Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Azak eta energia

Azak eta energia

Enrike Gisasola 2019/07/26 20:22
Bere garaian...eta kitto! aldizkarirako idatzitako eta hona aldatutakoan piska bat ikututako ideia-zurrunbiloa.

Xabier Arzalluz-en profezia izan zen: "Lemoizko Zentral Nuklearra eraiki ezean, aza baino ez dugu jango". Eta bai gero  asmatu  politikari zendu berriak. Izan ere, energia fosilen aroa amaitzear da; petrolio merkearen zibilizazioarenak egin du; hemen dugu deshazkundea; batzuk lan bikoitza egin behar bizitza-mailari eusteko, eta besteak pobreziatik atera ezin lanean ihardun arren. Eskerrak erregai fosilen belaunaldikoen "koltxoiari", bestela, gaixoak gu!

Bestalde, beganismoaren izurritea hedatzen ari da azkoitiar igarleak aurrikusi bezela. Eibarren bertan, kontsumo-elkarte modakoaren izenari erreparatzea baino ez dago mugimenduaren indarraz ohartzeko:Azataporru. Aldi berean, Trantsizio Energetikoaren ideia, antisistema eta etxekalteen burutazioa izatetik, ministeritza eta jaurlaritzetara igaro da. Eta hori gutxi balitz, klima-aldaketa eta Co2aren isurketen aurkakoen mugida lurrikara soziala bihurtu da Greta Thunger nerabearen eskutik.

Testuinguru honetan guztian, Gipuzkoako hainbat baserritar elkartu eta "Energia Sortzen" izeneko proiektu pilotua jarri dugu martxan. Goiener kooperatibaren aholkularitzapean, baserrien energi kontsumoaren diagnostikoa egin eta autohorniketarako aukerak aztertu ondoren, orokortu daitezkeen konklusio interesgarriak atera ditugu. Besteak beste: inbertsio txiki aurrezpen esanguratsuak lor daitezke etxaldetako baliabide berriztagarriak erabiliz, izan eguzki-plaka fotoboltaikoakin, izan ur-turbinakin. Horrela, baserriaren errentagarritasuna hobetzeaz gain, soberakina merkaturatzeko aukera ere izango litzateke.

Hortaz, arriskuen garaian aukera berriak azaltzen zaizkigu laborarioi. Ingurumena kudeatzeko ezinbesteko langile eta euskera hegemonikoa den iharduera ekonomiko bakarreko zaindari izateaz gain, energia sortzaile ere izan daiteke baserritarra, jakina, aza-ekoizle izateari utzi gabe. Izan ere, aza-jendea gara euskaldunak. Portugaletik Suediarainoko  arku atlantiarreko kide gara kulturalki, edo behintzat, hala beharko genuke, hau da, prkakmatiko-arrazionalagoak eta ez hain latino-emozionalak. Honakoan ere asmatu ote zuen ba Xabier Arzalluz-ek? Alegia, OTAN/NATO/*IAIE militarrean sartu behar genuela esatean, horixe zuen buruan? Aza atlantiarra?

 *IAIE (Iparreko Azajaleen Itunaren Erakundea)

P.D.: Agerre-azpiko Joanjo-ren udako aza-buruak, aspaldian jan ditudan goxoenak. Jan aza eta uda ona pasa!!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?