Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / "Hazitik ogira" proiektua

"Hazitik ogira" proiektua

Enrike Gisasola 2021/06/10 12:25
Abentura zoroari ekin genion 2010ean, garia ereiten hasi ginen. Beharrak bultzatuta batetik, bestetik jakinminak, eta nola ez, ekarpentxoa egitea motibagarri eta erregai delako errutinaren errea gainditzeko. Gora-behera askotxo igarota, erronka gaitz hau egitasmo berri batekin berrindartu nahi dugu: "Hazitik ogira" proiektua. (Gaiak askorako ematen duenez, sarrera gisa har ezaue honako atala aktualitatea hobeste aldera. Gehiago izango direla esatera ausartuko naiz).

 

 

Xabi Akizu ogi-frogetan orearen testura behatzen

" Baserriko Ogia"  elkartea 80 hamarkadan sortu zen Xabi Akizu eta Marilu Gardokiren bultzadaz. Arrasatear hauek kaletik Ezkioko Hariztizabal baserrirako jauzia egin eta harrezkero Frantzian nahikoa garatua zegoen "artisau erako ogi biologikoa"ren ideia ekarri zuten Gipuzkoa-aldera. Aintzinako ogia egiteko era gaurkotzeko ahalegin bisionarioa; hots, honako aldagaiak kontutan hartzen dituena: orantza , zereal tratatu-gabea, egurrezko labea, hartzidura luzeak, harrizko errota, ogi-frogak, albeograma,....

Okinen taldea

Ogi-frogen emaitzak gari desberdinen ezaugarriak ezagutzeko

 

Segituan taldea osatu  eta beste hainbat baserri ildo berean jarri zen lanean: Mokoroa, Pikunieta,Sosola,Aldaba zahar... Asmoa argia zen, baserria biziberritzeko okintzaren iharduera XXI. mendera ekarri kalitatezko ogi osasuntsua eskeiniz, gizakiontzat zein ingurugiroarentzat. Esan gabe doa, hor ere hutsune demasa zegoen, industriak eragindako  ogiaren kulturaren atzerakada izugarria.

Urteen joanean, "Baserriko Ogia"  Biolur nekazaritza ekologikoa sustatzeko elkarteak barneratu, eta gaur egun bertako batzorde modura funtzionatzen du.  Horrela, modu kolektiboan hainbat beharrizan asetzen dira, izan formaziozkoak, erosketa bateratuek  erakartzen dituztenak, edota aldarrikapenak egin behar direnean administrazioaren aurrean.

Betidaniko gure arazo nagusienetakoa, nagusiena ez bada, "kalitatezko" gari edo orohar zereala  lortzea izan da. Kantaurialdekoa aspaldi desagertru zenez, barrualdera jo  dugu bila, Araba eta Nafarroara lehentasunez, eta Espainiako lurretara gero. Neke handiarekin baina aitortu behar urtero lortu izan dugula gure errotak martxan jartzeko ale nahikoa. Gustora batzutan lortutakoarekin; bestetan konforme zetorrenarekin, Beharko egon, izan ere, hamarkadetan lur-sailetan ekoizpen-sistema intentsiboak ezarri dira. Ongarri eta belarrilkari kiminoek ekoizpena bermatzen dute, baina aldi berean lurraren materia organikoa desagertarazi eta bere emankortasuna zeroan utzi. Horrexegatik, gaur egun, insumo horiek gabe garia ekoizteko deliberoa hartu duten nekazariak oztopo handiekin aurkitzen dira. Lurrak ez  die eskatutakoa ematen, ezin du eman, denbora behar bait du bizi-indarra berreskuratzeko. Horrezaz gain, tokian tokiko lur eta eguraldira egokitutako barietateak desagertu ziren eta hori ere oztopo gaindiezina suertatu zaie. Edozelan ere, piskanaka-piskanaka, teknika eta jakinduria zahar-berriekin aurreratzen ari direla esan behar. Hala nola, arbasoen barietateak berreskuratzen eta zabaltzen dihardue han ere. Betiere,  zalantzarik gabe, horrelako mozkinak eskatzen dituen herritarren kopurua emendatuz doalako.

2017 gari-azauen bilketa auzolanean

2010an Biolur eko hiru etxaldek garia ereiten hastea erabaki genuen. Hasieran sail txikiak zirenak, handitzen joan dira, dezenteak izan arte. Ikastaro, harreman eta dinamika berrien oretik  emaitza eta erronka berriak hartzitu dira. Besteak beste, zergatik ez  beste lekutan egiten duten bezela aintzinako barietate zaharrekin  saiatu gu ere?  

Lau helburuok lortze aldera:

1. Kalitatezko zereala eduki. 

2. Agrobiodibertsitatearen aldeko bihitxoa jarri.

3. Funtzio pedagogikoa, hau da, barietate zaharren amuaz bezeroa okintzaren barrunbetan murgilduarazi.

4. Gure ogiari balio erantsi bat eskaini, gero eta lehiakide gehiago ditugula ahazteke.

 

Gauzak horrela, 2021ean Leatiker kooperatibarekin eginiko lotura eta elkarlanari esker eta Jaurlaritzaren ikerketarako diru-laguntza batekin, Errezilgo Irure Txiki, Solaka eta Eibarko Sosola baserriak "Hazitik Ogira" proiektua garatzen ari gara. Horren baitan, Neiker ikerketa-zentruak, bere garaian Madrileko hazien bankura jo zuen. Hazi-gordailu horretan orain dela 60 bat urte Euskal Herrian egin zuten laginketa masiboko ehundaka barietate daude  zarrajetan lozorroan aita- edo ama-puntakoen zain. Etxaldez etxalde ibili omen ziren bilketa-lanean gerra-ostean. Horiek guztietatik Neikerreko teknikariek 7ren hautespena egin zuten orain bost-bat urte.  Aurre-lan hori probestuz, gure desmartxa honekin 7 aldaerok gehiago multiplikatu eta euren ezaugarriak aztertu eta ezagutuko ditugu  laborantza- zein okintza-prozesuetan. 

2018ko garitza Sosolako etxaburuan

 

Hazien ugaritzea baserrietan egiten ari da. 300gr eskas zirenez bakoitzetik, 5mX4m sailetan erein dira. Eta haien ondoan kontroleko beste bi gari-barietate ezagun: Rex eta Florencia Aurora.  Horietatik lau Errezilgo Solaka baserrian (Motxo Gipuzkoa, Gipuzkoa,1,2 eta 3). Eta beste hirurak Sosolan (Motxo belloso - motz ilaunduna?, Bergara goiztiarra, Martzela). Beste horrenbesteko kopuruko hazi-zorrotxoaz ari dira multiplikazioa egiten  Neiker-ek Arabako Eskalmendin duen experimentazio-eremuan .

 

 

 

Gari-mota zaharren lehenengo aleak (300gr bakoitzetik).

 

Irailean, dena ondo badoa, bildutako uztarekin ogi-frogak egingo ditugu. Protokolo eta fitxa-sistema zorrotz bati jarraituz garion portaera ezagutuko dugu, eta hemen horren berri emango, eguraldia eta osasuna gure lankide eta aliatu badira, jakina. 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?