Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / l(e)iñu-harria

l(e)iñu-harria

Enrike Gisasola 2019/12/17 12:05
Etxeko atarian harritzarra. Jarlekutzat ezagutu dut nik beti. Eserleku trinkoa belaunak birrinduta zituen harentzat. Sasoi hobeaz lurrari kendutakoa, gerora, atseden-leku bilakatua, leinu-buruaren tronu. Handik, Josek, hurritz-makilari eraginez ematen zituen aginduak.
l(e)iñu-harria

liñarria

 

Aspaldian lotuta dago liñarria, etxeko hormari itsatsita hormigoiarekin. Lehen ez, lehen atariaren ertzean egoten zen kareharri puska galanta. Umetan bultza eta tira egiten genion alferriko ahaleginean. Izan ere, entzuna  genuen etxejaunak, Josek, gaztetan, zorutik bereizi egin zuela eta guk ere gauza bera egin nahi genuen gartsu. Azkar etsitzen genuen. Beharko.

 lihoari buruzko aipamen apurrak harri horritxi lotutakoak izan dira gurean. Putzuan beratutako landarea harrian jarri, eta liñu-mazoa astinduz zuntz preziatuak ateratzen zitzaiola zioten zaharrenek, eurak ere  aurreko bati entzundakoa errepikatuz.

Liñarria nik eserleku bihurtua ezagutu dut.  Etxeko atarian, behin ahalguztidun izandako agurearen atsedenerako tronu.  Urkusuko plazan harria, zein baserrian harlauzak nahieran eta trebezia ikusgarriz maneiatzen zituenaren belaun hondatu eta minberatuen igurtzi-leku.  Begi  eta mingain zorrotzekin ingurua mugiarazten zuen liderraren talaia. 

Jose lemazainak, segurtasun harro eta harrigarriaz, leiñuaren noranzkoa zalantza-izpirik erakutsi gabe markatzen zuen. Abereak zuzen eta errez hezitzeko dohai aparta zuen itzaina. Zirkinik egin gabe, baserriaren mugen jakitun, ama eta  anai-arrebak  etxaldetik "bialdu" zituen maiorazgoa. Ezina etorritakoan ere, aginte-makilari eutsi zion buruzagi hotz eta  gogorra, harria bezalakoa; poeta erbesteratuak nahiko lukeen modukoa: "ez pentsazeko, ez sentitzeko." 

Jose Gisasola Urkizuko plazan San juanetan

Euskal Herriko baserriaren gainbehera  azaltzeko hainbat faktore aipatu dira sarritan:  Europako Nekazaritza Politika, orografia zaila, etxaldeen lur-azalera eskasa, lurzoruaren espekulazioa, agintarien utzikeria,... Baina gutxitan aipatzen da lehenengo sektoreak berezkoa duen gaitza: agintekeria. Autoritatearen interpretazio zahar honek gazteak egotzi egin ditu laborantzatik, otzan izaten nazkatuta eta muntadun erabakirik hartu ezinik. Agintekeriak kontzientzia ezabatu egiten baitu, baserritar izatearen sakoneneko harrotasuna azaleko harrokeria bihurtuz. Izan ere, erregimen zaharrean etxeko ordenari eusteko balekoa zen nagusikeri-portaerak  porrot egin du XX. mendetik honuntzako famili ustiategietan. Zorionez, orain,  jendeak azalpenak  eta zergatiak eskatzen ditu, arrazoiak. Maila batean bederen, giza-aberea "deshezitzea" lortu dugu. Alta, oraindik, zoritxarrez, ez  dugu ikasi  besteenak entzunaz batera aditzen eta gure argudioak ganoraz igortzen. Zuloa  betetzeko hezitzaileak baino, nik  irakasleak amets.

Begirada zabalduz gero, portaera bera errepikatzen da baserri-munduko elkarte, kooperatiba eta sindikatuetan, non elkarbizitzari eusteko eta erabaki kolektiboak hartzeko sekulako zailtasuna dagoen, eta gatazka zein desadostasunak bideratzeko ezintasuna. Muineraino sartuta dugun agintekeri/sumisio  dialektika horren ondorioz, jauntxokeria eta bezerokeria ernetzen dira han eta hemen. Eta nola ez,  jarrera zatar eta bortitzak ez dira aparte. Ondorioz, etsigarria da esatea baina nekazaritzan, hainbat egoera bidegabeen aurrean,  iritzi kritikoa plazaratzeko  beldurra  dago. 

Leiñu-harri larregi dago solte  baserri eta dorretxetako atarietan. Baserritarrok geronek bakarrik ezin dugu harritzarra irauli, eta jasotzea ezinezkoa bada ere, soseguz, itzulika-itzulika, bazterrera eraman eta hormari lotu. Denok batera egin beharko dugu ahalduntze-ariketa, nekazaria izan edo ez. Honetarako ere, Iparraldeko anaiarrebak itsu-neskamutil bikainak izan daitezke.

Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2019/12/20 13:14
Aupa Enrike: Hire azken ekarpenak nire haurtzaro eta gaztaroko oroitzapenak esnatu zizkidak. Baserria izana huen nire jaiotetxea: atari zabala zian eta atariko aurreko ertz bakoitzean gaztain arbola bat, sendoak biak.Bien erdian kareharritzar bat, idi-probetako horietako bat zirudiena, hain gainalde latza eta kozkatsua izan ez balu. Haizete ikaragarri batek errotik atera ziak gaztain arboletako bat. Zutik jarri ondoren eta sustraien euskarri bezala delako harritza jarri ziaten, eta buleta ematerakoan hara non agertu zen lixiba harria. Leuna eta berdin-berdina, alde bat pare bat zentrimetroko kozkarekin zirkulu bat, non arropa jo edo igurtziko zen, eta beste erdia jaboi urarentzak arrautza-erdi formako metro erdi sakonerako ur-edukitokia. Urteetan han eta ez genian haren berri. Autobia egiteko etxea eta ingurua bota eta eraman zutenean eskonbrotegiren batean egonen duk.
Enrike Gisasola
Enrike Gisasola dio:
2019/12/21 12:55
Bai Jon, Zenbat holako!!!
Asier Sarasua
Asier Sarasua dio:
2019/12/23 18:40
Ona Enrike! Hasiera etnografikua, jarraipen historikua, zein amaiera soziala. Eutsi!
Sosola
Sosola dio:
2019/12/24 13:18
Nahiko lan eusten Asier, zorionez animorik ez dugu falta. Eskerrik asko eta ea hurrengo harri-kontuak be gustagarri dicen. (Gaztelerako zuzuntzaile automatikoa ezabatzeko ser desmonte egin behar da? .......Zotz!!!)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?