Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Armagin antimilitaristak

Armagin antimilitaristak

Enrike Gisasola 2019/07/24 21:55
Amañako jaietan, soziedade bilakatutako Ramos Tabernan elkartu ginen 20ren bat urteren ondoren. Eibarko Talde Antimilitaristako adin, sexu, pelaje eta iritzi desberdinetako kinto batzuk bat egin genuen berriro ere "batailatxoak" gogoratu eta lehen bezela orain elkarrekin bizitzaz gozatzeko; libreago, helduago, biziago izaten lagundu zigun behartutako soldaduzka espainiarrari "eskerrak emateko". Bueltan gara! Urtero gutxienez behin Amañako jaietan hitzordua.
Armagin antimilitaristak

Patxi teatreruaren enegarren alea

 

Ubitxako troskoen lokalean. Hantxe elkartzen ginen astero-astero, asteartetan.  Toki ederra, zabala, argia eta koloretsua. Bigarren pisuan eta igogailurik ez, horixe txarra. Izan ere Ohianak gurpildun aulkia peoran laga eta makuluekin igotzeko nahiko lan. Eskerrak gehinetan laguntzaile finekin etortzen zela: Fani eta Leire. Hirurak institutuko hitzaldi saioetatik erreklutatu genituen kideak.

Bilera hasi orduko kaskarriloak. Tantaka-tantaka kideak azaltzen eta batzarra osatzen. Karibeko erritmoan. Etxejauna gehienetan presente, gltza soinean: Kakitzat-eko Roberrek Bilboko koordinadora eta abokatuarekiko harremana  eramaten zuen. Tarteka KEM (Kontzientzia Eragozpeneko Mugimendua)eko berri ere ekatzen zigun. Gehienetan bezela, Jarrai-koak berandu, baina sekula hutsik egin gabe, galtzarbean kanpaña berriko kartelak eta euren egiturako proposamenak eskuan mahaigaineratzeko antsiaz.

Kea eta barrea, algarak. 7etan hitzordua, 8ak pasata eta jendea falta. "Honezkero ez dira etorriko" Xabik, ganora-faltak ernegatuta. Bubu, Bangi eta Pantzer mahaian serio demonio. Neskak lehenengoak esertzen, finenak.  Aitor eta Iker patuak uste baino gehiago lotuko zituela susmatzeke, kontu-kontari ertzean. Patxi eta Antxon ixilik, hausnarrean. Mariano berritsu Sosolaren aldamenean. 

Eguneko gai-ordenari ekin orduko, kanpoko atearen bisagren aujiak bakarren baten sarreraren berri eman du. Hara! Beste bat. Berria hau ere: "ba,.... fulanitok esan desta hona etorri eta zuekin egoteko. Karta hau jaso dot eta ez dakitt zer egin". Akabo batzarra. Lehentasuna haretxek. Azalpenak eman eta lasaitu. Umorea eta kritika. Beldurra eta errepresioari, utikan. Eztabaida estrategiko eta ideologikoak hurrengoan. Hau ez da jolasa baina "kausinok esaten daben moduan...ez diamante ez perla ez urre gorririk, alegrantzia baino ez dago hoberik." Lagunartearen babesa, segurtasun-giroa eta sarkasmo-festa kolektiboa. Bizi-poza. 

Berak baietz esan arren, antzeman diogu, ez da bileretara etorriko. Edo agian bai, baina gaurko bilera eta  asmoak pikutara joan dira. Beste bat. Orain kalera eta kartelak ipintzera, danok danonak.

Aurreko eta ondorengo beste hamaika bileretarako zereginetan: Pankarta kontaezinak, pintadak, lau katuko manifa eta elkarrateratzeak narrutsian, entzierroak (Sanferminekoak eta Udaletxeakoak), barauak, entregak, antzerkiak, karrozak Euskal jaian, "legionario" txerri ondo gisenduaren destinoa?, mintegiak Santagrazin (bai Iparraldera joan ginen talde-dinamika indartzeko),  liburu-aurkezpenak (Maual Pràctico de la Desobediencia Civilen egilea ekarri genuen Madriletik), Ermuko Talde Antimilitarista indartsuaren konpartsa-lanak, hitzaldiak, Institutuko etikako irakasleari astebeteko oporrak oparitu, eztabaidak, eztabaida sutsuak, erakusketak, iritzi-artikuluak, prentsaurrekoak, udaleko osoko bilkurak (mozioak), afariak, Intsumisio-egunak (Bermeo, Oiartzun, Agurain) .....

 

Eibarko Talde Antimilitarista (ETA): Norbanakoa eta kolektiboa  orekan dauden askatasun-eremu eta borroka-tresna atsegin eta eraginkorra. Patxi Argaratek  dioen  modura: Adiskide hasi eta adiskidetuta jarraitzen duen talde  anitz eta hetereogeneoa. Alegia, sutsu eztabaidatu eta sekula ados jartzeko esperantzarik izan ez arren,  herrari fobia dion jendea.

Nostalgia?.... Apurtxo bat, bai.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?