Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua / Ondarrutarrarena

Ondarrutarrarena

Oier Gorosabel 2018/02/24 22:41
Errejistro batean, bestean edo bietan eroso edo deseroso ibiltzearena ez da hizkeraren berezko arazoa; hiztunarena baino. Horregatik, batuaz moldatzen ez den jendea aurkitzeak ez luke horrelako kataklismorik sortu behar.
Ondarrutarrarena

Ondarruko sakillu edo karrabasua, zubipian

Ez da egongo sare sozialetan dabilen euskaldunik, duela egun batzuk izandako ikamikaren berririk izan ez duenik. Martinez izeneko futbolari bat Athletiketik Errealera joan da, edo horrelako zerbait, eta horren kontura komunikatu bat atera du elebitan: gazteleraz eta... ondarrutarrez. Euskarazko bertsioa batuaz egin ez izanak hautsak harrotu ditu, asko harrotu ere: aldeko eta kontrakoen iritzien artean irain larriak irakurri ditut, eta honek erakutsi du euskalkia/batua eztabaida gainditu gabe dagoela jende askoren baitan. Animoak baretu arte itxarotea nahiago izan dut, ondorioak bildu aurretik; esan beharra dago ondorio hauetatik asko ez ditudala neuk atera; txiolandiako egile ugariri ohostutakoak dira. Denak aipatzea ezinezkoa denez, denei eskerrak blokean eman beharko.

Hasteko, esan behar dut nik, Martinezen lekuan, komunikatua batuaz idatzi izango nukeela, nire hizkera menperatzen ez dutenak gogoan. Nik argi dut batua eta euskalkia ez direla kontrajarriak, baizik eta osagarriak, eta bakoitzak bere erabilera eremua duela. Are: ausartuko nintzateke esatera euskaldunon %90ak bat egiten dugula iritzi honekin. Esango nuke gainontzeko %10a izan dela eztabaida gaiztotu duena, euskalkia vs. batua terminoetan planteatuz eta “kontrarioak” gutxietsiz eta irainduz.

Esan da, adibidez, hizkuntza bizia (zorioneko “gatz eta piperra”) euskalkietan bakarrik aurki daitekeela, batuaren artifizialtasunean barik. Hau, kirtenkeria handia izateaz gain, gezurra da. Ezin da ukatu pertsona asko erosoago sentitzen direla euskalkian, batuan baino; baina gaur egunean badira batua hizkera naturala dutenik ere. Horrela hazi direlako, edo gerora ikasi dutelako, berdin da: batuan aritzen direnean, euskalkidunen espresibitate maila bera dute, edo handiagoa.

Bai: errejistro batean, bestean edo bietan eroso edo deseroso ibiltzearena ez da hizkeraren berezko arazoa; hiztunarena baino. Horregatik, batuaz moldatzen ez den jendea aurkitzeak ez luke horrelako kataklismorik sortu behar. Izan ere, kritika batzuk irakurrita kontrakoa badirudi ere, inork ez du zalantzan jarri errejistro estandarraren papera, euskararen beraren biziraupenarendako gako nagusietakoa dena.

Euskalkian idazten dugunok analfabetoak garela ere irakurri behar izan dugu. Hau iraintzeko asmo argiarekin izan da, noski; izan ere, euskaraz alfabetatu ez garenok ere badakigu irakurtzen eta idazten. Hau horrela izanda, egia da euskaraz alfabetatu gabea izatea (ni neu bezala) desabantaila dela; nik, atzean zuzentzailerik ez badut, kristoren hankasartzeak egiten ditut (hori idatziz, eze, ahoz ez naiz gai euskara batuz berba egiteko). Egoera hau ez da nire gustukoa, bistan da; ez naiz ezjakintasunaren apologia egiteko zale. Halere, errespetu pixka bat eskatuko nuke nire kasuan dauden milaka euskaldunondako; gu analfabetotzat hartzea ez da, ez, elkar ulermenerako abiapunturik onena.

Kontuan hartu behar da, gainera, euskalkia modu normalizatuan idatzi nahi duenak autohezkuntza esfortzu gehigarria egin behar izaten duela, ikasteko dauden baliabide urriak direla eta. Zentzu horretan, ezin da parekatu, sare sozialetan ultrabatuzaleek egin bezala, euskalkian idaztea, eta erdaraz akats ortografikoekin idaztea.

Dena dela, badakizue txarrena zer den? Gipuzkeradun asko ez direla konsziente izaten, batueraz beharko lukeen lekuan, “ai gea”, “ingo deu” eta horrelakoak sartzen dituztenean. Hor ditugu umorea lantzen duten telebista saioak, edo “Handia” pelikula famatua. Hauek euskaldun guztiei zuzendutako ekoizpenak izan arren, ez dut inolako protestarik entzun haietan erabiltzen den euskalkiari buruz. Erdarakadak ere aipatu ditzakegu: Martinezek “pertsonalmente” hitza erabili duelako makina bat txantxa irakurri ditut; ez dut horrelakorik entzuten, ostera, labeldun euskaldunek “portzierto” jasangaitza txitean-pitean erabiltzen dutenean. Alegia: “pekatu” berberak errazago barkatzen zaizkio erdiguneko euskalkidunari, periferiakoari baino. Baina ez nahastu: ni ez nago horrelako guztiak jazartzearen alde! Kontrara: nahiago nuke erdiguneko euskalkiaren aurrean dagoen malgutasun hori berori, denondako hedatuko balitz.

Eta euskararen etorkizunari buruz, gogoratu aniztasuna ez dela batasunaren kalterako; eta etsaia ez dagoela “prezisamente” euskalkian edo batuan aritzen direnen artean.

2018ko kataillan 23a, Talaiatik saiorako (Info7 irratia).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera durangoko-plateruak egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari espeleologia etxebarria eup eusebio-azkue euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe jose-antonio-uriarte juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak mogel morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria umeologia urberuaga urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024