Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Erromara

Erromara

Enrike Gisasola 2020/05/15 22:05
Bernardo Atxagaren nekazari zoriontsua maldizioka ari da: "Hau da jiria, hau da jiria!!" Katastrofea gertatu da. Ustekabean erromara zabalik geratu eta oiloak sorora sartu dira. Egunetakoak alperlanak bihurtu dituzte astarkariek. Suaren zaindariak gazteari: "Joan zakixoz laguntzera".

Erromara (ataka) soro, baratze edo belardietako sarrera gobernatzen duen ateari esaten zaio. Azkenaldian burdinazko eredu estandarra hedatzen ari den arren, erromararen diseinuan aniztasun handia dago. Horren froga, ez agian estetikoena, berrerabilitako palet ezagunak edota ohetako somier zaharrak. Baina horiek berriak dira. Lehen ez zen halakorik eta inguruko natur baliabideak erabili behar ziren halabeharrez.

Mandiola bailaran, artikulu-sail honetan aspertzeraino errepikatu dudan modura, naturak arbel-harri bereziaz hornitu gaitu. Bersatila oso, erabilpen ugari baimentzen dituena, nola ez, erromarak egiteko baita ere. Hori bai, gure parajetan atakaren armazoia gaztainezkoa izaten da ia beti. Omen erromatarrek ekarritakoa erromara bihurtua. Izan ere, gaztaina egur gogorra, arina, iraunkorra eta gozoa da lanerako. Ez du ezer txarrik, usaina ere ederra. Hori gutxi balitz, su bizi txinpartatsuaz berotzen gaitu  eta fruitu goxoa eskeintzen digu negua igarotzeko zein abereak eta piztiak elikatzeko. Dena du ona gaztainadiak; mendi-lurra ondo jakinean da.

Ardatz nagusi bakarrari lotutako 4-5 oholek osatzen dute zurezko egitura. Bidearen zabaleraren araberakoa izango du berea ere, eta altuera abereak jauzi ez egiteko modukoa. Ardatzak jira-biran ibili behar du eta horretarako bi harri zulodun erabili ohi dira: Bata, harlauza zabal (1mx50mx10zm) eta zuloduna (15zm) da. Ingurune aldapatsu eta mugetan aberatsa den hauetan, bisagra-harria 2mko altueran kokatzen da paretako harriekin bat eginda eta tinko jarrita.

Behean txoria bigarren harrian sartuta. Ardatzaren oinarrian burdinazko ziria bere harri-kabian ibiliko da. Orain  erlojuaren zentzuan, orain bestera, jira eta bira, mugimendu bakoitzean harritzarraren habi-zuloa handituz. 

txoria

 

Amaitzeko,  aspaldiko pasadizo neretzako hunkigarria;

25 urte inguru izango dira, baserrian Xabi Akizu eta Marilu  Gardoki izan genituen bisitan, euren seme Ortzi eta Zuhaitz-ekin batera. Kaletik baserrira 60 hamarkadan bizitzera joan eta gure nekazaritza txikian erreferente ezinbesteko bilakatu dira. Gaur, erretiroa hartuta daude biak ala biak. Frantziako okintzako jakinduria landu, dibulgatu eta hainbat baserritar hezi dituzte hamarkadetan zehar, beti eskuzabal eta beti fin. Benetako auzolanaren adierazle eta dinamizatzaile bikainak Marilu eta Xabi. 

Esandako modura, Sosolara etorri ziren estraineko aldian(geroztik sarri izan ditugu sukaldean arrasatearrak) gure amama Josefina bizi zen oraindik. Eta nola ez, ohi bezela, eta beste edonorri bezela, harrera adeitsu eta alaia egin zitzaien suaren zaindaria buru. Xabi eta Marilu harri eta zur gure zaharraren bizi-poz eta energia-emari izugarriarekin. Baina hara non, batbatean, begia urrutira bota eta  zer dioskun amamak: - " Han!! Lugarriko erromaria zabalik geratu da, bainoia istera, ointxe nator". Korrika txikian abiatu zan gajua ongietorria erdizka utzita. Nik, nere sukar marxistak eraginda:

-" Batenbatek erakutsi zion horri biharrian, horrettio...."

Xabik, beti bezain zorrotz eta zentzudun, apur bat kopeta zimurtuta nere gaztekeriagatik:

- "bai,.... bizitzak"

 

PD: "Amaiñ emon deskue". Hala esaten da Eibarren preso edo konfinatuta dagoen aberea libre lagatzen denean: txakurra edo behia katetik, ardia artokitik, txoria kaiolatik, oiloa oilotegitik. Nere baserriko bizi-aldian ezagutu ez dudan jendetza dabil baserrietako estrata eta mendi-bideetan azkenaldian. Ibili, gozatu mendiaz, eta hartu arnasa, baina mesedez, pasatakoan, itxi erromarak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?