Queer
Lehen momentutik, gure semeekin konexio ona izan zuen: adin beretsukoak ziren, basati xamarrak... Herri txiki batean geunden, eta 7 bat umerek saldoa osatu zuten; hor ibiltzen ziren denak elkarrekin, mendian zehar-eta, dena esploratzen eta bazterrak endredatzen. Gu pozik, autonomia garatzen ari diren haur guztien gurasoak bezala.
Kontua da, haiei begira, emaztea eta biok ez ginela gai izan Izar mutikoa edo neskatoa zen bereizteko. Arropak, aurpegikera, ilea, keinuak... berdin izan zitekeen genero batekoak zein bestekoak, gaur egunean nagusi den kanonaren arabera. Egoera xelebrea iruditu zitzaidan, oso. Guri ez zigun inporta, eta otorduetan gure haurrak ikusten genituenean, gaia ateratzen bazen (ez baikenuen horretan interes edo morbo berezirik), konturatu ginen... haiek ere ez zekitela! Zoragarria zen. Izar atsegina zen, alaia, jostaria; hori zen umeei inporta zitzaien gauza bakarra.
Xarmak pare bat egun iraun zuen bakarrik; udako bero galdatan, nola ez, haurrei ur txorroen azpian ibiltzeko gogoa etorri zitzaien eta han, inolako dramatismo barik, jakin genuen bere sexua –ez bere generoa-. Izan ere, bere gurasoek gaia naturaltasun osoz aipatu zigutenean jakin genuen Izarri, oraindik txikiegia denez, gai horrek sinpleki ez diola ardura. Malkoak begietara etorri zitzaizkidan, eta guraso haientzat txalo bero bat eskatzekotan izan nintzen.
Ez, ez dio ardura, eta are gehiago, oraintsu arte nagusi izan diren txantiloi zurrunak hautsi behar ditugu, ahal denik eta puska txikienetan hautsi ere. Klasikoki bereiztu izan diren gizon eta emakume homo eta heterosexualak, 4 izaerak alegia, motz gelditu dira. Niretako, pertsonalki, deskubrimentu itzela izan da ni bezain “raritoa” (irakur bedi kakotx artean) edo desberdina den jendea uste nuena baino askoz ere ugariagoa dela ikustea. Lotsa edo bakardadea uxatzeko txerto bikaina baita bakoitzak bere joera onartzea, ez epaitzea eta kideak aurkitzea. Are gehiago: osasun mental publikoa sustatzeko beharrezko neurria dela esango nuke.
Bizitza bikoitza duten erreprimituak, puteroak, haien frustrazioa eta heldutasun falta umeekin asetu nahi izaten duten pederastak, bortxatzaileak, zahartzarora arte bere burua ukatzen biziko den jende hori... zati handi baten, esango nuke sexu/generoaren molde mugiezinek erraztu dituzten jarrerak direla, konplexuz betetako jende galduarenak. Bizitzan norabide egokia hartzeko lehenengo pausua, norbere izaera ulertzea izan behar da; konplexuz betetako jende triste horrek egin ez duena.
Zorionez, LGBTQI... edo dena delako kolektiboaren izena gero eta luzeagoa da, nik jada siglen kontua galdua dut. Eta zenbat eta luzeagoa izan hobe; aurrera goazen seinale.
"Talaiatik" saiorako (Info7 Irratia), 2018 ilbeltzan 17xa.