Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Bi txio tiro bakarraz.

Bi txio tiro bakarraz.

Enrike Gisasola 2019/08/02 20:50
kipulak jasotzeko sasoia da. Trentzak egin eta aterpean gordez gero, neguan estimatuko dira. Ez litzake lan zaila halako belartzarik ez balego. Ailamu, pipar- belar, uztau, errosario-belar, Lekeittio belar eta izenbako hainbat landare oportunistak hasi ohi dira luberritutako eremuetan kolonizaziorako gaitasun kolosala erakutsiz. Gerriak sufritzen du gehien, tira egin behar baitira, sustarretik atera, kipula eta bere lehiakideak.
Bi txio tiro bakarraz.

Artoa belarrari gain hartuta jorrak lagunduta

 

"Belar txarrak" esaten zaie lurgorria babesgabea estaltze-lanetan  banguardian iharduten duten landare goigaikarrioi. Soroan nola, basoan ere antzera gertatzen da haizete, eurite edo sute batek lurzorua biluzten duenean. Sortutako zauria sendatzera ekosistemak bere "plaketak" bidaliko ditu. Egun gutxi batzuren buruan (hutsaren hurrengoa baso heldu baten bizitzan) landare-geruza finak estaliko du soil-gunea.

 Horixe bera gertatu ohi zaigu baratzean eremu bat gorritzen dugunean guri komeni zaigun barazkia ekoizteko. Gero eta lur emankorragoa izan,  landare inbaditzaile eta oportunista gehiago izango dugu. Belarron presentzia oparoa lurraren emankortasunaren seinale da hortaz.

Eta sarrera guzti hau zertarako? Gure etxeko esaera  baten mezu bikoitz eta irmoa uler, eta zuek zeuok osa dezazuen:

Garai batean, soroan arto-sail handiak izaten ziren. Laupabost lagun elkartu eta ilaran jarrita, barrenetik hasita jorratu egiten genuen; hau da, aitzurraz artoa ukitu gabe inguruko "belar txarrak" kentzen genituen, tarteka eskuaz tira eginda. Arestian esan bezela sail handiak ziren, egunetako lana izaten zen eta goeneko ertzera iritsi orduko, garbitutako barrenean,  "belar txarrixak" berriz be temati ernetzen ziren  artoarekin lehian. Bijorra eman behar zitzaion, eta  hau arinagoa izan arren, gaztetxoak ginenontzako benetan etsigarria izan ohi zen. Alferrik ari ginenaren sentipenarekin, itzalean eserita begirale  zegoen aitajaunarengana jo eta gure penak kontatu ondoren, hara zein izan zen bere erantzuna (baietz zeuk osatu):

"Umeak negarra eta artoak ........"

Ehiztari amorratuak bi txio zorrotz tiro bakarraz. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?