Sentimendu fosilak
Handik minutu batzuetara damutu egin naiz, baina beranduegi zen: bere bidean aurrera eginda, bistatik galdua nuen. Eta barruak nahastu zaizkit: zergatik geratu naiz izoztuta? Ez da gertatu zaidan lehengo aldia, gainera.
“Barruan” ezagututako jendearekin behin bakarrik izan naiz, atera eta gero esan nahi dut. Porlan artean egindako lagun ugarien artean minenari zor nion begirunearengatik izan zen, nolabait esateko. Baina topaketa hori ere oso arraroa egin zitzaidan. Agian motibo berberarengatik. Orain, sentimendu hori idatziz jarrita, argitu nahiko nukeen arrazoi misteriotsu eta deserosoarengatik.
Presondegiko lagunarekin topatu nintzenean sentsazio arraroak igarri banituen, lagunarengatik baino, familiarengatik izan zela uste dut. Nik oso oroitzapen garratzak ekartzen nizkiela konturatzen nintzen. Edo hori uste nuen nik, behintzat. Eta ez zitzaidan gustatzen haiei min ematea. Azken finean gure lagunak, etxera bueltatu zenean, bere bizitzarekin jarraitu zuen; txarto edo ondo, baina askatasunean bizi izandako hurrengo asteek, hilabeteek, urteek, kartzelako urte mingots haiek nolabait estaltzen ari ziren. Eta hara non agertzen naizen ni, iraganeko fosila, zer eta kartzelako urte haiek berpizteko (lagunak eta biok ez baikenuen ezer konpartitzen, espetxealdiko oroimenak baino). Gu pozik, bistan da; katxondeo pixka bat ere bagenuen; baina begi-bistakoa zen gure ingurukoei ez ziela grazia putarik egiten une haiek berriro bizitzea. Edo hori uste nuen nik. Eta sentsazio hau jasanezina zitzaidan.
Kontrakoa ere gertatu zait, nirekin preso izandako laguna etxera etortzea, eta neure familiakoen begietan horrelako lainoa ikustea. Deserosoa da. Eta ez dakit egoera erreala den, ala nire barruko kondenatuaren begirada berezia. Sarrionandiak esana baita, preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen dela beti; eta poliziek besteei baino gehiago begiratzen diotela, pausua sosegatua ez duelako; edo sosegatuegia. Eta, hau idatzi ahala, konturatzen naiz une bortitz haiek horrelako gauzak tatuaturik utzi dizkidatela. Eta segur aski nire burutazioak baino ez diren arren, nire pausuak baldintzatzen dituztela nik sekula pentsatuko ez nuen forman...
Bai. Hurrengo ikusten dudanean, eskua emango diot. Ukitu nahi dut (ikusiko dugu berak zer nahi duen, euskaldunak baikara, eta ez dut inor bortxatu nahi). Lotsa gabe hitz egin nahi diot. Zimurturik nago, baina guardasola bezala ireki nahi dut. Ez dakit metafora egokiena den, baina horixe da momentu honetan etortzen zaidan irudia: porlanezko sotoetako ziegetan lizundutako arimak astintzea, lisatzea, aireratzea, eguzkitara ateratzea. Sendatzea.
Talaiatik irratsaiorako, 2017ko ilbeltzan 20xa.
Euskal-Erria aldizkaria (1880-1918). Espeleologia artikuluak eta beste.
Euskal espeleologiaren historia aztertzeko zalea naizen aldetik, Euskal-Erria aldizkariko hainbat erreferentzia bibliografiko bilduak nituen: artikulu zaharrak, duela gutxira arte liburutegi handi batera joan ezean kontsultatu ezin nituenak. 2011 urteaz geroztik, baina, Sancho el Sabio Fundazioak hartutako lanari esker, Euskal-Erria aldizkaria interneten kontsultatzeko moduan dago[1], eta beraz indizeak arakatzeari ekin nion.
Lan honen ostean, zerrenda bibliografikoetako artikulu espeleologiko hoiek zuzenean irakurri ahal izan ditut, baita lehendik ez nituen erreferentzia batzuk jaso ere. Gehiago ere egon daitezke: izan ere, izenburuak batzutan ez dira oso adierazkorrak (“Un hallazgo curioso” bezalako izenburu ugari daude), eta agian intereseko artikuluren batzuk ihes egingo zidaten.
Jarraian, aukeratutako zenbait artikulu emango ditut. Kronologikoki doaz (aldizkarian argitaratu ziren fetxaren arabera), bi multzotan:
- Espeleologiarekin zerikusiren bat dutenak.
- Beste guztiak (interesgarriak iruditu zaizkidan hainbat gairi buruz).
Haietako askoren aurretik iruzkin bat egin dut, zenbait kasutan datu osagarriak emanaz. Artikulu guztiak dokumentu batean bildu ditut errazago kontsultatzeko; hemen eskegi dut nahi duenak deskargatu dezan (denbora mugatu baterako, leku asko okupatzen baitu -303 orrialde, 800 Mb inguru-; baina aurrerago inork kopia nahiko balu, lasai eskatu diezadala).
Hauxe da dokumentu horretan aurkituko dituzuen artikuluen zerrenda. On egin!
ESPELEOLOGIAREKIN ZERIKUSI DUTENAK
Nahikoa da autoreen zerrendari erreparatzea, Euskal-Erria aldizkariak sasoi hartako espeleologoen artean izan zuen garrantziaz jabetzeko…
- IRURROARIZAGA, G. 1882. La gruta de Amoroto. In: Variedades éuskaras. Euskal-Erria VI(8): 244-245. Donostia.
- ANONIMOA. 1882. La cueva de Amoroto. In: Variedades éuskaras.Euskal-Erria VI: 274-276. Donostia.
- F.R. 1882. La gruta de Achurra. In: Variedades éuskaras. Euskal-Erria VII: 134-135. Donostia.
- ENCISO, J. 1882. La gruta de Achurra o de Amoroto. In: Variedades éuskaras. Euskal-Erria VII: 268. Donostia.
- CAPELASTEGUI, Leon. 1884. La gruta de San Valerio en Mondragón. Euskal-Erria Revista Bascongada XI:486-494. Donostia.
- NAVARRO VILLOSLADA, Francisco. 1888. De lo prehistórico en la Provincias Bascongadas. Euskal-Erria Revista Bascongada XIX:5-11,33-39,65-69,97-101. Donostia.
- GAMON, MM. GAMON, JI. 1785. Las cuevas de Aitzbitarte en Rentería. Año 1785. Informe enviado á la Real Academia de la Historia por conducto de la Diputación Foral de Guipúzcoa. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVI:537-539. Donostia 1892.
- MURGA MUGARTEGI, Rafael. 1892. Arrechinaga. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVI:19-21. Donostia.
- GORDON, Rogelio. 1893. Euskal batzarre. Expedición Reglamentaria núm 2 bajo la dirección del socio Don Rogelio Gordón. Visita a Oñate. Principales edificios. Ascensión al monte Aitzgorri. Exploración de la famosa cueva de Guesalza. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVIII:85-90,177-181. Donostia.
- ZABALA, Alfonso Maria. 1894. Comisión de Monumentos de Guipúzcoa. San Adrián (Aitzgorri). Euskal-Erria Revista Bascongada XXX:531-537. Donostia.
- PUIG Y LARRAZ, G. 1897. Las cuevas de Vizcaya. Euskal-Erria Revista Bascongada XXXVI:138-141. Donostia.
- ADAN DE YARZA, Ramon. 1897. Descripción geológica de Bizcaya. Movimiento y denudaciones del suelo. Euskal-Erria Revista Bascongada XXXVI:138-141. Donostia.
- SORALUCE, Ramón. 1899. La Cueva de San Valerio. Euskal-Erria. Revista Bascongada XL:15-20. Donostia.
- BOWLES, Guillermo. 1775. Introducción a la historia natural y a la geografía física de España. Euskal-Erria Revista Bascongada XXXVII:33-38,65-68,129-138. Donostia.
- REPARAZ, Gonzalo. 1902. Las cavernas de Aitz-Bitarte en Landarbaso. Euskal-Erria. Revista Bascongada XLVII:369-376. Donostia.
- RODRIGUEZ-FERRER, Miguel. 1905. La Caverna “Aitzkirri”. Euskal-Erria. Revista Bascongada LII:214-225. Donostia.
- ARANZADI, Telesforo. 1905. Lapur-zulu, Impresiones subterráneas. Euskal-Erria. Revista Bascongada LIII: 97-105. Donostia.
- ALZOLA MINONDO, Pablo. 1912. La exploración de las cavernas en Vizcaya. Euskal-Erria Revista Vascongada LXVI:212-215,272-277,317-321,353-357. Donostia.
- ARECHAVALA, F. 1907. La gruta de Balzola. Euskal-Erria aldizkaria LVI:27-28. Donostia.
- BARANDIARAN, J M. 1917. Discurso leido en la solemne apertura del Curso Académico de 1917-1918, en el Seminario Conciliar de Vitoria. Euskal-Erria LXXVII:386-392,434-442,488-496. Donostia.
BESTELAKO ARTIKULU INTERESGARRI BATZUK:
- GOROSTIDI, M. 1883. El enjuiciamiento criminal en sus relaciones con el catalán y el bascuence. Euskal-Erria Revista Bascongada VIII:298-305. Donostia.
- MARTINEZ AGUIRRE, Marcial. 1884. De Eibar a Saturrarán, con un recuerdo del rey D. Francisco de Asís. Euskal-Erria Revista Bascongada XI:188-191. Donostia.
- LA CANI, Rosi. 1887. Santo Tomás. Antaño. Ogaño. Euskal-Erria Revista Bascongada XVII:564-567. Donostia.
- TRUEBA, Antonio. 1889. El santuario de Arrechinaga. Euskal-Erria Revista Bascongada XXI:225-231,257-267. Donostia.
- LABAYRU, Estanislao Jaime. 1891. Sobre huelgas. Euskal-Erria Revista Bascongada XXIV:520-522. Donostia.
- ANONIMOA. 1892. Los bascos en la Argentina. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVI:313-316. Donostia.
- ANONIMOA. 1892. Curiosidades históricas. La expulsión de los judíos de Vitoria en 1492. Cesión por la aljama israelita a dicha ciudad de los terrenos de Judumendi. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVII:467-470. Donostia.
- SORALUCE, Ramón. 1899. La vida de los gitanos en Guipúzcoa. Euskal-Erria. Revista Bascongada XLI:175-179. Donostia.
- ANONIMOA. 1902. Tipos euskaldunas. El atalayero de Ondárroa. Euskal-Erria. Revista Bascongada XLVI:453-456,510. Donostia.
[1] Helbide honetan: http://hdl.handle.net/10357/2813
Kuneteroen bilobak
Jarrera psikologikoa da, noski: gerraren zauri sakonak gozatzeko behar den kontsolamendua. Gogora dezagun I Mundu Gerra, eta Europa osoko gazterian eginiko triskantza. Heriotza hoiek heroismoz estali ziren, edozein gaitzespen antiabertzaletzat seinalatuta, eta lehen idazlan kritikoak gerra amaitu eta 10 urte pasa arte ezin izan ziren argitaratzen hasi (kritika gogorrekin, gainera).
Espainiako Gerra Zibilera itzuliz, duela urte batzuk nagusi zen diskurtsoan denok “somos los hijos de los que perdieron la guerra civil” omen ginen. 1936 gogoratzean, “haietaz eta gutaz” aritzen ginen, “gutarrak” zeintzuk ginen larregi zehaztu gabe. Izan ere, memoria historikoa lantzen hasi garenean begibistan geratu da gorri guztiak ez zirela hain gorriak; abertzale guztiak ez zirela uste bezain sutsuak; frankista guztiak ez zirela hain frankistak; eta heroiak izan, izan zirela, baina ez guk uste genuen bezain ugariak... Ez da historia asko miatu behar, gauzak hain sinpleak izan ez zirela ikusteko.
Nire aiton bietatik bat Francoren aldekoa zen. Ez pentsatu, halere, bere jarrera oso arrazoitua zenik; soldaduzka Marokon eginikoa zen, 1918an, eta Francisco Franco bere komandantea izan zen, besterik gabe. “Horrelako potroak” zituela esaten zuen, ukabilak estutuz, bere kurrikulumeko meritu goren bezala. Beraz, 1936ko estatu kolpean beretzat naturalena haren alde jartzea izan zen; gainera kontuan hartu behar da Gasteizen bizi zela, lehen unetik kolpe militarrarekin bat egin zuen hiria.
Beste aitona, berriz, familia sozialistakoa zen. Borrokara joateko nagusiegi, industrian jardun zuen, Errepublikarentzat armak ekoitziz. Ezaguna denez, une batzutan Gobernuak populazioa ebakuatzea erabaki zuen, eta gure amona ere bi seme txikiekin Frantziara bidean itsasoratu zen. Gerra galdutzat emanik, aitona ere haiekin batera itsasontzian sartzen saiatu zen... baina harrapatu zuten; baita desertore bezela kartzelaratu ere.
Horixe da, bada, gure etxeko “iragan heroikoaren” kontakizuna (irakur bedi ironiaz). Ez da ezagutzen dudan kasu bakarra: falangista militanteen, rekete nafarren eta “kunetero” beldurgarrien ondorengoak ezagutzen ditut gure gizartean ongi txertatuta, aitonek egindakoari nolabait buelta eman nahian, eta batzuk mugimendu progresistetan lanean ere.
Izan ere... zilegi al da arbasoek eginikoagatik bilobei kargu hartzea? Nik neuk, behintzat, ez dut horrelakorik egingo.
"Talaiatik" Info7 Irratiko saiorako kolaboraziñua, 2016ko zemendixan 23a. Aurreko baten hamentxe bertan idatzittakuan gaiñian.
Hamaika heriotzena
Nere lehelengo harriduria: zelan onartu leike argitaletxe batek hau argitaratzia, pistolia buruan ez bada? Liburu astuna, entsegua-edo, handik-hamendik Leitza-Goizueta inguruan izandako dozenaka heriotzen bilana, familien eta etxien izenak zitz eta mitz azalduta... Bertako jentiandako –halako gauzak gustatzen jakenendako- interes haundikua duda barik, baiña hortik kanpokuondako... Interesekua bai, noski; bestela ez neban liburua amaittuko. Heriotzia gai unibertsala izanda, danoi interesatzen jaku neurri baten; eta Patziku Perurenaren estilua beti egin izan jata oso erakargarrixa, Delirio Vascon ezagutu nebanetik. Beraz, oso gauza lokalak kontatzen zittuezen parrafo osuak salto eginda, orokorrian –kostata- baiña irakortzeko moduko liburua begittandu jata. Batez be bertan agertzen diran lekukotasunen interes etnografikuangaittik, eta gaixa bera oso arrarua dalako.
Despotismo Ilustraua
EGUNERAKETA 1: Batzuei etxake gustau asunto hau publiko egittia. Horren aurrian pare bat gauza daukat esateko:
- Gauzak “barrutik” konpondu nahi, eta erantzuna isolamendua eta azpi-jana danian (dimisiñora bultzatzia), ez dala beste alternatibarik gelditzen. Ondarruko Udalak badaki hori.
- Ikastolako jentia: ez euforiko jarri. Trapu zikiñak etxe guztietan dagoz (zuenian bebai) eta batzu “ikastola vs. eskola” lehian bentajia hartzeko aprobetxatzeko tentaldixa izango dozue. Auzi honek ez daka lehia estupido horrekin zerikusirik.
*****************************************************************************************
Modu marjinalian jarraittu badot be, Lekittoko eskolako Guraso Elkartiak eta Zuzendarixan arteko mobida honetan faktore argi batzu ikusi dittudaz:
- Zuzendarixan aldetik, idea pedagogiko bikaiñak, baiña... “dena herriaren alde, herriarekin kontatu gabe”. Guraso Elkarte burujabia ez da bere plan perfektuan sartzen.
- Nepotismo eta klientelismua. Oso deigarrixa da kontratautako jentian artian dagon seme-alaba, loiba, koiñatu eta lagun kopurua.
- Extraeskolarretako premiñen arabera soluziñuak billau biharrian (langilliak kontratatzia), gauzak aldrebes egittia: langille hauek kontratau nahi doguz, beraz extraeskolarrak hori lortzeko antolatuko doguz.
Oker egon neike, jakiña. Baiña hori da nik, guraso moduan, hartu doten inpresiñua. Gustora entzungo neuke kontrako ustia dakan jentian iritzixa...
Hau idaztia pentsau badot, atzo gutun hau jaso ostian izan da.
************************************************************************************************************
Kaixo,
Lekeitioko Herri Ikastetxeko Guraso Elkarteko hiru kide gara. Aurreko ikasturtean eskolako zuzendariarekin eduki ditugun desadostasunengatik gure dimisioa aurkeztu dugu. Erantsitako dokumentuan, gure dimisioaren arrazoiak hobeto azaldu ditugu. Ea zuen interesakoa den.
OHARRA: zuen helbideak, eskolako zuzendaritzak askotan bidaltzen dituen email masibo horietako batetik jaso ditugu, helbideak gordean bidaltzen ez dituen horietako batetik. Ez luteke horrelakorik egin behar. Baina, egia esan, guri orain ondo etorri zaigu zueri mezu hau zabaltzeko. Mezu hau bidali bezain laster, zuen helbide guztiak gure kontaktu karpetatik kentzera konprometitzen gara. Eta baita sortu dugun kontu hau ere, betirako ezabatzera, behin zuen erantzunak jaso ondoren.
Barkatu eragozpenak.
XXX bokala
YYY diruzaina
ZZZ idazkaria
Guraso Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko
hiru kideen manifestua
Kaixo, guraso hori:
Gogoan baduzue, iazko azaroan egin genuen batzarrean, kuoten sistema aldatu behar izan genuen, legeztatzeko bidean. Bazkideentzako 30 euroko kuota kalkulatu genuen, eta EKEetarako bi kuota jarri ziren mahai gainean. Gurasoek, beren iritziak eman ondoren, kuotetako bat, bozkaz onartu zuten: 150+30 bazkidetza. Kuota garestitzen zenez, batzar haretan, gurasoen aurrean konprometitu egin ginen, beharrezkoak ikusten genituen murrizketak egitera, kobraketen gestio zorrotza egitea -galerarik egon ez zedin- eta kurtso berri honetarako kuota gutxienez mantetzea, eta gainera, ahal bazen, merketu ahal izatea.
Eta lan horretan hasi ginen. Lehenengo eta behin, Guraso Batzar Orokorrean azaldu eta onartu zenari jarraituz, elkarteak koordinaziorako dituen langileei ordu bat murriztu genien: hiru orduko kontratua egin zitzaien azkeneko urtetan, guraso elkarteko zuzendaritzan kide gutxiago zirelako, baina aurten guraso elkarteko hiru kideek disponibilidade gehiago genuenez, guk hartu genuen gestio lana, eurei koordinazio lana utziz. Eskolaz Kanpoko Ekintzak (EKE)-ko taldeak eginda zeudenez, begiraleak mantendu egin genituen. Horretaz gain, langileen kontratazioen kudeaketa (kontratoak, nominak, Asegurantza Sozialarekiko gestioa...) herriko asesori baten esku jarri genuen.
Gastuak murriztu eta egokitzeaz gain, EKEak rentableak ziren edo ez jakiteko, zenbakiak egiten hasi ginen. Rentabilidade taulak egin ondoren, EKEak ez direla errentagarriak ikusi genuen. Elkarteak ez dauka irabazi asmorikan, baina, EKEak galerak ekartzen zituzten, eta hori, bazkidetza sistema-berriarekin, ezin zen soportatu. Aurreko urteetan, guraso guztiek (EKEra apuntatzen ez zirenek ere) denek kuota ordaintzen zutenez, horregatik ez zen galerarik sortzen, baina ez zen errentagarria. Gure ustez, eta aurreko Batzarraren erabakiari jarraituz, guraso elkarteko funtzionamendua bermatzeko gurasoek bai aportatu behar dutela, horretarako dira bazkidetzako 30 euroak. Baina EKEak, EKEak erabiltzen dituen gurasoek ordaintzea litzateke, egokiena.
Gurasoen benetako parte-hartzea
Bestalde, EKEak zein helburu duten berpasatu behar zela konturatu ginen. Guraso batzuentzako: EKEak, emaitza akademikoak hobetzen laguntzeko gunea izan behar dute, eskolako arloak indartuz: informatika, ingelesa... baina beste batzuentzako, EKEak aisialdia dira: haurra egon dadila lagunekin jolasten, begiraleek ondo zainduta. Guraso askok EKErako idea asko eman izan digu, eta bertan aportatzeko guraso asko dagoela konturatu gara. Gure ustez, guraso elkarteak partehartzailea izan behar du, eta gurasoari aukera eman behar zaio eskolan lan egiteko: musutruk, gu aritzen garan gisan, edo baita diru-truke ere, ahal bada, konpromisu zehatzak eskatzen bazaizkio: begirale gisa, gestioan, koordinazioan, aholkularitzan... berak dakien moduan aportatzearen truke. Baina beti ere, ezinbesteko baldintzarekin: guraso izatea. Gurasoak baitira, eskolaz kanpo, gurasoen eta umeen beharrak zeintzuk diren, egokien dakitenak. Gurasoek eta beren seme-alabek ia 10 urte pasatzen dituzte eskolan: esperientzia hartu eta besteei irakasteko denbora soberan dago. Gestioan kontinuidadea bermatuz.
Honekin batera esan nahi dugu: gaur egun ditugun langileak ez direla gurasoak, baina bere garaian bai izan zirela, eta bere garaian eurak ere egin zutela lan musutruk. Lan hori, gure aldetik, beti errekonozitu izan zaie, baina gure ustez, beste eskoletan bezalaxe; guraso elkarteko kideek rotatiboak izan behar dute: musutruk lan egiten dutenak eta baita remuneratuak ere. Umea eskolan dagoen bitartean izan leike guraso elkarteko kide, eta gure estatutuetan ere, halaxe dago jasota.
Lehengo haria hartuz, errentegarritasun eta helburu zehaztapen hori falta zela eta, kurtsoan zehar, gurasoei inkesta bat pasatzeko edo batzartzeko asmoak genituen. EKEak berriro berplanteatzeko: gure ustez, helburu guztiak bete bailitezke, era merkeagoan gainera. Horretaz gain, gurasoen artean, lan-poltsa bat egiteko deialdia ere egin nahi genuen: bakoitzak bere aportazioak eta trebeziak eskolan eskura jartzeko. Baina aurten kuota hiru zatitan kobratu behar izateak, eta gestioak eman digun lanangatik, ez digu denbora eman gurasoengana jotzeko.
Zuzendariaren interbentzioa
Horretan ari ginela: zuzendariaren deia izan genuen. Zuzendaria gure erabakien gainetik jarri zen, eta esan zigun Guraso Elkarteak ezin zituela EKEak gestionatu. Hori eskolan lana zela eta gestioa Guraso Elkarteko bi langileek egin behar zutela. Guk elkarteko beste lanetara dedikatu behar genuela: hitzaldiak antolatu e.a. EKEak, beti eskolak antolatu izan dituela eta ez daudela gure esku. Gu, zur eta lur geratu ginen: nolatan ez genekien guk hori, hainbeste urte EKEak antolatzen aritu eta gero? Ez al ditu ba Guraso Elkarteak kontratatzen koordinatzaileak eta begiraleak? Eta are gehiago, ez al dute ba gurasoek, urtea joan, urtea etorri, kuota ederra ordaintzen EKEak antolatzeko?
Zuzendari jaunari esan genion, gure ustez, Guraso Elkartearen lana dela bai berak esandako lanak eta baita EKEak antolatzea ere, beste eskoletan ere halaxe izaten dela. Eta gure ustez, gurasoek gestionatu beharrekoa dela gainera. Ordura arte, kurtsoan zehar, Zuzendariarekin, ikuspuntu ezberdinak zirenean ere, konpondu izan ginen, baina puntu hau, ez zuen onartzen. BIGEra jo genuen, informatzera, eta eurek guk uste genuena baieztatu ziguten: EKEak Guraso Elkarteak gestionatzen dituela.
Azkenean, zuzendariari, halaxe esan genion: EKErako dirua jartzen dutenak gurasoak dira, beraz, ez zuzendaria eta ez guraso elkartea ez da inor hori erabakitzeko. Baldin badago beste guraso bat, Zuzendariaren iritzi bera duena, ekar dezala Batzarrera, mahai gainean jarriko ditugu bi ikuspuntuak eta bertan erabakiko dute gurasoek, zein motatako Guraso Elkartea nahi duten: gurasoek gestionatutakoa edo, eskolak (zuzendariak) gestionatua, gurasoen diruarekin.
Horretan geratu zen gaia. Baina guk lanean jarraitu behar genuen, ekaina zen eta kurtso honetako EKEak antolatzen hasi behar genuen: taldeak nola koordinatu ahal zen errentagarriena izateko. Taldeen eta begiraleen taulak eskatu genion langile bati eta ukatu egin zen ematera: informazio hori guztia 'berea' zela esanez. Handik egun batzuetara beren ordenagailuetako pasahitzak aldatu zituzten, guraso guztiena den informazioa ezkutatuz. Karpeta komun batera pasatzeko eskatu genien, ez beren dokumentazioak, baizik eta Guraso Elkartearena zirenak, eta ukatu egin ziren.
Gu, saiatu gara, aurten EKEak martxan jartzen, Batzarrean erabakitzen dena erabakitzen dela ere, ez genuen nahi utzi lan hori zintzilik. Horretarako, bi langileak kontratatu behar izan ditugu: informazioa eskura ez genuenez ezin baigenuen ezer prestatu. Rentabilidadea kalkulatuta genuenez, EKEtan 15eko ume-taldeak egiten saiatzeko eskatu genien, gure aurrekontuaren arabera, galerik ez izateko eta kuota garestitu behar ez izateko. Bitarte horretan, koordinatzaileei azaldutako direktrizak ez zirela betetzen ikusten hasi ginen, ez dakigu seguru noren iniziatibaz, eta horren aurrean, guk Guraso Elkartean funtzionamenduan eta ekonomian gertatuko zenaz kontrolik ez genuenez, ezin dugu ziurtatu, guk aurreikusitako aurrekontuak, beteko diren edo ez. Guk, gure aldetik, urtean zehar egindako lana, Guraso Elkarteko beste kideen eskuetan utziko dugu: guk egindako lana izan da, baina ez 'gurea', zuek danona baizik. Beraz, informazio guztia hortxe edukiko dute, beren lana oztoporik gabe egin dezaten. Izan ere, guk eduki dugun desadostasuna eta ez konpondua, zuzendariarekin eduki dugu. Talde berria, uste dugunez, geroztik hasi da lanean.
Erabaki dezatela gurasoek
Zuzendariari esan genion bezala, gurasoek ekartzen zituzten proposamenak jarriko genituen mahai-gainean, eta gurasoek, zuek, aukeratu. Gurea badakizue zein zen, eta ilusio haundia genuen, Guraso Elkarte partehartzaile bat bultzatzeko. Baina zuzendariak berak esan zigun: ez zegoela ados gure proposamenarekin, eta bazekiela zeren kontra egin behar zuen. Gu, Guraso Elkartean, gurasoen ordezkari izateko eta zuen interesak defenditzeko hasi ginen lanean. Ahalegin guztia egin badugu ere, baleike gauza batzuk ez ongi egin izana, beste batzuekin akaso asmatuko genuen, baina zuek baloratuko duzue hori. Baina argi duguna da, gure indarrak gure seme-alabak hazitzen eta hezitzen jarri nahi ditugula batez ere, eta Ikas Komunidade honetan, gure umiei, “ez burla, ez jo, elkarrekin ondo” erakusten ari garen bitartean, guk ez dugu nahi inorekin borrokan aritu.
Beraz, gurasoak, zuen eskutan geratzen da zer nahi duzuen. Erabakitzen duzuena erabakitzen duzuela, beti izango da zuen umeen alde, beraz, ez duzue kezkatu beharrik. Gestio bat eduki edo bestea eduki, elkarrekin ordu asko pasa behar ditugu hemen: guraso, ikasle, irakasle, langile... izan gaitezen elkarrekin ondo!
Mila esker: guraso guztiei, modu batera edo bestera laguntzen duzuen guztioi. Urteroko ekimenetan laguntzera apuntatzen zareten guztioi. Gure proiektuan sinistu eta nahiz eta zuen umeak EKEra ez joan, bazkide egin zareten guztioi, asko izan zarete eta. Eta mila esker baita ere hemendik, begirale guztiei, umeetaz hain ondo arduratzeagatik.
Esan bezala, gu laguntzera sartu ginen Guraso Elkartera, eta ez zuzendariarekin borrokan ibiltzera, beraz, hementxe bukatzen da gure urtetako lana. Honegatik, guztiagatik, hementxe aurkezten dugu gure dimisioa.
XXX diruzaina
YYY idazkaria
ZZZ bokala
P.D.: Hau jakina, gure eskutik kontatutakoa da. Idatzi honetan zuzendaria eta koordinatzaileak aipatzen direnez, euren bertsioa entzutea ere komeni izango da. Eskatzen badiozue, seguru horretarako prest egongo direla.
Garin komiki-liburua
Aspaldi etxuat hainbeste gozatu tebeo bat irakortzen. Lan honen erreferentziaren bat banekan, Harriet gidoilarixari egindako elkarrizketaren bat; eta gaixak batetik (XVII gizaldiko bale ehiztarixak) eta kritika onak, bestetik, irakortzeko gogua sartu jesten. Eta hara non etorri jatan eskura, kasualidadez, gure seme zaharrenak eskolako lagun batekin egindako ipoin-trukian ondorixoz.
Argitalpenak kalidade oso ona jaukak (berez bost album ziranak, bakarrian bilduta) baiña Fructuoson marrazkixak apartekuak dittuk. Detalle askokuak, garbixak; biñeta bakarrari begira denpora asko pasau leikek, eta behiñ baiño gehixagotan irakortzeko gogua emoten jok... Harrieten gidoiak, ostera, soliduak dittuk; ondo pentsautakuak, berosimillak, benetako gertakari historikuetan ondo txertatuak... eta, garrantzitsuena, tentsiño narratibua mantentzen juek.
Liburu bikain honek oso ondo erakusten dau, norbere herriko historixak (edozein herrittakuak, egixa esan) nahikua eta sobra dirazela abenturazko komiki, liburu, pelikula eta edozer sortu eta ekoizteko, horretara jarri ezkeriok.
Eskuz ijeztutako barrak
Nere ustez, hónek diraz Lekittoko kalietan ikusi leikiazen eskuz ijeztutako azken burdin barrotiak; Bixkokalian dagoz, nik kontsultia dakaten lekutik metro gitxira. Barra senduak dira, 3 bat zentimetrotako lodierakuak, irregularrak, eta burdinolako maillu-jungurian markekin. Lea ibarrian bertan egindakuak, seguraski. Egittura funtzionalak guztiz, ezelako apaingarririk bakuak; sasoi baten korrientienak seguraski, edozein lekutan jartzeko erabilliko ziran merkenak. Gaur egunian, ostera, bakandutakuak, eta seguraski etxe hau barrizterakuan betirako galduko diranak. Argazkixan jaso nahi izan dittudaz, aurreko baten freskera eta katazuluekin egindako lez.
EGUNERAKETA 2020-X-10: hara, ijeztutako beste leiho bat Kaia tabernan. Baiña hau elegantia da, hain modu fiñian eginda eze, jungurian eta mailluan kolpien markak be igartzen etxakozen. Bestiak gustukuago. 😉
Ixkuak eta zentzumenak
Eguasten arratsaldian, Anen lagun “Torico” eta emaztiakin geratuta genguazen Iruñean; harako bidia Aranzadiko piszinetan freskatzeko erabilli genduan. Sorpresa atsegiña: txapela biharrezkua ez da, zorionez batzuk arau estupido hori ezabatzen dabiz... Gero, Iruñeako lagunen eskutik tour-turistiko-taurinua jaso genduan (Niko eta Tomax oso zezenzaliak dirala jakinda). Deigarrixa egin jata zelako garrantzixa hartu daben ixkuen asunto horrek... Kontuan hartzen badogu korridetarako –heriotzerako- aberien leku aldaketa sinplia dala, antxiñan zoro batzu debekuen kontra zezenen aurrian korrikan hasi zirala... eta gaur egunian, jaixen ekittaldi zentrala, eta kaliak markauta eta señalizauta, ez-dakitt-zer (zeozer inportantia) balitza lez. Gizakixak arraruak gara gero. Eta diruak, telebisiñuak eta publizidadiak zelako indarra dakan.
Eta eguenian, alde egitteko momentua etorri da. Pena pizkat hartu dogu, gustora egon garan seiñalia. Bidia poliki-poliki eginda, paradia egin dogu Noainen eta bertan hartu bidai honetako sorpresa haundiñetakua: Zentzumenen Parkia.
Aspaldi nekan ezagutzeko gogua, eta uste baiño hobia izan da: jardin modura lilluragarrixa da, bost zentzumenei eskindutako gune haundixekin, bakotxa estilo estetiko desberdiñakin, eta jolasteko eta galtzeko aukeriakin; baiña hortaz gain, filosofikotik asko daka parke honek.
Batez be Dastamenari eskindutako zonan igartzen da hori: ortuak dira, eta nahi dabenak bertatik gauzak hartu leikez (hartzeko moduan dagozenian, behintzat: berdez markatzen dittuez), gero bulegotik pasau eta ordainduta. Bulego/dendia harreragune modukua be bada, eta bertan salgai dago parkian ekoitzittako jenerua; guk gaiñetik baiño ez dogu ikusi, baiña kontsumo arduratsuan pedagogia be egitten dala bistan da, hitzaldi eta ikastarotarako lekua badake, produktu ekologikoz egindako taberna/jatetxia ipintzeko asmua..
Gurera ekarritta, Lekitto Bedarra ortularixen elkartian eta Amaren Kontsumo Taldian arteko kolaboraziño posibliakin ames egin genduan.
Euskal Herri legor eta horixa
Martitzenian, Senda Viva izeneko parkian sartzeko goguakin geratu giñan. Gure asmua eguna bertan pasatzia bazan be, iraillian zapatu-domeketan bakarrik zabaltzen hasi dira; bertara allegau arte ez giñan konturatu... Behiñ puntu horretan, Valtierran geldialdixa egin genduan, 70 hamarkadako rotulo luminoso arkeo-industriala ikusitta.
Horretara, eguardiko beroaldixa kotxeko freskuran pasatzia pentsau genduan, Bardeetan zihar road-movie estiluan.
Oso ederra da parajia: Bardea Zuri eta Baltzan artian pasau giñan; barruko geografia eta leku berezixak ezagutzeko gogo haundixa dakat... Egunen baten bueltauko gara, baiña bizikletekin eta udabarri/udazkeneko egualdi leunaguakin... Tartian, Bardeak ereiteko Francon denporan egindako kolono-herri pare batetik pasau giñan: Pinsoro eta Valareña. Segiduan konturatu giñan: Ameriketako herrixen modura, kale kuadrikulauak eta etxe unifamiliar txukunak bere jardintxuakin... Esako pantanuak kanporatutako familietatik asko hona etorri ei ziran.
Zarrakaztelun, Deportivuan eguneko menua jan, eta Pitillasko aintzira ondotik pasau bihar giñanez, geldialdi txikixa egin genduan, han ikusi leikianaz idea bat egitteko. Basamortuko oasisa, hau be egualdi onberagua dagonian hobeto ikusteko.
Halan be, geruago eta erakargarrixagua begittantzen jataz paisaje legorrak, hautsez betetako bidiak. Bakardade horrek berba barik lagatzen nau, aittitta Hilarion historixia ezagutu nebanetik nabarmen gehixago. Piedra y camino...
Eguasten goiza, hain zuzen be, Campo de Reyes inguruko bidietan zihar pasau genduan. Camino de la Pedrera hartu, eta ia noraiñok allegatzen giñan ikusteko. Tomaxek ez zeban asko ibiltzeko gogorik, eta segiduan bueltau ziran; Nikok eta bixok, ostera, harutzago allegau giñan, amaierarik bako kamiño politt horretan. Bide batez, masusta killo bat inguru hartuta; hautsa kendu eta gero, gozo-gozuak.
Uxueko herri-gotorlekua
Astelehenian, bero haundiko eguna, tunel askoko lekura juatia pentsau genduan: Uxue. Aspaldi nekan herri hau ezagutzeko gogua, 20 urte bai, barrena. Bistan da oso zainduta dagola, eliza/gotorlekua txukun-txukuna, eta turismora bideratutako komertziuak ugari. Normala eresten detsat, eta ona noski, herriko jentiak etekiña etaratzia. Beraz, nere esploratzaille sen erromantikuak untzez betetako paretarik ez zeban topau han; baiña oso pozik ezagutu neban, burua txapela azpixan ondo gordeta.
Astegun buruzurixa, herrixan ixa turistarik ez genduan topau; eguzkixa sendo, herriko kaskua eta inguruko lautadak erretzen. Talaixa naturala da Uxue: horregaittik ipiñi zeban hamen Eneko Aritzak abantzadilla militarra, eta gerora be, Oliteko gortiak destakamentu bat mantendu zeban hamen.
Gaztelako konkistia eta gero, Cisneros kardenalak erresumako eraikin militarrak mozteko agindua emon zeban, eta Uxuen be hala egin zan, elizako dorriak eta ondoko etxia izan ezik. Beraz, oiñ lekuak inpresiñua emoten badau, zer izango zan konkista aurretik?
Bertan bazkaldu genduan, Urrutianian: okindegi/gozotegi tradizionala, Turismoaren Aro Barrira egokitzen jakin dabena, denda, taberna eta guzti. Arratsaldian Olitera bueltau giñan, berua hango udal piszinetan pasatzeko, umien zorionerako; hainbeste harri zahar, paisaje eta historia ondo dagoz, baiña korputzari gustua be emon bihar jako... ;-)