Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Harrizko itxiturak

Harrizko itxiturak

Enrike Gisasola 2019/04/10 23:30
Animali jatorriko edozein elikagairi uko egiten diotenak dira beganoak. Talde animalistek gero eta ezagunagoak egiten ari dira. Hauteskundeetan ere laister antzemango zaio. Baserritar batzuek barre egiten diete, beste batzuek kezkatuta hartu dute mugimendu berria. Biek ala biek hesi erraldoia jarri nahiko lukete etsaitzat dituzten hankabiko belarjale eta euren artean. Nik arretaz, jakinminez eta irekitasunez egiten diot so mugimendu berriari, itxituraren bestaldean egon arren.
Harrizko itxiturak

harlauzazko itxitura

Txarrantxadun alanbrea eta sare metaliko iraganezinak nagusitu zaizkigu aspaldian. Itxitura gogorrak abereak estu hartzeko, edota sarritan, haren aitzakian, norbere jabegoa ondo markatu eta agerian jartzeko. 

Abere belarjalea zaindu beharra baitago eta kontrolpean eduki. Libre utziz gero gozoa jan eta  zaila utzi egiten du.  Bere kasara lagata,  belar ez hain gustagarriek abantaila izango lukete gozoagoen aurrean eta denboraren poderioz belardian nagusi bihurtu. Beraz, ugaztun belarjalea behartu beharrean gaude  ez hain gustukoa alhatzera, eta horrela belardi emankorra iraunkortuko da bien arteko sinbiosiari esker.

Ez hain aintzina ez zen apenas itxiturarik. Etxaldeetan unai eta artzainak larrean egoten ziren abereekin.  Akuilua eta orroa ozenak haizatuz mantentzen ziren behi eta ardiak arrastoan artzain-txakurren joan etorriek lagunduta. Familia ugarietako umeen lana izan ohi zen zainketa eta kontrola. Langintza horretan ibilitakoek ondotxo dakite jakin pasatako tratu txarra abere zital gosetuei eusten. Izan be, ume  koitaduek baino gehiago zekiten behi eta ardi zahar haiek.

Lanok arintzeko hesi eta itxiturak jarrita hobe. Berezkoak izango ziren lehenengoak, sasi eta zuhaizkekin eratutakoak. Zurezkoak ere ez ziren aparte izango erromaraz  hornituta. Baina ikusgarrienak zalantza barik harlauzazkoak dira. Batzuk gelditzen zaizkigu oraindik. Gure harriaren ezaugarri bereziak Eibarko harlauza aproposa egiten du zeregin horretarako. Menditik ateratako eran paratuta zirrikitu ahalik eta txikiena utziz, dotoreak  dira. Sarritan huntzak eta likenek apainduta, eta begia piska bat zorroztuz gero miloika urteko fosilen muralak direla konturatuko gara.

 Paisaiarekin bat etortzeaz gainera bere abantailak ukaezinak dira. Ez dira hesi gotorrak. Itxitura metalikoekin alderatuz, aberea atzeratzen du, baina nekazari, mendizale eta ehiztariak edozein puntutan igaro dezake jauzi txikia eginaz, alikateekin moztu beharrik gabe, eta erromarak irekita uzteke. Era berean, sasi-txakurren erasoa egonez gero, itxitura modernoetan, ardiak piloa egin eta ito egiten dira. Aldiz, harrizko hauekin izuak eragindako ihesa gertatu eta etsi-etsian suertatuz gero, salto egin eta igaro ahal izango dute. Hala nola, harriaren arrimuan animaliek freskura eta itzala topatuko dute uda beteko eguzki galgatan egon beharrean.

 Hesi biguna da harrizko itxitura. Premia larrian dagoenari pasatzen uzten diona. Eremuak banatu baina erabat bereizten ez dituena. Abeltzantza industrialak ez du itxiturarik behar. Abereak pabiloi handietan "bizi" dira, preso, eguzkia, euria, elurra edo haizea ezagutzeke. Bizitza motza eta latza jasan behar dute abereok. Beganoek egoera hori bistaratu nahi dute, salatu. Eztabaida sustatu eta informazioa hedatzen duen neurrian, betor beganismoa. Abereak beste era batera zaintzen ditugunak ezagutzera ere betoz. Beste haien  aldean, gure abeletxetako  ateak zabalik daude, eta gainera  itxiturak iragazkorrak dira.

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?