Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Garagoittiko Orakulua

Komikixak iruzkintzen hasiko naiz

Oier Gorosabel 2020/12/27 13:20
SPIEGELMAN, Art. 2007. Maus. Relato de un superviviente. Penguin Random House, Barcelona, 2019.

Zalantzetan nago: oin dala urte batzuk irakorrittako liburu guztiei buruzko iruzkintxo bat egittia erabagi neban (allegau zalako momentu bat, ez nintzala kapaza gogoratzeko halako edo bestelako liburua irakorritta nekan edo ez). Ba, umien arrimuan, azkenaldixan komiki asko irakortzen nabil. Aspaldiko partez. Eta euretako asko oso onak dira, kalidade altukuak, onduen landutako liburuen pare. Zergaittik liburuei bai, eta komikixei ez?

 

Ikusiko dot zer egin. Baiña, gaur amaittu dotenari buruz behintzat, zeozer idatzi biharra dago. Maisulana benetan. Kontatzen dabenaz gain -fondoko historixia- ZELAN kontatzen daben be oso deigarrixa da, erakargarrixa, eta oso didaktikua bide batez. Pasarte garratzak umorez kontatzeko modua apartekua da -bistan da idazle/marrazkilarixak ondo dakixala zer dan gerrak eta estuasunak pasau dittuan zahar batekin bizitzia-.

Gerria eta foballa

Oier Gorosabel 2020/12/27 13:12
BEGOÑA, Mikel. IÑAKET. 2020. Helize. Harriet Ediciones.

Gure aittak izugarri gozatuko zeban liburu hau: geopolitika (gerra!) eta foballa, bere saltsan ibilliko zan 1914-18ko gorabeheretan girotutako komikixa (edo "nobela grafikua", modako termino jasoa erabiltziarren). Neri foballak guztiz dizerdit, baiña halan be gustora irakorri dot Plentzia inguruan hondatutako u-boot baten inguruan sortutako korapilluak. Interesgarrixa, baitta be, euskal abertzaliak "feniziuekin" izandako barne-arazua, eta Erdialdeko Inperixuen arteko interes konfluentzia, Irlandako independentisten kontura; gauza gitxi nekixan honen kontura, eta zentzu horretan zeozer gehixago ikasi dot. Liburutegirako ale politta.

Amesak eragitteko sutegi eta gabixak

Oier Gorosabel 2020/12/26 19:02
URMENETA, Asisko. LARRATXE, Joseba. 2020. Basolatik berri onik ez. Ikastolen Elkartea, Donostia.

Txapelkaskoa kentzekua! Benetan gozatu dot, kontrazaleko planuari behiñ eta barriro begiratuta, Orbaizetako arma fabrikian amaierian irudikapen historiko/fikziñozko honetan murgiltzen. Oin dala urte batzuk ezagututako ruinak ezagutzen, eta testuinguruan ulertzen. Gidoiak -Asiskoren estiluan- korapillo eta elipsi ugari dittu, eta gehixago jakitzeko gogua emoten dau: orduko geopolitika, egixa eta asmautakua bereiztia, Harlekua, "indixuen" historixia... Hizkera be oso landua -aetzetik abiatuta, imajinatzen dot- eta irakortzeko benetako gozamena. Ondo gordetzeko moduko altxortxo bat, nere aurtengo gabonetako oparitxua. Egilliak pozik egon leikez.

Ezinbesteko kontsulta liburua

Oier Gorosabel 2020/12/26 18:10
ITURBE GABIKAGOJEASKOA, Aitor. 2020. Lekeitio, idatziak eta irudiak 1884-1936. Kresaletik bilduma 2. Lekeitioko Udala.
Ezinbesteko kontsulta liburua

Bildumian azaleko irudi ederra, Ibai Silicato margolarixana.

Lehenengo berbatik ("Antzinara...") azkenengora arte ("...continued") gogo biziz irakorri dot, ezinbesteko kontsulta liburu hau. Barrikuntzez gain (Azkueren abotsa entzun leike!), aurreko liburuan linean, gure Pistolasek erreferentziazko beste liburu bat errun dau Lekeittio eta bere historixia maitte dogunondako. Noaki zenbat argazki ezezagun topau dittudaz bertan, kalidade onian eta nahi dan beste azalpenekin; horregaittik bakarrik bada be, merezi dau. Baiña gaiñera, hainbeste testu interesgarri datoz, bakotxak bere zaletasunen -eta hutsunien- arabera aukeratuko dittuazenak. Neretako, adibidez, oso interesgarrixa egin jata euskerian aztarnak topatzia (gaztelerazko dokumentaziñuan itsasuan, herrittarrak erabiltzen zeben hizkera korrientian erakusgarrixak), mobimendu jeltzalian hasierak (sabinismuen hiztegi bat billau behar izan dot!), haundiki batzuen kontuak -neretako guztiz ezezagunak ziranak-... Bistan danez, Markuesen txistiak eta Iturberen beraren etorrixa pastelandako ginda polittak dira, (batzuetan astunak izan leikezen) testu luziak hobeto irunsten laguntzen dabelako, eta azken fiñian dibulgaziño helburua hobeto lortzeko. Zorionak, eta erosi nahi dabena bizkor ibilli dailla, aurreko tomua modura agortu baiño lehen...

Nazixan errebesa

Oier Gorosabel 2020/11/24 13:35
LERTXUNDI, Anjel. 2006. Ihes betea. Alberdania, Irun.

Ez dakitt zergaittik (Goldwinen legian korolarixoren bat?), azkenaldixan naziz inguratuta nabil. Jente hain literarixo honek atzeraka eragitten daben beste erakartzen dau kontizu. Eta gutako askoren barruan nazi txiki bat dagonez,  oin dala 70 urte gertatutakua erakustiak, gure buruari beste begi batzuekin begiratzeko aukeria emoten dau. Horregaittik ete?

Kontua da, liburu honek harrapatzen dabenetakua dala. Nahiz eta spoilerra dakan (hasiera-hasieratik dakigu protagonistia zer dan), horrek ez detsa interesik kentzen historixiari. Ondo eruaten gaittu Lertxundik Alemaniatik Triestera, handik Parisera, gero Piriniora, eta azkenik igarixan Euskal Herrira. Gordetzeko moduko liburua!

Gauza arruntak interesgarri

Oier Gorosabel 2020/11/15 20:20
DAHL, Roald, 1975. Danny, munduko txapelduna. Alfaguara – Desclée de Brouwer, Bilbo 1992.

Hau gehixago gustau jata; Matildaren sofistikaziño maillara allegau barik, Charlien sinpletasunetik harutzago doia, eta a priori misterio haundirik ez dakan argumentu bati (aitta-seme erdi ijitto batzuk, eta euren afiziño ez oso legalak) interes mailla ona emoten detsa, liburua di-da gustora irakortzeko aiñakua. Bai konturatu naizena da, irakorri dittudazen azken liburu bixak ez datozela bat gaur eguneko ikuspegi politikoki zuzenakin (oompa-loompak eta ehizeak drogatzia); igual moralan zaindarixak testuak moldatuko dittuez! ;-)

 

Eta beste ohar bat: hamen errataren bat edo beste badago, baiña ez hainbeste.

Ezagunena, ez onena

Oier Gorosabel 2020/11/15 20:18
DAHL, Roald, 1964. Charlie eta txokolate fabrika. Alfaguara – Desclée de Brouwer, Bilbo 1989.

Danok gomendatu deste liburua, eta tira: irakorri behar (Lekittoko liburutegixan hartu, eta umiari nere subterfugio tipikuetako batekin amua ipintzeko). Neuk be irakorri dot, jakiña, eta gustau jata; halan be, Matilda baiño askoz be sinpliagua begittandu jata. Fantasia zoro bat, moraleja argixakin: zelan EZ dirazen izan behar umiak, zelan EZ dirazen izan behar gurasuak. Mezua balekua da, noski, eta modu dibertigarrixan azalduta dago. Baiña… bistan da 1964an Dahlek ez zebala garatu, ondiok, gero landuko zeban fintasuna eta orijinaltasuna. Hurrenguan zer irakorriko? Laster ikusiko dogu, ea zer dagon liburutegixan.

 

Ohar bat: 1989ko euskerazko ediziño hau errataz beteta dago; sail honetako sasoi horretako zuzendarixa behintzat (Jon Juaristi) ez da oso leku onian geratzen...

Izparkarixanak

Oier Gorosabel 2020/10/31 10:24
ZUBIKARAI, Augustin, 1983. Makillen egunak. Gaubeka Irarkola, Gernika.

Asko gustau jata liburua, eta duda barik liburu hau -papel kontainerretik erreskatautakua- ondo gordeko dot. Idazlan moduan dakan balixuaz gain (bizixa eta irakorterreza) kontsulta liburu modura be erabilliko dotelako, bai gerrako ibillerengaittik jakiña, baiña baitta Eguna egunkarixan historia motza dokumentatzen daben lekukotasun baliotsua dalako.

 

Ez nekixan “Eguna” egunkari militarizatu bat zanik; itxuraz, agintarixen aldetik erabagi politiko bat izan zan egunkarixori sortzia, eta di-da, halan egin zan, agindua iñuxente egun baten emon, eta urte barrirako urten zan lehelengo zenbakixa. Detalle interesgarri asko emoten dittu; adibidez, bilbotar euskaltzaliak (=Alderdiko euskaltzaliak) atxakixak ipintzen zetsezela, euren euskeria "nahikua sabindarra ez zala" eta. Izan be, kazetarixak jentiak albistiak ulertzia nahi zeben, eta hori gatxa zan garbikeri totalera jo ezkero. Bestalde, militarrak bai, baiña Egunan zentsurian hartazixak ez ziran Euzkadi "arreba nagusixan" bezain zorrotzak; han argitaratzen ez zittuanak euskerazko izperringian etara zittuezen askotan (gaur egungo moduan: total, "iñok irakortzen ez dittuezenez"…). Dana dala, apaltasun osoz, Zubikaraiek onartzen dau "Eguna"n egin zeben behar asko inprobisaua eta txapuzero xamarra izan zala; baiña prestakuntza faltia gogo haundixakin bardindu zebela, ezinbestian. Erreportari beharretako pasarte batzuk be kontatzen dittu, gordiñena Durangoko bonbardaketa erdixan herrixan sartu ziranekuak. Kontatzeko eria laua da, zehia, baiña bertatik bertara bizi izandakuan zirraria emoten dau: lehelengo erasuen ostian ezarrittako kontrolak pasatzeko lanak, iñok jakin ez zer gertatu dan zehazki, iges datorren jentia aurkittu, kanposantuan pillatutako hildakuak, hurrengo eraso baten bonbetatik ezkutatu beharra (hillobi baten sartuta, gorpuzkiñen artian)… historia liburuetan falta izaten dirazen pasarte bizixak, hain zuzen be.

 

“Izparkari” honen lumatik, benetako gertakarixak bizi izandakuak baiño ekarri ezin leiken pultso bizixa agertzen jaku. Lehengo jentian estiluan, baiña: sarreratik bertatik adierazten daben legez, “Garrazkeri batzuk, odolkeri batzuk… naiago dodaz ixillean gorde. Gure atzetik datozenak ez dauke zertan odol txipriztiñez busti”. Hórrek gordinkerixok bertatik bertara bizi izandako pertsona gehixenetan legez, pakezaletasun nabarmena be igartzen da idazteko eran.

 

Halan be, gerra kronikan liburu honek lekukotasun baliotsuak emoten dittu; ez lehelengo lerrokuak, baiña bai ostera Bilboko azken orduetan, Artxandako mendixetan kañoi eta eztanda hotsa entzutzen zala, gabaz basamortu zan Bilbo horretan idatzittakuak. Bakardade haundiko uniak...

 

Zubikarai Santoñako errendiziñuetan be izan zan, eta tropa barruko giruan barri emoten dau: gauza haundirik ez zekixen, hara eta hona, ardixen modura, etsipena, bazterkerixia (errepublikanuen artian, jeltzaliak atoliko bakarretakuak izan ziran), lotsia… azkenian zer eta ustezko tratua erdi ustel suertatu arte. Hortik aurrera, trabajadorietan ibilli zan (historia ezagunan beste ikuspegi bat, Santi Arizmendiarrietak eta beste batzuk emon izandakuen legez, kuadro osuan ikuspegixa egitteko balixo deskuana) harik eta katigu truke batekin beste izparkari batzuekin trukatu arte. Baiña… Zubikaraik ez zeban “txakurki” jokatzen jakin (berorrek aitortzen dau: "Beti be borondate on eta andiko tonto lapiko ni"), eta oso osorik guardia frankisten esku ipiñi zan, Bilbora joan nahixan. Noski: barriro trabajadorietara, Gaztela eta Andaluzian zihar, harik eta bost urtera Ondarrura bueltatzeko bidia topau arte.

 

Kontatzen dabena kontuan hartuta, liburua haundiustetasunetik eta epikatik idatzitta izan zeikian, baiña ez dago halakorik, iñundik iñora be. Kontuan hartu daigun 1983 urtian memoria historikua landu barik zeguazela, eta hónek historixok “abuelo Cebolleta” batzuen buruan baiño ez zirala gordetzen; horren erakusgarri dogu liburu hau autoediziño bat izatia, idazlian poltsikotik ordaindutako tapa biguneko argitalpen xume bat; artian ez zegoan halako materixala interesauko jakon editorial askorik…

 

Azken fiñian, liburu hau (oin jakin dot liburu hau Zubikarairen autobiografiatzat hartzen dala) norberari buruz idazten ohittuta ez dagon pertsona baten idazkixa da, barruak askatu beharrez. Eta horrek badaka halako benetakotasun plus bat.

 

Iñoren umiak etxian hartziaz

Oier Gorosabel 2020/10/25 14:06
Gaur egunia etxe gehixenetan kotxiak dagoz, eta horrek ekartzen dau hara-hona dabizen ume talde gehixenak (kirolak, dantzak, ikuskizunak oro har…) atzetik “groupie” pillua eruaten dabela, ogibittartekuak, jarsixak eta toallak daroien botillero legez; ume bakotxeko bat.

Gaurko artikulu honen helburua ez da haur-ostatatzeari buruzko soziologixia egittia, iñundik iñora be (ze ordain topauko netsake "soziologia" berbiari nere blogian? "jendartologia" adibidez?). Kontua da, gurasuen papel zaharrak purgatzen eta tolosten nabillen honetan, faktura prehistoriko, sukaldeko errezeta, karikatura eta bestelako milla gauzen miszelanean, bisitta txarteltxo bat topau dotela: Irungo andra-gizon batzuena da, gure gurasuei eskerrak emoten, "euren semia hain ondo hartziangaittik". Fetxia, 1966ko maiatzan 24a.

 

1966ko II. Euskal Jaia 1
1966xan ospatutako II. Euskal Jaixan, Irungo guraso batzuen esker-mezua gure gurasuei, etxian Imanol Txapartegi semia hartziangaittik.

1966xan ospatutako II. Euskal Jaixan, Irungo guraso batzuen esker-mezua gure gurasuei, etxian Imanol Txapartegi semia hartziangaittik.

1966xan ospatutako II. Euskal Jaixan, Irungo guraso batzuen esker-mezua gure gurasuei, etxian Imanol Txapartegi semia hartziangaittik.

 

Hori ikusi eta pentsatzen geratu nintzan: "Zer gertatu zan fetxa horretan? Eta zer dala eta euki izan dau gure amak txartel hau gordeta, 54 urtian?".

 

Ez neban asko pentsau behar izan. Nik betidanik ezagutu dittudaz, etxeko argazki bilduman, arrebia Erronkariko trajez eta anaia dantzariz jantzittako erretratuak-eta, karroza batzuetan, kaletik zihar beste ume askokin... Oin dala urte batzuk jakin neban, batez be Asier Sarasuaren bittartez, zerenak zirazen: 60 hamarkadan, urte batzutan jarraixan, ospatu ziran Euskal Jaixenak. Arrebiari galdetuta, konfirmau desta, behin baiño gehixagotan, gurasuak kanpotik etorrittako umiak hartu zittuezela etxian. Itxuraz, gure pegorako Ana Mari Baskaran saltsa horretan ibiltzen zan (jaixok Kulturalak antolatu ei zittuan) eta ama eta bixak lagun miñak zirazenez, ba gure etxeko umiak be parte hartu, kanpokuak etxera ekarri... eta holan ibilli izan zirala. Gauza politta; batez be sasoia kontuan hartuta. Francon errejimena indartsu zeguala, euskal gauzak agerixan agertzen hasi ziranekua. Kasualidadez, Imanol Txapartegi horrek hau irakorriko baleu, jakin deixala errekuerdo ona laga zebala etxian.

 

1967ko argazki honetan, Emma eta Oswaldo Gorosabel agertzen dira, Eibarren 1967xan ospatutako Euskal Jairako jantzitta, lagun batekin.

1967ko argazki honetan, Emma eta Oswaldo Gorosabel agertzen dira, Eibarren 1967xan ospatutako Euskal Jairako jantzitta, lagun batekin. 

 

Kontua da, hau jakin eta segiduan etorri jatala burura etxian aurretik hartutako beste ume baten erretratua. Kasu honetan, amama Inesenekua da; eta atzian, tio Ernestok idatzittako notia daka. Mutillak Federico Savater zekan izena, eta Madrilletik ekarri zeben “huelga oso garrantzitsu baten” gurasuei laguntzeko. 1934ko uztaillian hartu zeben, beraz pentsau leike Madrillen sasoi horretan eraikuntzan eta metalgintzan izan ziran istillu larrixen testuinguruan izango zala; eta umiak UGT sindikatuaren bidez banatuko zirala, sozialisten etxietan. Tiok kontatzen dabenez luzaruan egon zan Isasixan, eta anai bixak (artian 8 eta 6 urtekin) oso ondo konpontzen ziran berakin.

 

1936ko udan, Madrilgo huelgen harira aittitta-amamak hartutako Federico Savater umian argazkixa.

1936ko udan, Madrilgo huelgen harira aittitta-amamak etxian hartutako Federico Savater umian argazkixa.

1936ko udan, Madrilgo huelgen harira aittitta-amamak hartutako Federico Savater umian argazkixa.

 

Gaur egunian, arraruagua da hori: etxe gehixenetan kotxiak dagoz, eta horrek ekartzen dau hara-hona dabizen ume talde gehixenak (kirolak, dantzak, ikuskizunak oro har…) atzetik “groupie” pillua eruaten dabela, ogibittartekuak, jarsixak eta toallak daroien botillero legez; ume bakotxeko bat. Gure gizartian hazkuntza-forma-hiperbabestaillian erakusle argixa… Baiña ez leku guztietan: Zuberoako herri antzezpenetan (maskaradak, pastoralak), ondiok egitten da: Barkoxen ikusitta dakat, Polo lagunaren bittartez Kanpok gomitatü ninduelarik, mahaixan -familia “extendituaz” eta lagunez gain- gurekin gazte lotsati batek bazkaldu zebala; kantiniersa papela jokatzen zebana, txarto gogoratzen ez badot. Eta gurian ha hartu zan modura, beste etxietan be jokalari bana hartuko zeben. Domekero-domekero, herriz herri eta guraso barik bidaiatzen daben gazte talde hori hartuta...

 

Kanpo etxean, Maskaradetako bazkal orduan. Mahaian, besteak beste: Patrick Keheille, Jean Bordaxar eta kantiniersa.

Kanpo etxean, 2007ko Maskaradetako bazkal orduan. Mahaian, besteak beste: Patrick Keheille, Jean Bordaxar eta kantiniersa.

Adeitasuna, juzku barik

Oier Gorosabel 2020/10/17 23:51
DAUDET, Alphonse, 1869. Cartas desde mi molino. Aguilar, Madrid 1961.
Adeitasuna, juzku barik

Alphonse Daudet

Bere sasoian hain famoso izandako liburua (bertako lekuetatik ziharko erromesaldixen motibo) guzurra dirudi gaur eta hamen hain ezezaguna izatia (neuk behintzat, sekulan aittu bez). Oso hurrekua da, zeozelan esateko. Moralejarik bako kontakizun deskriptibuak, herri girokuak, orduko jente normalan bizimodu normalak kontatzen dabenak. Asmakizunetik be asko izango dau kontizu, baiña halan be... hur hurrekua somatzen da, bukolismorik, epikarik edo satiratik gitxi -Tartarinen ez bezala- eta bai ostera halako enpatia bero bat, juzgatzen hasi barik jente horren egunerokotasunian ixa oharkabian sartzen gaittuana, ixa mailla etnografikoraiñok. Faroleko zaindarixen bizimodua, aittitta-amama zahar batzuen erretratua... antologikuak dira (beharbada Paul Arene-ren eragiña, Daudetekin batera idazle izan zana?): Gero, badagoz estilo aldaketak be: ipoin alegorikuak,  bidai-oharrak, eta ganberradatxoren bat edo beste. Baiña beti, idazliari maittasuna darixo, bere pertsonajiak margotzian; berez repelente xamar beharko leukian pertsonekingo be (algodoietan bizitera egindako pruntzipe txikixa, adibidez) adeitsu eta ulerbera agertzen da. Ez dago lagun/etsai banaketarik, deskribapen hutsa baiño.

Aurkezpena

Oier Gorosabel Larrañaga, Lekeittioko Eibartar bat

 preacher.gif

Eibarrespaziuan zihar esan zesten pizkat mesianikua nintzala idaztian, eta bloga sortzerako orduan horregaittik ipiñi netsan izenburu hau. Lehen nere gauza guztiak (argitaratzeko morokuak, behintzat) hamen idazten banittuan be, espeleologixiari buruzko gauza guztiak ADES-en webgunian emoten dittudaz, eta osasun asuntoko artikulu guztiak hona mobidu dittudaz, gaika klasifikauta.

Txorrotxioak
Etiketak
ETB1 Eibar EibarOrg Info7 Zer erantzi abertzale abittaga abortuak adela larrañaga aitor_eguren aittitta raduga aldatze amarauna amuategi andoain antzerkia araba arantzazu aranzadi ardantza argentina_2005 armando gorosabel armeria eskola arrajola arrakala arrantza literarixuak arrate arrosa artxanda aulestia axpe_martzana azkue ipuin bilduma azpimarra banu_qasi baxenafarroa baztan belaunologia berasueta berbologia berriatua bidai_aluzinantia bilbao bittorixa buruntza chill_mafia comunitat_valenciana covid19 culineitor deba desempolving diaspora diego-rivera durangoko-plateruak egillor eibar eibarko_lagunak ekialdeko nafarrera eraikinologia erdialdekoa erresuma_batua erronkari eskorbuto espeleologia etxebarria eup eusebio-azkue euskadi_irratia euskal_erria_aldizkaria euskalkia faktoria felix_arrieta felix_ruiz_de_arkaute galicia ganbara gasteiz gatobazka gce gernika girua gisasola gorosabel hormasprayko igotz_ziarreta ikerkuntza ilegales indalecio ojanguren info7 irabiaketa irati-filma irratia irun iruñea izarraitz iñigo_aranbarri jacinto_olabe jamo_savoi jendartologia jeremiah_alcalde jon-etxabe jose-antonio-uriarte juan de easo juan san martin julen_gabiria julian etxeberria kalamua kanposantuak katarain kirola komikiak koska kuku kurik-3 kurosawel labordeta lagunologia lalolalia lamaiko_operia lasarte leintz_gatzaga lekeitio lekeitioko_lagunak lituenigo lopez maeztu magia manex_agirre maputxe mariola-reigosa markina-xemein markos_gimeno_vesga markues matrallako mendaro mendebalekoa mezo_bigarrena mineralak mogel morau musikeruak muskildi mutriku nafar_lapurtera nafarrera noain oiartzun oioioi-lur ondarroa opaybo orakulua otsagabia ozeta paisajiak parakaidistiarenak paris patxi_gallego pedro chastang pedro gisasola polo_garat porrot rufino sande sagartegieta san antoni sartei sasiola sega segura slovakia tafalla2016 talaiatik telebista toribio_etxebarria txarli-gracia ugaroia umeologia urberuaga urdaibai urkiola xabier_lete xoxote zaharrea zaharreologia zaragoza zer erantzi zerain zornotza zuberera zuberoa
hgikj
2002 2003 2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025