Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Sosola / Uraskak

Uraskak

Enrike Gisasola 2019/05/19 12:55
Haiek barreak gure amama zanak ura edaten saiatu eta ezpainak buzti orduko: "agggh! Kotxino!, higuingarrixa gauzia!". Ez nuen inoiz ur-basokadarik edaten ikusi. Urik sekula ez. Ardoa bai, otorduero basoerdia, baina batez ere haren iturri nagusia esnea zen. Etxeko behiek iragazi, eraldatu eta aberastutako ur(re) zuria.
Uraskak

Arrajola baserriko uraska

Izan ere, esnea janari oso eta aberatsa da. Ugaztunon hazkuntzarako lehenengo  elikagaiak kumeen behar guztiak asetzen ditu. Besteak beste premia hidrikoa. Halabaina, aldi berean, egunean 10 litro ematen dituen behi horrek aurretik 100 litro ur edan behar ditu. Berebiziko garrantzia du hortaz ur-honiketa nahikoa eta jarraitua izatea behiak berea eman dezan.

Uraska etxearen atarian ageri zaigu inguru hauetako baserrietan. Funtzio bikoitza duenez erdibitua egon ohi da. Alde batek abereak asetzen ditu eta bestea lixibaska da. Abereek edaten duten harrizko kutxatik bete egiten da, eta lixibia egiten den tokitik kanporatu, etenbako jarioan. Harlauza hutsez egindako ur-almazena da harraska hau.  Harrien arteko erpinak egun zementuarekin hartuta egon arren, lehen buztinarekin isten ziren. Harri bikain, zapal eta landuek ur-kutxa perfektua osatzen dute. Eibarko harlazuzaren izaera moldakorraren adibide apartak dira.

Arrajolako askako harlauza landua

 

Askan pago-enborra egoten zen sartuta, urpean. Harekin uztarri berria egingo zen premia izanez gero. Enborraren inguruan alga berdeak nonahi, eta inguruan zapaburu- saldoa. Eskua gehiago luzatuta, belarria bustitzen zen sakoneraraino, hondo-hondoko sedimentu finean, txitxiburduntzien larba zatarrak, umetan beldulgarri egiten zitzaizkigunak. Ekosistema urtarraren lagin eder eta didaktikoa da uraska. Anfibioen babesleku aproposa. Uhandre, igel, apoek errun eta kumatzeko ezinbestekoa. 

Hala ere, zomorroon zoritxarrerako urtean behin garbitu beharra dago harraska. Horretarako,  kainuaren pareko harlauzak azpialdean zulo hadia du, kanpotik barrura sartutako egurrezko ziri batek isten duena. Hala suertatzen denean, barrutik kanporako kolpeak, ziria atera eta irekiko zaio pasoa urari erabat hustu eta pilatutako "zikinak" ateratzeko. 

Sosolako aska harriko eta guzti

Sosolako aska lixibarri eta guzti

 

Eibarko Jardiñeta kalean jaiotako Josefinak ez zuen sekula (zuzenean) urik edan. Ez eta uztail errean belarretan ginela izerdi nahikoa bota ondoren. Hori bai, galtzarbeak eta garondoa askako ur berriarekin freskatzea baino gauza atseginagorik gutxi. Eibartar berba-maileguzale peto eta kaletar baserritartu  ipurterreak esaten zuen modura: "alberkako ur ederra".

 

Oier Gorosabel
Oier Gorosabel dio:
2019/05/26 02:01
Hara! Hain zuzen be gaur Lastarrike basarrixan (Kortezubi) izan gaittuk, eta bertako etxejaunak asketan sartutako buztarrittarako enborrak erakutsi jeskuk. Markiñako "Erlatx"i ikasittakua, oiñ ha ei dok Altzubarren eta beste probalarixen hornitzaille nagusixetako bat.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibarko Sosola baserria dut bizileku eta bizibide. 1967an jaiotakoa,92an biologia (ekosistemak) ikasketak amaitu ondoren arbasoen ofizioari jarraipena ematea otu zitzaidan. Egun, Aizpea, Uxue eta Manex-ekin batera nekazaritza ekologikoan dihardut ogi eta gaztai   xumeak eskeintzen. Orain arte sare sozialekiko urrun eta uzkur izan arren, mendi-kasko honetatik  komunikaziorako beharra nagusitu da neregan. Izan ere, uste dut XXI.mendean  nekazaritzatik asko dugula esateko eta aportatzeko jendarte hain hiritartu honi. Eta zer arraio, eztabaidarako gogoz nagoelako...

Saioa hasi


Pasahitza ahaztuta?