Ez naiz ari azaleraz. Kopuruaz ari naiz. Karakate mendiaren maldei begiratzea baino ez da mugarte- edo terraza-sail amaigabeaz ohartzeko. Harri hutsean jasotako horma luzeei esker Deba ibaian amaitu beharko lukeen lur emankorra bertan bilduta gaur azienda elikatzeko erabiltzen dute. Garai batetan seguruenik gari- eta arto-soroak izango ziren gehienak.
Eibarren ere badugu horrelako egiturarik. Ederra da garai bateko Sisifo haien ahalegin monumentala zalantza barik. Arrajola baserriko mugarteak ikusgarriak dira zinez.
Katalunia aldean identifikatu, katalogatu eta kokatuta dituzte honezkero hango mugarte ugariak. Han, soro-lurretatik harriak kentzearen ondotik eratorritako eraikuntzak dira. Gurean, aitzitik, batzuetan mendiari kendutako zitzaion harria, harrobi txiki ugarietan. Bestetan erreketako harri solteen pilak probestuko zituzten.
Mugarteen balioa ukaezina bezain ezezaguna da gure artean. Paisaia eratzen dute. Fauna anitzaren gordeleku ere badira (intsektu eta narraztiak), eta ez dezagun ahaztu basoaren faltan, uraren ixuria erregulatzen dutela. Hau da, malda handietan zuhaitzen sustraien funtzioa betetzen dute, lurrari eutsi eta ura askatzen doaz poliki, horrela uholde-arriskua uxatuz. Eibarrek aintzat hartu beharko lukeen zerbait.
"Eibarko harlauza"
Hona bi adibide:
"Untzagako pasealekuaren proiektua" Santiago de Sarasola 1867 " ...202 varas cuadradas de losa de las canteras de Eibar de cinco pulgadas mìnimas de grosor para cubrir otra regata y el cauce..."
"Labaderuaren proiektua, Ramon Cortazar 1897: "..el piso de losa de Eibar..."
Geologiaren ikuspegitik harri eta haitz guzti hauek prozesu luze eta konplexu baten ondorio dira. Jatorria orain 200 miloi urte Bizkaiko golkoan itsaso zabal bat eratu zenean kokatu behar da, plaka europarra eta iberiarraren arteko distentsioa sortu zenean. 65 miloi urterako jada Eusko-Kantauriarra deritzon itsas arro subtropikala zen berau. Bertan sakonera gutxiko guneetan kareharrizko plataformak heterogeneoak osatu ziren besteak beste koralaren hazkuntzaren eraginez. Itsaso honetako sakonera handietan berriz, kontinentetik zetozen ibaiek zekartzaten tupak, marga, eta kareharrien suzesio homogeoak metatu ziren.
Esan bezela materialok geruzetan pilatu ziren itsas arroan. Denborak lagunduta haitz bihurtu eta gorago aipatutako plaken indarrak kontrako norabidea hartu zuenean, geruzak azaleratu egin ziren, gaur egun ezagutzen ditugun mendiak sorraraziz. Kareharria nagusi zen eremuetan, hau da, itsas sakonera txikietan, mendi karstikoak, Aralar eta beste hainbat.
Sakonera handitan eta kontinenteetako ezpondetan pilatutako sedimentu geruzatuak berriz, lurraren barruko indarrek tolestu eta altzatuta, gaur egun Flysh (isuri alemaniarrez) deitzen ditugun egiturak sortu ziren (Urko mendia kasu). Milaorri itxurako guruzak bigunak eta gogorrak tartekatuta daudenez, bigunak higaduraren eraginez desegin ahala gogorrak maldan behera labaintzen dira ertz zuzeneko harlauza erabilgarri eta lantzeko errezak eskuragarri utziz. (Zumaiko Flysh ezaguna 1948rarte Europako adokin-honitzaile nagusiena izan omen da).
Garai bateko harginen burdinazko esku-palanken indarrak naturaren lana imitatu baino ez du egin. Palankaren punta zorrotza haitz-geruza artean toki egokian sartu eta eragitea baino ez dago eraikuntzarako material agortezina lortzeko. Ziur Eibarko urbanismo azkar eta askotan zoroan eragin duela honek. Alegia, oiarrizko elementu egoki, gertuko eta merkea izateak asko lagunduko zuen etxe eta tailerrak konbultsiboki jasotzeko premiei erantzuteko.
Gure inguruneak baldintzatu du herriaren garapena. Orografia zailak nekazaritza-iharduera oztopatuz gure arbasoak beste bide batzuk jorratzera bultzatu zituen. Beharrak irudimena sustatu zien. Baina aldi berean baita bestelako oparia eskeini ere kale zein baserriak eraikitzeko edo beste makina bat gauzetarako: Mahaiak, txabolak, mugak, askak, itxiturak, luhanak, teilatuak, kañuak,...(Toribio Etxebarria-nian "harloza" ikus).
Amaitzeko hona bi proposamen. Bata erreza egiten, bestea zailtxoagoa agian:
- Ea ibilbidetxoa antolatzen dugun noizbait harrobi zaharrok kokatu eta herri-arkitektura "pekuliar" honen adibide batzuk ikusteko.
- Eibarko udalak DBHko ikastetxe publiko berria eraikitzea Eibarko harlauzaz. Itzioko Bigarren Hezkuntzako eskolak baldintzak betetzen ez omen dituela-ta itxi behar dutelako eta Zuloaga Institutuak ere "baldintza" zalantzagarriak betetzen dituelako (batek daki zein materialekin egina den eta osasun-ikuskapen oso baten azterketa gaindituko ote lukeen zalantza egiten dut). Etorkizuneko gazteek eskertuko ligukete eta iraganeko eibartarrei egingo geniekeen keinu polita izateaz gain, nondik gatozen irakasteko modu aproposa litzateke. Eta ez gazteei bakarrik.
Irristadak
Eguren baserriko teilatuan mantenu-lanak egitera joan eta zortzi metrotik behera, hura danbatekoa. Hamabost egunean zainketa berezietan igarota, etxean da gizajoa. Berriro jaio da Loixola. Arratekoari eta bere gazte-sasoiari esker osatuko da.
Orain dela 10 bat urte, Deba Barreneko baserritarren ordezkari sindikala nintzela, Mendaroko baserri batetan lan-istripua gertatu zen. Gauxitxa baserriko Antonio zendu zen ximaurrez betetako gurdia irauli eta azpian hartuta. Sindikatura jo eta orduko presidenteari proposatu nion kalera irtetzea lan-istripua salatzeko. Nere harridurarako ez zuen begi onez ikusi. Ea "zeinen aurrean egin behar genuen protesta" galdetu zidan, "geu izanik langile eta guezaba". Zalantza barik, prekarietatean diharduen beharginen ordezkari izatea nahiko lukeen baten irristada handia.
Familiek elikaduran inbertitzen duten diru-kopurua %40tik %10era igaro da hamarkada batzuetan. Gutxiago jaten da egun? Gizentasun-datu kezkagarriek ez diote halakorik. Zeinen kontura merketu da sabela betetzea orduan? Argi dago:Landareak, animaliak eta nekazariak gogor estututa, zukututa, muturreraino hustiratuta. Irristada itzela hau ere, gizarte osasuntsua nahi badugu behintzat. Izan ere, norabidea aldatu ezean, ez da egongo jainkosarik datorkigun danbatekotik salbatuko gaituenik, ezta Arratekoak ere.
Animo Oier!!
...eta kitto! aldizkarian Urriko 1eko alean argitaratutako zutabea.
Flysch-aren umeak
Herri arkitekturaren adibide bikainak. Betidanik atentzioa eman didate baina bere benetako balioaz ez naiz jabetu googeleatzen nenbilela "construccion en piedra seca","Dry stone Walling" Pierre Sèche" "Pedra Seca"......eta antzekoen inguruko orriekin topo egin nuen arte. Beste herrialdetan egitura hauen balio ekologiko, paisajistiko eta etnografikoaz konturatu daude aspalditik. Gurean nik dakidala ez dago mortairu,porlan, kare edo bestelako orerik erabili gabe jasotako eraikuntza hauen katalogatze, zainketa eta dibulgazioaz arduratzen den elkarterik. Baten batek baleki eskertuko nioke kontakturen bat luzatzea.
Artikulu-sorta batekin hauen berri ematea nahi nuke, ezagutzera eman. Hasteko bildumatxoa ideia orokor bat egiteko. Hurrengoetan elementuon berri zehatzago ematen saiatuko naiz multzoka edo banaka. Eta galdera bat egin hasterako: nola izendatu euskeraz eraikuntza-mota hau? Saiatu naiz baina ez dut oraindik asetu nauen aterabide egokirik aurkitu. Harri hutsean(-ez), harri sikuan,...? Proposamenik?
Mug(i)a: Soroko lurrari eusteko harrizko horma ederrak.
Harlozazko bidea: Intsaustiko amildegia gainditzeko pasabide zaharra
Libertè, egalitè, fraternitè,identitè,et...?
Lehenengo misterioaren nondik norakoak argituta, gatozen bada beste bat askatzen saiatzera. Izan ere, Iparraldeko nekazarien artean bi gauzek deitzen dute atentzioa azken urteetan: euren gaztetasuna eta ugaritasuna. Zer dela eta horrenbeste lagun lurretik bizitzen eta horren gazteak Hegoaldeko Euskal Herrian kontrakoa gertatzen den bitartean. Era berean, azpimarratzekoa da Frantzia mailan berau dela nekazari-kopuruaren gainberari eusten dion zonalde bakarra. Are gehiago, bertan istalatzen ari diren nekazari berrien portzentaia ez txikia Euskal Herritik kanpokoak dira.
Fenomeno bitxia eta gogoeta mereziko duena zalantzarik gabe. Hona nere baitan sortutako azalpena motz-motzean, irakurlearen iruzkinen esperoan izenburuan iradoki modura:
- Bat baino gehiagoren esplikazioa bestelako alternatiba gehiagoren falta izan liteke. Alegia, Iparraldeko kostaldea zerbitzuen polo garrantzitsua izanik, barnealdean, azkenaldiko ekimen berritzaile bakanak salbuetsita, laborantzaren bidea baino ez da bertan bizitzen jarraitzea nahi duenarentzat. Nola ez, horrek pisu handia du etxaldeari lotzeko erabakia hartzeko garaian. Halabaina, zergatik ez du pisu bera Nafarroa Garaiko gazteengan? Baztan, Bortzirietan, Aezkoan,...zer dala-ta ez da gazterik nekazaritzarako hain egokiak diren lurretan? Zein da Pirinioetako ixurialdeen arteko aldea? Bi Estatu eta bi historia ezberdin agian?. Batean iraultza bortitz eta traumatikoa egin zuten, zeinean Herriak Erregea hil bait zuen. Ikuspegi kolektibo eta sozialak gailenduta biztaleen gogoan gelditu da iltzatuta, baita nekazarienetan ere: Klase-kontzientzia oso barneratuta dute. Harro dira bere ofizioaz. Formatu dira teknikoki eta ideologikoki. Ez dira lotsatzen (ipar- zein hego-adieran). Antolatu eta aldarrikapenerako ez dute nekerik. Elkartasunaren birusak jota, lurra eta gainontzeko baliabideak (ekoizpen eskubideak, diru-guntzak,ezagutzak,..) banatu behar direla diote.Laborari ugari behar direla. Auzoa ez da etsaia, ofizokidea baizik, aliatua. Aldarrikatu eta eraiki. Estatuak bere ardurak bete ditzala. Ez bada horrela, geronek sortuko ditugu egitura eta ekimen berriak. Zenbat eta zenbat adibide, nagusiena Euskal Herriko Laborantza Ganbera, nekazaritza-politika eraginkorrerako tresna. Naifkeriatik aparte, hankak lurrean eta gogoa etorkizunean, emaitza logikoa: Etxaldeetako errelebo eta gazteen istalaziorako ingurugiro egokia.
- Nolatan ba ez da gauza bera gertatzen Frantziako gainontzeko eskualdetan? Arestian aipatu dudan bezela, Euskal Herrian beste istalazio ez da Frantziako inongo eskualdetan. Iraultzaren zero-gunetik urruti dira euskaldunak eta leherketaren kutsadura handiagoa beharko luke beste eskualdeetan, seguru EHan baino jarraitzaile eta arrakasta gehiagorekin. Era berean, euskal kulturari ez zion batere mesede egin iraultzaileen homogeneizaziorako asmoak. Hizkuntza eta kultura exotikoa desagertarazteko saiakerak egin dituzte hexagonoan sasi-errege berriek. Alta, bere txikian, euskalduntasunak iraun egin du, eutsi egin dio erauntsi jakobinoari eta horrek jendeari nortasuna eman dio, identitatea, lurra eta arbasoekiko engaiamendua. Hain zuzen Frantziako beste herrialdetan, agian, hain errotua ez dagoena. Laburtuz, euskerak eta euskal kulturak jendea bere lurrean sustraitu egiten dute, eta ondorioz, tokiko garapen ekonomikorako ere funtsezko elementu bihurtu dira.
Nere ikuspegitik uztarri bikoitzak eragiten dio Iparraldeko goldeari. Hegoaldean, uztargileari berria egitea agindu orduko, badugu zer hausnartu eta nori ikasia zenbat adarretakoa behar dugun jakiteko.